64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑA

Obra Txikiak egiteko Hirigintzako Lizentziak arautzen dituen Udal Ordenantza. Behin betiko onespena

Iruñeko Udalbatzak, 2007ko martxoaren 15ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Obra Txikiak egiteko Hirigintzako Lizentziak arautzen dituen Udal Ordenantza.

Behin onespen-erabakia 2007ko martxoaren 23ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta jendaurreko epea alegaziorik aurkeztu gabe iraganda, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat, aipatu Ordenantza behin betiko onetsi da, eta testua oso-osorik argitaratzea xedatu da, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 4an._Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

OBRA TXIKIAK EGITEKO HIRIGINTZAKO LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Udal Administrazioak partikularren hirigintzaren esparruko jardunaz bezainbatean esku-hartzeak berekin dakar jardun hori hirigintzako antolamendura zein gai horretan indarra duen araudi sektorialera egokitzen dela aldez aurretik egiaztatu eta horri darraion lizentzia ematea.

Hirigintza-lizentzia Udalak era arautuan ematen duen baimena da, halakoa non, hirugarren bati kalterik egin gabe, hirigintzako instrumentuek aurreikusiak dituzten obrak egin eta erabilerak ezartzea ahalbidetzen baititu.

Administrazioak esku hartzeko teknika honek eraikuntza-egintzen zein zoruaren beste erabilera batzuen kontrola du oinarri, horiek legalitateari eta hirigintzako antolamenduari men egiten diotela bermatze aldera.

Hirigintzaren esparruan ohikoa da obra txikien eta obra handien arteko bereizketa, betiere jurisprudentziak kontzeptu generikoak erabiliz zedarritutako ezaugarriekin bat. Horrekin bat, obra txiki gisara jo izan dira teknikaz bezainbatean soilak eta eraikuntzari eta kostuari dagokienez funts gutxikoak direnak.

Obra txikien kasuan, Iruñeko Udalak, bere Hirigintza Prozedurari buruzko Ordenantzan, ezarria du lizentziak emateko tramitazio laburreko prozedura, halakoa non lizentzia emateko epea hilabete batekoa baino ez baita.

Udalaren hirigintza-administrazioan, obra txikiak deitzen diren horietarako lizentzia emate aldera erabiltzen diren prozedura administratiboak eten gabe aztertzean, agerian gelditu da posiblea dela haietan hainbat bereizketa egitea. Izan ere, obra horietako zenbaitek, bereziki errazak eta sinpleak izaki, ez dute behar aldez aurretiko egiaztapenik, ezta ondorengo jarduketa administratiborik ere; baina beste batzuek, errazak izanik ere, aldez aurretiko egiaztapena eta zuhurtziako neurri batzuk behar dituzte (baldintzak eta abar), eta horietan komenigarria da baimen espresa eman behar izatea.

Horren harira, Ordenantza honek obra txikietan bereizketa egitea du xede, obra soil-soilak egiteko izapideak soilduz eta gutxituz, prozedurak arindu eta egiaztapenak eta beharrezko ez diren aurretiko kontrolak murrizte aldera. Horretarako, aspaldi ezarritako prozedura laburtuarekin batera prozedura berezi bat abiarazi nahi da, zeina Jakinarazpen Araubidea deituko baita, obra soil-soilak eta erraz-errazak direnei zuzenduak. Klase horretako obrak Ordenantzaren I. Tituluko artikuluetan bildu dira, eta Tramitazio Laburreko Araubideari atxikitakoak Ordenantzaren II. Tituluan.

Erregulazio hau eginik, obra txikietarako lizentzien tramitazioa arintzera jotzen da, jarduketa jakinarazi gisara bideratuko diren obra guztiak berehala ebatziko baitira, eskabidea eta behar diren agiri guztiak aurkeztu ahala.

Espresuki baztertu dira, obra txiki gisara bideratzetik, bai Jakinarazpen Araubidean bai Tramitazio Laburrekotan, haien ezaugarri bereziengatik sakonago aztertzea eskatzen duten obrak, hala nola eraikin edo elementu babestuetan, eta antolamendutik kanpokotzat deklaratuetan egiteko jarduketak edota txikitzat joak izateko handiegiak diren obrak dakartzatenak.

