62. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 18a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

CINTRUENIGO

Deialdia, udaltzain laguntzaile lanpostuan eta aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, betiere Cintruenigoko Udaltzaingoan sortzen diren beharrak bete ahal izateko

ARAUAK

1._Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da udaltzain laguntzaile lanetan aritzeko 2 izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzea, gero administrazio araubideko aldi baterako kontratazioak egiteko, betiere Cintruenigoko Udaltzaingoan sortzen diren beharren arabera, hori guztia ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduko 42.2.c) artikuluan, urriaren 14ko 213/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginean, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduan eta Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian, aplikatzen ahal diren gainerako arauetan eta deialdiko oinarrietan xedatutakoari jarraikiz.

1.1. Udaltzain laguntzaileen eginkizunak:

a) Cintruenigoko Udalaren ondasunak, zerbitzuak, eraikinak eta instalazio ofizialak zaindu edo gordetzea.

b) Herri barrenean zirkulazioa antolatu, seinaleztatu eta zuzentzea, zirkulazio arauetan ezarritakoarekin bat.

c) Polizia administratiboaren lanak, ordenantzei, bandoei eta herriko beste xedapen batzuei dagokienez, kidegoaren eskumenen esparruan.

d) Istripuetan eta larrialdietan sorospena ematea, babes zibilari buruzko legedian ezarri bezala.

e) Espazio publikoak zaintzea eta jaialdi, kultur ekitaldi eta gisako elkarretaratze handietan ordena zaintzen laguntzea Cintruenigoko Udaltzaingoari.

f) Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

g) Segurtasun Indar eta Kidegoei uneoro laguntzea.

1.2. Dagokien harreman juridiko-administratiboaren indarrez, Cintruenigoko Udaleko udaltzain laguntzaileek, lanean daudela, agintaritzaren agente izaera izanen dute.

1.3. Cintruenigoko Udaleko udaltzain laguntzaileek behar bezala identifikatzeko moduko ezaugarriak eramanen dituzte aldean eta behar den dokumentazioaren bidez frogatuko dute udaltzain izaera. Ez dute sekula eramanen su-armarik.

1.4. Cintruenigoko Udaleko udaltzain laguntzaileei aplikatu beharreko araubidea Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuan administrazio araubidean kontratatzen diren langileentzat ezarritakoa izanen da, foru lege honetan ezarritako salbuespenekin. Langile horiek estatutu horretako D mailan sartuko dira eta osagarri berariazkoa jasoko dute, %18,50ekoa.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hautapen probetan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte, gehienez ere.

c) Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako 1. mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

d) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera, bederen, eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

g) Ibilgailuak gidatzeko B.T.P. eta A motako baimenak izatea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dira aurreko baldintzak, g) letrakoa salbu, hori oinarrizko prestakuntzaren ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 8. oinarrian ezarri bezala.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cintruenigoko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aipatzen diren baliabideen bidez.

Eskabideak I. eranskineko ereduari lotuko zaizkio. Eredua Cintruenigoko Herriko Etxeko bulegoetan eskuratzen ahalko da _Plaza de los Fueros, 1_ edo bertzenaz, argitaratzen den aldizkari ofizialean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia ere aurkeztu beharko dute.

4._Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5._Behin-behineko zerrendak.

Behin eskabideak aurkezteko epea bukatuz gero, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Cintruenigoko Udalaren iragarki oholean.

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6._Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiei buruz ebatzi ondoan, Alkatetzaren Ebazpenaren bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Cintruenigoko Herriko Etxeko iragarki oholean jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertu eta ikusten baldin bada betebeharren bat falta dela, interesatuek deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

7._Epaimahaia.

7.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Epaimahaiburua: Cintruenigoko alkatea.

_Ordezkoa: lehen alkateordea.

_Mahaikidea: Udaltzaingoko kaboa.

_Ordezkoa: udaltzaina.

_Mahaikidea: udaltzaina.

_Ordezkoa: udaltzaina.

_Mahaikidea: Cintruenigoko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat.

_Ordezkoa: Cintruenigoko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat.

_Mahaikide idazkaria: Udaleko idazkaria:

_Ordezkoa: Ana María Marín Fernández.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak gertatzeagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, lehiakide onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8._Hautaproben bilakaera eta balorazioa. Hautapen prozesuak fase hauek izanen ditu:

1. fasea._Hautapenaldia, honako proba hauek izanen dituena:

A._Altuera egiaztatzea:

Probei hasiera eman aurretik, 2.e) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien altuera egiaztatuko da.

