62. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1397/2007 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onesten duena.

Maiatzaren 23ko 208/1991 Foru Dekretuak laguntza esparrua ezartzen du Nafarroan kokatuta dauden enpresen lehiakortasuna bultzatzeko.

Deialdi hau prestatzeko 2004-2007 urteetarako Nafarroako 2. Plan Teknologikoan ezarririko irizpideak eta, bereziki, aurreko deialdietan, xede berarekin egin diren balorazioak hartu dira kontuan. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen, 2003ko apirilaren 14ko Erabakiaren bidez.

2007ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2006 Foru Legearen 30. artikuluak ahalmena ematen dio Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari gastu-konpromisoak hartzeko kasuko ekitaldiaren ondorengo aurrekontuen kargura, lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak emateko, baldin eta urteko konpromiso horiek gainditzen ez badituzte aurreko ekitaldian xede horretarako finkatutako zenbatekoak.

Halaber, Nafarroako Gobernuak, 2006ko martxoaren 20ko Erabakiaren bidez, baimena eman du dirulaguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean eman daitezen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Azkenik, adierazten da lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak Europar Batasuneko FEDER funtsekin batera finantzatuko direla.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak finantzatzeko gastua baimentzea. Gastu horiek 2007ko ekitaldiko hurrengo kontusailetatik finantzatuko dira, harturiko eskaeren arabera kontusailen artean izan litezkeen doitzeak eta ekitaldiko aurrekontuan dagoen diruaren arabera esleituriko zenbatekoak handitzeko aukera galarazi gabe:

840001/81200/4709/467300 kontusailetik 62.792,73 euro.

840001/81200/4709/467302 kontusailetik 63.493,86 euro.

840001/81200/4819/467300 kontusailetik 56.592,65 euro.

Guztira: 182.879,24 euro.

Ondorengo ekitaldietarako, gastua kasuko aurrekontuko kontusailaren kargura pagatuko da, aurreko urteetakoen kopuru berean 17/2006 Foru Legearen 30. artikuluan ezarritakoari jarraikiz:

KONTUSAILA 2008. URTEA (euro)

840001/81200/4709/467300 600.000,00

840001/81200/4709/467302 2.000.000,00

840001/81200/4819/467300 400.000,00

Guztira 3.000.000,00

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 9an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

ERANSKINA

Lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzetarako 2007ko deialdiko arauak

1. araua._Xedea.

Dirulaguntza hauek bi onura dakarzkiote jendeari. Alde batetik, enpresak berritzeko proiektu eta prozesuak bultzatzen dituzte, haien lehiakortasuna hobetzearren. Bestetik, hedapena, sentsibilizazioa eta erakusketa sustatzen ditu, enpresen artean berrikuntzaren kultura zabaltzearren.

Jarduera hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

A._Kudeaketa sistemak.

B._Berrikuntzak.

_Antolakuntza arloa

_Diseinu arloa

_I+G+b arloa

_Kooperazio arloa

_Informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloa

C._Langile teknikoen prestakuntza.

D._Dinamizatu eta sentsibilizatzea.

2. araua._Onuradunak.

Onuradun izan ahal izateko, dirulaguntza hauek eskatzen dituztenek betebehar hauek bete beharko dituzte:

1. Pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira, jarduera ekonomikoa burutzen dutenak eta Nafarroan daudenak.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezartzen dituen baldintza orokorrak bete beharko dituzte eta, horretarako, laguntzaren eskatzaileek "erantzukizunpeko adierazpen" baten bidez (ezarritako inprimaki ereduan aurkeztua) egiaztatzen ahalko dute. Entitate publikoak betebehar orokor horietatik salbuetsiak daude.

3. Halaber, jardueren arabera, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko betebeharrak bete beharko dituzte:

a) A. "Kudeaketa sistemak" izeneko dirulaguntzen eskatzaileek ETE izaera izan beharko dute, mikroenpresen, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak maiatzaren 6an eman 2003/361 Gomendioan xedaturikoaren arabera.

Baldintza hori egiaztatzeko eskatzaileek "ETE izaerari buruzko erantzukizuneko adierazpena" aurkeztuko dute, ezarritako inprimaki ereduan.

