64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Gizalegezko jokaerak sustatzeko eta espazio publikoak babesteko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Noain-Elortzibarko Udalak, 2007ko urtarrilaren 17an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Gizalegezko jokaerak sustatzeko eta espazio publikoak babesteko udal ordenantza. Iragarkia 2007ko 21. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, otsailaren 16an.

Argitaratu zenetik hogeita hamar eguneko epea iragan baita inork espedientearen aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, Noain Elortzibarko Udalak, 2007ko apirilaren 3an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi du, arauzko quoruma duela. Hona hemen testu osoa:

GIZALEGEZKO JOKAERAK SUSTATZEKO ETA ESPAZIO PUBLIKOAK BABESTEKO UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Noaingo biztanleria nabarmen hazi da azken urteetan eta orobat gertatzen ari da, mantsoago bada ere, Elortzibarko herrietan.

Biztanleria haztearekin, beharrezko egiten da herritarren gizalezko portaera, eta herritar bakoitzaren askatasuna zilegitu behar da, funtsezko muga bertzeenganako errespetua dela; orobat, nork bere gain hartu behar du hiri_ eta natura-ondarearen zein gainerako ondasunen babesa, eta bermatu behar da, azkenik, herritarren arteko harmoniazko bizikidetza.

Portaera eredu horretan, herritarrek eskubidea dute espazio publikoak erabiltzeko, eta beren askatasunean errespetatu behar dira. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta pertsonak eta ondasunak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gutxietsi edo kaltetu gainerako pertsonen eskubideak eta ekiteko askatasuna, ezta balioei eraso edo sinesmenak edo bizikidetza arauak laidoztatu.

Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak dira, baina guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute herritar gehienenganako, hain juxtu ere herritar izatearen ondoriozko eskubideak eta eginbeharrak gizalegez onartzen dituzten horienganako.

Bertze alde batetik, gizalegearen kontrako portaerek behartzen dute dirua erabiltzera garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen, diru hori bertzetarako erabili beharrean. Beraz, erabilera publikoko instalazioetarako eta gure udalerriko ondarerako eskatzen den errespetuak diru publikoaren kudeaketa hobetzen du, gainera, aukera ematen baitu lehentasuna duen hartan baliabide gehiago arrazionaltasunez erabiltzeko.

Fenomeno horren jatorria konplexua da, zalantzarik gabe, eta toki erakundearen eremua nabarmen gainditzen du, izan ere badu zerikusia toki administrazioek lege aldetik bakarrik aurre egiten ezin dieten gizarte, familia eta hezkuntza arazoekin. Hala ere, paradoxikoki ondorioak haien eskumenen eremuan nabaritzen dira gehien.

Hain zuzen ere, gizalegearen kontrako jarreretatik datozen ondorio horiek zuzentzera bideratu dira, historikoki, Udalen eskumenak; horregatik eman zaie arau-hausleen egintzak zehatzeko ahalmena.

Noain-Elortzibarko Udalak arlo hori arautu izan du, modu osatugabean egin badu ere zenbait arlotan legeak ahalmenik ematen ez diolako.

Toki gobernua modernizatzeko neurriei buruzko 57/2003 Legeak lege batera ekarri du Auzitegi Konstituzionalaren 132/2001 Epaiak ezarri doktrina, 139. artikuluan ahalmena ematen baitie udalerriei toki intereseko bizikidetza harremanak eta haien zerbitzu, ekipamendu, azpiegitura, instalazio eta espazio publikoen erabilera antolatzeko.

Beraz, lege aurreikuspen horrek Udalak arlo hori modu zabalagoan arautzeko bidea ematen du, ordenantza hau, gainera, aipatu alderdiak jorratzen dituen araua izateko maneran.

Orobat, 57/2003 Legeak mugak ezarri dizkio udal araudiari. Hortaz, ahalmen hori eraginkorra da "sektoreko araudi berariazkorik ez dagoenean" (139. artikulua). Halaber, lege mailako antolamendua errespetatu beharko da, eta ordenantzak ezin du lege formal batean ezarritakoan sartu edo hura hautsi. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahalko ditu pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketak, Konstituzioan jasota baitaude.

Gainera, legeak toki intereseko bizikidetza harremanak arautzeko ahalmena emateak aukera ematen du arlo horri batera, hau da, ikuspegi orokorraz heltzeko. Legearen aipatu erreformaren aitzinetik, modu barreiatuan arautu behar ziren herritarren ekintzetan gizartearen bizikidetzari eragiten diotenak, eta horren ondorioz, txikia zen haien arteko elkarlotura.

Aipatu bi inguruabar horien ondorioz _legeak ahalmen berria ematea eta zenbait alderditan jadanik indarra duen araudia izatea_ ordenantza berriak dagoena bilduko du, baina arauketa gizalegezko harremanetara bideratuta eta lehenago jaso ez diren arlo berriak bereganatuta.

Testu arau-emaile honen bertze helburu bat da ondasun publikoak nahiz eremu publikotik ikusten diren espazioak babestea, horiek titulartasun pribatukoak izan arren apaindura publikoari eragiten dioten neurrian. Lehen kasua herritar guztiek erabiltzekoak diren ondasunak administrazio guztiek duten babestu beharraren ondorio logikoa da, herritarrek zergen bidez ordaintzen dituztela kontuan hartuta, horiek erabiltzeko aukera izan dezaten. Espazio publiko guztien zainketa egokia lortu nahi da, bizilagun guztien eskubidea baita hiria behar bezalako apaindura eta osasungarritasun egoeran egotea. Era berean, gizalegerik gabeko portaeren gaitzespena arautu da, herritarren arteko bizikidetza egokia bultzatzeko asmoz. Helburu horiek betetzeko, arau-hauste eta zehapenen araubidea ezarri beharra dago.