Orain arte Hirigintza Prozedurari buruzko Ordenantzaren hainbat artikulutan Tramitazio Laburreko Araubidea jasota bazen ere, obra txikiei buruzko arau guztiak Ordenantza bakar batean biltzea hobetsi da, eta Hirigintza Prozedurari buruzko Ordenantzan prozedura laburra arautzen zuten artikuluak indargabetu.

Halaber, xedapen iragankor bat ezarri da, Ordenantza berriak indarra hartzen duenean tramitean izanen diren prozedurak arautze aldera.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea obra txikietarako hirigintza-lizentziak emateko prozedura arautzea da, non eta horien tramitazioa jakinarazpen-araubidearen eta araubide laburtuaren bidez egitekoa baita.

2. artikulua. Esparru materiala

Obra txikia, obra handitik bereizten den heinean, teknikaz bezainbatean soila da, eta eraikuntzari eta kostuari dagokienez, funts gutxikoa. Izan ere, arruntean obra xehea da, konponketa-, dekorazio-, apaindura- edo itxiera-lanetakoa, halakoa non ez baita behar proiektu teknikorik, ezta aurrekontu handiegirik ere. Ezaugarri horiek guztiek bat egiten dute obra txikiaren kontzeptuan.

Obra horiek inolaz ere ez dute beraiekin ekartzen bolumenaren edo azalera eraikiaren aldaketa, ezta erabilera objektiboarena ere, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinen edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar), ezta horien bizigarritasun- edo segurtasun-baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

Kontzeptu honetatik at gelditzen dira:

_Etxegintzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2 artikuluan edo horren ordezko legeetan jasotako obrak, horiek proiektu teknikoa behar duten etxegintza-obra handiak baitira.

_Hirigintzako plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.

_Eraikinen sostengu-egitura ukitzen dituzten obrak, besteak beste, eskailerak ukitzen dituztenak eta solairuarteak eraikitzekoak, edota eraikinen elementu komunak ukitzen dituztenak (salbu fatxadak, estalkiak eta instalazioak, Ordenantza honetan adierazitakoarekin bat).

_Aurretik erabili gabeko lokal batean jarduera bat abiaraztea xede duten obrak, edo baimendutakoaren arras diferentea den beste jarduera bat ezxartzekoak.

_Jarduera sailkatuak abiarazteko diren obrak, edo jarduera sailkatuaren funtsezko aldaketa ekarriko dutenak.

LEHEN TITULUA

Obra soil txikiak, jakinarazpen-araubidearen menpekoak

3. artikulua. Tipologia.

Ondokoak jotzen dira jarduketa jakinarazi gisara tramitazio erraztuaren xede diren obra soil txikiak:

1. Etxebizitzen barneko obrak, betiere ez badituzte bizigarritasun-baldintzak ukitzen, edota etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzen, eta ez badiete eraikinen elementu komunei eragiten, hala nola, ondokoak:

_Estaldurak erreformatu, konpondu, eraberritu edo aldatzea.

_Barneko arotzeria aldatu edo ordezkatzea.

_Komun-ontziak aldatu edo ordezkatzea.

_Instalazioak edo azpiegiturak konpondu, eraberritu edo aldatzea.

2. Fatxadetan eta estalkietan egitekoak diren obrak, salbu eraikinak Alde Zaharrekoak badira, eta betiere dauden material, kolore eta diseinuei eutsita:

_Estalkiak konpondu eta teilaberritzea.

_Zorrotenak garbitu eta ordezkatzea.

_Fatxadak margotu, paramentuak konpondu, eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpondu eta ordezkatzea.

_Kanpoko arotzeria ordezkatzea.