Administrazio publikoek eta haien menpeko erakunde eta enpresek ezin izanen dituzte dirulaguntza hauek eskatu.

b) B. "Berrikuntzak" eta C. "Langile teknikoen prestakuntza" izeneko jardueren kasuan, Administrazio Publikoek eta haien menpeko erakunde eta enpresek ezin izanen dituzte dirulaguntza hauek eskatu.

c) D. "Dinamizatu eta sentsibilizatzea" izeneko jardueretarako laguntzen eskatzaileek modu ohikoan eta irabazteko asmorik gabe, beren bitartekoak baliatuz edo elkarte, federazio edo beste integrazio modu batzuen bitartez, enpresei laguntza zerbitzua ematen dieten erakundeak izan beharko dute, baldin eta nortasun juridikoa badute.

Administrazio Publikoen menpeko erakunde eta enpresek ere dirulaguntza hauek eskatzen ahalko dituzte.

3. araua._Dirulaguntzen xede diren gastuak eta diru-zenbatekoa.

Diruz lagundu behar den jardueraren arabera, dirulaguntzen xede diren gastuak eta diru-zenbatekoa ondokoak izanen dira:

Ondoko gastuek ez dute inola ere dirulaguntzarik hartuko:

_Enpresa elkartu edo lotuekin eginiko gastuak, mikroenpresen, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak maiatzaren 6an eman 2003/361 Gomendioan xedaturikoaren arabera.

_Ohiko lankidetzak. Ohiko lankidetza dagoela kontsideratuko da kanpoko zerbitzuak hirugarren aldiz kontratatzen direnean, deialdi honetako dirulaguntzen xede diren kontzeptu bererako.

Jarduera bererako dirulaguntza bigarren aldiz eskatu denean, horren berri eman beharko da, eta dirulaguntza, guztira, ez da izanen jarduketa bakar batendako ezarritako gehieneko mugatik gorakoa.

A._Kudeaketa sistemak.

A.1. Dirulaguntzen xedeko kontzeptuak:

Dirulaguntzen xede izan daitezke kanpo aholkularitzaren gastuak, auditoretzarenak eta ziurtapenarenak, lehen ziurtapena eskuratzeko ondoko hauetan:

_Kalitatea kudeatzeko sistemak, ISO 9000, ISO TS 16949 eta ISO 17025 arauei jarraikiz.

_Lan segurtasunaren eta osasunaren administraziorako kudeaketa sistema OHSAS 18001 arauari jarraikiz.

_Ingurumen kudeaketa diseinua eta garapen - ekodiseinua prozesuan, UNE 150301 arauari jarraikiz.

_I+G+i kudeatzeko sistemak, UNE 166.002 arauari jarraikiz.

_Softwarearen kalitatea kudeatzeko sistemak, ondokoei jarraikiz: ISO/IEC 15504 araua, edo CMNI edo SPICE ereduak, 2. mailatik 5.era bitarte.

A.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa:

Dirulaguntzen xede diren gastuen %40 izanen da dirulaguntza.

A.1 ataleko dirulaguntzaren portzentajeak zehaztuko dira 6. arauan ezarritako irizpideen arabera.

Edonola ere, jarduketa bakoitzeko dirulaguntza, gehienez ere, 20.000 eurokoa izanen da Taldeka egiten diren jarduketen kasuan, 6. arauan ezarri bezala, enpresa bakoitzeko izanen da gehieneko zenbateko hori.

B._Berrikuntzak.

B.1. Dirulaguntzen xede diren kontzeptuak eta laguntzaren gehieneko portzentajea:

B.1.1. Antolakuntza arloa. Dirulaguntzaren xede dira kanpo aholkularitzaren gastuak, ondokoetarako:

_Gogoeta eta plangintza estrategikoa, DAFO azterketa edo kokapenak aztertzeko beste metodologiaren bat erabiliz. Dirulaguntzaren portzentajea %50 izanen da.

_Ezagupena kudeatzea (ezagupena identifikatu, atzeman, ebaluatu, banatu eta aplikatzea). Dirulaguntzaren portzentajea %50 izanen da.

_Hobekuntza teknologikorako planak: produktua, prozesua eta antolaketa, berariazko konponbideak ezartzeko. Besteak beste, jarduera horien artean ondokoak sartuko dira: plantako banaketak, instalazioak tokiz aldatu behar ez direnean edo instalazio berria behar ez denean, biltze eta banatze sistema logistikoak, etab. Dirulaguntzaren portzentajea %30 izanen da.

B.1.2. Diseinu arloa. Dirulaguntzaren xede dira kanpo aholkularitzaren gastuak, ondokoetarako:

_Produktua diseinatzeko: produktu berrien ezaugarri funtzionalak, estetikoak edo ergonomikoak, edo ezaugarri horien diseinua lehendik dauden produktuetara moldatzea. Marketin eta merkatu-azterlanak kanpoan gelditzen dira. Dirulaguntzaren portzentajea %30 izanen da.

