76. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

179/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 4koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, "Betizu" behi arrazaren arraza-estandarra onartu eta Liburu Genealogikoaren berariazko araudia onesten duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50. artikuluan ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateak, bere foru araubidearen indarrez, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko gaietan eskumen esklusiboa duela, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera.

Herri baten gizarte, kultur eta ingurumeneko ezaugarriek bertako behar eta inguruneari egokitutako abere arrazak sortzea ekarri ohi dute. "Betizu" behi arraza autoktonoa da, mugako egoeretan bizirauteko egoeretara bereziki egokitua dagoena, oso itxura gogorrekoa eta egokitzeko gaitasun handia duena. Azkeneko hamarkadetan, gizartearen aldaketengatik eta hobeki garatzen diren haragitako beste arraza batzuk sartzeagatik, haien kopurua nabarmen murriztu da.

Gaur egun arraza galzorian dago. Egun arraza berreskuratu eta harmonizatzeko prozesuan dago eta, hortaz, beharrezkoa da morfologiaren eta lanen gaineko estandarra ezartzea arraza homogeneoa izan dadin. Halaber, arraza berreskuratzeko ezinbestekoa da hazleek arrazaren estandarrean oinarritutako hautatzeko eta berreskuratzeko planak izatea eta arrazaren genealogia liburua sortzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. "Betizu" behi arrazari dagokion arrazaren eta haren lanen estandarra onartzen da, I. eranskinean adierazten den moduan.

2. artikulua. "Betizu" behi arrazaren liburu genealogikoa sortzen da, II. eranskinean heldu bezala.

3. artikulua. Arrazaren liburu genealogikoa bateratzeko eta liburu genealogikoen kudeatzaileek egiten duten lana kontrolatu eta baliozkotzeko, datu base bat sortuko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikia, eta sei hilabetetik sei hilabetera "Betizu" behi arrazaren liburu genealogikoa kudeatzen duten entitateek edo elkarteek gertatu diren animalien inskripzioen edo balorazioen berri eman beharko dute.

Azken xedapen bakarra._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko ekainaren 4an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

I. ERANSKINA

"Betizu" behi arrazaren arraza-estandarra

Sarrera.

Arrazaren eredu honek "Betizu" behi arrazaren ezaugarri morfologikoak bildu nahi ditu. Arraza horren egungo populazioak morfologia zehatza baldin badu ere, animalien zentsua txikia dela ikusirik, berreskuratu, kontserbatu eta hautatzeko programa bat gauzatu behar da.

Jatorria: Nafarroa (Espainia).

Arrazaren historiaren laburpen txikia:

Nafarroako eta Euskadiko mendi batzuetan, hala Frantzia aldean, nola Espainia aldean, oraindik ere bizirik dago basa behien arraza bat, duela gutxira arte Pirinioalde osoan eta inguruetan bizi zena, hots, betizuak.

Behi eta zezen izugarri berezi horiek gaur egun arte biziraun dute, erabateko askatasunean biziz, oreinak, orkatzak edo basauntzak bezala. Hautapen naturala izan da arrazaren iraupenaren eta biziraupenaren ardatza. "Betizuak" iberiar penintsulan erdi basa bizi diren behi-espezie bakarretako bat da, ia gizakiaren kontrolik gabe bizi baita.

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran behi-aziendaren populazioan aldaketa nabarmen batzuk gertatu ziren. Bertako azienda hobetzeko, kanpoko arrazak ekarri ziren. Horrez gainera, bertako arrazak hobetzeko ahalegin batzuk egin ziren, eta hori helburu, Pirinioetako arrazaren erregistro genealogikoak sortu ziren, hazitarako zezenen estaltze zerbitzuak eskaini eta lehiaketak antolatzen hasi ziren. Urte haietan bereizketa bat finkatzen hasi zen: batetik, azienda autoktono bat, hobetzeko modukoa eta eremu egokietan kokatu zena, kostaldeko ibar eta inguruetan batik bat, eta beste azienda mota bat eremu marjinal eta menditsuetara aldendu zena, larre gutxi eta muturreko klima dagoen tokietara, hain zuzen. Eta testuinguru horretan biziraun zuten "betizuek", inguruneari ezin hobeki egokitzen zaizkion gogortasun handiko behiak baitira.

Toki izugarri gogor eta zakar horietan, "betizuak" genetikoki fosilizaturik gelditu ziren, gurutzatu eta hobetzeko saioetatik aparte, eta horri esker iritsi dira gaur egunera arte.

