76. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

178/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 4koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, "Sasi ardia" izeneko ardi arrazaren arraza-estandarra onartu eta Liburu Genealogikoaren berariazko araudia onesten duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50. artikuluan ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateak, bere foru araubidearen indarrez, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko gaietan eskumen esklusiboa duela, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera.

Herri baten gizarte, kultur eta ingurumeneko ezaugarriek bertako behar eta inguruneari egokitutako abere arrazak sortzea ekarri ohi dute. "Sasi ardia" izeneko ardi arraza autoktonoa da, mugako egoeretan bizirauteko egoeretara bereziki egokitua dagoena, oso itxura gogorrekoa eta egokitzeko gaitasun handia duena. Azkeneko hamarkadetan, gizartearen aldaketengatik eta hobeki garatzen diren haragitako beste arraza batzuk sartzeagatik, haien kopurua nabarmen murriztu da.

Gaur egun arraza galzorian dago. Egun arraza berreskuratu eta harmonizatzeko prozesuan dago eta, hortaz, beharrezkoa da morfologiaren eta lanen gaineko estandarra ezartzea arraza homogeneoa izan dadin. Halaber, arraza berreskuratzeko ezinbestekoa da hazleek arrazaren estandarrean oinarritutako hautatzeko eta berreskuratzeko planak izatea eta arrazaren genealogia liburua sortzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. "Sasi ardia" izeneko ardi arrazari dagokion arrazaren eta haren lanen estandarra onartzen da, I. eranskinean adierazten den moduan.

2. artikulua. "Sasi ardia" izeneko ardi arrazaren liburu genealogikoa sortzen da, II. eranskinean heldu bezala.

3. artikulua. Arrazaren liburu genealogikoa bateratzeko eta genealogia liburuen kudeatzaileek egiten duten lana kontrolatu eta baliozkotzeko, datu base bat sortuko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikia, eta sei hilabetetik sei hilabetera "Sasi ardia" izeneko ardi arrazaren liburu genealogikoa kudeatzen duten entitateek edo elkarteek gertatu diren animalien inskripzioen edo balorazioen berri eman beharko dute.

Azken xedapen bakarra._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko ekainaren 4an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

I. ERANSKINA

"Sasi ardia" izeneko ardi arrazaren arraza-estandarra

Sarrera.

Arrazaren eredu honek "Sasi ardia" ardi arrazaren ezaugarri morfologikoak bildu nahi ditu. Arraza horren egungo populazioak morfologia zehatza baldin badu ere, animalien zentsua txikia dela ikusirik, berreskuratu, kontserbatu eta hautatzeko programa bat gauzatu behar da.

Jatorria: Nafarroa eta Euskadi (Espainia).

Arrazaren historiaren laburpen txikia:

Etimologiatik begiratuta, "Sasi ardia" euskal hitza da, eta sasietako edo laharretako ardia esan nahi du, urtetan erdi basa bizi izan baita eta, horregatik, taldean ibiltzeko joera handirik gabe.

"Sasi ardia" arraza bere banaketa eremuaren egoera sozioekonomikoen bilakaerari lotuta egon da, haren bizi-inguruneak eta ustiapen-sistemak baldintzatu baitute.

Duela 50 urte, abeltegietan arraza honetako azienda-buru gutxi zeuden, eta esne-arkumetarako erabiltzen ziren. Esnea, berriz, artzainaren familiak berak kontsumitzeko gaztak egiteko erabiltzen zen. Herri-larreetan eta zuhaiztietan bazkatzen ziren (gehienbat zuhaitz autoktonoak zituzten tokietan, oihanpe txikikoetan).

60ko hamarkadatik aurrera, haien banaketa eremuan industria garapena gertatzen da eta, horren ondorioz, landa inguruneak abandonatzen dira poliki-poliki eta basoberritzeko koniferak sartzen. Landa-inguruneko familietan gero eta lanesku gutxiago zegoenez, arrazaren ustiapena baldintzatua zegoen. Haragiaren produkzioa lehenesten da eta larreko arkumeak hazten dira, gero, ilea mozteko biltzen ziren garaian (ekainean eta uztailean) saltzeko. Arrik onenak urte bat betetakoan zikiratzen ziren eta hiru edo lau urte zituztenean "zikiro" gisa saltzen ziren. Produkzioa hobetzeko, ahari latxa mutugorriak sartu ziren, gorpuzkera handiagokoak eta otzanagoak zirenak, artaldea aisago gobernatzeko. Horregatik jatorrizko populazioa nahasi da, eta gaur egun sasi ardi bakar batzuk baino ez dira gelditzen.