_Beste material batzuk nola sartu analizatzeko, eta bizi-zikloa aztertzeko. Dirulaguntzaren portzentajea %30 izanen da.

_Prozesua simulatzeko eta prototipo lasterra egiteko. Dirulaguntzaren portzentajea %30 izanen da.

B.1.3. I+G+i arloa. Dirulaguntzaren xede dira kanpo aholkularitzaren gastuak, ondokoetarako:

_Programa nazional, europar edo nazioartekoetako ikerketa eta garapen teknologikoan parte hartzeko partzuergoak sortzeko negoziazioa eta proposamenen prestakuntza. Proposamenek proiektu zehatzak bildu beharko dituzte. Dirulaguntzaren portzentajea %50 izanen da.

Bidegarritasun tekniko-ekonomikoaren azterlana, I+G+i jarduerak prestatze aldera. Dirulaguntzaren portzentajea %50 izanen da.

_Aurreikuspen teknologikorako tresnak, hala nola, ikuskapen teknologikorako zerbitzuak, benchmarking azterlanak, lehiakortasunaren sustapena eta abar kontratatzea. Dirulaguntzaren portzentajea %50 izanen da.

_Nazioarteko patenteak eskatzeko. Espainian patentea eskatu eta ondoko 30 hilabeteetan sortutako gastua sartuko da.

Atzerrian aurkezturiko eskaeren ezinbesteko betebeharra da haien lehentasuna izatea, Parisko Batasuneko Hitzarmenari jarraikiz, Espainian erabiltzen ahal den patente edo eredu bat eskatzea, nazioarteko PCT eskaera bat, Espainiako Patente eta Marken Bulegoan aurkeztua, hura baita hartu behar duen bulegoa PCT Tratatuaren arabera, edo Europako patente baterako eskaera, Espainiako Patente eta Marken Bulegoan aurkeztua, urriaren 10eko 2424/1986 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Dekretu horren bidez aplikatzen da Europako patenteak emateko hitzarmena, 1973ko urriaren 5ean Munichen prestatu zena.

Eskaerak eginak behar dute izan 2005eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte. Dirulaguntzaren portzentajea %50 izanen da.

B.1.4. Kooperazio arloa. Dirulaguntzaren xede izan daitezke kanpo aholkularitzaren gastuak, helburua denean enpresen arteko egiturak sortzea, jarduera berritzaileekin lotuak, luzaz irautekoak. Lankidetza hori sektorekoa izaten ahal da, edo produktuaren balioaren kateko enpresak hartzen ahal ditu. Dirulaguntzaren portzentajea %35 izanen da.

B.1.5. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloa. Dirulaguntzaren xede dira kanpo aholkularitzaren eta berariazko softwarearen gastuak, ondokoetarako:

_Sistemak ezartzeko, enpresak negoziazio elektronikoko plataformetan parte hartu ahal dezan. Dirulaguntzaren portzentajea %30 izanen da.

_Sistemak ezartzeko, interneten bidez zerbitzuak, berriak edo zaharrak eman ahal daitezen. Dirulaguntzaren portzentajea %30 izanen da.

B.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa:

B.1 ataleko dirulaguntzaren portzentajeak zehaztuko dira 6. arauan ezarritako irizpideen arabera.

Edonola ere, jarduketa bakoitzeko dirulaguntza, gehienez ere, 20.000 eurokoa izanen da. Taldeka egiten diren jarduketen kasuan, 6. arauan ezarri bezala, enpresa bakoitzeko izanen da gehieneko zenbateko hori.

B.3. Dirulaguntzen xede ez diren kontzeptuak:

Ez dira diruz lagunduko webguneak sortu, eguneratu edo mantentzeko proiektuak.

B.1.5 ataleko jarduerak salbu, kasu horretan sistemak ezartzea ahalbidetzen duen berariazko softwarea dirulaguntzaren xedetzat hartuko baita, ez dira diruz lagunduko softwarea eta hardwarea, B."Berrikuntza" izeneko ataleko gainerako jarduerekin loturik badaude.

C._Langile teknikoen prestakuntza.

