6. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

368/2006 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana eta ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen duena Cintruénigoko 3. poligonoko 1684., 1073., 954., 955,. 956., 950., 951., 952., 1001., 1002. eta 1076. lurzatietan eguzki-parke fotovoltaikoa instalatzeko. Eólica Navarra, S.L.k sustatu du.

Jarduera hori Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2.C eranskineko I) atalean sarturik dago. Beraz, ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

2006ko maiatzaren 18an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, 28. artikuluan, ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emango duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko, eskaria aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Aurretik aipatutako martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoak, 25.2 artikuluan ezarri du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena jasoko duela, hirigintzako legeriarekin bat hala eskatu behar den kasuetan. Kasu honetan, proiektuko instalazioa Cintruenigoko udalerriko lurzoru urbanizaezinean kokaturik dago eta, ondorioz, hirigintza txostena beharrezkoa da eskaturiko baimenaren gainean erabaki bat hartzeko.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostenak dioenez, Cintruénigoko 3. poligonoko 1684., 1073., 954., 955,. 956., 950., 951., 952., 1001., 1002. eta 1076. lurzatien kategoria toki andeatuak lehengoratzeko oihan lurzorua, higadura-potentzial handikoa, eta lehendik dauden azpiegituren lurzorua da; txostenaren arabera, halaber, eguzki-parkeak industria jardueratzat hartzen dira, eta horiek debekaturik daude generikoa ez den edo nekazaritza edo abeltzaintzako produktibitate ertaina ez duen lurzoruan, hala ezarririk baitago Nafarroako industrialdeak eta industria jarduerak lurraldean ezartzea arautzen duen apirilaren 5eko 84/90 Foru Dekretuaren 7. artikuluan.

Horrez gain, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak otsailaren 24an emaniko 64/2006 Foru Aginduak, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak arautzen dituenak, 3. artikuluan ezartzen du ezin dela eguzki-instalaziorik jarri hirigintza planeamenduaren arabera, babespeko lurzoru urbanizaezinetan, ingurumenaren eta paisaiaren aldetik balioa duten lurzoruen azpikategorian daudenetan, 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera. Ingurumenaren aldetik balioa duten lurzoruetan abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen aurreko planeamenduan _homologatzeko dagoena_ oihan lurzoru deklaratutako lurrak ere sarturik daudela ulertzen da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Cintruénigoko 3. poligonoko 1684., 1073., 954., 955,. 956., 950., 951., 952., 1001., 1002. eta 1076. lurzatietan eguzki-parke fotovoltaikoa instalatzeko.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Cintruenigoko Udalari eta interesatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 30ean._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0619235