76. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

2916/2007 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, kanpo merkataritza arloan prestakuntza jarduerak antolatzeko dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onesten duena.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren ildo estrategikoetako bat da Nafarroako ekoizpen-sarea sendotu eta dibertsifikatzea, etorkizuneko sektoreak sustatzeko.

Helburu hori lortzeko, enpresetan sar daitezkeen pertsona espezializatuak izatea beharrezkoa da, enpresa horiek nazioartera ateratzeko estrategiak ezarri ahal izan ditzaten.

Hau da Merkataritza Zerbitzuak kanpo merkataritza arloan prestakuntza jarduerak antolatzeko laguntzak emateko deialdia onestearen arrazoia.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Kanpo merkataritza arloan prestakuntza jarduerak antolatzeko dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 90.000 euroko gastua baimentzea, kontusail hauen kargura:

_42.000 euro, 2007ko gastuen aurrekontuko ondoko kontusailaren kargura: 850001/81410/4819/431302.

_6.000 euro, 2007ko gastuen aurrekontuko ondoko kontusailaren kargura: 850001/81410/4709/431302.

_42.000 euro, 850001/81410/4819/431302 kontusailaren parekoaren kontura, 2008ko gastuen aurrekontukoa, betiere aurrekontuan dagoen diruaren mugarekin.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 6an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

ERANSKINA

Kanpo merkataritza arloan prestakuntza jarduerak antolatzeko dirulaguntzak emateko 2007ko deialdiaren arauak

1. araua._Xedea.

Deialdi honek kanpo merkataritza arloan prestakuntza jarduerak antolatzeko dirulaguntzak arautzen ditu. Enpresak nazioartera ateratzeari buruzko jardunaldi eta mintegiak, ikastaroak eta masterrak eskainiko dituen prestakuntzarako eskaintza izanik, ikasleak lan munduan errazago sartuko dira eta enpresek prestakuntza handiagoa izanen dute kanpora ateratzeko prozesuari aurre egiteko garaian.

2. araua._Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuak, diru-zenbatekoa eta defizita kalkulatzeko modua.

Dirulaguntzaren xede diren jarduerak Nafarroan egin eta 2006eko abenduaren 1a eta 2007ko azaroaren 30a bitarte hasi beharko dira, eta horietako bakoitzean gutxienez 15 pertsonek hartu beharko dute parte.

Salbuespen gisa partaide gutxiago onartuko dira partaide kopuru horretara ez ailegatzeko arrazoi objektiboak baldin badira. Arrazoi horiek eskaeran azalduko dira eta Merkataritza Zerbitzuak onartu beharko ditu.

1. Dirulaguntza har dezaketen gastuak eta diru-zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntzaren xede diren gastua hauexek dira:

a) Lanbideratze masterrak, kanpo merkataritzari buruzkoak, lan esperientziarik ez duten unibertsitateko tituludunei bakarrik zuzendutakoak. Titulua lortzeko, ikasleek gutxienez sei hilabeteko praktikaldia egin beharko dute.

Dirulaguntza sortutako defizitaren %100 artekoa izan daiteke. Muga gastuen %50 izanen da eta gehienez ere 28.000 euro eginen ditu.

b) Kanpo merkataritzako gainontzeko masterrak, 400 eskola-ordutik goitikoak.

Sortutako defizitaren %100, gastuen %50eko mugarekin eta 14.000 euro gehienez ere.

c) Nazioarteko merkataritzari loturiko gaiei buruzko ikastaroak, gutxienez 60 ikastordukoak.

Sortutako defizitaren %100, gastuen %50eko mugarekin eta 3.500 euro gehienez ere.

d) Mintegi eta jardunaldi teknikoak, kanpo merkataritzari gaiei buruzkoak, gutxienez 3 orduko iraupenarekin.

Sortutako defizitaren %100, gastuen %50eko mugarekin eta 1.000 euro gehienez ere.

2. Defizitaren kalkulua.

Defizitaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondoren aipatutako kontzeptuak hartuko dira kontuan:

a) Gastuak: hizlarien kontratazioa, jardueraren promozioa, jardueraren euskarri den dokumentazioaren edizioa eta jarduerak berekin dakartzan gainerako gastu arruntak. Eskatzailearen langileen gastuak ezin dira sartu.