B._Lehenbiziko proba.

2. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta daude, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) heldu diren substantziak, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

C._Bigarren proba.

Bi ariketa egin beharko dira:

_Lehenbiziko ariketa: aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik, hizkuntz gaitasuna eta zenbaki, bulego-antolaketa eta ortografiarako gaitasuna neurtzeko.

0tik 25 puntura bitarte kalifikatuko da. Baztertuak izanen dira gutxienez 12.5 lortzen ez dituztenak.

Bigarren ariketa: Cintruenigoko geografia, karrikak, kultura eta arkitektura izanen dira gaiak.

0tik 25 puntura bitarte kalifikatuko da. Baztertuak izanen dira gutxienez 12.5 lortzen ez dituztenak.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira esaten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

2. fasea._Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa.

100 puntu, eta baztertu eginen dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Oinarrizko Prestakuntzaren Ikastaroak gutienez ere 120 ordu iraunen du eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua. Zerrenda hori gehienez ere 2 izangaiek osatuko dute eta horiek onartuak izanen dira prestakuntzako ikastarorako.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek egiaztatu beharko dute, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta bost egun naturaleko epean, 2 oinarriko a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, eta, era berean, oinarri bereko g) baldintza betetzen dutela oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen den egunean; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

_Jaiotze aktaren ziurtagiria, dagokion Erregistro Zibilak luzatua, edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

_Eskola Graduatuaren titulua, LH-1ekoa edo baliokideren batena.

_B.T.P. eta A motetako gidatzeko baimenen fotokopia konpultsatuak

_Eginkizun publikoetarako ezgaituak edo gabetuak ez izatearen zinpeko aitorpena, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatearena.

Epaimahaiak izangai horien osasun azterketa egiteko behar diren neurriak xedatuko ditu, 3. eranskinean zehaztutakoaren arabera, beren gaitasun fisikoa frogatzeko. Bazterturik geldituko dira eskumena duen fakultatiboak egiten duen txostenean "ez gai" agertzen diren izangaiak.

Aurreko izapideak beteta, epaimahaiak jendaurrera aterako du prestakuntza ikastaroan onartuak izan direnen behin betiko zerrenda. Behin-behinekoz onartutako izangairen batek ez badu eskatzen zaion dokumentazioa aurkezten edo osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, bere dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondotik.

Ikastaroa utziz gero, izangaia deialditik baztertuta geldituko da.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaiek hilean D mailako soldataren pareko beka gordina jasoko dute.

Prestakuntza ikastaroa amaiturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak izangaien kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari.

9._Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Behin probaren kalifikazioa bururatuz gero, epaimahaiak argitara emanen du Cintruenigoko Herriko Etxeko iragarki oholean proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako guztirako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda helaraziko dio Alkatetzari, bai eta hautapen prozesuaren espediente osoa ere, hark onespena eman diezaion.

9.2. Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, Cintruenigoko Udaltzaingoaren Alorrean sortzen diren beharren arabera, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

9.3. Kontratatuak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Cintruenigon, 2007ko apirilaren 4an._Alkatea, sinadura ulertezina.

I. ERANSKINA

Izena: .................... , adinez nagusia, NAN/nortasun agiria: ........ jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............ jaioterria (udalerria, probintzia): ............. nazionalitatea: ................ egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............ telefonoa: .........

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

Cintruenigoko Udalaren zerbitzuko udaltzain laguntzaile lanpostuan eta aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdian (.....eko .....: bon.ean, ...... egunean argitaratua) onartua izatea.

Datuen babesa._Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla baliatuko eta Cintruenigoko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Cintruenigoko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko karrika, 131592; 31001 Iruñea).

Cintruenigon, 20....ko ................aren ..........(e)an.

(Sinadura)

2. ERANSKINA

Lehen probako ariketak

1._Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez bertze baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Nola egin: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Puntuazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOAK

55" baino gehiago 58" baino gehiago Ez gai

55" edo gutiago 58" edo gutiago Gai

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2._Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzen denean.

b) Izangaia bere kaletik ateratzen denean.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

d) Seinale akustikoa entzutean marra zapaltzen ez badu hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, lineatik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken seinalera arte kontatuko da.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOAK

10 baino gutiago 8 baino gutiago Ez gai

10 edo gehiago 8 edo gehiago Gai

3._Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren gibelean.

