64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

100/2007 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, "Kulturgune, museo, fundazio edo lokal pribatuetan estudioak edo languneak alokatzeko laguntzak" deialdiko arauak onetsi, haiek emateko 24.000 euroko gastua baimendu eta arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzen duena.

Bizitza profesionaleko lehen urteetan artista gazteek topatu ohi duten problema handi bat beren sormena garatzeko egoki diren estudio edo languneen eskasia da.

Hori dela eta, Kultura Zuzendaritza Nagusiak, txosten bat aurkeztu du, non eskatu baitu, arte plastikoen arloan diharduten nafar artista gazteen sormena sostengatzeko, laguntzetarako deialdi bat egin dadila, kulturgune, museo, fundazio edo lokal pribatuetan estudioak edo languneak alokatzeko

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen maiatzaren 16ko 73/2006 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Kulturgune, museo, fundazio edo lokal pribatuetan estudioak edo languneak alokatzeko laguntzak" deialdiko arauak onestea.

2. Laguntzak emateko, 24.000 euroko gastua baimentzea, indarra duen gastu aurrekontuko "Prestakuntza artistikorako beka eta laguntzak" izeneko A20002 A2510 4809 335104 kontusailetik.

3. Deialdiaren arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitara eman eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau jakinaraztea Ogasun Departamentuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Kultur Ekintza Zerbitzuari, Kultur Jardueren Atalari eta Idazkaritza Nagusi Teknikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 8an._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak, arte plastikoen arloan diharduten nafar artista gazteen sormena sostengatzeko asmoz, deialdi hau egin du, guztira 24.000 euroko hornidura duena. Honako hauek dira arauak:

ARAUAK

1._Dirulaguntzaren xedea.

Laguntzen xedea da arte plastikoen arloan (pinturan, eskulturan, marrazkigintzan, grabatuan, prozedura mistoetan eta abarretan) diharduten nafar artista gazteen sormena sostengatzea, kulturgune, museo, fundazio edo lokal pribatuetan estudioak edo languneak alokatzeko laguntzak emanez.

2._Aurrekontua eta diru kopurua

2.1. Dirulaguntza hauek, gehienez ere 24.000 euro, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2007ko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza artistikorako beka eta laguntzak" izeneko A20002 A2510 4809 335104 kontusailaren kargura finantzatuko dira.

2.2. Laguntzaren zenbatekoa proiektuak lortzen duen puntuazioaren araberakoa izanen da, onartzen den aurrekontuaren %70ekoa gehienez ere.

3._Onuradunek bete beharreko baldintzak.

3.1. Dirulaguntzaren proposamena ematen denean betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahal dituzte deialdi honetan aipatzen diren laguntzak:

a) Nafarroan sortua izatea edo 2007ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroan erroldaturik egotea. Inguruabar hori erroldatze-agiriaren bidez justifikatu beharko da eta laguntzak irauten duen bitartean horri eutsi beharko zaio.

b) Laguntza eskatzean 35 urte beteak ez izana.

3.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden pertsonei.

4._Eskaerak aurkeztea.

4.1. Laguntza eskaerak, deialdi honetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an (31001 posta kodea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

4.2. Eskaera aurkeztuko da Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzura igorria, eta ohar modura jarriko da "Sormen artistikoa sostengatzeko deialdirako, languneak alokatzeko".

4.3. Eskabideak eta erantsitako dokumentazioa arau hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturaleko epean aurkeztu ahal izanen dira.

4.4. Eskabideekin batera ondoko agiriak joanen dira:

a) 3.1. a) arauan xedaturikoa frogatzen duen agiria.

b) Eskatzaileak zergen ordainketa eguneraturik duela frogatzen duten ziurtagiriak (organo eskudunek luzatuak).

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren fotokopia konpultsatua.

d) Izangaiaren curriculuma, arte plastikoen arloan (pinturan, eskulturan, marrazkigintzan, grabatuan, prozedura mistoetan eta abarretan) eginiko lana bereziki adieraziz.

e) Laguntzaren xede den langunea behar duen proiektua edo lana azaltzen duen memoria. Memoria behar bezain zabala eta zehatza izanen da, langunean alokairuaren kostua espresuki adieraziz.

f) Proiektuak dituen laguntza edo dirulaguntzen berri ematen duen aitorpen esplizitua, edo, horrelakorik ez bada, inongo laguntzarik ez dela erabiltzen ari adierazten duen adierazpena. Halaber, lehenagotik laguntzarik eskatu baldin badu eta dirulaguntza proposamena aurkezten den egunean oraindik erabaki gabe baldin bada, hori ere adierazi beharko du.

4.5. Eskatzaileek, aurreko arauan ikusitako dokumentazioaz gain, beren merezimenduak frogatzeko eta beren eskabidea hobeki baloratzeko egoki deritzotena aurkeztu ahalko dute.

4.6. Dirulaguntzaren eskabidea oso-osorik beteta ez badago, eskatzaileari akats edo hutsunea zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio horren berri jakinarazi eta ondoko egunetik hasita.

5._Laguntzak emateko irizpideak.

5.1. Aurkezten diren proiektuak baloratzean eta laguntzaren zenbatekoa zehazterakoan honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan arau hauetako 6.2 atalean araututako balorazio-batzordeak:

a) Aurkeztu den proiektuaren kalitatea eta sormen maila (%50).

b) Eskatzailearen kualifikazio profesionala (%30).

c) Proiektuaren errentagarritasun kulturala, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren programei dagokienez (%10).

d) Proiektuak Nafarroako Foru Komunitateko arte eta kulturaren esparruan duen eragina (%10).