Lanbideratze masterretan dirulaguntzaren xede diren jarduerak zeharka dakartzan gastuak ere jasoko dira, zentzuz dagokion zatian egotzi beharko zaizkio kostu horiek dirulaguntzaren xede den ekintzari, onartu ohi diren kontabilitateko irizpide eta arauei jarraituz, betiere, kostu horiek jarduera egiazki egiten den aldiari dagozkion heinean.

b) Dirusarrerak: entitate antolatzailearenak, partaideek izena emateagatik lorturiko dirusarrerak, beste entitate babesle batzuen diru-ekarpenak eta jarduerari zuzenean loturiko bestelako dirusarrera arruntak.

3. araua._Onuradunak.

Onuradun izan ahal izateko, beharkizun hauek bete beharko dira:

1. Nortasun juridikoa duten eta Nafarroan helbidea duten entitateek, nazioarteko merkataritzaren arloko prestakuntza jarduerak antolatzen dituztenak.

2. Nortasun juridikoa duten eta Nafarroan helbidea duten enpresa elkarteek, nazioarteko merkataritzaren arloko prestakuntza jarduerak antolatzen dituztenak. Prestakuntza jardueran beste autonomia erkidego batzuetako enpresek parte hartzen badute, taldean diren Nafarroako enpresen kopuruaren arabera emanen dira laguntzak.

Betebehar horiek 4. arauan aipatzen diren inprimakiak aurkeztuz frogatu beharko dira eta 2007ko azaroaren 30 arte eutsi beharko zaie.

Interesdunek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatutako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Horiek frogatzeko Fc7.07.05. inprimakia erabili beharko da.

4. araua._Eskaeren aurkezpena eta eskaturiko agiriak.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak aurkeztuko dira Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira (Fc7.07.05 inprimakia):

_Prestakuntza jardueraren izenburua eta edukia.

_Iraupena, tokia eta egunak.

_Aurreikusitako hartzaile eta partaide kopurua.

_Jarduera gauzatzeko behar diren baliabideak, langileak eta haien kualifikazioa.

_Dirusarreren eta gastuen kontusail garrantzitsuenen azalpena.

_Azaldutako jardueretarako beste erakunde batzuek emandako laguntzen erantzukizunpeko aitorpena eta dirulaguntza horien azalpen zehatza, halakorik baldin bada.

Aipatzen diren inprimakiak helbide honetan egonen dira eskatzaileen esku:

http://www.cfnavarra.es/industria/areas/comex/ayplan.htm.

Eskatutako dokumentazioa osorik ez badago, Merkataritza Zerbitzuak hamar eguneko epean osatzeko eskatuko dio interesdunari. Horrela egiten ez badu, uko egiten diola ulertuko da, eta espedientea artxibatuko da, besterik gabe.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.

5. araua._Dirulaguntzak emateko irizpide objektiboak

Hona hemen dirulaguntza emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. 2. arauan ezarritako gehieneko portzentajeen eta mugen arabera kalkulatuko da dirulaguntza jaso dezaketen jarduerei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa.

2. Aurreko arauaren arabera kalkulaturiko dirulaguntzen batura deialdi honetarako baimenduriko gastua baino handiagoa bada, honelaxe eginen da:

_Titulua lortzeko enpresetan gutxienez sei hilabeteko praktikaldia derrigorrez egin behar izatea, gehienez 5 puntu.

_Dirulaguntzaren xede den jardueraren iraupena, gehienez 5 puntu.

_Jardueraren edukia zenbateraino aplikatzen den enpresaren nazioarteko merkataritzaren estrategia planifikatzeko, gehienez ere 5 puntu.

Aurrekontuetako kontusailean dirurik bada, diru hori deialdiaren ondoriozko beharrak betetzeko erabiltzen ahalko da.

Hainbanaketaren ondoren, 2007ko ekitaldian aurrekontuko diru kopurua igotzen bada, laguntza osagarri bat emanen da. Laguntza arau hauetan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei eta prestakuntza jarduerei emanen zaie gehienez ere.

6. araua._Dirulaguntza emateko ebazpena.

Merkataritza Zerbitzuak arau hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da, administrazioaren isiltasunaren bidez.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

7. araua._Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

Dirulaguntza jasotzen ahal dute jarduerak eginda, onuradunek eginiko gastu eta ordainketak frogatu beharko dituzte, ondoan zerrendatzen dire modu eta epeetan:

1. Aurkeztu beharreko agiriak.

Dirulaguntza jasoko duten jardueraren ziurtagiriak honakoak izanen dira:

_Prestakuntza jardueren memoria-ebaluazioa.

_Jarduera bakoitzean parte hartu dutenen zerrenda.

_Bertaratu izanari buruzko eguneroko txostenak, parte hartzaileek sinatutakoak (60 ordu edo gutxiagoko jardueren kasuan).