Ezein kasutan ez dira tramitatuko jarduketa jakinarazi gisara aldamioak paratu, eremu publikoa edozein modutan okupatu -salbu edukiontzien kasuan, horiek Edukiontziei buruzko Ordenantzan ezarritakoarekin bat baimenzen baitira- eta goialdeko aldi baterako lanak egiteko prozedurak edo garabi-ibilgailuak erabili behar dituzten obrak. Bestalde, ezin dira jarduketa jakinarazi gisara tramitatu, katalogatutako eraikin edo elementuetan egin beharreko obrak.

4. artikulua. Betekizun dokumental eta teknikoak.

4.1. Oro har, kasu guztietan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko Erregistroan:

1. Eskabide-inprimakia, jarduketa jakinaraziei dagozkien obretarako Udalak normalizatutako ereduarekin bat, non identifikazio-datu pertsonalak, jakinarazpenetarako helbidea eta egitekoa den obraren kokagunea (horren helbidea) adierazi behar baitira. Eskabidean jarduketa jakinarazietan jakitun geratu izanaren gaineko izapidea egin behar duten langileek aurretik aztertu dutela jaso beharko da.

2. Hala behar izatera, ordezkaritza partikularrari, legalari edo profesionalari buruzko egiaztagiria.

3. Lanen deskribapen-memoria.

4. Aurrekontua, kontusailka xehekatua, materialei eta eskulanari dagozkienak barne hartuta.

4.2. Berariazko agiriak, egin beharreko lan motaren arabera: Eraikinen fatxadetan edota estalkietan egiteko diren jarduketen kasuan, zein elementutan jardun behar eta horien argazkiak aurkeztu behar dira.

4.3. Tributuen autolikidazioa, eredu normalizatuarekin bat eta ordaindu izanaren egiaztagiria erantsita.

5. artikulua. Jarduketa jakinarazietarako prozedura berezia.

1. Jakinarazpena Administrazioak normalizatutako inprimakia bete eta Hirigintzako Alorrean aurkeztuta egin beharko da.

Inprimakia behar bezala beteta aurkeztu beharko da, bertan interesdunaren identifikazio-datuak, helbidekoak eta higiezinari buruzkoak adierazita, kasuan-kasuan behar diren agiriak erantsita.

2. Jarduketa jakinarazietan jakitun geratu izanaren gaineko izapidea egin behar duten udal-langileek berehala aztertuko dituzte agiriak, eta behin hori eginda, kasu hauetako bat gertatuko da:

a) Agiriak aztertuta, behar den guztia ez dagoela ikusten da: Kasu horretan, eskatzaileari osatu beharrekoen berri emanen zaio. Eskatzaileak bi aukera ditu, orduan: eskabidea erregistroan utzi eta hurrengo 10 egun baliodunetan dokumentazioa osatzea edo eskabidea osatu arte ez aurkeztea. Baldin eta eskatzaileak eskabidea Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko Erregistroan uztea erabakitzen badu, dokumentazioa osatu gabe, eskabidea erregistratu aurretik agirien gaineko errekerimendua emanen zaio, dokumentazioa 10 egun baliodunen epean osa dezan, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluarekin bat. Eskatutako dokumentazioa aurkeztean, jakitun geratu izanaren gaineko izapidearen ardura duten langileek aztertuko dute, eta behin dokumentazioa zuzen egonez gero, aldeko eginbidea eginen zaio, artikulu honen c puntuan ezarritakoarekin bat. Dokumentazioa zuzentzeko epea eskabidea osatu gabe amaitzen bada, jarduketak artxibatu eginen dira, beste inolako izapiderik egin gabe.

b) Agiriak aztertuta, kasuan kasuko jarduketa horri jarduketa jakinarazien prozedura ez dagokiola irizten zaio. Kasu honetan, egin behar duen jarduketa dagokion lizentzia motarako ezarritako arauen arabera egokitu behar duela jakinaraziko zaio interesdunari, eta, zein obra-klase egin behar duen, horri dagokion inprimakia emanen zaio, betetzeko.

c) Agiriak aztertuta, dokumentazioari zuzen dagoela irizten zaio: Kasu honetan, aldeko eginbidea ezarriko zaio jakinarazpenari; eginbide hori agiriak aztertu eta jakitun geratu izanaren gaineko izapidearen ardura izan duen pertsonak sinatuko du. Jakinarazpena, tributuen autolikidazioa ordaindu izanaren egiaztagiriarekin batera, Hirigintzako Alorreko Erregistroan erregistratutuko da, eta prozedura amaitutzat emanen da, eta jakinarazpena artxibatu eginen da, beste inolako izapiderik egin gabe.

