64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

454/2007 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Osasun zuzendari nagusiak emana, zenbait eskumenen erabilera Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten duena.

Osasun Publikoaren Zerbitzua Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago eta, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 45/2005 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren arabera, haren eskumenen esparruak zenbait jarduketa eremu hartzen ditu, batzuk norbanakoen osasunaren gainekoak eta beste batzuk osasun publikoari buruzkoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 26. artikuluak xedatzen du zerbitzuko zuzendariek eskuordeturik dituzten eginkizunei buruzko prozedurak arindu, arrazionalizatu eta errazteko printzipioak sustatu eta bultzatu behar dituztela. Ondoren, adierazten da, horrez gainera, kontseilariak edo zuzendari nagusiak bere esku dituen eginkizunetatik banatzen edo eskuordetzen dizkienak ere hartu beharko dituztela beren gain zerbitzuko zuzendariek.

Osasun Publikoaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuaren jarduketaren eremuko prozedura askok administrazio ebazpen bat behar dute, baina lehen aipatu den 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluaren arabera, ebazpenak emateko eskumena Osasun zuzendari nagusiari dagokio.

Osasun Publikoaren Institutuko zuzendariak, Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendaria ere den aldetik, proposatu du zenbait prozedura tramitatzeko behar diren ebazpenak emateko eskumena eskuordetzea, bere zerbitzuari dagozkion gaietan jarduketa eraginkorragoa eta arinagoa izan dadin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 36. artikuluko 1. idatz-zatiak xedatzen duenez, organoen berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko beste organo batzuen esku uzten ahalko dira.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz eta foru lege bereko 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

EBATZI DUT:

1. Osasun zuzendari nagusiari dagozkion eskumen hauek Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea:

a) Elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduen arloan:

_Elikadura industrien Osasun Erregistroaren menpe ez dauden elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduen funtzionamendurako osasun baimena ematea.

b) Zerrien eta ehizaldietan botatako basurdeen haragiaren arloan:

_Udalei baimena ematea zerriak eta ehizan botatako basurdeak, giza kontsumorako direnak, hiltzeko.

_Giza kontsumorako zerriak eta ehizan botatako basurdeak hiltzeko urteko osasun kanpainan lagunduko duten albaitariei baimena ematea.

c) Legionelosiari aurre egitearen eta kontrolatzearen arloan:

_Legionellaren arriskua duten instalazioen mantentze-lan higieniko-sanitarioak egiten dituzten langileentzako prestakuntza ikastaroak homologatzea.

d) Janarien erabiltzaileen arloan:

_Elikagaien arloko prestakuntza eta higiene programak garatu behar dituzten enpresa eta entitateei baimena ematea (janarien erabiltzaileak).

e) Amorruaren kontrako txertoaren arloan:

_Nafarroako Foru Komunitateko zakurrak identifikatzeko eta amorruaren kontrako txertoa jartzeko osasun kanpainan lagunduko duten albaitariei baimena ematea.

f) Pestiziden establezimendu eta zerbitzuen arloan:

_Pestiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistroan inskripzioa egiteko baimena ematea. Zerbitzuen Atala, B, C, A eta B eta B eta C arloak.

_Ingurumenean eta elikagaien industrietan pestizidak erabiltzen dituztenendako gaitasun probak edo ikastaroak homologatu eta ebaluatzeko tramitazioa egiteko baimena ematea.

_Ingurumenean eta elikagaien industrietan pestizidak erabiltzen ahal dituztenendako gaitasun txartelak luzatzeko baimena ematea.

g) Giza kontsumorako uraren arloan:

_Giza kontsumorako ura biltegi edo zisterna eramangarrietan garraiatzeko baimena ematea.

_Giza kontsumorako urentzat finkatutako balore parametrikoak salbuesteko baimena ematea.

_Giza kontsumorako urentzat finkatutako balore parametrikoak salbuesteko lehenbiziko luzapenerako baimena ematea.

_Laborategiak Giza kontsumorako uren Osasun Zainketarako Zentroen Sarean sartzeko baimena ematea.

h) Dirulaguntzen arloan:

_Herriak giza kontsumorako urez hornitzeko instalazioak kudeatzen dituzten toki entitateei kloratzaileak erosi eta jartzeko dirulaguntzak ematea edo ukatzea.

i) Esperimentaziorako eta beste helburu zientifiko batzuetarako erabiltzen diren animaliak babestearen arloan:

_Esperimentuetarako eta beste helburu zientifiko batzuetarako erabiltzen diren animaliak hornitzen dituzten haztegiak abian jarri aurreko baimena ematea.

_Esperimentuetarako eta beste helburu zientifiko batzuetarako erabiltzen diren animaliei buruzko urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuaren XI. eranskineko prozedurak baimentzea.

_Esperimentaziorako eta beste helburu zientifiko batzuetarako erabiltzen diren animaliak askatzeko baimena ematea.

j) Hilotzen gaineko osasunaren arloan:

_Hileta zerbitzuetako sistema aurrefabrikatuen homologazioa baimentzea.

k) Erabilera kolektiboko igerilekuen arloan:

_Erabilera kolektiboko igerilekuen funtzionamendua baimentzea.

2. Eskuordetze baten bidez ematen diren ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko da berariaz eta, ondorio guztietarako, Osasun zuzendari nagusiak emanak balira bezala hartuko dira.

3. Ebazpen honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko martxoaren 23an._Osasun zuzendari nagusia, Francisco Javier Sada Goñi.

Iragarkiaren kodea: F0705311