_Dirusarreren eta gastuen likidazioa.

_Egindako gastuen fakturak eta dagozkien ordainagiriak, adibidez erreziboak, letrak eta banku-karguak. Jarduera bat baino gehiagoren kontzeptuak jasotzen dituen fakturetan dirulaguntza jaso dezakeen jarduera bakoitzaren zenbatekoa ongi zehaztu beharko da.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastuen artean jarduerari zeharka loturiko gastuak dituzten jarduerak justifikatzeko, entitateak guztira egindako gastua, egozteko irizpideak eta proiektuari lotutako gastuen portzentajea jasoko dituen egiaztagiria aurkeztu beharko da.

_Prestakuntza jarduera bakoitzerako eginiko publizitatearen lagina.

2. Eskaerak aurkezteko epea.

2006ko abenduaren 1a eta dirulaguntza eman den eguna bitarte amaitutako jardueren kasuan, justifikazioa ebazpen hori jakinarazi eta hurrengo hilabetean aurkeztu beharko da.

2007ko azaroaren 30a eta dirulaguntza eman den eguna bitarte amaitutako jardueren kasuan, justifikazioa abenduaren 14a baino lehen aurkeztu beharko da.

Beranduago bukatuko diren prestakuntza jardueren kasuan, ziurtagiria aurkezteko hilabeteko epea izanen da, jarduera amaitzen den egunetik hasita.

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak justifikatzerakoan dokumenturen bat aurkeztu ezin bada, eskatzaileak gertaera horren arrazoiak eman beharko ditu eta epea luzatzeko eskatu, eta Merkataritza Zerbitzuak beharturik dago luzapen hori ematera.

8. araua._Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena.

Egiaztagiriak azterturik, Merkataritza Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

2007ko azaroaren 30a baino lehen bukatutako jarduerei dagozkien dirulaguntzak ordainduko dira aurreko oinarrian aipatutako agiriak, proiektuan jasotako jarduerak egin direla egiaztatzen dituztenak, aztertu ondoren.

Data horretatik aurrera bukatutako jarduerei dagozkien dirulaguntzak honela ordainduko dira:

_Dirulaguntzaren %25a, onarpenarekin batera. Zenbateko hori aurrerakin bat izanen da, onuradunak dirua izan dezan prestakuntza jardueraren hasierako promozioa egin eta dokumentazioa argitaratzeko gastuei aurre egin ahal izateko.

_Gainontzeko %75a 10. arauan aipatutako agiriak aztertu ondoren ordainduko da.

Benetako defizita ezagututakoan, jarduera horretako dirulaguntza aurreratu dena baino txikiagoa bada, entitate edo erakundeak soberakina itzuli beharko dio Administrazioari.

9. araua._Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala egiaztatzeko, Fc7.07.05 inprimakiko adierazpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak dirulaguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

2. Laguntzen onuradunek jardueren iragarkietan eta zabalkundean Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren laguntza jaso dutela jarri beharko dute, eta parte-hartzaileak irizpide objektiboei jarraituz aukeratu beharko dituzte.

Ezarritako programa betetzen dela zaindu eta programaren ondorioak ebaluatzeko, lan munduan sartzeko masterrak antolatzeko dirulaguntzen onuradunek jarraipen batzorde batean parte hartuko dute. Horretarako, jarduera antolatzen duen entitatearen eta Merkataritzako Zerbitzuaren ordezkari bana izendatuko dira.

3. Dirulaguntza eman eta pagatzeko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharrak bete ezik, onarturiko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

10. araua._Laguntzaren bateraezintasuna eta aplikagarri den Europar Batasuneko araudia.

1. Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek ekintza beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa ezertan galarazi gabe, ICEXetik datozen dirulaguntzak osagarritzat joko dira, baldin eta bien baturak sorturiko defizitaren %100 baino gehiago egiten ez badu.

2. Deialdi hau Batzordeak urriaren 6an emandako 68/2001 EE Erregelamenduaren menpe dago, Europar Batasuna osatzeko Tratatuko 87. eta 88. artikuluak prestakuntzarako laguntzei buruzkoa. Erregelamendu hori 2001eko urtarrilaren 13an argitaratu zen Europako Batasuneko Egunkari Ofizialean. Erregelamendu honen indarraldia, Batzordeak, abenduaren 20ko 1976/2006 EE Erregelamenduaren bidez luzatu zuen. (368. Europako Batasuneko Egunkari Ofiziala, 2006ko abenduaren 23koa).

11. araua._Arauen aurkako errekurtsoa

Arau hauen kontra interesatuek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

12. araua._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0709526