Hondarreko, ordenantzak arau-hausleen erantzukizun eta errehabilitazio printzipioa bultzatzen du: gisa hartara, diru zehapenaren ordez, batzuetan komunitatearen onurarako zereginak eta lanak egin beharko dituzte arau-hausleek, haren bizikidetzako printzipioak urratu baitituzte. Errehabilitazio neurria den aldetik, arau-haustea ekarri duen jokaera gizalegezko balioez bereziki bete behar denean erabiltzen da. Alde horretatik, arau-hausleak ohartarazi nahi dira bai egindako arau-hausteaz bai egindako kalteaz, gizalegezko balioak sendotzeko baliabide izan dadin. Bertzalde, neurri hori zuzenean lotuta dago prebentzio lanari.

Xedapenaren testuak bortz titulu ditu. Lehenbizikoak ordenantzaren xedeari heltzen dio eta haren aplikazio eremua mugatzen. II. tituluak, berriz, Udalak ezartzen du zer esparru orokorri lotuko zaizkion gizalegea sustatzeko egin behar dituen jarduerak. III. tituluak gizalegezko portaeraren gaineko arauen multzoa biltzen du, bakoitza nolakoa den bortz kapitulutan banatuta: xedapen orokorrak, kalteak ondasunei, publizitatea, herritarren jarduerak, betebehar bereziak eta apaindura publikoa. Ordenantzaren IV. titulua zehapen araubideari buruzkoa da, arau-hausteak sailkatuta eta bidezko zehapenak ezarrita. V. tituluan, azkenik, arau-hausleen errehabilitazioa jorratzen da. Artikulu horiei xedapen indargabetzailea erantsi zaie.

Lehenbiziko tituluari dagokionez, azpimarkatzekoa da ordenantzaren xedearen barnean espazio publikoetan kokatu ondasunen babesa sartzen dela, jabetza pribatukoak ala publikoak diren kontuan hartu gabe. Dena den, hala sartzea helburu bakarrari lotzen zaio zuzenean: apaindura publikoaren babesa, apaindura publikoa ere kaltetzen denean baizik ez baita zehatzen ahalko ondasun pribatuen andeatzea.

Bigarren tituluak Udalak gizalegezko jokaerak sustatzeko garatu nahi dituen neurrien multzoaren berri ematen du, barnean direla hezkuntza eta komunikazio publikoko jarduerak eta ordenantzaren helburuekin bat egiten duten erakunde publiko eta pribatuekiko hitzarmenak.

Hirugarren tituluaren bigarren kapitulua herritarren portaeraren printzipioei buruzkoa da, eta ondasun publikoen edo espazio publikoetan kokatuta daudenen babesa, pintadak egiteko debekua, zuhaitz, landare eta parkeen babesa eta paperontzien zein iturrien erabilera zuzena biltzen ditu bere baitan.

Pintada eta grafismoei dagokienez, gai honen gaineko ordenantza berariazkoaz ari da.

Era berean, zehaztu behar da ezen, 57/2003 Legeak emandako ahalmenaren arabera, ordenantzak ondasunen erabilera egokia babesten duela eta haien andeatzea saihesten. Horrela adierazten da aipatu lege xedapenaren 139. eta 140. artikuluetan. Horren ondorioz, testu arau emaile honek Zigor Kodean bildu arauketa errespetatzen du; izan ere, haren 263. eta 323. artikuluek ondasunak kaltetzea delitu edo hutsegite gisa sailkatzen dute, hurrenez hurren. Hortaz, Kodearen helburua kalteak dira; ordenantzarena, aldiz, ondasunen erabilera desegokia eta andeatzea. Kontuan hartu behar da erabilera desegokiak edo andeatzeak ez duela zertan kalterik sortu.

Hirugarren tituluaren hirugarren kapituluak publizitatea, kartelak edo pankartak paratzea jorratzen du, baita eskuorriak banatzea ere.

Hirugarren tituluaren laugarren kapituluak ondasunen edo zerbitzuen helburuaren kontrako edozein erabilera debekatzen du, oro har, baita zenbait jarduera zehatz ere. Jarduera horiei dagokienez, ordenantzak araudi berria ezartzen du, bertze ordenantza batzuek araututako arloetako alde berezi batzuei ere helduta. Horixe da, hain zuzen ere, zarata, ke eta usainen kasua.

Hartara, Hots mailei buruzko ordenantzak indarrean du herritarrak asotsetatik babesteko araubide orokorra, ordenantza honek bizikidetzari eragin eta lehen aipatu ordenantzak arautu ez zituen alde berri batzuk jasotzen dituela. Horixe da ibilgailuetako musika-ekipoek, petardoek eta eremu publikoko bozgorailuek ateratzen duten asotsekin gertatzen dena.

Eta halaber, ke eta usainei dagokienez, ordenantza hau Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzkoaren osagarria da. Hartara, 57/2003 Legeak emandako ahalmenaren arabera, lasaitasuna trabatzen duten edo osasungarritasun edo apaindura publikoaren kontrakoak diren keak eta usainak debekatzen dituen baldintza orokor bat sartu da, aipatu ordenantzaren jarduera ekonomiko eta ez etxekoei buruzko araudia alde batera utzita. Eta gainera, bi jokaera sailkatu dira: motorrak martxan dituzten ibilgailuak aparkatzea eta sorgailuak erabiltzea, biak eraikinen ondoan.