C.1. Dirulaguntzen xedeko kontzeptuak:

Dirulaguntzen xede dira ondoko jarduerak egiteko matrikula, joan-etorri, lokalen alokairu eta egonaldiko gastuak:

Ikastaroak, prestakuntza ikastaro laburrak, egonaldi laburrak zentro edo enpresetan, Estatuan zein atzerrian. Jarduera hauen xedea da teknologiak ikastea edo enpresa berritzeko jarduerei loturiko prozesu teknologiko berritzaileak ezartzea. Propio eta banan-banan diseinatu edo egokituko dira enpresa edo erakunde bakoitzerako langileak espezializatu eta prestatu daitezen.

C.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa:

Dirulaguntzaren portzentajea dirulaguntzen xede diren gastuen %50 izanen da, 6. arauan aipatzen diren irizpideen arabera. Dirulaguntza, jarduketa bakoitzeko, gehienez ere 20.000 eurokoa izanen da. Taldeka egiten diren jarduketen kasuan, 6. arauan ezarri bezala, enpresa bakoitzeko izanen da gehieneko zenbateko hori.

C.3. Dirulaguntzen xede ez diren kontzeptuak:

_Masterrak, ikastaro arautuak edo ohikoak eta jende guztiarendako irekiak direnak, hots, elkarteek, aholkularitzek edo bestelako entitateek aldizka prestakuntza jarduera gisa antolatzen dituztenak.

_Ondoko arlo hauetako prestakuntza: kalitatea kudeatzeko sistemak, kudeaketarako sistema integratuak (ERP, CRM,..), diseinu programak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

_Erakundeak lehendik ezagunak dituen edo edukiaren aldetik errepikapena dakarten gaien inguruko prestakuntza.

_Plantillaren %30 baino gehiago edo 20 langile baino gehiago hartzen dituzten prestakuntza jarduerak.

D._Dinamizatu eta sentsibilizatzea.

D.1. Dirulaguntzen xede diren kontzeptuak eta diru-zenbatekoa.

D.1.1. Kanpoko gastuak (aholkularitza, publizitatea, lokalen alokairua, eta abar) eta barnekoak (langileak, agirien prestaketa, eta abar), hedapena eta sentsibilizazioa burutzeko eta arau hauetako B.1.1, B.1.2 eta B.1.4 arloetako profesional eta enpresen artean esperientziak trukatzeko balio duten eztabaidagune eta elkarguneak antolatzeko.

Dirulaguntzaren portzentajea dirulaguntzen xede diren gastuen %100 izanen da, 6. arauan aipatzen diren irizpideen arabera. Dirulaguntza, jarduketa bakoitzeko, gehienez ere 75.000 eurokoa izanen da.

D.1.2. Dirulaguntzen xede dira kanpoko aholkularitzaren eta berariazko softwarearen gastuak, zerbitzu berri edo zaharrak interneten bidez emateko sistemak ezartzearekin lotuak.

Dirulaguntzaren portzentajea dirulaguntzen xede diren gastuen %70 izanen da, 6. arauan aipatzen diren irizpideen arabera. Dirulaguntza, jarduketa bakoitzeko, gehienez ere 60.000 eurokoa izanen da.

4. araua._Dirulaguntzaren xedeko gastuak eta ordainketak aukeratzeko epea.

Dirulaguntzen xede diren jarduerak 2006ko ekainaren 1etik 2008ko urriaren 31ra bitarte gastatu eta pagatu beharko dira, hauek izan ezik:

_A.1 ataleko kalitatea kudeatzeko sistemen ziurtagiria; ziurtagiria eskuratu aurreko 12 hilabeteetan sortutako gastua sartuko da. Ziurtagiria eskuratu ez bada, aurreko lerroaldean xedatutakoari jarraituko zaio.

_B.1.3 ataleko nazioarteko patenteen eskaera; Espainian patentea eskatu eta ondoko 30 hilabeteetan sortutako gastua sartuko da.

5. araua._Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasi eta ekainaren 29an bukatuko da, egun hori barne.

Eskabideak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako batean.

