6. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

3593/2006 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Haren bidez onesten da Lanbide Prestakuntzako eta Laneratzeko Plan Nazionaleko programari dirulaguntzak emateko deialdia. Dirulaguntza horiek arautzen dituzte 631/1993 Errege Dekretuak eta 1994ko apirilaren 13ko Ministerio Aginduak eta aipatu errege dekretua garatzeko ondoko arauek.

Martxoaren 21eko TAS/816/2005 Aginduak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako araubide juridikora egokitzen ditu Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak enpleguaren eta lan bidezko lanbide heziketaren arloetan ematen dituen dirulaguntzei buruzko arauak. Dirulaguntza horien artean dago Lanbide Prestakuntzako eta Laneratzeko Plan Nazionala, maiatzaren 3ko 631/1993 Errege Dekretuak, 1994ko apirilaren 13ko Aginduak eta garatzeko ondotik aldatu diren arauek arautua.

Egokitze horrek lehia irekia ezartzeari eta hura arautzeko iripideak finkatzeari ukitzen die funtsean.

Martxoaren 21eko TAS/816/2005 Aginduko bigarren xedapen gehigarriak xedatzen du Estatuko Enplegurako Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloetan dituen eginkizunen kudeaketa beren gain hartu duten autonomia erkidegoek egokituko dutela agindu hartan xedatua beren antolamenduaren berezitasunetara eta lurraldean aplikatzekoa den arautegira.

631/1993 Errege Dekretuan eta garatzeko Ministerio Aginduetan arauturiko dirulaguntzen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateari eskuordetu zioten abuztuaren 1eko 1319/97 Errege Dekretuaren bidez eta Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari esleitu zioten abenduaren 22ko 387/97 Foru Dekretuaren bidez. Europako Gizarte Funtsak kofinantzatzen ditu dirulaguntza horiek.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du dirulaguntzak emateko prozedura arrunta lehia irekiaren bidez tramitatuko dela.

Eta, hori guztia ikusirik, bidezko da Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onestea Lanbide Prestakuntzako eta Laneratzeko Plan Nazionaleko legerian ezarritako dirulaguntzetarako deialdia, martxoaren 21eko TAS/816/2005 Aginduan eta 11/2005 Foru Legean modu orokorrean ezarritako lehia irekiko irizpideak garatzeko eta Nafarroako Foru Komunitateko antolakuntza eremuan egokitzeko xedez.

Adierazitakoarekin bat, Zuzendaritza Kontseiluak adostasun txostena eman ondoren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuek, apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoek, emandako eskurantzez baliatuz,

EBATZI DUT:

1. Onestea 2007ko ekitaldiko dirulaguntzetarako deialdia, 631/1993 Errege Dekretuan, 1994ko apirilaren 13ko Ministerio Aginduan eta garatzeko ondoko arauetan diren Lanbide Prestakuntzako eta Laneratzeko Plan Nazionaleko programarako.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira. Dagokion gastua urtean urteko aurrekontuetako kontusailean jasotzen dena izanen da, betiere aurrekontuetan horretarako dirurik baldin badago.

3. Ebazpen hau Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kontabilitate zentrora eta Lanerako Prestakuntza Atalera igortzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko abenduaren 11n._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Susana Labiano Bastero.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1._Xedea eta esparrua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ezartzea Lanbide Prestakuntzako eta Laneratzeko Plan Nazionaleko programako dirulaguntzetarako arauak, aipatu 631/93 Errege Dekretua garatzeko arauak ematen dituzten maiatzaren 3ko 631/1993 Errege Dekretuan, apirilaren 13ko Lan eta Gizarte Aferen Ministerio Aginduan eta garatzeko ondoko arauetan direnak.

Dirulaguntzaren xede diren programak Nafarroako lurraldean gauzatu beharko dira.

Programatzeko eskatzen diren ikastaroak langabezian diren langileendako izanen dira, maiatzaren 3ko 631/1993 Errege Dekretuko 1. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako lehentasunak kontuan hartuta.

2._Entitate onuradunak.

Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Lanbide Prestakuntzako eta Laneratzeko Plan Nazionalaren Nafarroako zentro laguntzaileek.

Ebazpen honen datan kontratu-programa indarduna duten entitateek deialdi honetan ezartzen den epean aurkeztu behar dituzte ikastaroetarako programazio eskaerak.

Entitate onuradunek prestakuntza emateko azpikontratazioa egiten ahalko dute Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

3._Eskabideak aurkezteko epea eta aurrekontua.

Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak egiteko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen dituen ereduak erabiliko dira.

Hala ere, 2007an zehar Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deialdi bereziak egiten ahal ditu, sumatzen diren premien arabera.

Eskaerak ondoko lekuetan aurkeztuko dira: Nafarroako Enplegu Zerbitzuko bulego nagusietan, zerbitzu beraren enplegu agentzietan edo Administrazio Prozedurako Legean ezarritako beste edozeinetan.

Deialdi honen ondoriozko gastu konpromisoak ordainduko dira gastuen aurrekontuko "Europako Gizarte Funtsak kofinantzaturiko LP Planeko prestakuntza programak" izeneko kontusailaren bitartez edo horren ordezko bat erabiliz.

Ikasleak kontratatzeko konpromisoz, LP Planaren arautegiaren arabera, lankidetza hitzarmenen bat sinatzen duten entitateek, hitzarmena sinatzen denetik aitzina eskatzen ahal dute ikastaroen programazioa.

Berariaz onesten edo ukatzen ez diren eskabideak erreserban gelditzen ahal dira urte naturala bukatu bitartean eta hurrengo programazio osagarrietarako bestelako jarduerekin ordezkatzen ahalko dira onetsitako eskaerak. Entitate onuradunak eskaera arrazoitua igorri beharko dio ebazten duen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.

