64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak apirilaren 27ko 63/2007 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zerbitzuko suhiltzaile izateko 21 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzekoa.

Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak, apirilaren 27ko 63/2007 Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi du Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zerbitzuko suhiltzaile izateko 21 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko.

Lehiaketa hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, hura garatu eta betearazteko asmoz azaroaren 6ko 215/285 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko lanpostuak betetzeko Erregelamenduak (martxoaren 14ko 59/2005 Foru Dekretuak aldatua), Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abuztuaren 12an merezimenduen baremoei buruz emaniko 130/1998 Foru Aginduak, aplikatu beharreko gainerako arauek eta deialdiaren ondoko arau hauek.

ARAUAK

1._Xedea.

Aditzera ematen da suhiltzaile izateko 21 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin dela, ondoren adierazten diren Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen parkeetarako:

PARKEA LANPOSTUAREN ZENBAKIA

AURITZ 482 4429 4793 - - -

LIZARRA 468 7936 - - - -

LODOSA 6897 - - - - -

IRUÑA 7780 4787 7796 4818 7987 5752

TAFALLA 505 4779 4786 6355 6356 -

TUTERA 499 5338 6357 6358 - -

Lanpostu hutsak hautatzeko egintzan, 10. arauan aipatzen den lanpostu horien ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira, hain zuzen ere, organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sarturiko aldaketen ondorioz hutsik gelditzen direnak.

2._Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

2.1. Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda (lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa) igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.

2.2. Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak ondokoak izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainiak eta, hala badagokio, aurreko lerroaldeak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, baita lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten lehiatzaileek hutsik uzten dituztenak ere.

2.3. Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdatze lehiaketan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko, baldin eta "iraungitzeko" lanpostuak izateagatik bete behar ez badira.

2.4. Lehiatzaileren batek lehiaketa honetan lanpostua erdietsi eta bere lanpostuaren izena deialdiko lanpostuarena ez beste bat baldin bada, izendapenean izen berria hartuko du lanpostu berriaz jabetzen den unetik. Orobat, dagokionean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiatzaileei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da.

3._Betebeharrak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko beharkizunak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostu hutsak aukeratu eta esleitutako lanpostuaz jabetu bitartean:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotan funtzionario izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) Suhiltzaile edo suhiltzaile-gidari lanpostu baterako izendatu izana.

3.2. Zerbitzu, atal, bulego edo unitate parekaturen bateko burutzaren bat betetzen ari diren funtzionarioek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdi honetako baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleituriko lanpostuaz jabetzeak berarekin dakar zerbitzuko zuzendari izateari edo atal nahiz bulegoburu edo horiei parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.3. Aukerako eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete eman duten funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betikoz esleituko zaie.

3.4. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketa honetan.

4._Lansariak.

Lekuz aldatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.

5._Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2007ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 31n) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean.

5.2. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunerako. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai "Zerbitzuak" "Enplegu publikoa" ataleko deialdiaren aiputik abiatuta.

5.3. Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, salbu eta Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Izangaiek merezimenduak, behar bezala zerrendatuak, alegatu eta frogatuko dituzte baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

5.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6._Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsak zuzen ditzaketela.

6.2. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

6.3. Lehiatzaile bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

6.4. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

7._Epaimahaiko kideak.

7.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

_Epaimahaiburua: José Javier Boulandier Herrera, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Aurreneurri, Su-itzaltze eta Salbamendurako zuzendaria.

Ordezkoa: Javier Garayoa Gurucharri, Nafarroako Larrialdietako Agentziako suhiltzaile-ofiziala.

_Mahaikideak:

1. Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

Ordezkoa: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

2. Jose Manuel García Arguiñano, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Langileak Kudeatzeko Unitateko burua, idazkari lanetan arituko dena.

Ordezkoa: Begoña Martínez Barrado, Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Kudeaketa Teknikoaren Ataleko burua.

7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

7.4. Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8._Merezimenduen kalifikazioa.

8.1. Deialdiko 5.3 arauan agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak) bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuen kasuan ez da horren beharrik izanen, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio.