Agiriak posta bulego batean aurkezten badira, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Agiriak aurkezteko inprimakiak Internet saretik eskuratzen ahal dira, http://www.navarra.es helbidean (bilatu "Lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak"). Agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzetarako eskaera, inprimaki ereduan.

b) Erantzukizuneko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak betetzearen eta kobraturiko gainerako laguntzen gainekoa, minimis laguntzak barne.

c) ETEa izateari buruzko erantzukizuneko adierazpena, "Kudeaketa sistemak" izeneko A. ataleko jardueren kasuan.

d) Onuradunak jasaten duen BEZa, edo horren baliokidea, onuradunarendako benetako kostua dela frogatzen duen agiria. Onuradunak hainbanaketa araubidean badaude, kostu hori kalkulatzeko oinarria izanen da dirulaguntza eman aurretik amaitu den azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketa. Kasu horretan azken emaitza aurkeztu beharko dute haien betebehar fiskalen likidazioan.

e) Jardueraren aurrekontuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen duenean, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideak kontuan hartuz hautatu dela. Horretarako, eskaturiko eskaintzak eta hautaturiko eskaintzarako arrazoiak aurkeztu beharko ditu.

Eskatzaileak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

Agirietan aipatutako baldintzak betetzen ez badira, edo osorik ez badaude, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

3. Lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzen 2006ko deialdiko baldintzak bete baina dagokion aurrekontuko kreditua agortzeagatik sartu ez ziren eskaerak, deialdi honetara aurkezten ahal dira. Horretarako, interesdunek eskaera aurkeztuko dute, gertakizun horren berri emateko, aurreko deialdian egokitu zitzaien espediente zenbakia azalduta.

6. araua._Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.

Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Berrikuntza eta Teknologia Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu eta dirulaguntzak esleituko ditu, ondoko irizpideen arabera:

_Eskaera dirulaguntzen xede diren 3. arauko jardueretariko baten batekin bat etortzea.

_Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eman beharreko dirulaguntzarako eta, hala zehazten denean, aurrekonturako ezarririko gehieneko portzentajeak kontuan hartuko dira.

_Taldekako ekintzetarako, gutxienez ere 5 erakunde aritzen direnean, dirulaguntza banakako ekintza bati legokiokeena baino %20 handiagoa izanen da.

7. araua._Laguntza emateko ebazpena.

Berrikuntza eta Teknologia Zerbitzuak aurreko arauan ezarririko irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak. Horretarako, beharrezko baderitzo, argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Ebaluazioa bukaturik, organo instruktoreak organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena beranduenez ere eskaera aurkezten den datatik sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da, administrazioaren isiltasunaren bidez.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. araua._Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

Jarduerak egin ondoren onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean, ondoko agiriak aurkeztuko dituzte:

_Exekuzio txostena.

_"Gastuen justifikazioa" izeneko inprimakia, eta harekin batera fakturak eta haiek justifikatzeko agiriak eta inprimakian azaltzen diren gainerako agiriak, era horretan ordainketen eta gastuen trazabilitatea eta lagundutako jarduerarekin duten lotura agerian gera daitezen.

_"Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea" jatorrizko inprimakia, inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada.

Aipatu inprimakiak Internet saretik eskuratzen ahal dira, http://www.navarra.es helbidean ("Lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak").

Egiaztagiriak azterturik, Berrikuntza eta Teknologia Zerbitzuak pagatzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

9. araua._Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

Aurreko arauan ezarririko moduan egin eta justifikatu beharko dituzte onuradunek dirulaguntzen xede diren jarduerak. Jarduera bat egin ezik edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarririko moduan eta epean justifikatu ezik, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Halaber, onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketan egunean dagoela egiaztatzeko, eskaeran baimena ematen zaio departamentuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituela egiaztatzeko.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

10. araua._Dirulaguntzen bateragarritasuna eta "de minimis" izaera

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira instituzioek onuradunentzat dituzketen antzeko babes lerroekin, baina enpresen aportazioa %30ekoa izanen da gutxienez, aurrekontuaren %100 emateko aukera duten jardueretan izan ezik.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak, Dinamizazio eta Sentsibilizaziorako aurreikusi eta irabazi asmorik gabeko entitateek egiten dituztenak izan ezik, "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari dagokionez (L 379 AO, 2006-12-28koa) .

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa, gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresendako, hiru zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskaerak aurkezten dituztenean. "De minimis" laguntzen baturak, dirulaguntza hau barne, gehieneko mugak gainditzen baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da, muga horiek ez gainditzeko.

11. araua._Bestelako laguntzak eskatzeko aukera

Dirulaguntza hauetarako eskaerako jarduerak beste laguntza batzuen xede direnean, Berrikuntza eta Teknologia Zerbitzuak eskaera araubide hartara bideratzen ahalko du, betiere interesatuari kalterik egiten bazaio eta horren berri behar denean ematen bazaio.

12. araua._Oinarrien aurkako errekurtsoa.

Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oaraua._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Berrikuntza eta Teknologia Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0707683