Era berean, debeku da 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lurretan kanpatzea: dekretua lurzoru urbanizaezinei buruzkoa denez, ordenantzak hiri lurzoruetan kanpatzeari heltzen dio. Esparru horretan kanpatzeko baimena emateko aukera aztertzen da; horrek zerikusirik ez du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko foru legearen 189.1 e) artikuluan jasotzen denarekin, kanpaldia ez baita sailkatzen ahal "aldi baterako obra edo erabilera" gisa.

Erabilera publikoko espazioetan nudismoa egiteari dagokionez _horretarako gaitutako lekuetan izan ezik_ zehaztu behar da arau hori ez dela lege mailako inolako arauaren kontrakoa. Ahalmen hori gizalegezko jokaerak arautzeko ahalmenaren esleipenean oinarritzen da, ez du zerikusirik zigor motako inolako sailkapenarekin, eta bakarrik zehatuko da bizilagunen lasaitasuna edo haien eskubideak gauzatzea trabatzen denean.

Gauza bera erran daiteke eskean ibiltzeaz, debekaturik egonen baita bizilagunen lasaitasuna edo eremu publikoetatik pasatzeko eskubidea trabatzen denean.

Ordenantza honi dagokion bezala, eskaletzari heltzen zaio herritarren arteko bizikidetza egokiaren ikuspegitik. Beraz, larderiaz, minez edo bortxaz egitea debekatzen da, oro har, eta, berariaz, nahi ez diren zerbitzuak edo jarduerak ezartzea. Espazio publikoetan garatzen diren eta limosna bortxaz eskatzen ez duten jarduera artistiko guztiak esparru horretatik kanpo daude, bistan dena.

V. tituluak zehapen araubideari heltzen dio, arau-hauslearen errehabilitazioaren ikuspegitik, arestian adierazi den bezala. Merezi du gauzak andeatu aurreko egoerara lehengoratu beharra azpimarratzea, eta hori Udalak eskatuko du antolamendu juridikoak kasu bakoitzean ezartzen duen bidearen bitartez.

Arau hau antolamendu juridikoan txertatzea bere xedeari lotzen zaio zuzenean, hau da, gizarteko bizikidetza harremanen antolamendu egokiari. Horixe da haren xedea, eta hirigintzari, herritarren segurtasunari, ingurumenari eta osasunari buruzko araudiekin bateratu beharko da. Horregatik, arauak ez ditu biltzen arlokako aipatu legerietatik ondorioztatzen diren betebehar edo eskubideak, herritarren bizikidetzaren antolamenduari eragin ezean. Hartara, aipatu arloetan aplika daitekeen araudira jotzeko baizik ez du adierazten ordenantzak, gure arau zibilek ezarritako antolamenduaren baterako interpretazioa errazteko baliabide gisa.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

1. Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak saihestuta.

2. Ondasun eta espazio publikoak, eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bertzelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola, karrikak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, tunelak eta lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, merkatuak, museoak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, udaleko garraio elementu eta ibilgailuak, eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barnean daude bertze administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, udalerriko hiri altzarien atal badira, herritarrentzat badira edo herri zerbitzu bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bertzelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta mahaitxoak, eguzki-oihalak, landareontziak, objektuak ematen dituzten makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Apaindura publikoko egoera egokian egon behar diren hiriko ondare eta paisaiaren zati diren aldetik, ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta bertze hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere barne hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, betiere eremu publikoan kokatuta badaude edo horretatik ikus badaitezke.

3. Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.

4. Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan aurreikusten diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeei dagozkien eskubide, ahalmen eta eginbeharrak ezta bertze administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioei buruzko jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten indarra duen antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Noain-Elortzibarko udal mugape osoan aplikatuko da.

4. Udalaren nahiz udalez gaindiko instalazio eta zerbitzuetan, kirol, kultur nahiz aisia arlokoetan, arau berariazkoei jarraituko zaie. Halakoei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, eta betiere, bidezko juzgatzen bada, honen zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.

II. TITULUA

Gizalegearen sustapena

3. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Noain-Elortzibarko Udalak gizalegezko balioen garapena sustatuko du; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia eskubide pertsonalak izatea da; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.

Era berean eta berariaz, Noain-Elortzibarko Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabiltzeaz eta hiri ingurunea zaintzeaz den bezainbatean.

4. artikulua. Hezkuntza jarduerak.

Udalak gizalegezko balio eta jokaeren transmisioa eta sendotzea bultzatuko du, hezkuntza eta prestakuntza arloan bere eskumenekoak diren jarduerak eginez.

Era berean, eta bere eskumen guztiak erabiliz, Udala saiatuko da gizarte portaeraren oinarrian dauden balioak hedatzen eta sustatzen, herritar bakoitzak bere askatasun konstituzionala erabil dezan, muga izanik bertzeen eskubide eta balioen errespetua eta ondasun publikoak guztiek erabiltzeko maneran zaintzea.

5. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak eginen ditu bai bertze administrazio edo erakunde publikoekin, bai entitate pribatuekin, gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduera pribatuak planaren xedeei egokitzea bultzatzen badituzte.

Aipatu hitzarmenen bitartez, espazio publikoetan kultur, kirol eta aisia arloko gizalegezko jarduerak bultzatzen dituzten herritarren ekimenak sustatuko dira.