Eginkizun zooteknikoa:

Arraza izugarri gogorra da, mendialdean bizitzera egokitua, haragitarako erabiltzen dena. Garrantzi handiko beste lan bat ere egiten du, hots, sarbide zaila duten mendialdeetako basoak garbitzea.

Arrazaren prototipoa:

1._Hasierako azalpenak.

Betizu arraza gogortasun handiko eta gorpuzkera txikiko behi multzo batek osatzen du. Oro har, eumetrikoak izaten dira, luzangak eta, albotik begiratuta, lerro zuzenekoak. Gorputzaren aurreko heren-zatia atzekoa baino handiagoa da nabarmen.

2._Itxura orokorra.

Arina, bizia eta harmonikoa.

3._Ilea, larrua eta mukosak.

Gari-kolorekoak dira, argienetik bizienera, sexuaren eta urte sasoiaren arabera. Dekolorazio zentrifugoa hankartean, perineoan, galtzarbeetan, gorputz-adarretan, muturrean eta begi-inguruan, beste kolore batzuetako ilerik ez dutela. Ile ugari izaten dute. Larru lodia dute, zuri horixka, eta ageriko mukosa haragi-kolorekoak, gorrixkak. Mihi eta barreneko mukosak kolore argikoak, pigmentatu gabeak.

4._Burua eta lepoa.

Buru txiki eta fina dute, eta sudur-zulo estuak. Kopeta zabal eta zapala izaten dute, zabalagoa arrek eta estuagoa emeek. Soslaia zuzena edo subkonkaboa. Belarri ertainak, ile finez estaliak barreneko aldean, eta ezko ugari. Bisaia luzea. Begi adierazkorrak, ateri samarrak, eta begi-inguru argia (eper-begia). Adarrak gazte-gaztetik ateratzen zaizkie eta ilargi-erdiko formakoak izaten dira, arrenak irekiagoak emeenak baino. Emeen adarrek, adinean gora, lira edo kiribil itxura hartu ohi dute. Adarren sekzioa zirkularra da, zapalagoa sorlekuan. Zuri nakar kolorekoak izaten dira, kolore biziagokoak oinarrian eta horixkak adarpuntan. Adarbilduak izatea akastzat hartu ohi da, bai horizontalak, bai eroriak. Kopetaren gainaldean eta okzipitalaren aldean, ile finaz osaturiko tupe bat izaten dute.

Lepo motza, lodia eta gihartsua. Emeetan lepoaren gainaldeko lerroa zuzena da. Arrek lepogain nabarmena dute. Kokospe markatua, bi sexuetan.

Buruarekin eta bizkarrarekin egoki txertatua.

5._Enborra:

Enborra luzanga eta sakona da eta saihetsaldeak ez oso kakotuak. Bularralde sakona, estua; arrena gihartsuagoa izaten da. Bizkar motza eta zuzena.

Soingurutze nabarmena. Arraza honen indarra, batez ere, sorbaldetan, soingurutzean eta lepoan datza. Bizkar eta gerri aldeko lerroa zertxobait zelatua eta goranzkoa zerra aldera. Gerrialdean gihar gutxikoa.

Zerra eta ipurmasail txiki eta estuak; hezurren irtenuneak ongi markatuak, emeetan batez ere. Buztana goi-goian sortzen da, luzea da eta motots ugaria du muturrean.

6._Sexu-organoak eta errapeak.

Barrabil ongi garatuak, behar bezala jaitsiak, eta anatomikoki ongi eginak.

Emeek errape txikiak dituzte, garatu gabeak, eta babes-ile ugari dituzte (otso-ileak). Titiburuen arteko distantzia handia da. Arrosa kolorekoak dira errapeak.

Ugalketa zikloa naturala da, urte sasoiekin lotua. Normalean, bi urtetik behin egiten dute umea.

7._Gorpuzkera.

Txikia, luzanga atzean eta proportzionatua. Abelburu guztietan aurreko heren-zatia nabarmenagoa da atzekoa baino.

8._Gorputz-adarrak eta hanka-jarrerak.

Aurreko hankak finak dira eta, luzeraz, ertainak. Atzekoek luzeagoak direla ematen dute. Izterrak eta ipurmasailak gutxi garatuak. Hanka-jarrera egokia. Apoak txikiak, gogorrak eta higagaitzak, itxiak eta kolore hori argikoak. Apoen puntan bermatuta iblitzen dira eta, ondorioz, oinatz borobila uzten dute lurrean.

