62. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

157/2007 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez onetsi da Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa, S.A. enpresa publikoari mandatua egitea "gazte nafarren izaera ekintzaileari sostengua eman eta sustatzeko ekintzak gauzatzeko".

Gazteria Zuzendariordetzako Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Atalak txosten bat aurkeztu du, adierazteko ezen Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 77/2006 Foru Dekretuan ezartzen dela Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Atalak garatu behar dituela gazteriaren arloko zeharkako politikak, bai eta departamentuen arteko programak koordinatu edo bete ere.

Era berean, adierazten da aipatutako txostenean foru dekretu horretan ezartzen dela Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren helburuetako bat dela gazteen autonomiari laguntzea, lanpostu egonkorrak eta beren prestakuntzarekin bat datozenak lortzeko aukerak hobetzeko bada; hortaz, ulertzen da autoenplegua eta izaera ekintzailea sustatzeak baldintza hori betetzen duela.

Horrez gain, txosten horretan adierazten denez, Nafarroako Gobernuak, 2004ko martxoaren 8an hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jo zuela Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa, S.A. sozietatea.

Kudeaketa mandatuei dagokienez, Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak bere aplikazio esparrutik kanpo uzten ditu foru lege horren beraren mendeko entitateek beren entitate instrumentalei egiten dizkieten mandatuak, obra, hornidura edo laguntza kontratuei dagozkien prestazioak egin ditzaten, baldin eta mandatua artikulu horretan adierazitako eran egiten bada. Bestetik, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko azaroaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuek egin ditzatela agintzeko, dela eragingarriagoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Azkenik, txostenak aipatzen du CEIN, S.A.k esperientzia zabal eta aitortua duela enpresa berriak sortu eta gizartean balio ekintzaileak bultzatzeko ekintzak antolatzen eta gauzatzen; hori dela eta, komenigarria da antzeko jarduketen mandatua egitea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren interesekoak baitira, gazte nafarren izaera ekintzaileari bultzada eta laguntza emateko asmoaren barruan.

Ondorioz, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azoaren 6ko 77/2006 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa, S.A. enpresa publikoari, 2007an eta 33.000 euroko zenbatekoarekin (hogeita hamahiru mila euro), "Gazte nafarren izaera ekintzaileari sostengua eman eta sustatzeko ekintzak gauzatzeko" mandatua egitea, eta mandatua formalizatzeko testua onestea. Sozietateak A-31.326.861 I.F.Z. du, eta helbidea Noaingo Mocholi industrialdean (Nafarroa).

2. 33.000 euroko (hogeita hamahiru mila euro) gehieneko gastua baimentzea, mandatuan emandako lanaren ordainketa egiteko. Lana honela garatuko da:

_Lehiaketa bat antolatzea, 35 urtez beheitikoentzat, gazte ekintzaileen negozio ideia berritzaileak sarituko dituena, enpresa berrietan gauzatzea bultzatuz. Zenbatekoa: 6.000 euro.

_Lehiaketa bat antolatzea, unibertsitateko gazteentzat, unibertsitateko gazteen izaera ekintzailea zabaldu, unibertsitatearen munduak izaera ekintzailea sustatzen inplikazio handiagoa har dezan bultzatu eta sormena eta berrikuntza saritzeko. Zenbatekoa: 12.000 euro.

_2007ko martxoaren 14an "Ekintzailearen Eguna" antolatzea Nafarroan, xede hauekin: gazte nafarren artean izaera ekintzailea bultzatzea, ezagupenen eta esperientzien trukaketaren bidez; harreman berriak ezartzea; zerbitzuak, lehiaketak aurkeztea, etab. Zenbatekoa: 15.000 euro.

Mandatua formalizatzeko testua Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eta Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa, S.A. enpresak izenpetuko dute, eta bertan adieraziko diren baldintzetan ordainduko dira zenbateko horiek 2007an, Nafarroako 2007ko Aurrekontu Orokorren "Zeharkako Ekintzak" izeneko 940003- 95210-2269-232102 kontusailaren kargura.

3. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kontu-hartzaile Delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuko Zuzendaritzari, Gazteria Zuzendariordetzari, Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Atalari eta Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa, S.A.ri. Aditzera ematen da, ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluekin bat.

Iruñean, 2007ko martxoaren 14an._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Javier Trigo Oubiña.

Iragarkiaren kodea: F0705234