Halaber, espazio publikoak apaintzea eta hiri ingurumena hobetzea sustatuko dira.

6. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu, herritar guztiei edo biztanle talde zehatz batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez.

III. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

7. artikulua.

1._Bizikidetzaren printzipioak.

1.1. Herritarrek herritarren bizikidetza errespetatu eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek horiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarten diren ildoetatik.

1.2. Herritarrek eskubidea dute hiriko eremu eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

1.3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen asotsik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko lokaletatik zalapartaka atera ere.

1.4. Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

2_ Elkartasuna eremu publikoan.

2.1. Udalak herritarrak adoretuko ditu elkartasunez joka dezaten, eremu publikoetan edo bertze leku batzuetan ibiltzeko edo orientatzeko laguntza behar duten pertsonei, istripuak izan dituztenei edo arrisku egoeran daudenei laguntza emateko. Ohitura bultzatuko da gehien behar dutenei bide emateko edo hiri altzariak uzteko, baita elkartasuneko eta jendetasuneko bertze jokabide batzuk bultzatuko ere.

2.2. Galdutako ume edo minusbaliatuak zein anomalia fisiko edo psikikoko egoera agerian dauden pertsonak aurkitzen dituzten pertsona guztiek agintaritzako agenteei jakinarazi behar diete, eta horiek galdutako pertsonak babestu eta haien tutoretzaren erantzuleei emateaz arduratuko dira.

3._Kautelazko neurriak.

3.1. Ordenantza honetan jasotzen diren aginduak edozein motatako materiala erabiliz urratzen direnean, agintaritzaren agenteek kendu edo altxatzen ahalko dute aldi baterako.

3.2. Halaber, udalerriko halako toki batzuk hustarazi edo haietarako sarrera mugatzen ahalko du, egiaztaturik gelditzen bada bertan ordenantza honetako arau-hausteak maiz gertatzen direla edo gertatzen ari direla, eta portaera berak bertze toki batzuetan eginez gero, ez dutela arau-hausterik ekarriko.

II. KAPITULUA

Ondasunen andeatzea

8. artikulua. Andeatzea eta kalteak.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haien andeatzea badakar edo haien estetika hondatzen badu 1. artikuluan ezarri bezala.

9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetak edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

2. Aurreko atalean agertu debekutik kanpo geldituko dira Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo gisakoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

Udal baimena ematea nahi badakoa da, eta hori ematean, baimendutako jarduerak errespetatu beharreko baldintzak eta betekizunak erantsiko dira. Zehatz-mehatz 27. ordenantza aplikatu beharko da, graffitien gainekoa, 2002an onetsi eta 2006an partez aldatu zena.

3. Agintaritzaren agenteek erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izanen dituzte, jarduerak derrigorrezko udal baimenik izan gabe egiten direnean.

4. Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen bertze edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria paratu edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, bidezko zehapena ezarriko dio.

10. artikulua. Arbolak eta bertzelako landare espezieak.

Arbolak eta bertzelako landare espezieak babesteko neurri gisa, ondokoak debeku dira:

a) Kaltetu edo txatu txarrak ematea.

b) Edozein elementu itsatsi edo horiei lotzea, udal baimenik gabe.

c) Inguruan zaborrak eta hondakinak botatzea.

11. artikulua. Parkeak eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Parke, lorategi, landareontzi eta eremu publikoan edo lekuetan landatutako arboletako landare-espezie ezberdinak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ondoko ekintzak:

_Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo kaltetzea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belaiak edo laborantzak behar ez bezala erabiltzea.

_Soropila kaltetzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

_Arbolak moztu, inausi edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

_Azalak grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, horiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

_Arbolen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea, edo halakoak ez direnak ere bai, espezieei kalte egiten badie.

_Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo horiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen bertze edozein produktu botatzea.

_Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

_Parke eta lorategietan sua edo sutzarrak egitea.

3. Era berean, debeku da parkeen barnean egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei desobeditzea.

12. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

Debeku da eremu publiko edo espazioetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku dira mugitu, erauzi, erre, irauli edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo pegatinak itsastea.

1. Paperontzi eta edukiontzien erabilera 22.2 artikuluan (Hondakinak eta zaborrak) agintzen denari jarraikiz eginen da.

13. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da urmael eta iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki debeku da horietan sartu edo edozein objektu garbitu, arrantza egin, animaliei edaten eman eta substantziak isurtzea edo objektuak botatzea.

III. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

14. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da paratu. Horrela, Udalak helburu horretarako berariazko euskarriak emanen ditu komenigarri iruditzaion zaion tokietan. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik paratu, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.

2. Alde horretatik, debeku da eraikin publiko edo pribatuko fatxadan, karrerapeetan, markesinetan, hiriko altzarietan, arboletan, harresietan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta oro har, berariaz prestatutako lekuetatik kanpo edozein iragarki mota paratzea, udal baimenik izan ezean. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein motatako pegatina, kartel, paskin, pankarta edo banderatxo paratzea.

15. artikulua. Kartelak, pankartak eta gisakoak.

1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Hirirako interesgarriak diren kontzertuak, ekitaldiak edo erakusketak egitea nabarmentzen laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendu lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, eremu publikoan kartel, pankarta eta banderatxoak paratzea baimentzen ahalko da, adierazitakoen artean ez dauden bertze kasu batzuetan.

2. Artikulu honek aipatu baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

_Arduraduna, identifikazioa, helbidea eta telefonoa

_Kartel, pankarta edo banderatxoen edukia eta neurriak.