3. Baldin eta, aparteko arrazoiak direla medio, jarduketa jakinazietan jakitun geratu izanaren gaineko izapidea egin behar duten udal-langileek ez badute agiriak berehala aztertzerik, gehienez ere 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari dokumentazioan akatsak aurkitu direla edo egitekoak diren obrei ez dagokiela jarduketa jakinarazien prozedura. Baldin eta, behin 15 egun balioduneko epea iraganda, interesdunak inolako jakinarazpenik ez badu jasotzen, jarduketa bidezkoa dela joko da, eta interesdunak hasiera eman ahalko die obrei.

BIGARREN TITULUA

Tramitazio laburreko araubideari lotutako lizentzia behar duten obra txikiak

6. artikulua. Tipologia.

Ondokoak jotzen dira prozedura laburraren bidez tramitazio erraztuaren xede diren obra soil txikiak:

1. Etxebizitzen barneko obrak:

1.1. Igeltsero-lanak eta trenkadetakoak, jarduketa jakinarazien kasuetako baldintzak gainditu bai baina etxebizitzaren erabileran aldaketarik ekarriko ez dutenak, ezta etxebizitzaren banaketan funtsezko aldakuntzarik ere, eta bizigarritasun-baldintzak betetzeari eraginen ez diotenak.

1.2. Instalazio edo azpiegitura berria paratzea, etxebizitzetan.

2. Obrak, lokaletan:

_Fatxaden erreformak.

_Estaldurak erreformatu, konpondu, eraberritu edo aldatzea.

_Instalazioak edo azpiegiturak konpondu, eraberritu, aldatu edo paratzea.

3. Fatxadetan eta estalkietan egitekoak diren obrak:

_Balkoiak itxi eta olanak paratzea, goiko solairuetan, betiere Udalak baimendu behar duelarik jabekide guztietarako bera izan behar duen modeloa, jabekideen erkidegoak hala eskatuta.

_Olanak paratzea, lokaletan.

_Errotuluak paratzea, lokalen eta eraikinen fatxadetan.

_Baoak irekitzea, irekitzeko lizentzia duten lokalen beheko solairuan, baldin eta ez badute eraldatzen fatxadaren konfigurazio orokorra.

_Fatxadetan eta estalkietan egitekoak diren obrak, jarduketa jakinarazitzat jo ezin badira -dela materialak, koloreak edo diseinua aldatzeagatik, dela eraikinak Alde Zaharrekoak direlako- nahiz fatxaden zaharberritze integralak. Kasu horietan, jarduketak diseinu bati eta berari eutsi beharko dio, erakinikaren fatxada edo estalkia osoarentzat.

4. Eraikinetako instalazio edo azpiegitura komunetan egitekoak diren obrak:

_Konponketak, ordezkapen partzialak edo osoko eraberritzeak.

_Instalazio edo azpiegitura berriak paratzea.

5. Beste hainbat jarduketa:

_Unean uneko laginak edo eraispenak, etxebizitzak edo lokalak erreformatzeko proiektua erredaktatu aurretik, betiere horien beharra justifikatuz gero.

_Erreforma txikiak, lorategi-guneetan.

_Artikulu honetan adierazitakoen antzeko ezaugarriak dituzten obra txikiak.

6. Beste hainbat obra-mota, halakoak non jarduketa jakinarazi gisara tramitatzeko modukoak izanda ere ez baitiote eutsi 5. artikuluan ezarritako prozedurari, Hirigintzako Alorreko Erregistroan aurkezteaz denaz bezainbatean, jarduketa jakinarazietan jakitun geratzeko izapidea egin behar duten udal-langileek aztertu eta gero.

Ezin izanen dira jarduketa jakinarazi gisara tramitatu 1 eta 2. mailako babesa duten eraikin edo elementu katalogatuetan egin beharreko obrak.

