76. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

GARTZIRIAIN

Herriko bide eta mendiko pisten erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Gartziriaingo Kontzejuak (Txulapain), 2007ko martxoaren 11n egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko bide eta mendi pisten erabilera arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2007ko 49. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 20an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Gartziriainen, 2007ko maiatzaren 21ean._Kontzejuburua, Adolfo Elcano Goicoechea.

GARTZIRIAINGO (TXULAPAIN) KONTZEJUAREN MUGAPEKO HERRIKO BIDE ETA MENDIKO PISTEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek Gartziriaingo (Txulapain) Kontzejuaren mugapeko herriko bideak eta mendiko pistak arautzen ditu.

2. artikulua. Kategoriak.

Gartziriaingo Kontzejuko herriko bideak eta mendiko pistak nolakoak diren, hartarako erabiliko dira, eta debeku dira haien erabilera ezohiko eta gehiegizko guztiak, bideetan kalte egiten dutenak edo trafikoaren segurtasunaren kontrakoak.

3. artikulua. Kontzejuaren baimena.

A. Honako hauek baimena dute:

a) Kontzejuan erregistratuta dauden bizilagun guztien ibilgailuek.

b) Erakunde publikoek, beren lanak egiteko bada.

c) Lurzati eta usategien errentariek, horien ordainketa frogatzen badute.

Kontzejuari baimena eskatzera behartuta daude partikularrak, edozein izaera juridikoko sozietateak, eta baita elkarte eta entitate publiko zein pribatuak ere, ondoko artikuluetan ezarritako eran eta baldintzetan. Gartziriaingo Kontzejua da salbuetsirik dagoen bakarra.

4. artikulua. Kontzejuaren baimena behar duten jarduerak.

a) Zurgai diren oihaneko gaiak pista eta bide horietan barrena ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira. Berariaz salbuetsi dira nekazarien produktuak eta etxerako egurra, horiek hagitz garrantzi txikikoak baitira.

b) Eraikuntzako materialak pista eta bide horietan barrena garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

c) Makina astunak bide eta pista horietatik pasatzea, salbu eta Gartziriaingo Kontzejuak berak eskatuta erabiltzen badira.

5. artikulua. Baimena nahitaez eskatu behar duten subjektuak.

a) Zura denean, zurketariak edo oihan gaiak ateratzeaz arduratzen den enpresak. Halakorik ezean, zuraren jabea izanen da erantzulea.

b) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzaileak.

c) Makina astunak direnean, makina horien zerbitzuak kontratatzen dituenak.

6. artikulua. Eskabiderako eta tramitaziorako betebeharrak.

Bide eta pistetan barna pasatu behar duenak idatziz gaztigatuko dio, aitzinetik, Gartziriaingo Kontzejuari.

a) Oihan gaiak ateratzean, adieraziko da zer ibilgailu mota erabiliko den eta zenbat zur garraiatu behar den, eta horrekin batera aurkeztuko da mendia ustiatzeko baimen ofizialaren kopia.

b) Eraikuntzako materialak garraiatu behar direnean, adieraziko da zer material mota den eta zenbat den, baita zer ibilgailu erabiliko den eta haren tonajea hutsik nahiz zamaturik.

c) Ibilgailuak edo makina larriak badira, haien makinen tonajea adieraziko da.

d) Makineriaren garraioa eta/edo joan-etorria euri edo elur egunetan egin nahi bada, Kontzejuari horren berri eman beharko zaio, eta horrek ibiltzeko debekua ezartzen ahalko du, kalte handiak egitea eragozteko.

7. artikulua. Fidantza.

Bideak eta pistak erabiltzen dituztenek, beren jarduerak egin baino lehen, behar bezainbateko fidantza ordaindu beharko diote Gartziriaingo Kontzejuari, jarduera horien ondorioz egin litezkeen kalteen konponketa bermatzeko. Zenbatekoa Gartziriaingo Kontzejuak kalkulatuko du, kasu bakoitzean bide eta pistetan izan daitekeen arriskuaren ariora.

Orobat kasu bakoitzean, eta jarduera, urte sasoia, ibilgailu mota eta horrelatsukoen arabera Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan biltzen direnen osagarri.

8. artikulua. Jarduera debekatuak.

Pistetan ibilgailu motordunak iragatea aisialdirako eta bertze erabilera batzuetarako.

Materiala pilatzea bide edo lur publikoan.

Kontzejuko bizilagunek debeku dute baimenik ez duten pertsona edo ibilgailuei baimena ematea.

Berariaz debeku dira lehiaketak, lasterketak eta gidatzeko modu bortitz guztiak, paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarriak badira. Salbuespenez, Gartziriaingo Kontzejuak baimena eman dezake lehiaketa ofizialak eta taldeko jarduera turistiko antolatuak egiteko, aitzinetik fidantza ordainduz gero.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Gartziriaingo Kontzejuak baimendu ez dituen ibilgailu edo pertsonei sartzen uzten dien Kontzejuko bizilagunak isuna izanen du zehapen, eta hura ez da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 52. artikuluan aurreikusten dena baino gehiago izanen.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da. Orobat, arau-haustea izanen da baimenik ez eskatzea, edota, oro har, ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea.

Arau-hausteak isunekin zehatuko dira., baina hura ez da izanen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 52. artikuluan aurreikusten dena baino gehiago.

10. artikulua. Kalte-ordainak.

Bide eta pistetan egindako kalteak ordenantza honetan ezarritako jarduketak egin dituenaren kontura konponduko dira. Kalteak zenbatekoak izan diren administrazio bidean kalkulatuko da.

Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

ERANSKINA

Segurtasun giltzen kopiak egin ahal izateko, nahitaezkoa izanen da Gartziriaingo Kontzejuko buruaren eta idazkariaren NANak aurkeztea.

Iragarkiaren kodea: L0708482