_Horiek paratzeko lekuak.

_Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

_Horiek kentzeko eta sor litzaketen kalteak konpontzeko konpromisoa.

_Banderatxoak kale-argi edo argiei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriak bere pinturan edo galbanizatuan kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3. Kale-argi edo argietan paratu baino 72 ordu lehenago jakinaraziko da, gutxienez, argiteriaren ikuskapen teknikoko udal zerbitzuak instalazioa berrikus eta kontrola dezan.

4. Kartel, pankarta eta banderatxoak baimendutako berezitasunei lotuko zaizkie; horien artean egon daiteke 29.2 artikuluan agertzen den fiantza.

5. Kartelek eta banderatxoek baimenaren baldintzak begiratu beharko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu, eman den epea iragan bezain laster. Bertzenaz, Udala ordezko betearazpenari lotzen ahalko zaio, dagozkion zehapenak deusetan ukatu gabe.

16. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da eremu publikoan edo espazio publikoetan mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.

Bidezko udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak ukitutako hiri espazioa garbituko dute, emandako aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotzita, bidezko zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izanen dute propaganda paratu eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek udal baimena izan beharko dute aitzinetik, eta aitzineko artikuluko aginduak aplikatuko zaizkie.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduketak

1. ATALA

Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak

17. artikulua. Eremu edo espazio publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, horren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoak edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta halabereko baldintzetan izan ezik.

Debeku da eremu publiko edo espazioetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, edozein motatakoak direla ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aitzinetik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

Udalak betiere bizikidetza arauak ematen ahalko ditu eta halako eremu batzuetan erabilera berariazkoa edo debekatua zehaztu kartelen bidez.

Baloika aritzeko eta bizikletaz ibiltzeko debeku orokorra ezarriz gero, ez zaie aplikatuko 7 urtetik beheitikoei 9:00etatik 22:00etara.

2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, derrigorrezko udal baimenik izan ezean.

18. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.

Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak maltzurkeriaz mugiaraztea.

2. ATALA

Jarduera berariazkoak

19. artikulua. Sua eta bestak.

1. Debeku da erabilera publikoko espazioetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eraman edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bertzelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere.

2. Besta edo gertaera zehatzak direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

20. artikulua. Asotsak.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bai Hots mailei buruzko ordenantzan ezarri bezala, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera, bizikidetza arrunta trabatzen duten asotsak egitea saihestuko dute.

Ibilgailuetako gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko.

Ozen dagoela ulertuko da, agintaritzaren agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

Irizpide berari segituko zaio, trabak nahita egiten direnean ibilgailuen motorra, ihes-hodia edo pneumatikoak erabiliz, edo asotsa modu ez ohikoan gidatzeagatik edo tutua behar ez bezala erabiltzeagatik egiten denean trafikorako araututako kasuetatik kanpora. Orobat aplikatzen ahalko da asotsak lagun egiteko animaliek edo alarmek egiten dituztenean edo, azken batez, bertzelako asotsak ateratzen direnean, horiek neurtzeko sonometroa erabiltzea eraginkorra edo egokia ez bada; nolanahi ere, nahitakotasunik ez denetan, gertaera errepikatua dela frogatu beharko da.

Debeku da asotsak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, udal baimenik gabe.

Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean.

Eremu publikoan nahiz hari begira, eraikinetan nahiz ibilgailuetan, ezin izanen da bozgorailurik erabili edo paratu, baimenik lortu ezean.

Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauaz.

Aisiarako baratzeen kasu berezian, horren gaineko ordenantza berariazkoaren 1. puntuan ezarritako irizpideari jarraituko zaio, hitzez hitz honela baitio: "Debeku dira halako jarduketak non horien ondorioz herritarrei traba sortzen ahal zaien. Orobat debeku dira baratzezaintzakoak ez diren erabilera guztiak. ". Ordenantza hau orokorrean aplikatuko da, erabilera onartu eta onargarriek sorraraz ditzaketen trabak salbuetsirik.

21. artikulua. Keak eta usainak.

1. Herritarrek uko eginen diote lasaitasuna trabatzen duten edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak diren keak edo usainak sortzen edo hautsa harrotzen duten jarduerak egiteari, indarra duen legedian eta Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko ordenantzan ezarri mugak edozein direla ere.

Aitzineko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauza daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Hala ere, lan horiek eginen dira karrikara ahalik eta gehien aireztatuz eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez joateko, hala nola eskailerak, eskailera-buruak eta patio txikiak.

Barbakoa mugigarriak edo gisakoak eginez gero, kontuan hartuko da airearen norabidea, eta hori jakinda gainerako auzoei ahalik eta traba gutien egiteko moduko tokian paratuko dira. Betiere ahalik eta ke tikiena ateratzen duten erregaiak erabiliko dira.

2. Ibilgailuek ezin izanen dute bortz minutu baino gehiago aparkatuta egin motorrak piztuta izanda, bizitegien eraikinetatik 10 metrora baino gutxiagora badaude.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora paratu beharko dira, gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik goiti bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, udal baimenik izan ezean.

22. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko eremu eta espazioak _orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne_ zikin ditzaketen jarduera edo eragiketa baimen gabe guztiak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu espazio edo eremuetan automobilak garbitu, konpondu edo olioztatzea ezinbertzeko kasua izan ezean, zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, eta gisako bertze ekintza batzuk.