5.2. Balorazio-batzordeak, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago edo eskatzailea agertzeko eska dezake.

5.3. Ez dute inolako laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %50 lortzen ez dutenek.

6._Tramitazioa eta ebazpena.

6.1. Eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultur Ekintzako Zerbitzuko Kultur Jardueren Atalak tramitatuko ditu.

6.2. Batzorde batek baloratuko ditu eskabideak. Batzordeak Kultura zuzendari nagusia izanen du buru eta kide hauek: Kultur Jardueren Ataleko burua, Laguntza Bulegoko burua, Nafarroako Kultura Kontseiluko bi kide, kontseiluak izendatuak, Nafarroako Museoko teknikari bat eta arte plastikoen arloko bi aditu, Batzordeko buruak izendatuak.

6.3. Ebazpena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak foru agindu bidez onetsiko ditu laguntzak, eta onuradunei jakinaraziko zaie legeria indardunari jarraikiz. Deialdia osorik edo hein batean hutsik gelditu dela deklaratzen ahalko da, eskabiderik aurkezten ez bada edo eskatzaileek baldintzak betetzen ez badituzte.

Eskaerak ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, haiek aurkezteko epea bukatzen denetik.

Onetsitako dirulaguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean jarriko dira jendaurrean (Navarrería kalea, 39, Iruña), honako datu hauekin: deialdia, laguntza zein programa eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

6.4. Laguntza eman zaiola jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du zenbatekoarekin ados dagoela, jakinarazpena jaso eta hamabost egun naturaleko epean, diferentzia bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkezpenean azaldu bezala mantenduko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da.

7._Onuradunen betebeharrak.

a) Dirulaguntzak emateko oinarri izan den portaera izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Kultura Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta proiektua aldatzen bada.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren aurrean honakook justifikatzea: jarduera egin egin dela eta laguntza hartzeko edo erabiltzeko eskatu diren baldintza guztiak betetzen direla, eta dirulaguntzaren helburua errespetatu dela.

d) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera horiek finantzatzeko beste laguntza, dirusarrera edo baliabiderik lortu ote den. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren orotarikoak.

8._Baldintzak bete direla nola justifikatu; dirulaguntza jasotzeko modua

8.1. Laguntzen onuradunek laguntza ematen den momentuan, aurrerakin gisa, zenbatekoaren ehuneko 50 jasoko dute, betiere arau hauen 6.4 atalean ezarritakoa betetzen badute.

8.2. Beste %50, 2007ko abenduaren 15a baino lehen, eginiko gastuaren jatorrizko agiriak (edo horrelakorik ezean, fotokopia konpultsatuak) Kultura Zuzendaritza Nagusian aurkeztu ondoren, deialdiko 4.4.d) arauan aipatzen den memorian xedatu bezala.

9._Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

9.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak edo beste administrazio publiko batzuenak izan, bestelako entitate pribatu edo publikoenak izan edo pertsona partikularrenak izan. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

9.2. Beste entitate batzuetatik ere dirulaguntza edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, laguntza guztien zenbatekoak dirulaguntzaren xede den jardueraren kostua gainditzen badu.

10._Itzulketa.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa-egunera bitarteko denborari dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

a) Dirulaguntza edo laguntza lortzearren horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esan bada edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatu badira.

b) Helburua, jarduera edo proiektua partez edo osorik bete ez bada, edo dirulaguntza emateko erabakia justifikatzen duen jokabidea hartzen ez bada.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan edo dirulaguntzaren arauetan ezarritako justifikazioa egiten ez bada, edo behar adinako justifikazioa egiten ez bada.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatutako gainerako betebeharrak.

11._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

........................... jaun/andreak, NAN/IFZ ............, helbidea ..................... kalean duenak, ............ udalerrian, ............... posta kodean, ............ telefono zenbakia, bere izenean edo ...................................... jaunaren/andrearen izenean (ezabatu egia ez dena), NAN/IFZ..............., helbidea ..................... kalean duenak, ............ udalerrian, ............... posta kodean, ............ telefono zenbakia, hura ordezkatuz,

Kulturgune, museo, fundazio edo lokal pribatuetan estudioak edo languneak alokatzeko laguntzen eskaera, ............(e)ko ..........aren .....(e)ko ......./2007 Foru Aginduaren bidez onetsiriko arauei jarraituz (2007ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ...........aren .......(e)koa).

Eta, arau horietan aurreikusitakoarekin bat:

1._Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkeztu ditu:

a) 3 arauan eskatutakoaren frogagiriak.

b) Curriculuma.

c) ............... proiektua azaltzen duen memoria.

d) ................ laguntzen adierazpena.

2. Aditzera ematen du ez dagoela sarturik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian aurreikusitakoaren ondorioetarako, eskabidea aurkezteak berarekin dakar interesatuak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

4. Eskaera honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak sartu, zuzendu eta ezabatzeko prozedurak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan eginen dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

.....................(e)n, 2007ko ................aren ....(e)an.

Sinadura

NAFARROAKO GOBERNUA. VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ETA TURISMO DEPARTAMENTUA.

Iragarkiaren kodea: F0707809