62. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

277/2007 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Lan zuzendari nagusiak emana, "Iruñeko Udala", enpresaren lan hitzarmen kolektiboa hein batean aldatzeko akordioa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 30/2005).

Departamentu honetan 2007ko martxoaren 20an sartu da "Iruñeko Udala" enpresako indarra duen lan hitzarmen kolektiboa hein batean aldatzeko akordioa, negoziazio batzordeak izenpetua. Lan hitzarmena 2005ko 46. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 18an (espediente zenbakia: 30/2005).

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan aipatzen diren lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, eta hori Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, eta kontuan izanik Hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan xedatutakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. "Iruñeko Udala" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3100732) hein batean aldatzeko akordioa, 2007ko martxoaren 13koa, erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 27an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

"IRUÑEKO UDALA" ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA HEIN BATEAN ALDATZEKO AKORDIOA

Akordio honen bidez Iruñeko Udaleko lan-kontratudunen lan hitzarmena aldatzen da. Hitzarmena Tokiko Gobernuko Batzarrak, 2005eko otsailaren 15ean hartutako erabakiaren bidez, onetsi zuen eta urte bereko apirilaren 18an argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Lan zuzendari nagusiak emandako 193/2005 Ebazpenaren bidez.

Bildurik, UGT sindikatua eta Udal Administrazioa

Erabaki dute:

1. 21.2 artikuluari beste lerroalde bat gehitzea, bigarrena, testu honekin:

21.2. Bitarteko langileak (administrazio nahiz lan araubidean) kontratatuak dituzten udal zerbitzuak, lehiaketa bidez zerbitzu-enpresa bat hasten bada haiek ematen, lehiaketa esleitzeko oinarrien agirian puntuazio berezia eman behar zaio halako langileen kontratazioari, edo nahitaezkoa izan behar du haien lan kontratuen subrogazioa; erreferentziako hitzarmena, berriz, sektoreak bererik ez badu, Nafarroako Garbiketa nahiz Eraikuntzakoa izanen da, kasuan-kasuan.

Bigarren kontratutik aurrera, esleipen lehiaketaren oinarrien agirian ezinbeste baldintza gisa ezarriko da aurreko enpresa adjudikazio-hartzailearen lan kontratuak subrogatu beharra.

2. 2007rako lansariak.

Lantegi-eskolako ikasleak: 2006ko lansariei %2,1eko gehikuntza ezartzea, eta 30 euroko igoera lineala hilean, 18 urtez goikoentzat nahiz beheitikoentzat (14 ordainsari).

Igoera kontura ordainduko da Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak behin betikoz onetsi arte.

3. Iruñeko Udaleko funtzionarioek duten txandako osagarria aplikatzea, baldintza berdinetan (kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren %6).

4. Finko jarraigabeei deitzea

Lehendabiziko kontratuaren kasuan, deia administrazioan aitortutako antzitasunaren arabera eginen da.

Hurrengo deian, kontratua antzinatasun handiena duen bigarrenari eskainiko zaio, eta horrela gainerakoekin.

Finko jarraigabeen zerrenda ahituta, berriz hasiko da aipatutako zikloa.

Iragarkiaren kodea: F0705756