90eko hamarkadan, orografia zaileko eskualde hauetan esnetarako behien produkzioa uzten da, eta belardi asko libre gelditzen dira baserrien ondoan. Belardi horiek ardiak neguan, hots, erditze garaian bazkatzeko erabiltzen hasten dira. Ustiapen sistema "hobetua" esaten zaio honi, izan ere, sistema tradizionalean herrilurrak besterik ez baitzen erabiltzen, urte osoan.

Gaur egun, landa ingurunea zaindu eta kontserbatzeko kontzientzia zabaltzen ari da gizartean. Testuinguru horretan, sasi ardiak ere badu bere eginkizuna, zuhaiztiei eusten laguntzen duelako eta sasiak garbitu eta sasien arteko bideak irekitzen dituelako. Ardien gaitasun hori, gainera, basoetako suteak ez hedatzeko lagungarria izaten da.

Eginkizun zooteknikoa:

Arraza izugarri gogorra da, mendialdean bizitzera egokitua, haragitarako erabiltzen dena. Garrantzi handiko beste lan bat ere egiten du, hots, sarbide zaila duten mendialdeetako basoak garbitzea.

Arrazaren prototipoa.

1._Itxura orokorra:

Pisu ertaineko animaliak dira, arin samarrak, buru triangeluarra eta soslai lerrozuzena dutenak, adierazkorra eta artilerik gabekoa. Belarri txikiak dituzte, horizontalak edo zertxobait goratuak eta, alerta egoeran, atzera etzanak. Enbor luze eta triangeluarrak, harmonikoak, artile txuriaz estaliak. Udazkenean eta udan lepoaldeko eta bularraldeko azpiko aldea artilerik gabe gelditzen da. Hanka finak dituzte, mugimendu arin eta airosoak egiteko modukoak, sasien artean jauzika ibiltzeko gaitasuna ematen dietenak.

2._Burua:

Ongi proportzionatua eta triangeluarra, bai aurrez aurre begiratuta, bai alde batetik; sakona da eta baraila-arkua markatua eta atzeratua du. Adarduna edo adarrik gabekoak izan daitezke, bai arrak, bai emeak. Dena dela, emeen kasuan, adar txikiak izaten dira. Buruaren aurrealde zabal eta motza. Bekoki-sudurretako sakonune txikia. Atzera samar sortzen diren belarri txikiak, horizontalak edo zertxobait goratuak eta, alerta egoeran, atzera etzanak. Begi zulo sakonak, begi handiak eta almendratuak. Malko-bide txiki baina nabarmena. Aurpegi luzea, gorrixka, soslai lerrozuzena edo konbexutasun txikikoa, bukaeran mutur nabarmena duena. Ezpain sendoak, finak eta ilunak eta ezpainen komisura sakona. Ile zurixkak ditu sudur-zuloen inguruan.

3._Lepoa:

Emeena luzera eta lodiera ertainekoa da eta arrena motzagoa eta gihartsuagoa. Sekzio zirkularra du eta goiko eta beheko ertzak zuzen eta paraleloak dira. Lepoa tente eramateko joera du, 45º-ko angelua osatuz. Ez du ez girgilorik ez tolesik. Lepoaren oinarrian lepoko gorrixka izaten du, ileduna.

4._Enborra:

Joera triangeluarra du, luzea eta sakona da eta saihets-hezurrak ongi kakotuak ditu, bularralde triangeluarra osatuz. Soingurutze nabarmendu gabea, bizkar-gerrialdearen lerroaren segidan. Lerro hori goraka doa pixka batean eta zabala eta horizontala da. Bular estua, sakona bezain zabala, bularrezur ez oso nabarmena. Zerra karratua, zertxobait eroria. Luzeraren eta zabaleraren diametroak antzekoak dira, baita aurrealdeko eta atzealdeko zabaleraren diametroak ere, eta inklinazio txikikoak dira. Buztan iletsua.

5._Ugatzak:

Garapen ertainekoak, globo-itxurakoak, bilduak, gorrixkak, simetrikoak eta titiburu txikiak baina ongi nabarmenduak dituztenak. Ugatzak ez daude pigmentatuak.

6._Barrabilak:

Ongi garatuak, simetrikoak eta barrabil-zorroa bereizi gabe. Artilerik gabe.

7._Gorputz-adarrak:

Hanka-jarrera onekoak, luzeraz ertainak, finak. Hala erradio-hezurrak nola artikulazioak indar handikoak dira.

Aurrekoak: Luzera ertaineko bizkarra, oso makurtua (ia bertikala) eta saiheskiarekin plano berean lotzen da, etenik gabe. Besoa ongi proportzionatua. Besaurrea luzera ertainekoa da, argala. Belaun luzea baina gutxi markatua, kanaberaren ondotik. Kanabera oso fina eta luzea da. Hazkoskorren perimetroa belaunena bezalatsukoa da eta apo txikiak ditu, oso markatuak, ongi eratuak eta, oro har, irekiak.