Nola egin: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago. Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak grafikoan).

Abiadura - zalutasun (Barrow testa)

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Zutoin bat botatzea.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzea.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek bukatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOAK

25"8 baino gehiago 27"8 baino gehiago Ez gai

25"8 edo gutiago 27"8 edo gutiago Gai

3. ERANSKINA

Baztertze taula

1._Altuera.

_Gutxieneko altuera:

1,70 metro, gizonezkoena.

1,65 metro, emakumezkoena.

2._Loditasuna.

Ondoko formula erabiliz, pisu teorikoa baino ehuneko 15 gehiagoko loditasuna:

Pisu teorikoa = (taila cm-tan - 100) x 1,1.

3._Behin-behinekoz bazterturik.

Ondoriorik izaten ahal duten eritasun edo lesio larriak, osasun azterketa egiten den momentuan aktibo direnak, poliziaren eginkizunak bete ahal izatea oztopatu edo galaraz dezaketenak. Kasu hauetan, eritasuna nolakoa den eta hautapen prozeduraren arabera, osasun azterketarako bertze epe bat ematen ahal da.

4._Behin betikoz bazterturik.

4.1. Begiak eta ikusmena.

4.1.1. Begi zolitasuna, zuzenketarik gabe ohikoa den ikusmenaren bi herenak baino txikiagoa bi begietan.

4.1.2. Keratomia erradiala.

4.1.3. Erretina erortzea.

4.1.4. Estrabismoa.

4.1.5. Hemianopsiak.

4.1.6. Diskromatopsiak.

4.1.7. Bertzelako prozesu patologikoak, Epaimahai Medikoaren ustetan, begi zolitasunari nabarmenki traba egiten diotenak.

4.2. Belarria eta entzumena.

Belarri zolitasunari dagokionez, 35 dezibeliotan 1.000 eta 3.000 hertzio bitarteko galera izatea edo 45 dezibeliotan 4.000 hertziokoa.

4.3. Bertzelako baztertzeak.

4.3.1. Ibiltze aparatua: Ibiltze aparatuaren akatsak, udaltzain laguntzaile lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak, edo lanpostuan aritzearen ondorioz, epaimahai medikoaren ustetan, areagotzen ahal direnak (gorputz-adarretako hezur patologia, artikulazio edo giharretan sorburu duten atzerapen edo funtzio mugapenak, bizkarrezurreko akatsak eta hezur, gihar edo artikulazioetako beste gaitz batzuk).

4.3.2. Digestio aparatua: epaimahai medikoaren ustetan, udaltzain laguntzaile lanpostuan aritzea galarazten duen digestio-gaitza.

4.3.3. Bihotz-hodietako aparatua: Edozerk eragindako hipertentsio arteriala; atsedenean hartutako zifrek ez dute presio sistolikoan 145 mm Hg.-tik goitikoak izan behar, ezta presio diastolikoan 90 mm Hg.-tik goitikoak ere; barize edo zain-gutxiegitasun periferikoa, baita epaimahai medikoaren iritziz udaltzain laguntaile lanpostuan aritzeko trabagarri izan daitekeen bertze patologia edo bihotz-hodietako lesio guztiak ere.

4.3.4. Arnas-aparatua: bronkioetako asma, bronkopatia kroniko eragozlea, biriketako tuberkulosi aktiboa, eta bertzelako gaitz patologikoak, polizia lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak.

4.3.5. Nerbio sistema: epilepsia, depresioa, txaketenak, edozein motatako daldarak, alkoholismoa, toxikomaniak eta polizi lanean aritzea eragozten ahal duten bertzelako gaitz patologikoak.

4.3.6. Larruazala eta fanerak: psoriasia, ekzema, funtzio murriztapena dakarten orbainak eta bertzelako gaitz patologikoak, polizi lanpostuan aritzeko galarazi edo mugatzen badute.

4.3.7. Bertzelako gaitz patologikoak: diabetesa, aktibo dauden eritasun kutsakorrak, sexu bidezko eritasunak, eritasun inmunologiko sistemikoak, intoxikazio kronikoak, hemopatia larriak, sortzetiko malformazioak, psikosiak eta epaimahai medikoaren ustetan polizi lanpostuan aritzea galarazi edo oztopatzen duten bertzelako prozesu patologikoak.

Iragarkiaren kodea: L0705944