9._Izaera eta portaera.

Izaera zaputzeko abereak dira, eta lurraldea mugatzeko joera handia dute. Neguan toki ireki, zabal eta eguzkitsuak nahiago dituzte. Udan inguru ospelak bilatzen dituzte (basoak eta sakanak).

10._Ezaugarri baztertzaileak:

Oro har, baztertzeko modukotzat hartzen da herentziazko akats edo malformazio fisiko nabarmenen bat izatea. Eta zehazki, honako hauek:

_Goiko edo beheko prognatismoa.

_Ipurdi handiak izatea.

_Kolorazio beltz edo arbelaren antzekoa mihian, mukosetan edo apoetan.

_Ohiz kanpoko kolore bateko larrua edo ileak izatea, gorputzaren edozein tokitan.

II. ERANSKINA

"Betizu" behi arrazaren Liburu Genealogikoa.

1._Liburu Genealogikoan inskribaturiko animalien identifikazioa.

Aziendaburu guztiak animalia hauentzat dagoen sistema ofizialaren arabera identifikatuko dira, nahitaez. Identifikazio osagarri gisa, tatuajea, hausnar boloduna edo identifikaziorako beste sistema bat ere erabiltzen ahalko da.

Animalia guztiek identifikazio ofiziala eramanen dute, nork berea, bizitza osorako. Kode horiek datu base batean erregistratuko dira eta hartatik ardi bakoitzaren genealogiari, jabeari, produkzioei, indize morfologikoei eta abarrei buruzko informazioa erdiesten ahalko da.

2._Liburu Genealogikoaren titulartasuna eta kudeaketa.

a) "Betizu" behi arrazaren Liburu Genealogikoa "Betizu" arraza garbiko behi-azienda inskribatzeko erregistroa, fitxategia edo sistema informatizatua da. Hartan datu batzuk bilduko dira: aziendaburuaren aurrekoak, ondorengoak eta haren morfologiaren kalifikazioetan (fenotipoa), ugaltzaile gisa edo lan probetan, izandako merezimenduak (baldin badira). Erregistroaren organo erantzulea eta eskuduna Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua izanen da eta liburuaren kudeaketa delegatzen ahalko die aginte ahaldunaren aitorpen ofiziala duten erakundeei, apirilaren 21eko 391/1992 Errege Dekretuak eta harekin bat heldu den legeriak ezartzen dutenaren arabera.

b) Dena dela, Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duen elkarte edo entitate batek apirilaren 21eko 391/1992 Errege Dekretuaren eta horrekin bat datorren legeriaren araberako aitorpen ofiziala jaso nahi badu eta liburu genealogikoa behar bezala kudeatzeko baliabideak eta azpiegiturak baldin baditu, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak liburuaren kudeaketaren ardura delegatzen ahalko dio.

c) Arrazaren liburu genealogikoa bateratzeko eta liburu genealogikoen kudeatzaileek egiten duten lana kontrolatu eta baliozkotzeko, datu base bat sortuko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikia, eta sei hilabetetik sei hilabetera "Betizu" behi arrazaren liburu genealogikoa kudeatzen duten entitateek edo elkarteek gertatu diren animalien inskripzioen edo balorazioen berri eman beharko dute.

3._"Betizu" behi arrazaren Liburu Genealogikoak honako erregistro hauek izanen ditu.

_Hasierako Erregistroa (HE).

_Jaiotzeen Erregistroa (JE).

_Behin betiko Erregistroa (BE).

3.1. Hasierako Erregistroa (HE).

Erregistro honetan ondoko ezaugarri hauek betetzen dituzten ar eta emeak sartuko dira:

_Arraza eta horretarako zehaztutako ezaugarri etnikoak izatea.

_Arrak hamalau hilabetetik gorakoak izatea eta emeak bi urtetik gorakoak.

_Arraza-ezaugarrien kalifikazioan, emeek, gutxienez, 60 puntu izatea, eta arrek 65.

Erregistro honetako inskripzioak 2008ko abenduaren 31ra arte onartuko dira, hala emeentzat nola arrentzat.