3. mailako babesa duten eraikin eta elementuetan, prozedura laburrari helduko zaio, hala artikulu honetan jaso diren kasuetako obra-klaseetarako nola jarduketa jakinaraziei dagokien artikuluan jasotako kasuetan sartzen direnetarako, betiere katalogoan aipatutako intereseko elementurik ukitzen ez badute. Halaber, prozedura laburrari helduko zaio, elementu horiek zaharberritu, konpondu eta iraunarazteko lanen kasuan.

7. artikulua. Betekizun dokumental eta teknikoak.

7.1. Oro har, kasu guztietan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

1._Eskabide-inprimakia, prozedura laburrari heldu behar dioten obretarako lizentziak emateko Udalak normalizatutako ereduarekin bat, non identifikazio-datu pertsonalak, jakinarazpenetarako helbidea eta egitekoa den obraren kokagunea (horren helbidea) adierazi behar baitira.

2._Hala behar izatera, ordezkaritza partikularrari, legalari edo profesionalari buruzko egiaztagiria.

3._Lanen deskribapen-memoria.

4._Aurrekontua, kontusailka xehekatua, materialei eta eskulanari dagozkienak barne hartuta.

5._Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, obrek egiturazko elementu txiki jakin batzuk - teilatu-hegalak, balkoietako lauzak, estalkietako petralak eta antzekoak- edo eraikin katalogatuetako intereseko elementuak ukitzen badituzte.

7.2. Berariazko agiriak, egin beharreko lanen motaren arabera:

1. Obrak, etxebizitzetan

1.1. Etxebizitzen barneko obrak (igeltsero-lanak eta trenkadetakoak):

_Egungo egoeraren eta erreformaren osteko planoak.

_Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, baldin eta obrak Alde Zaharreko etxebizitzetan egin behar eta haietan trenkadak eraitsi behar badira, edo sukaldea, bainugela edo komunak ukitzeko moduko banaketa-aldaketak egin behar badira.

1.2. Barnealdeko obrak, etxebizitzetan (azpiegitura edo instalazio berriak paratzea):

_Etxebizitzaren planoa, paratu beharreko instalazioak barne.

2. Obrak, lokaletan:

2.1. Fatxadak erreformatzeko obrak

_Egungo egoeraren eta erreformaren osteko planoak.

_Fatxadaren egungo egoeraren argazkiak.

2.2. Estaldurak erreformatu, konpondu, eraberritu edo aldatzea.

_Egungo egoeraren eta erreformaren osteko planoak.

2.3. Instalazioak edo azpiegiturak konpondu, eraberritu, aldatu edo paratzea.

_Egungo egoeraren eta erreformaren osteko planoak.

3. Fatxadetan eta estalkietan egitekoak diren obrak:

3.1. Balkoien itxiturak.

_Balkoiaren eredua Udalak onetsi izanaren frogagiria, edo hura onetsi zen dataren erreferentzia.

3.2. Olanak eta errotuluak paratzea

_Horien diseinua zedarritzen dituzten agiriak (planoak, argazkiak).

_Fatxadaren argazkia edota krokisa, haien kokapena zedarrituta.

3.3. Fatxada-baoak irekitzea, beheko solairuan:

_Egungo egoeraren eta erreformaren osteko planoak.

3.4. Fatxadetan eta estalkietan egitekoak diren obrak (oro har):

_Egungo egoeraren eta erreformaren osteko planoak.

_Fatxadaren argazkiak.

_Agiri grafikoa edota idatzizkoak, obrek fatxada edo kubiertaren osoko diseinuari eusten diotela frogatzeko.

4. Eraikinetako instalazio edo azpiegitura komunetan egitekoak diren obrak:

4.1. Dauden instalazioen trazaduretan aldaketak ekarriko dituzten obrak edo instalazio berriak paratzekoak:

_Egungo egoeraren eta erreformaren osteko planoak.

4.2. Fatxadak ukituko dituzten obrak:

_Ukitu beharreko fatxaden argazkiak eta proposatutako irtenbidearen krokisa.

