64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

106/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 16koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, produktu fitosanitarioen eta bestelako plagiziden erabilerari buruzko argibideak erregistratzeko fitxa eredua ezartzen duena.

1991ko uztailaren 15eko 91/414/EEE Zuzentaraua, produktu fitosanitarioen merkaturatzeari buruzkoa, azaroaren 4ko 2163/1994 Errege Dekretuaren bidez bildu zen Espainiako legerian. Errege dekretu horren bidez, produktu fitosanitarioak merkaturatu eta erabiltzeko baimena emateko Europar Batasuneko sistema harmonizatua ezarri zen. Zuzentarau hark xedatzen duenez, Batasuneko kide diren estatuek behar diren neurriak hartuko dituzte produktu fitosanitarioak zuzentasunez erabili daitezen eta haien erabilera kontrolatua izan dadin, ezarririko betebehar guztiak betetzen direla egiaztatu ahal izateko.

Europar Batasuneko legeria berria Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2002ko urtarrilaren 28an eman 178/2002 EE Erregelamenduan biltzen da. Horren bidez, elikagaiei buruzko legeriaren orotariko irizpide eta betebeharrak ezarri, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak zehaztu ziren. Xedapen batzuen bidez elikagaien eta pentsuen higienearen arloa garatu ziren. Elikagaien kateko operadoreei dagozkien eginbeharrak indartu eta sistematizatu dira, elikagai seguru eta osasungarriak ekoizten dituztela bermatzeko.

Halaber, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2004ko apirilaren 29an eman 852/2004 EE Erregelamenduak, elikagaien higieneari buruzkoak, 4.1 artikuluan, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2005eko urtarrilaren 12an eman 183/2005 EE Erregelamenduak, pentsuen higienearen arloko betebeharrak zehazten dituenak, 5.1 artikuluan, xedapen batzuk eman dituzte eta horiek betetzeko beharrezkoa da nekazaritza ustiategietan erabiltzen diren produktu fitosanitarioak eta biozidak kontuan hartzea.

Arauzko esparru horretan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak otsailaren 9ko APA/326/2007 Agindua eman du, nekazaritza eta oihan ustiategien titularrek produktu fitosanitarioen erabilerari buruzko argibideen erregistroaren arloan dituzten eginbeharrak ezartzen dituena.

Bidezko da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak fitxa eredua ezartzea nekazaritza ustiategien titularrek produktu fitosanitarioen erabilerari buruzko oharrak hartzeko eta elikagai eta pentsu gisa janak izateko uztak merkaturatzeko, ministerioaren agindu hartan xedaturikoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da produktu fitosanitarioen eta bestelako plagiziden erabilerari buruzko argibideak erregistratzeko erabiliko den fitxa eredua onestea, otsailaren 9ko APA/326/2007 Aginduko 1. artikuluan xedatu bezala.

2. artikulua. Fitxa bete behar duten subjektuak.

Nekazaritza edo oihan ustiategien titularrak izanen dira aurreko artikuluan aipatzen diren argibideak erregistratu behar dituzten subjektuak, horietan elikagai edo pentsu gisa janak izateko landareak sortzen badituzte. Otsailaren 9ko APA/326/2007 Aginduko 2. artikuluan xedaturikoarekin bat, elikagai enpresen ustiatzailetzat joko dira.

3. artikulua. Fitxa eredua.

1. Argibide horiek erregistratzeko erabiliko den fitxa eredua foru agindu honen eranskinean ageri da eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es (zerbitzuak / zerbitzu guztiak / "ámbito rural") atarian eta nekazaritza bulegoetan eskuratzen ahalko da.

2. Nekazariek fitxan eskatzen diren argibideak gaurkoturik erregistratu beharko dituzte, paperean edo euskarri informatikoan.

3. Ulertuko da aurreko atalean aipatzen den betebeharra betetzen dela nekazariak, beste helburu edo konpromiso batzuetarako, ustiategiaren argibideen erregistroa gaurkoturik daukanean, bertan gutxienez ere argibide haiek agertzen badira.

4. Nekazariak hala nahi izan duelako edo burutzen den ekoizpen sistemak beharturik, plagizidak analizatuz gero eta zerbitzu ofizialek jakinarazirik, haren uztak kontrolatuz gero, kasuan kasuko analisiaren buletina erantsi beharko da, non laginduriko laborantza edo uzta, atzeman diren gai aktiboak, analisi buletinaren zenbakia eta laborategia agertuko baitira.

4. artikulua. Kontrola eta frogagiriak.

1. Erregistro hori produktu fitosanitarioen erabileraren arloko xedapenak betetzen direla egiaztatzeko kontrol ofizialetan eskatuko da. Xedapen horiek produktu fitosanitarioak merkaturatu eta erabiltzeko baimena emateko Europar Batasuneko sistema harmonizatua ezarri zuen azaroaren 4ko 2163/1994 Errege Dekretuan eta Landareen Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legean ezarri ziren.

2. Fitxa ustiategian gutxienez ere bi urtez egonen da agintaritza eskudunaren esku, nekazaritza kanpaina bakoitza bukatzen denetik hasita.

3. Nekazariek agiri hauek ere eduki beharko dituzte agintaritza eskudunaren esku:

a) Erregistroan ustiategiaren argibideen oharrak egin direla frogatzen duten agiriak, hala nola, fitosanitarioen erosketako fakturak, uzta aurkezteko agiriak, erosketako faktura, enpresa zerbitzuekiko kontratuak eta, ustiategiaren erregistro zenbakia eduki ezik, ustiategiaren titularraren identifikazio fiskalerako zenbakiko agiria.

b) Ustiategia osatzen duten lurzatien zerrenda, Nekazaritzako Politika Bateratuaren Informazio Geografikoaren Sistema-SIGPACeko erreferentzien bidez.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko otsailaren 9ko APA/326/2007 Aginduan xedatu bezala eginen da.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko apirilaren 16an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0707807