62. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

42/2007 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, Europako Dokumentazio Zentroak Nafarroako Foru Komunitateari ematen dizkion zerbitzuei buruz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak izenpetuko duten hitzarmenaren testua onesten duena.

Ikusirik Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak aurkeztu duen txostena, Europako Dokumentazio Zentroak Nafarroako Foru Komunitateari eta Nafarroako unibertsitario guztiei ematen dizkien zerbitzuei buruzko lankidetza hitzarmena -1991. urteaz geroztik etengabe izenpetu eta luzatua_ berriz izenpetzeari eta hitzarmen hori 2007. urtean finantzatzeko 15.141,00 euroko gastua onesteari buruzkoa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluan Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen otsailaren 24ko 43/2005 Foru Dekretuari dagokionez xedatutakoari jarraikiz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko hitzarmenaren testua onestea. Foru agindu honen eranskinean dago.

2. Hitzarmen honen 2007ko finantzaketa, 15.141,00 euro alegia, Hezkuntza Departamentuaren gastu aurrekontu indarduneko "Europako Dokumentazio Zentroarekiko Hitzarmena" izeneko 431000-43100-4819- 322300 kontusailaren kargura ordainduko da.

3. Ebazpen hau eta hitzarmena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta Hitzarmenaren testua igortzea Nafarroako Unibertsitateari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Unibertsitateko Hedapen Atalari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Administrazio Orokorreko Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2007ko martxoaren 8an._Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, EUROPAKO DOKUMENTAZIO ZENTROARI BURUZ

Iruñean,

ESKU HARTZEN DUTE:

Alde batetik, Pedro Pegenaute Garde jauna, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia.

Eta bestetik, Angel José Gómez Montoro jauna, Nafarroako Unibertsitateko errektorea.

Bi alderdiek elkarri aitortzen diote behar besteko gaitasuna eta ahalmen nahikoa hitzarmen hau ezartzeko. Horretarako

ONDOKOA AZALTZEN DUTE:

Lehenbizikoa._Ezagutzaren gizarte honetan zientzia, hezkuntza eta kultura nazioarteko bihurtzeak eta Europako konbergentziaren prozesu geldiezinak bultzatu dituzte gure erakundeak Nafarroako herritarrei informazioa eta ezagutza helaraztera Europako ingurune komunari buruz eta bertan sartzeari buruz, Nafarroako Foru Komunitatea ez baita testuinguru horretatik kanpo gelditu.

Bigarrena._Nafarroako Gobernuaren eskumenetako bat, zehazki Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiarena, unibertsitate jarduerak sustatzea da, bi jomuga dituztenak: Boloniako Prozesua, batetik, eta bestetik, Europako Goi Mailako Ikasketen Esparrua eta Europako Ikerketa eta Prestakuntza Etengabeko Guneak sortzea.

Hirugarrena._Europako Dokumentazio Zentroa Europako gaietan espezializaturiko zentro bat da, Europako Batzordeak Nafarroako Unibertsitateari emandakoa 1985eko martxoaren 8an. Haren xede nagusia izan da beti zerbitzua ematea Nafarroako gizarte osoari eta bereziki Europako Erkidegoko gaiekiko interesa duten guztiei.

Laugarrena._1991. urteaz geroztik, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Unibertsitatea lankidetzan aritu dira Europako gaien zabalkundean, urtez urte lankidetza hitzarmenak izenpetuz; haietako azkena, 2003., 2004. eta 2005. urteetarako izenpetua, 2005eko abenduaren 31n amaitu zen.

Bosgarrena._Horiek horrela, Europako Dokumentazio Zentroari buruz Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena onestea proposatzen da. Hauexek dira

KLAUSULAK

Lehenbizikoa._Hitzarmen honen asmoa da Nafarroako Unibertsitateko Europako Dokumentazio Zentroak Nafarroako Foru Komunitateari eta bereziki Nafarroako unibertsitario guztiei eskaintzen dien zerbitzua ematen jarraitzea.