_Azterlan tekniko ikus-onetsia, Eraikuntzari buruzko Ordenantza Orokorra beteko dela frogatzeko, horrek ukitzen duen orotan.

4.3. Gas instalazioak:

_Azterlan teknikoa, kasuan kasuko Elkargo Ofizialak ikus-onetsia eta enpresa hornitzaileak zigilatua, non instalazioa deskribatuko baita, eta Eraikuntzari buruzko Ordenantza Orokorra betetzen dela justifikatuko, horrek ukitzen duen orotan.

5. Unean uneko laginak edo eraispenak, proiektua erredaktatu aurretik:

_Proiektua erredaktatzeko kontratatutako teknikari eskudunak erredaktatutako txosten ikus-onetsia, non laginen edo eraispenen beharra justifikatuko baita.

Dokumentazio hori aurkeztu beharreko gutxienekoa da. Iruñeko Udalak beste agiri batzuk eskatu ahalko ditu _besteak beste, behar izatera, obren proiektua, teknikari eskudun batek sinatua eta ikus-onetsia_, baldin eta beharrezko jotzen bada, lizentzia zein obratarako eskatu eta horiek zuzen eta osoki zedarritzeko, edo arauekin bat datozela bermatzeko.

7.3. Tributuen autolikidazioa, eredu normalizatuarekin bat eta ordaindu izanaren egiaztagiria erantsita, kasuan kasuko ordenantza fiskaletan ezarritakoarekin bat.

8. artikulua. Eremu publikoaren okupazioa eta bitarteko osagarrien erabilera

Eremu publikoa okupatzeko baimena, edota aldamioak, karga-jasogailuak, hesiak eta antzekoak instalatzekoa, tramitazio laburreko obretarako lizentzia eskatzearekin batera eskatuko da, ahal den neurrian. Hala ere, bereizita ere eskatu ahalko da, baina bakarrik baimenduko da obretarako litzentzia eman eta gero. Eskaera bereizita aurkeztuz gero, bertan obretarako lizentziari buruzko espedientea aipatu beharko da, edo, hala badagokio, obrak egiteko agindua.

Eskaera hala obretarako lizentziarekin batera aurkezten bada nola horretatik bereizita, ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

_Kokapenaren planoa, egin nahi den okupazioa azalduta.

_Baldin eta aldamioak, karga-jasogailuak edo antzeko bitarteko osagarriak erabili behar badira, obra-zuzendaria edo obra-exekuzioko zuzendaria kontratatu izanaren ziurtagiria aurkeztu behar da; hori ezean, ziurtagiria aurkeztuko da, non adieraziko baita bitarteko osagarriak teknikari eskudun batek zuzendurik eta gainbegiratuta instalatu eta erretiratuko direla. Agiri horiek kasuan kasuko elkargo ofizialak ikus-onetsita aurkeztuko dira.

Baldin eta bitarteko osagarri gisara garabi-ibilgailuak erabili behar badira, edo goialdeko aldi baterako lanak egin behar izatera, obra-zuzendaria edo obra-exekuzioko zuzendaria kontratatu izanaren ziurtagiria aurkeztu behar da; hori ezean, ziurtagiria aurkeztuko da, non adieraziko baita bitarteko osagarriak teknikari eskudun batek zuzendurik eta gainbegiratuta instalatu eta erretiratuko direla.

9. artikulua. Prozedura.

1. Prozedura hasteko, eskabidea aurkeztuko da, inprimaki normalizatu batean, non, gutxienez, Ordenantza honen 4. artikuluan xedatutako datuak adieraziko baitira. Inprimakia Udalaren Hirigintzako Alorreko Erregistroan aurkeztuko da, Udalak unean-unean dituen gainerako erregistroetan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak _zeina urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu baitzuen_ 38.4 artikuluan ezarritako beste edozein erregistrotan.

Tramitazio-epeak zehazte aldera, agiri guztiak noiz sartzen diren eta data hori joko da espedientea hastekoa. Baldin eta dokumentazioa ez bada aurkezten Hirigintzako Alorrean, aurkeztu izanaren berri eman behar diote Hirigintzako Alorrari, faxez edo posta elektronikoaren bidez eman ere.