Atzekoak: Izterraren eta bernaren luzera antzekoa da eta garapen ertainekoak dira. Garapen ertaineko belaunburua, angelu irekia duena. Atzeko kanabera eta apoak, finak izan arren, aurrekoak baino sendoagoak dira. Atzetik begiratua, paraleloak eta bereiziak ikusten dira, ugatzerako toki franko dagoela.

8._Kolorea eta ilajea:

_Kolorea: txuria.

_Azala: fina eta zuri arrosakara.

9._Artilea:

_Txuria, zakarra eta ile-motots triangeluarretan irekia. Buruan eta lepoan ez da sortzen.

10._Pisua eta neurria:

Emeak 35 eta 45 kilogramo bitarte izaten dira. Arrak, berriz, 45 eta 55 kilogramo bitarte. Garaiera pisu ertaineko animaliena da, arin samarrak eta ezarritako pisuekin proportzionatuak.

11._Akatsak:

11.1. Akats aipagarriak.

Arrazaren prototipoaren azalpenaren arabera, honako hauek akas aipagarritzat hartzen dira eta, beraz, horiek zuzentzera jo beharko da:

_Soslaiak azpikonbexutasunerako joera izatea, handia eta harmonia gabekoa.

_Belarri atrofikoak edo luzeak, eta lerro horizontaletik behera.

_Gorpuzkera orokorra edo alde batekoa dexente akastuna (zelatua, karpako bizkarraldea, sabelaldean beste kolore bateko zerrenda, hanka-jarrera akastunak, etab.).

_Orban beltzak.

_Pigmentazioa muki-mintzetan.

11.2. Baztertzeko moduko akatsak.

_Goiko edo beheko prognatismoa.

_Anomaliak sexu-organoetan.

_Adar handiak emeetan.

II. ERANSKINA

"Sasi ardia" ardi arrazaren Liburu Genealogikoa.

1._Liburu Genealogikoan inskribaturiko animalien identifikazioa.

Abelburu guztiak animalia hauentzat dagoen sistema ofizialaren arabera identifikatuko dira (belarritakoa gehi hausnar boloduna), nahitaez. Identifikazio osagarri gisa, tatuajea edo identifikaziorako beste sistema bat ere erabiltzen ahalko da.

Animalia guztiek identifikazio ofiziala eramanen dute, nork berea, bizitza osorako. Kode horiek datu base batean erregistratuko dira eta hartatik ardi bakoitzaren genealogiari, jabeari, produkzioei, indize morfologikoei eta abarrei buruzko informazioa erdiesten ahalko da.

2._Liburu Genealogikoaren titulartasuna eta kudeaketa.

a) "Sasi ardia" ardi arrazaren Liburu Genealogikoa "Sasi ardia" arraza garbiko ardi-azienda inskribatzeko erregistroa, fitxategia edo sistema informatizatua da. Hartan datu batzuk bilduko dira: aziendaburuaren aurrekoak, ondorengoak eta haren morfologiaren kalifikazioetan (fenotipoa), ugaltzaile gisa edo lan probetan, izandako merezimenduak (baldin badira). Erregistroaren organo erantzulea eta eskuduna Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua izanen da eta liburuaren kudeaketa delegatzen ahalko die aginte ahaldunaren aitorpen ofiziala duten erakundeei, apirilaren 21eko 391/1992 Errege Dekretuak eta harekin bat heldu den legeriak ezartzen dutenaren arabera.

b) Dena dela, Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duen elkarte edo entitate batek apirilaren 21eko 391/1992 Errege Dekretuaren eta horrekin bat datorren legeriaren araberako aitorpen ofiziala jaso nahi badu eta liburu genealogikoa behar bezala kudeatzeko baliabideak eta azpiegiturak baldin baditu, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak liburuaren kudeaketaren ardura delegatzen ahalko dio.

c) Arrazaren liburu genealogikoa bateratzeko eta liburu genealogikoen kudeatzaileek egiten duten lana kontrolatu eta baliozkotzeko, datu base bat sortuko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikia, eta sei hilabetetik sei hilabetera "Sasi ardia" ardi arrazaren liburu genealogikoa kudeatzen duten entitateek edo elkarteek gertatu diren animalien inskripzioen edo balorazioen berri eman beharko dute.

3._"Sasi ardia" ardi arrazaren Liburu Genealogikoak honako erregistro hauek izanen ditu.

_Hasierako Erregistroa (HE).

_Jaiotzeen Erregistroa (JE).

_Behin betiko Erregistroa (BE).

3.1. Hasierako Erregistroa (HE).

Erregistro honetan 12 hilabetetik gorako ar eta eme guztiak sartzen ahalko dira, arraza-prototipoaren baldintzak betetzen badituzte:

Erregistro honetako inskripzioak 2008ko abenduaren 31ra arte onartuko dira, hala emeentzat nola arrentzat.

