64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

141/2007 FORU AGINDUA, maiatzaren 4koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko bulegoen egitura organikoa partez aldatzen duena.

Kontratazio eta Aseguruen Atalari atxikitako Kontratazio Publikorako Batzordeak eskuratu dituen eginkizunen ondorioz Ondare Zerbitzuan behar gehiago sortu direnez, beharrezkoa da Ondare Zerbitzuko Laguntza Juridikoaren Bulegoaren eginkizun batzuk aldatzea eta bulego berri bat sortzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, 24.4 artikuluan, ezartzen du bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzea, unitate horiek non sartuko diren, departamentu horretako kontseilari titularraren foru aginduaren bidez eginen dela.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko bulegoen egitura organikoa partez aldatzea. Hona aldaketak:

1._Laguntza Juridikoaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondarearen kudeaketaren eta kontratazioaren espedienteen tramitazioan aholku juridikoak ematea Ondare Zerbitzu osoari.

b) Ekonomia eta Ogasun Departamentuak tramitatzen dituen kontratazio espedienteetan aholku juridikoak ematea.

c) Ondare-erantzukizuneko espedienteak tramitatzea, horien ebazpena Ekonomia eta Ogasun Departamentuari badagokio.

d) Foru Komunitateko Administrazioaren ondare-erantzukizuneko asegurua eta kalte asegurua kontratatzeko espedienteak tramitatzea.

e) Ondare Zerbitzuari dagozkion arloetako arauen proiektuak prestatzea eta, beste departamentu batzuekin lankidetzan arituz, kontratazio administratiboaren arlokoak ere.

f) Kontratazio Administratiboko Batzordeko idazkaritza lanetan laguntzea:

1) Txostenak egitea.

2) Erreklamazioak tramitatzea.

3) Kontsultei erantzutea.

4) Agiri orokorrak prestatzea.

g) Aurreko guztiekin zerikusia izanik, esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

2. Barne Araubidearen eta Dokumentazioaren Bulegoa sortzea. Kontratazio eta Aseguruen Atalari atxikiko zaio eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontratazio Administratiboko Batzordeko idazkaritza lanetan laguntzea, batez ere arlo hauetan:

1) Bilkurak (deialdiak, aktak eta ziurtagiriak).

2) Argitalpenak eta dokumentazioa:

_Batzordearen txostenak argitaratzea.

_Arauen eta doktrinen bildumak.

_Batzordearen urteko memoria argitaratzea.

b) Kontratazioen legezkotasuna begiratu eta behar diren neurriak hartzea ahalik eta koordinazio, ekonomia eta efikaziarik handiena lortzeko Foru Komunitateko Administrazioak sinatzen dituen kontratuetan.

c) Nafarroako Kontratazioaren Atariaren erabilerak kudeatzea.

d) Ondare Zerbitzuaren eginkizunekin zerikusia izanik, esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 4an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0707634