2. Aurkezteko egintzan eskudun diren zerbitzuek eskabidea eta erantsitako agiriak aztertuko dituzte.

Hasierako eskaerak ez baditu betetzen indarra duten legeek ezarritako betekizunak, edo dokumentazioa osatu gabe badago, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzendu edo behar diren agiriak aurkez ditzala, betiere adieraziko zaiolarik hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horrek 30/1992 Legearen 42.1 artikuluan aurreikusitako ondorioak ekarriko dituela.

Baldin eta obrak ez badatoz bat 6. artikuluan ezarritakoekin, eta hasi beharreko prozedura tramitazio arruntari dagokiona bada, prozedura honekin hastea ez dela bidezkoa adieraziko zaio interesdunari, eta tramitazio arrunteko prozedurari helduko zaio, izapideekin segitzerakoan.

3. Behin dokumentazioa osaturik, Udalak txostena eginen du, aukera hauetako bati helduta:

a) Lizentzia ukatzeko proposamena, jarduketa-proiektuak aplikatu beharreko hirigintza-arauak ez baditu betetzen. Horrek organo eskudunaren ebazpen ukatzailea ekarriko du berekin.

b) Lizentzia ematea, betiere azalduta, behar izatera, jarduketa-proiektuak bete behar dituen baldintzak edota neurri zuzentzaileak, indarra duen antolamenduari egokitze aldera. Aldian-aldian lizentziak emateko eskudun den organoari tramitazio laburraren prozeduraren bidez emandako lizentzia guztien berri emanen zaio.

Espedientea gehienez ere hilabete batean ebatzi beharko da, behin dokumentazioa osatu eta huts guztiak noiz zuzendu eta data horren biharamunetik aitzina.

4. Aurreko puntuan ezarritako gehienezko epea eten eginen da, hutsak zuzentzeko errekerimendua egiten bada. Errekerimendu horrek hutsak zehaztu beharko ditu, bai eta horiek zuzentzeko epea ere.

5. Lizentzien titularrek espediente hauek kudeatzen dituzten bulegoetatik erretiratzen ahal dituzte lizentizak, behin tramitatu eta hurrengo 4 egunetan. Lizentzia ez bada erretiratzen epe horretan, eskatzaileari jakinaraziko zaio, bere helbidean.

HIRUGARREN TITULUA

Ordenantza honetako prozedura erraztuen bidez ematekoak diren obra txikietarako lizentzien baldintza orokorrak eta ondorioak

10. artikulua. Lizentzien baldintza orokorrak eta ondorioak.

1. Tramitatutako lizentziak ez dira ezein kasutan isiltasun administratiboaren bidez eskuratutzat joko, baldin eta legeen edo hirigintzako antolamenduaren kontra badoaz, edo, eskabideko datuak faltsutu, nahastu edo ez aipatzeagatik, ezin bada jakinarazi hutsak zuzendu behar direla, edo kasuan kasuko jarduketari ez dagozkiola jarduketa jakinarazien prozedura edo tramitazio laburrekoa, edo espedientearen tramitazioari eta ebazteari dagokien beste edozein gauza.

2. Aurreko ataletan jasotako prozedura-araubideak ez dizkie arintzen jarduketen titularrei zergak ordaintzeko betebeharrak, zeinak dagozkien ordenantza fiskalen arabera bete beharko baitituzte.

3. Lizentziek ondoko baldintzak beteko dituzte:

a) Ondorioak izanen dituzte, Udalaren eta kasuan kasuko jarduketari dagokion subjektuaren arteko harremanari dagokionez, baina ez dituzte aldatuko subjektu horren eta gainerako pertsonen arteko egoera juridiko pribatuak.

b) Lizentziak jabetza-eskubidea errespetatuta emanak direla joko da, eta hirugarrenei kalterik egin gabe.

c) Deskribatutako obrak baino ezin izanen dira egin. Bestelako obrak egiten badira, espresuki adierazitakoez gain, haietarako baimena eskatu beharko da, ezertan galarazi gabe, hori egin ezean, kasuan-kasuan ezar daitezkeen zehapenak.