Deialdi honen xede diren ikastaroen %40 Europako Gizarte Funtsak finantzatuko du.

4._Dirulaguntza emateko irizpideak.

Deialdi honetan kontuan hartzen ahal diren irizpideak honako hauek dira:

a) Lehenbizi kontratu-programa indarduna duten entitate laguntzaileek aurkezturiko ikastaroak onetsiko dira, beren kontratuetan adierazitako diru kopurua eman arte.

b) Ikasleak kontratatzeko konpromisoz prestakuntza programak garatzeko lankidetza hitzarmenen bat sinatzen duten entitate publiko zein pribatuei zein enpresei dirulaguntzak emateko diru kopuru bat adieraziko da, 631/93 Errege Dekretuko 8.2 artikuluan eta 1999ko apirilaren 13ko Ministerio Aginduaren 15. artikuluan garatutakoan ezarri bezala.

c) Aurrekontuetako gainerako diru-kopurua lehentasun irizpidearen arabera banatuko da; irizpide hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen ikastaroen katalogoan lehentasuna ikusita, prestakuntza lan merkatura zein neurritan egokitzen den aztertu, eta aurrekontuaren arabera honako baremoari jarraikiz:

_Lehentasuna 1 duten ikastaroetarako: 40%.

_Lehentasuna 2 duten ikastaroetarako: 30%.

_Lehentasuna 3 duten ikastaroetarako: 20%.

_Lehentasuna 4 duten ikastaroetarako: 10%.

_Lehentasuna 5 duten ikastaroetarako: 0.

Lehentasun maila bakoitzean esleitu ez diren kopuruak hurrengo mailara pasatuko dira.

5._Ebazteko organo eskudunak eta epeak.

a) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzaren Zerbitzua izanen da aurkeztutako eskaerak bideratuko dituen organoa.

b) Organo instruktoreak eskaerak balioetsiko ditu deialdi honetako irizpideen arabera eta ebazpen proposamena egin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, dirulaguntza emateari buruz bidezko ebazpena eman dezan.

6._Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

a) Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

b) Zerga eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik eduki beharra betetzen duela frogatzeko, entitate onuradunak, eskabidearekin batera, behar diren ziurtagiriak aurkeztuko ditu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena emanen dio onuradunak eginbehar haiek eguneraturik dauzkala frogatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza emateko ebazpena ematen denean.

c) Onuradunak beharturik daude ikastaroetara joatearen ondoriozko arriskua estaltzera, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik ezean, bermeen kartaren bidez. Gutxienez ere estaldura hau izanen du: medikuntza, botika eta ospitale laguntza, ikastaroaren ordutegi barruan gertatutako edozein istripuren kasuan, eta hor sartzen dira baimendutako irteera-bisitak eta ikasleek beren ohiko bizilekutik ikastaroa ematen den lekuraino egin beharreko bidaia (edozein ibilgailuz egin daitekeena). Heriotza gertatuz gero, gutxienez 30.100 euroko kalte-ordaina, eta baliaezintasun iraunkorra gertatuz gero, gutxienez 60.200 eurokoa, baldin eta istripua ikastaroan, irteera-bisitetan edo ikastarora bidean gertatu bada.

d) Dirulaguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharrak osorik bete ezik, onarturiko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, proportzionaltasun irizpideari jarraituz, eginbeharren bat hein batean bete ezik, emaniko dirulaguntza gutxitzen ahalko da eta, bidezko bada, kasuan kasuko dirua itzuli beharko da.

Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik sobratzen den dirua aurrekontuetan behar adina ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskabideak aintzakotzat hartzeko erabiltzen ahalko da.

e) Deialdi hau Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidearen menpe dago.

7._Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

Dirulaguntzen zenbatekoa har daitekeen jardueren kostuaren %100 artekoa izaten ahalko da.

Ikastaro bakoitzean hamabost ikasleko emanen da dirulaguntza, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako modulu ekonomikoen arabera. Kostu ordaingarritzat soilik hartzen ahalko dira 631/1993 Errege Dekretua garatzeko 1994ko apirilaren 13ko Ministerio Aginduko 10. artikuluko 7. puntuan jasotakoak.

Zentro laguntzaileei, programazioa onetsi ondoren, dirulaguntza osoaren %100 ordaintzen ahalko zaie aurrerakin gisa. Horretarako, dirulaguntzak kontura jasotzen dituzten entitateek, aurrerakinak jaso aurretik, zuzenbidean onarturiko abalak edo bermeak aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde. Abal edo berme horiek nahikoak izanen dira bai kantitatean bai kalitatean, dirulaguntza behar bezala ematen dela ziurtatzeko.

Ikastaroa bukatzen denetik hiru hilabeteko epean Zentro laguntzaileak gastuak justifikatu eta ondorengo dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko eskaera egin beharko du, horretarako Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen dizkion inprimakiak erabilita.

Azken frogagiriak aztertu ondoren, Lanerako Prestakuntza Atalak, Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko zuzendariaren ikus-onespenarekin, azken ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza-kudeatzailetzara.

8._Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu eta xede bererako emandako beste laguntza batzuekin.

9._Dirulaguntzaren publizitatea, onuradunaren aldetik.

Ebazpen honen bidez babesturiko ekintzen publizitatean entitate onuradunak agerraraziko du finantzaketa publikoa izan dutela eta Foru Administrazioak eta Europako Gizarte Funtsak eman dituztela dirulaguntzak.

10._Arauen aurkako errekurtsoa

Arau hauen aurka, interesatuek jartzen ahalko dute

A._Gora jotzeko errekurtsoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

B._Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/98 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

11._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, webgunean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zein entitateri eman zaion eta dirulaguntzaren xedea.

Iragarkiaren kodea: F0619788