64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARTAXOA

Artaxoako 0-3 urtekoendako Haur Eskolako zainketa eta egonaldi zerbitzua emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Artaxoako Udalak, 2007ko urtarrilaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onestea erabaki zuen Artaxoako 0-3 urtekoendako Haur Eskolako zainketa eta egonaldi zerbitzua emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Horren iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (2007ko 25.a, otsailaren 26koa) eta Udaletxeko iragarki oholean agertu zenetik hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluekin bat, hasiera batez onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da, eta osorik argitaratzen da Artaxoako 0-3 urtekoendako Haur Eskolako zainketa eta egonaldi zerbitzua emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren testua.

Argitara ematen da, interesdun orok jakin dezan.

Artaxoan, 2007ko apirilaren 10ean._Alkateordea, José Luis Usar Ripero.

ORDENANTZA FISKALA, ARTAXOAKO 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLAKO ZAINKETA ETA EGONALDI ZERBITZUA EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluaren 7. atalean xedatutakoari jarraikiz ezarri da, eta haren 100. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Ordaindu beharra

2. artikulua. Artaxoako Udalaren 0-3 urtekoendako Haur Eskolako zerbitzuez baliatzen diren adin txikikoen gurasoak, tutoreak edo legezko ordezkariak daude tasa ordaintzera behartuak; betiere, guraso ahala badute, Kode Zibilaren 162. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Kudeaketa eta dirubilketa arauak

3.1. artikulua. Hilabeteko osoak aurreratuta ordainduko da tasa. Interesduna Artaxoako Udalaren 0-3 urtekoendako Haur Eskolan onartzeko, eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da, baita matrikulako azken ordainagiri pagatua ere.

3.2. artikulua. Tarifak zehazteko, familiako kide guztiek eskuratzen dituzten dirusarrerak hartu behar dira oinarritzat. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenean familia unitateari dagokion zerga-oinarriak adierazten ditu familiaren dirusarrerak.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egitera beharturik ez daudenek honako hau aurkeztu beharko dute:

_Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkeztu ez dela adierazten duena.

_Haur eskolaren zerbitzua eskatzen duten adingabeen gurasoen, tutoreen edo legezko ordezkarien lan bizitzari buruzko txostena, eta familiaren dirusarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak (soldaten ziurtagiriak, pentsioak, TC2, eta abar).

Tarifen aplikazioa

4.1. artikulua. Tarifei dagokienez, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean sinaturiko hitzarmenei atxikitako haur hezkuntzako zentroentzat Nafarroako Gobernuak urtero onesten dituenak aplikatuko dira; gaur egun, Hezkuntza Departamentuko Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 24an emandako 23/2006 ebazpenean ezarritakoak. Izan ere, horren bidez ezarri da familiek 2006/2007 ikasturtean zenbateko tarifa ordainduko duten 0tik 3 urtera bitarteko haurrentzako udal ikastetxeetan, horiek Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuta daudela eta Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 28ko 41/2005 Foru Aginduaren bidez araututa, nahiz Nafarroako Gobernuak, haren ordez, onetsitako arauen bidez.

Udalak eranskineko tarifak aldatuko ditu, Nafarroako Gobernuak tarifa berriak finkatzen dituen aldiro, ikasturtea hasi baino lehen.

4.2. artikulua. Ezarriko den epearen barrenean, errentaren azkeneko aitorpena edo dirusarreren frogagiriak aurkezten ez dituztenei, edo horiei aski irizten ez bazaie, gehieneko kuota aplikatuko zaie.

4.3. artikulua. Jantokian onartuz gero, hura ordaindu beharko da, erabili edo ez; izan ere, zerbitzua emate hutsak behartzen du.

Jantokian onartu eta hilabetearen buruan izanen ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, honako hauek aplikatuko dira: Hezkuntza Departamentuaren eta Udal honen artean sinaturiko hitzarmena eta Hezkuntza Departamentuko Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 24ko 23/2006 ebazpena, familiek 0-3 urteko haurrentzako Udalaren laguntza zentroetan 2006/2007 ikasturtean ordaindu beharrreko tarifak ezartzen dituena, horiek Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuta daudela eta Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 28ko 41/2005 Foru Aginduaren bidez araututa, nahiz Nafarroako Gobernuak, haren ordez, onetsitako arauen bidez; eta, oro har, xedapen aplikagarri guztiak.

Bigarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA

Gehieneko tarifak, 2006-2007 ikasturteko hilabeteetarako

Eskolatzea:

_Ordutegi osoko unitateak: 2.145 euro

_Ordutegi murriztuko unitateak: 2.013 euro

_Egun erdiko unitateak: 1.507 euro

Jantokia:

_Jantokiko tarifa: 968 euro.

11 hilabetekotan banatuko da ordainketa; beraz, tarifa hauek aterako dira hilean:

Gehieneko tarifak, 2006-2007 ikasturteko hilabeteetarako

Eskolatzea:

_Ordutegi osoko unitateak: 195 euro.

_Ordutegi murriztuko unitateak: 183 euro.

_Egun erdiko unitateak: 137 euro.

Jantokia:

_Jantokiko tarifa: 88 euro, hilabeteko.

Tarifa murriztuak, per capita errentaren araberakoak, 2006-2007 ikasturteko hilabeteetarako

Arestiko ataletan ezarritako tarifetan murrizketak eginen dira familia unitateko kideen per capita errentaren arabera, hau da, Hezkuntza Departamentuko Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 24ko 23/2006 ebazpenean ezarritako taularen arabera aterako da familiak ordaindu beharko duen tarifa. Izan ere, ebazpen horretan finkatzen dira familiek 2006/2007 ikasturtean ordaindu beharreko tarifak 0tik 3 urtera bitarteko haurrentzako udal ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuta daudela eta Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 28ko 41/2005 Foru Aginduaren bidez araututa.

Iragarkiaren kodea: L0706089