d) Interesdunek udal-zerbitzuen eskura paratzeko moduan eduki behar dute emandako lizentzia edo jakinarazpen eginbidetuaren inprimakia, eta obretara pasatzen utzi beharko diete zerbitzu horietako langileei, ikuskapenak eta egiaztapenak egin ditzaten.

e) Obrak hiru hilabeteko epean hasi beharko dira _tramitazio laburreko lizentzia noiz eman edo, jarduketa jakinarazien kasuan, jakinarazpena noiz egin eta hortik aitzina_ eta sei hilabeteko epean bukatu _lizentzia eman edo jakinarazpena egin zenetik_, salbu lizentzian adierazitako epea luzeagoa bada. Behin epe hori bukatuta lizentziak edo jakinarazpenak iraungi duela deklaratu ahalko da, salbu interesdunak obrak luzatzeko edo geroratzeko eskatzen badu, betiere luzapen edo gerorapen hori, gehienez ere, lehen aipatutako epeen erdikoak izanen ahal direlarik.

f) Ezein kasutan ezin izanen dira egin obrak legeen edo hirigintzako antolamenduaren kontra.

g) Obra egitean kontuan hartu behar diren eta indarra duten xedapenak oro bete behar dira, eraikuntzari zein laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez.

h) Lizentziak ezin izanen dira erabili haien titularrek baimendutako jarduketak gauzatzean beren gain hartutako erantzukizun zibila edo penala saihetsi edo leuntzeko.

i) Baimenak eskualdatu ahalko dira, baina titular berriak eta zaharrak idatziz jakinarazi behako diote horren berri Udalari, bestela, biak ala biak lotuko dituzte lizentziak zein jarduketa babestu eta horrek dakartzan erantzukizunek.

j) Lanak egitean, bide publikoetan eta alboko gainerako espazioetan obren ondorioz eragindako kalteak konpontzeko betebeharra dago, bai eta espazio horiek baldintza egokietan edukitzeko ere, segurtasunari, osasungarritasunari eta garbiketari dagokienez.

k) Debeku izanen da kale, plaza eta pasealekuetan aldamioak, eskailerak, makinak, erremintak, lanabesak edo tresnak paratzea, bai eta zirkulazio publikoa oztopatzen ahal duen eraikuntzako beste edozein objektu- eta material-mota, berariazko baimenik ez badute.

4. Obretarako lizentziak obrei ematen die babesa, baina ez hirigintzako erabilerei, halako eran non erabilera horiek legeztatu gabe badaude edo legeztatzeko modukoak ez badira obrak egiteak ez baitie inolaz ere ematen kasuan kasuko erabilerari babesa emateko lizentziarako eskubidea.

Horrenbestez, aldeko eginbideak eta prozedura laburreko lizentziak egin eta ematen dira kasuan kasuko erabilerak legeztatuta daudela iritzita, halako eran non, ez badaude, inongo obrarik ez baitago babesturik.

11. artikulua. Udalaren kontrol- eta ikuskapen-araubidea.

Udalaren zerbitzu teknikoek indarreko legeek ikuskatzeko ematen dizkieten eginkizunak beteko dituzte, hirigintzari buruzko legeak betetzen diren aztertu eta egiaztatze aldera.

Xedapen Iragankor bakarra

Ordenantza honetan araututako jarduketa jakinarazien araubideari lot lekizkiokeen obren kasuan, Ordenantzak indarra hartu baino lehen hasitako prozedurei dagokienez horiek noiz hasi eta orduko araudia aplikatuta ebatziko dira.

Xedapen indargabetzailea

Indargabetu egiten dira Hirigintza Prozedurari buruzko Ordenantzan tramitazio laburreko jarduketei buruz emandako xedapenak, hemendik aurrera Ordenantza honek arautuko baititu jarduketa horiek.

Oniritzi juridikoa

Sinadura: Ramón Mendiburu Belzunegui (letradua)

Iragarkiaren kodea: L0707447