Bigarrena._Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz, hauexek dira Europako Dokumentazio Zentroak bere gain hartzen dituen konpromisoak:

a) Nafarroako Gobernuko departamentu guztien eta Nafarroako unibertsitate entitate eta organo guztien eta unibertsitateko irakasle nahiz ikasle guztien kontsultei erantzutea, Nafarroako Unibertsitatean ezarritako baldintza berdinetan.

b) Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira igortzea Europar Batasuneko erakundeek Europako Goi Mailako Ikasketen, Ikerketaren eta Prestakuntza Etengabearen Guneei buruz eta Europako Erkidegoko hizkuntzei buruz sortzen dituzten agiri guztiak.

c) Unibertsitate entitate eta organoetan eta Nafarroako Gobernuko departamentuetan zabaltzea Europako Erkidegoko informazioa, interesekoa izan dezaketena, espresuki eskatzen zaienean.

d) Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak eskaturik, Nafarroako Gobernuko langileak prestatzen laguntzea Europako Erkidegoko gaiei buruz, zentroak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetarako bidea erraztuz.

Hirugarrena._Akordio honetan xedatutakoa behar bezala betetzen dela begiratzeko, jarraipen batzorde bat eratuko da, kide hauek izanen dituena: Nafarroako Gobernuko bi ordezkari, Europako Dokumentazio Zentroko bi ordezkari eta, egokia iruditzen bazaie, Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi ordezkari.

Laugarrena._Europako Dokumentazio Zentroak bere gain hartutako konpromisoen ordainetan, Nafarroako Gobernuak 15.141,00 euroko dirulaguntza emanen dio 2007. urterako. Zenbateko hori 2007ko aurrekontuaren kargura ordainduko da, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak adostasun txostena eman ondoren. Horretarako, Europako Dokumentazio Zentroak, Dirulaguntzei buruzko Legearen 9. artikuluko b) letrari jarraikiz, aurtengo abenduaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du dirulaguntzaren xede diren jarduerei buruzko txosten tekniko bat; bertan behar bezala eta zehatz-mehatz islatu beharko dira Hitzarmenaren bigarren klausulan aipatzen diren konpromisoak. Horrekin batera, txosten ekonomikoa ere aurkeztu beharko da, dirulaguntzaren bidez finantzaturiko jardueren aitorpen bat barne, egindako gastuen frogagiriak erantsirik, hori guztia Dirulaguntzei buruzko lege indardunaren 9. artikuluko c), f) eta g) letrekin eta 27. artikuluko 2) eta 3) idatz-zatiekin bat.

Bosgarrena._Dirulaguntzei buruzko Legeari jarraikiz, Europako Dokumentazio Zentroak honakoak bete beharko ditu:

a) Jasotako dirulaguntzaren berri ematea modu egokian, 15. artikuluko 2. idatz-zatian adierazten den bezala.

b) 9. artikuluko d) idatz-zatiari eta 27. artikuluko 4. idatz-zatiari jarraikiz, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, administrazioari horren berri ematea; informazio hori akordio honen laugarren klausulan aipatzen den txosten ekonomikoan ere jaso beharko da.

c) 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren debekuetako bat bera ere ez duela frogatzea, erantzukizuneko aitorpena aurkeztuz, eskatzaileak egiletsia. Betiere, administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako aitorpen edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko (13. artikuluko 7. idatz-zatia).

Seigarrena._Hitzarmen honek 2007ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta ordutik aurrera izanen ditu ondorioak bi alderdientzat; 2007ko abenduaren 31n amaituko da haren indarra, eta luzatzen ahal da 2007. urtera arte bi alderdiek erabakita. Edozein kasutan, aurrekontuetan horretarako kontusaila egotearen menpe izanen da.

Hala ere, alderdiek edozein unetan aldatu edo amaitutzat jotzen ahal dute hitzarmen hau, hori egiteko ados daudela idatziz adierazten badute.

Zazpigarrena._Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiten ahal ditu, bereziki kontabilitate liburuak eta erregistro eginbidetuak eta jasotako funtsen aplikazioak frogatzen duten agiriak eskura izan eta erabili, aipatutako Dirulaguntzei buruzko Legearen 9. artikuluko f) eta g) letretan xedatzen den bezala.

Hitzarmen hau administratiboa da, eta aplikatzekoa zaio, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa. Hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak interpretatuko du edukia, eta horrek eragindako arazoei buruzko informazioa eduki eta ebazpena ematea auzitegi eskudunei dagokie, auzi administrazioarekiko prozeduraren bidez.

Eta adostasunaren adierazgarri, Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute lehentxeago esandako egunean eta tokian.

Nafarroako Gobernuaren izenean Pedro Pegenaute Garde jauna, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia.

Nafarroako Unibertsitatearen izenean Nafarroako Unibertsitateko erretorea, Angel José Gómez Montoro.

Iragarkiaren kodea: F0704547