8.2. Alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

8.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatutzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

8.4. Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

8.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

8.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Nafarroako Gobernuko iragarki oholean lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

9._Lehiatzaileen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, eta lehiatzaileen zerrenda (lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik) Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileari igorriko dio espediente osoarekin batera. Hark, behar izanez gero, hasierako lanpostuen kopurua handitzeari buruzko ebazpena emanen du.

10._Lanpostu hutsak hautatzea.

10.1. Lehiatzaileek lanpostu hutsak aukeratzen ahalko dituzte lorturiko puntuazioaren arabera; horretarako, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak ekitaldi baterako deia eginen du.

Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, izangaiek ezin hautatuko dituzte atxikirik dauden zuzendaritza nagusi bereko, erakunde autonomo bereko edo zuzendaritza nagusi baten menpe ez dagoen beheragoko unitate organiko bereko lanpostuak, salbu eta udalerria, zentroa edo lanaldia, osokoa edo partziala, aldatzen bada, erregelamendu horretako 8. artikuluaren 3. idatz-zatiko b), c) eta d) letretan xedatu bezala.

10.2. Behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xedeko lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11._Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

11.1. Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak, ebazpen bidez, dagokien lanpostua esleituko die lehiatzaileei, eta hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

11.2. Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

12._Aurkeztutako dokumentazioa.

12.1. Hautagaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkez daiteke, lanpostuak esleitzeko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

12.2. Aurreko atalean ezarritako epea agiriak berreskuratu gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari; horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, agiri horiek gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiri horiek berreskuratzen ahal dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13._Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen eta bere arauen kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra (epaimahaiak hartutakoak izan ezik) zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barne zuzendari nagusiari igorria, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2007ko apirilaren 27an. Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzailea, David Sainz Jiménez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

.................................................. izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko eskabidea. Deialdia ...........(e)ko ...........aren .....(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (..... zk.).

1._Datu pertsonalak

Deiturak eta izena:

Jaiotze eguna eta tokia: ....................... NANa

Helbidea: ......................................... P.K.

Etxeko telefonoa: ........................... Lantokiko telefonoa:

2._Datu administratiboak

a) Zer lanpostutarako izendatu zuten:

f Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa.

f Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa.

f Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako estatutupeko langilea.

f Lan-kontratudun finkoa.

f Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa.

b) Administrazio egoera

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitaezko eszedentzian.

(X batez markatu behar den kontzeptua)

c) Egungo destinoa:

Lanpostua:

Jabetza-hartzearen eguna:

Departamentua:

Zerbitzua:

Atala:

Bulegoa:

Erakunde autonomoa:

c) Zein maila edo taldetakoa den: ................

3._Nik, izenpetzaileak, adierazten dut eskabideak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen ditudala.

4._Eskabidearekin batera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren agiriak eta alegatu ditudan merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu ditut, .......(e)tik ........... (e)ra numeratuak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

5._Adierazten dut euskarazko gaitasuna neurtzeko proba egin nahi dudala*

6._Adierazten dut frantses eta ingeles maila neurtzeko proba egin nahi dudala (*)

Horrenbestez,

Eskatzen dut deialdi honetan onar nazatela.

Iruñean,........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen balorazioa egiteko, puntu bat emanen zaio, urteko, deialdia argitaratzen den egunean onetsitako antzinatasunari.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio.

2. a) atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntu izanen da.

3. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aurretik zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen kontuan hartuz.

3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu eta/edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere, puntu bat. Epaimahaiak baloratuko du, haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira

2. Baremoaren b) ataleko puntuazioa 10 puntukoa da, gehienez.

Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

_Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 2 puntu gehienez.

_Euskaraz jakiteagatik: destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetarako 2,20 puntu gehienez, plantilla organikoan euskara jakitea beharrezkotzat hartu ez bada, eta destinoa eremu mistoan dutenetarako 2,10 puntu gehienez, betiere, plantilla organikoaren arabera, lanpostu horretan aritzeko euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen baldin bada.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatutako azterketak egiten ahal ditu; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: F0707641