3.2. Jaiotzeen Erregistroa (JE).

Erregistro honetan Hasierako Erregistroan edo Behin betiko Erregistroan inskribaturik dauden abereen kumeak sartuko dira, arrak zein emeak, baldintza hauek betetzen badituzte:

_Arrazaren berezko ezaugarriak edukitzea.

_Akats edo malformaziorik ez izatea.

_Emeen ugalketa kontrolak behar bezalako bermeak izatea.

_Erregistro honetan inskribatzeko eskaera aurkeztea arkumeari titia kendu baino lehen.

3.3. Behin betiko Erregistroa (BE).

Erregistro honetan Jaiotzeen Erregistrotik datozen abereak sartzen ahalko dira, bi urte betetzen dituztenean, baldin eta kalifikazio morfologikoan emeek 60 puntu baino gehiago lortu badituzte eta arrek 65 puntu baino gehiago. Bestalde, Erregistrotik aterako dira emankortasun edo ugalkortasun baxua dakarten herentziazko tasunak edo amatasunerako ezaugarri eskasak erakusten dituzten aurrerako abere guztiak, arrak eta emeak, bai eta horien oindorengoak ere.

Liburu Genealogikoko inskripzioak leinuaren jarraitzaile gisa edo leinuburu gisa egin daitezke. Azken kasu hori Hasierako Erregistroan inskribatu daitezkeen animaliei dagokie.

Leinuaren jarraitzaile gisako inskripzioei dagokienez, leinuburu gisa edo leinuaren jarraitzaile gisa inskribaturik dauden Sasi ardien ondorengoak besterik gabe inskribatuko dira Erregistro honetan, baldin eta erregistraturik dauden "Sasi ardia" arrazako hazitarako ahariek estaliak badira eta estalketa eta jaiotza deklaratu badira.

3.4. Ganadutegien Erregistroa.

Abereak Liburu Genealogikoan erregistratu ahal izateko, abeltegiak martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuaren arabera erregistraturik egon beharko du, horren bidez abeltegien erregistro orokorra ezarri eta arautzen baita, eta "Sasi ardia" ardi arrazaren liburu genealogikoan ere erregistraturik egon beharko du.

4._Kalifikazio morfologikoa.

Arraza-estandarraren eskakizunen arabera, puntuen bidezko kalifikazioa emanen da, abere bakoitza ikuskatuz.

Kalifikazio eta Onarpen Batzordea bi albaitarik eta abeltzain batek osatuko dute, Liburu Genealogikoaren ardura duen elkarteak proposatuak, eta erakunde eskudunak onartu eta izendatu beharrekoak.

Aintzat hartu beharreko karaktereak 0tik 10era bitarte puntuatuko dira, eskala honen arabera:

Perfektua: 10 puntu.

Bikaina: 9 puntu.

Oso ona: 8 puntu.

Ona: 7 puntu.

Onargarria: 6 puntu.

Nahikoa: 5 puntu.

Eskasa: 5 baino gutxiago.

Baloragai den atalen batean bost puntutik behera lortuz gero, abelburua bazter utziko da, eta ez dira kontuan hartuko beste ataletan lortutako puntuazioak.

"Sasi ardia" arrazako abelburuak baloratzeko, ondoko taulan ageri diren ezaugarriak hartuko dira kontuan. Parametro horietako bakoitzak ponderazio koefiziente bat du, hautapenerako kalkulatutako interes mailaren araberakoa, eta koefiziente hori abelburuari ematen zaizkion puntuazioetan aplikatuko da.

Puntuazio taula:

ARRAK EMEAK

Burua eta lepoa 1.0 1.0

Bularra, bizkarra eta toraxa 1.5 1.5

Soingurutzea, bizkarraldea

eta gerruntzea 1.0 1.0

Zerra eta buztana 2.0 1.5

Izterrak eta ipurmasailak 1.0 1.5

Gorputz-adarrak eta hanka-jarrerak 1.0 1.0

Sexu-organoak 0.5 0.5

Larrua eta ilajea 0.5 0.5

Gorpuzkera 1.0 1.0

Itxura orokorra 0.5 0.5

Guztira: 10.0 10.0

Azkeneko puntuazioa ateratzeko, parametro bakoitzean lortutako puntuazioa bider dagokion ponderazio koefizientea eginen da eta, gero, denak batuko dira. Azken puntuazioaren arabera, abelburuak honela sailkatuko dira:

Perfektua: 100.

Oso ona: 81etik 99,99ra.

Ona: 70etik 80,99ra.

Onargarria: 65etik 69,99ra.

Eskasa: 65 baino gutxiago.

Kalifikazio morfologikoaren arabera, 65 puntutik beherakoak diren arrak eta 60 puntutik beherako emeak ez dira ontzat hartuko.

Iragarkiaren kodea: F0709489