2. Herritarrek hiri hondakinak bidezko paperontzi eta edukiontzietara bota behar dituzte, hondakinen bilketa sailkatuaren ariora.

Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietara bota behar dira, birtziklagaiak izan ezean: halakoak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da paperontzi edo edukiontzietara tresna edo objektu arriskutsuak, eta zigarrokin piztuak edo bertze edozein objektu botatzea. Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsutzat joko dira pertsonei kalte egin diezaieketenak, hala nola xiringak eta sorgorkarien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak eta mota guztietako droga toxikoak, sorgorkariak eta eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta hondakin solido txikiak eta bertze edozein gai, sutan badaude.

Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako paratu edukiontzietara bota beharko dira, Iruñerriko Mankomunitateko ordenantzen arabera eta hondakinen bilketa sailkatuaren printzipioarekin bat.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan. Hura horretarako prestaturiko edukiontzira bota beharko da.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.

Ez da libre izanen espazio publikora inolako alfonbra, arropa edo oihalik baimenik gabe inarrostea.

6. Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin mota botatzea.

7. Debeku da eginez ed ez eginez hondakin likidoak euri uren sarera edo zuzenean ugaldera, urmaeletara edo iturrietara isurtzea, natur inguruneari kalte egiten ahal badiote xaboia, garbikariak, gantzak edo gisako bertze gai batzuk edukitzeagatik.

23. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da eremu publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo listu egitea.

24. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eramaten ahal dituzte beraiekin espazio publikoetan, betiere uhal edo kateaz edo legez ezarri bezala eramanez gero. Betiere, eramaten diren animalia guztiak, gainerako herritarrei trabarik edo erasorik ez egiteko moduko segurtasun neurriak izanda eraman behar dira.

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko espaloi, karrika, pasealeku, lorategi eta oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan kaka egiten.

Animaliek kaka egin beharko dute horretarako prestatutako tokietan. Horretarako, Udalak leku egokiak emanen ditu, animaliek beren eginbehar fisilogikoak egoera higieniko egokian egin ditzaten.

Nolanahi ere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan eremu publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu. Nolanahi ere, animalien jabeek edo arduradunek horiek eremu publikoan uzten dituzten gorozki solidoak bildu beharko dituzte.

4. Animaliek ezin izanen dute eremu publikoan dauden eta gizakiek edateko diren iturrietatik edan.

5. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei. Animaliekin egiten den jarduera ez da tratu txar edo erasotzat hartuko Udalak antolatu badu edo ospakizunak direla-eta berak baimendu badu ezarritako arau edo baimenei jarraikiz.

6. Zezen bestak (entzierroak, zezenketak, jokatzeko behiak...) direla-eta, eta horiek egitean, aipatu jarduerak arautzen dituzten ohiko arauak aplikatzen jarraituko dira, eta hala denean, agintaritza eskudunak etorkizunean beharbada eginen dituen eguneratzeak ere bai.

7. Animaliek ezin izanen dute bazkatu lorategi eta parkeetan.

8. Hirigune osoan debeku da hegaztiak hil edo harrapatzea.

25. artikulua. Kanpaketa eta aisia.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratu 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzaren agenteek amore emateko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duen edozein material motaren erabiltzaile eta jabeei, bidezko salaketa egitea ukatu gabe. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzaren agenteek horiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antolatu ahal izanen dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta horiekin batera jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ezin izanen da eremu publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

3. Ezin izanen da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Nolanahi ere, oro har inork ezin du gainerako pertsonen eskubidea edo ekiteko askatasuna gutxietsi, ezta sinesmenak edo orokorrean onarturik dauden bizikidetza arauak laidoztatu eremu edo espazio publikoetan duen portaerarekin. Alde horretatik, debeku da sexu-organoak erakustea, baita ordenantza honetan edo aplika daitekeen bertze araudi batean debekatutako jokaera edo jarduerak ere.

3. ATALA

Betebehar bereziak

26. artikulua. Merkataritzako eta industriako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendu lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, neurri zuzentzaileen eta derrigorrezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak deusetan ukatu gabe.

2. Terrazak, mahaitxoak eta eremu publikoko bertze instalazio batzuk dituzten kiosko eta establezimenduetako titularrek garbi utzi behar dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak berak ere.

Gainera, kioskoen, izozki denden, josteta aretoen edo jarduera motagatik hondakinak sorrarazten dituen bertze edozein saltokiren titularrek paperontzia paratu eta beren bizkar mantendu beharko dute inguruan.

Aipatu lekua eta haren inguruak etengabe garbituko dira, eta nolanahi ere, establezimendua hesten den unean egin beharko da.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak, terrazetako altzariak edo materialak terrazetan eta horien ondoan biltegiratu edo pilatzea. Ezin izanen da inola ere baimendu baino leku handiagoa okupatzea, ezta aldi baterako elementurik _ez finkorik, ez zoluan finkaturik_ erabiltzea ere bidezko udal baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari kendu ahal izanen du, eremu publikoan baimenik gabe paratu bada edo baimendu baino leku handiagoa okupatzen badu, kentzeko kostua instalazioaren erantzuleari eskatuta eta bidezko zehapena ukatu gabe.

27. artikulua. Eskean ibiltzea.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo bertze pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen dira larderiaz egiten diren edo herritarrak askatasunean ibiltzea oztopatzen duten eskeak, bertzeak bertze.

Hala bada, 16.3. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

28. artikulua. Establezimendu publikoak.

Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek bertze xedapen batzuk errespetatzeaz gain, ahaleginduko dira bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten lokaletan sartzean zein horietatik ateratzean.

Jokaera horiek eragozten ahal ez direnean, polizia deitu beharko dute ordena eta herritarren bizikidetza mantentzeko, eta laguntza emanen diete uneoro esku hartzen duten agenteei.

29. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bertzelako kalte-galeretatik ondorioztatzen den erantzukizuna bermatzeko. Ukitutako espazio publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Bertzenaz, egin diren aparteko lanen zenbatekoa kentzen ahalko da aipatu fidantzatik, baita baimena edozein alderditan urratzeagatik edo antolatutako egintzarekin ikustekoa duten bertze arau-hauste batzuengatik egoki litekeen zehapena ere.

3. Nolanahi ere, ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute, ekitaldiaren izaera zehatza kontuan hartuta.

30. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, eskaletzatzat joko da eremu publikoan edo erabilera publikoko espazioetan limosna eskatzea, baita bertzelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.

Orobat eskaletzatzat hartuko da leku pribatuetan egiten dena ere, hala nola atarietan, sartzeko gezurra erran badute.

Debeku da dirua edo limosna larderiaz edo modu gogaikarrian _hitzez zein obraz_ eskatzea. Asimismo queda prohibido el ofrecimiento de objetos o servicios a cambio de dinero efectuado con maneras intimidatorias o molestas.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritzaren agenteek eskaletza debekatua eragotziko dute, eta nolanahi ere, eskaleari gizarte zerbitzu publikoen berri emanen diote derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan, larderiaz edo manera gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita.

31. artikulua. Arropa hedatua eta apaingarriak.

Balkoi, terraza edo zabaltzetan ez da arroparik hedatzen ahal, karrikatik ikusteko maneran. Halaber, balkoi edo galerietan ez da eraikinaren estetikari kalte egiten dion materialik, tresnarik edo altzaririk uzten ahal, kanpotik ikuste ahal badira.

Karrikatik nahitaez ikusten diren hedatokiak dituzten eraikinetarako, Udalak berariazko araubidea baimendu ahal izanen du.

Balkoi, leiho, terraza edo zabaltzetan apaingarririk paratuz gero, hala nola lorontziak-eta, babesturik egon beharko dute, inola ere eror ez daitezen.

IV. TITULUA

Zehapenen araubidea

32. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura _hasita badago_, harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.

Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Arau-haustearen erantzulea haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea izanen da orobat; horien ordaina Noain-Elortzibarko Udalak erabakitzen duen maneran emanen da, arau-hausteari dagokion zehapena ukatu gabe.

Arau-hauste edo zehapenik ezean, kalte-galeren ordainak zerbait egin beharra edo ez egin beharra dakarrenean, hura ez betetzeak Udalaren baimen bat ez betetzeak dakartzan zehapen ondorio berak ekarriko ditu.

Udalarenak ez diren ondasunak badira eta horiek eremu publikotik ikusten ahal badira, ekiteko, ez da beharrezkoa izanen ukitutako alderdiaren salaketa.

4. 37. artikuluko zenbatekoak, haien eguneratzeak, baita 33, 38 39 eta 40. artikuluak ere, gainerako udal ordenantzetan aplikatuko dira, haien testuetan bertan bildutako zehapenetarako zenbatekorik gehitu ez bada, bertze batzuk aplikatu behar izan ezik eta deusetan ukatu gabe haien kalifikazioa, arina, larria ala oso larria izan. Orobat, artikulu hauek ordezko gisa aplikatuko dira, Udalaren ordenantza guztietako aginduak urratzen direnerako, halako ordenantzetan urratze horiek zehaturik ez badaude.

33. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egintzak nahiz omisioak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

34. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Oso larriak dira ondokoa eragiten duten arau-hausteak:

a) Bizikidetzaren nahasmendu larria, jendearen lasaitasuna edo legez dagozkien eskubideak modu larrian, berehala eta zuzenean kaltetzen dituena, edo araudi aplikagarriaren araberako edozein jardueraren ohiko bilakaera, nahiz osasungarritasun edo apaingarri publikoa; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten hornidura, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. En todo caso, constituirá infracción impedir sin autorización, deliberada y gravemente, el normal tránsito peatonal o de vehículos por los lugares habilitados al efecto.

f) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte. Constituirán infracción en todo caso las siguientes conductas:

_Seinale publikoak hautsi edo erauzi edo haietan pintadak egin edo kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

_Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak nahita edo erru larria izanda erretzea, baita 19. artikulua ez betetzea ere (Sua eta bestak), zerbitzugune batetik hurbil eta arrisku larria dagoenean.

_Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatu, tratu txarrak eman edo eraso fisikoak egitea, baita horiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.

i) Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.

j) Herriko argien edozein sistemaren itzaltzea nahita eragitea.

k) Urtebetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

l) Arau-hauste larria edo oso larria egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo bertze batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea. Espresuki debekaturiko arau-hauste oso larria egin bada, ezar daitekeen zenbatekorik handiena izanen da zehapena.

m) Desobeditze oso larria. Agintaritzaren agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste oso larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, egiten ez duenean.

35. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea duten bertze pertsona batzuek erabiltzea modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, arau-haustea izanen da bidean edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak paratzea udal baimenik gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

_Eraikin edo ibilgailuetatik edozein gauza botatzea edo axolagabekeriaz edo zuhurtziagabekeriaz erortzen uztea, bidearen erabiltzaileei arriskurik sorrarazten badie.

_Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea dakarten jarduerak egitea udal baimenik gabe.

_Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea udal baimenik gabe.

f) Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak eragoztea horretarako prestatutako lekuetan.

g) Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratu eta hartan nahasmendu larria sortzea.

h) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

i) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo bertze batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.

j) Desobeditze larria. Agintaritzaren agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, egiten ez duenean.

k) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda.

Honi dagokionez, nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea oztopatzetzat joko da, hori jakiteko Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu.

36. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak eramatea uhal edo kateaz lotu gabe, eta horiek eremu debekatuetan sartzera uztea, horretarako baimenik izan ezean.

_Eremu publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea duten bertze pertsona batzuek erabiltzea modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

_Bide edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak paratzea, udal baimenik izan gabe.

_Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe, baita horiek baimenik gabe saltzea.

_Eremu edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak paratzea, baimendu baino leku handiagoa okupatuta.

_Baimenik gabe kanpatzea.

_Bankuen gainean, markesinetan edo kutxazain atomatikoetan, gaua eman edo etzatea.

_Espazio publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

_Eremu publikoa erabiltzea auto edo motoak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo antzekoetan jarduteko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoa arau-haustea izanen da:

_Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

_Zerbitzu edo espazio publiko bateko apaingarri, ekipamendu, azpiegitura, muntadura edo elementuetan kalte egitea, eta orobat kale-argietan eta hiriko gainerako altzarietan, argiztatzeko izan ala ez eta Udalarenak izan ala ez.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Eremu publikoan pixa edo kaka egitea.

_Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

_Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.

_Hiri altzarien gainean listu egitea, haien erabilera lotetsirik dagoenean edo udalerriaren irudia kalteturik gelditzen denean.

_Eremu publikora zaborra edo bertze edozein elementu bota edo bertan uztea.

_Apaintzeko zeren bat edo hiri altzariren bat lekualdatu, mugitu, goititu, beheititu, biratu edo zernahi gisaz zegoen bezala ez uztea, bere lehengora itzuli behar bada.

f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.

g) Desobeditze arina. Agintaritzaren agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste arina egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, egiten ez duenean.

h) Udal ordenantza honetako edo gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea egin ondoan nork bere nortasuna zuzen adierazteari uko egitea, horrek zailtasun arina badakar.

i) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako eginak eta ez eginak, aitzineko artikuluetan aurreikusi ez direnak.

37. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 60tik 199,99 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 36. artikuluaren b) eta e) ataletako lehen puntuetan aipatutakoei ezik; horiei 150 eurotik 199,99 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 200 eurotik 599,99 eurorainoko zehapena ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 600 eurotik 1.500 eurorainoko zehapena ezarriko zaie.

38. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, arau-hausleari eskatuko zaio bertzelakotu den egoera lehengoratzeko. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera bideratuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Udalak derrigortuaren kontura eginen ditu gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko beharrezko ekintzak, arau-hausleak egin ez baditu. Derrigortuari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

39. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan erantzule solidarioak antolatzailea edo sustatzailea izanen dira, baita baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak erantzuleak dira animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitatearen inguruko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriak barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak 21.1, 22.5, 26 eta 31. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak izanen dira.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta legezko betebeharra badute bertze batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aitzintzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

40. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren ezarri beharreko zehapena graduatzeko, hurrengo inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.

c) Nahita egina den.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

41. artikulua. Kautelazko neurriak.

Betiere, arau-hausleak segitzen badu gizalegerik gabe jokatzen eta, hartara, bertze erabiltzaileei traba egiten, kautelazko neurriak hartzen ahalko dira hori eragozteko.

Honi dagokionez, aldi baterako kendu edo altxatzen ahal diren ondasunak izanen dira hauek: ganibetak, labanak eta arma debekatu gabeak eta kolpekatzaileak, musika tresnak eta musika edo soinu aparatuak, baloiak, pilotak, makuluak, gai piroteknikoak, erremintak eta materialak, kartelak, pankartak, banderatxoak, paskinak, eskuorriak, baita puntu honetan espresuki bildu gabeko bertze edozein gauza, agintaritzaren agenteen aburuz inor erabiltzen ari bada ordenantza honetako aginduak urratzeko, eta komenigarria bada hura aldi baterako kentzea edo altxatzea.

V. TITULUA

Errehabilitazioa

42. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Arau-hausleak adingabeak badira, izaera hezigarria gailentzen ahalko zaio komunitatearendako zerbitzuari.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitaziorako bidea izan dadin eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko:

_Arau-hausteak oso zehapen larria ezartzea dakarrenean.

_Zehapen larria dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste larriak edo oso larriak egin direnean.

_Arau-hausleak adingabeak edo ezgaiak direnean.

_Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen eskainiko dio Udalari. Ahal dela, komunitatearen onerako lan borondatezkoak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortu edo gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Udaltzaingoak kontrolatu eta bermatuko du betetzen direla.

Espedientatuak eskaera egin ondoan, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Udalak arau-hausleari.

Udalak prozedura bururatzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak badaezpadako neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondotik, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/92 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:

Hasierako arau-haustearen larritasun bera izanen du arau-hausteak.

Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundu zerbitzua ez betetzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira harekin bat heldu ez diren udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarri epea iragan ondoan.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Noainen, 2007ko apirilaren 4an._Alkate udalburua, Miguel Elizari Reta.

Iragarkiaren kodea: L0706090