3.2. Jaiotzeen Erregistroa (JE).

Erregistro honetan Hasierako Erregistroan edo Behin betiko Erregistroan inskribaturik dauden abereen kumeak sartuko dira, arrak zein emeak, baldintza hauek betetzen badituzte:

_Arrazaren berezko ezaugarriak edukitzea.

_Akats edo malformaziorik ez izatea.

_Emeen ugalketa kontrolak behar bezalako bermeak izatea.

_Erregistro honetan inskribatzeko eskaera aurkeztea txekorrari titia kendu baino lehen.

3.3. Behin betiko Erregistroa (BE).

Erregistro honetan Jaiotzeen Erregistrotik datozen abereak sartzen ahalko dira, hiru urte betetzen dituztenean, baldin eta kalifikazio morfologikoan emeek 60 puntu baino gehiago lortu badituzte eta arrek 65 puntu baino gehiago. Bestalde, Erregistrotik aterako dira emankortasun edo ugalkortasun baxua dakarten herentziazko tasunak edo amatasunerako ezaugarri eskasak erakusten dituzten aurrerako abere guztiak, arrak eta emeak, bai eta horien ondorengoak ere.

Liburu Genealogikoko inskripzioak leinuaren jarraitzaile gisa edo leinuburu gisa egin daitezke. Azken kasu hori Hasierako Erregistroan inskribatu daitezkeen animaliei dagokie.

Leinuaren jarraitzaile gisako inskripzioei dagokienez, leinuburu gisa edo leinuaren jarraitzaile gisa inskribaturik dauden Betizu behien ondorengoak besterik gabe inskribatuko dira Erregistro honetan, baldin eta erregistraturik dauden "Betizu" arrazako hazitarako zezenek estaliak badira eta estalketa eta jaiotza deklaratu badira.

3.4. Ganadutegien Erregistroa.

Abereak Liburu Genealogikoan erregistratu ahal izateko, abeltegiak martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuaren arabera erregistraturik egon beharko du, horren bidez abeltegien erregistro orokorra ezarri eta arautzen baita, eta "Betizu" behi arrazaren liburu genealogikoan ere erregistraturik egon beharko du.

4._Kalifikazio morfologikoa.

Arraza-estandarraren eskakizunen arabera, puntuen bidezko kalifikazioa emanen da, abere bakoitza ikuskatuz.

Kalifikazio eta Onarpen Batzordea bi albaitarik eta abeltzain batek osatuko dute, Liburu Genealogikoaren ardura duen elkarteak proposatuak, eta erakunde eskudunak onartu eta izendatu beharrekoak.

Aintzat hartu beharreko karaktereak 0tik 10era bitarte puntuatuko dira, eskala honen arabera:

Perfektua: 10 puntu.

Bikaina: 9 puntu.

Oso ona: 8 puntu.

Ona: 7 puntu.

Onargarria: 6 puntu.

Nahikoa: 5 puntu.

Baztertzekoa: 5 puntu baino gutxiago

Baloragai den atalen batean bost puntutik behera lortuz gero, abelburua bazter utziko da, eta ez dira kontuan hartuko beste ataletan lortutako puntuazioak.

Ondoko hauek dira kalifikatuko diren alderdiak eta bakoitzaren ponderazio koefizientea. Alderdi bakoitzari ematen zaion puntuazioa dagokion koefizientearekin biderkatuko da eta hortik aterako da behin betiko puntuazioa:

Koefiziente biderkatzaileen taula:

KOEFIZIENTEAK

KALIFIKATZEN DIREN GORPUTZ-ATALAK ARRAK EMEAK

Burua eta lepoa 1,5 1,5

Bizkarra eta soingurutzea 1,0 1,0

Bularra eta saihetsaldea 1,0 1,0

Bizkarraldea eta gerruntzea 1,0 1,0

Zerra eta buztana 1,0 1,5

Gorputz-adarrak eta hanka-jarrerak 1,5 1,5

Sexu-ezaugarriak 0,5 0,5

Izaera eta bestelakoak 2,5 2,0

Guztira: 10,0 10,0

Azkeneko puntuazioa honen arabera ateratakoan, abelburuak honela sailkatuko dira:

Perfektua: 100.

Bikaina: 91tik 99,99ra

Oso ona: 81etik 90,99ra

Ona: 75etik 80,99ra

Onargarria: 70etik 74,99ra

Nahikoa: 60tik 69,99ra

Eskasa: 55etik 59,99ra

Txarra: 55 baino gutxiago

Iragarkiaren kodea: F0709492