46. ALDIZKARIA - 2007ko apirilaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

492/2007 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Maisu-maistren Kidegoan sartzeko deialdia onesten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko hamabigarren xedapen gehigarriak xedatzen du irakasleen funtzio publikoan sartzeko sistema oposizio-lehiaketa izanen dela.

Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko hamazazpigarren xedapen irangakorrak xedatzen duenez, legea ezartzen den urteetan, irakasleen funtzio publikoa hautaproben bidez eginen da. Horien lehiaketaldian prestakuntza akademikoa baloratuko da, hezkuntza etapa bereko ikastetxe publikoetan irakasle lanetan izaniko esperientzia bereziki, legeek baimetzen dituzten mugen barruan. Gainera, oposizioaldia, proba bakar bat izanen duena, kasuan kausko espezialitatearen edukiez, gaitasun pedagogikoaz eta irakaskuntzarako behar diren tekniken ezagutzaz izanen da.

Lege hori betetzeko, otsailaren 23ko 276/2006 Errege Dekretuaren bidez Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle Kidegoetan sartu, mailaz igo eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onetsi eta lege horretako hamazazpigarren xedapen irankorrean sartzeko aipatzen den araubide iragankorra arautu zen. Errege Dekretu hartako lehen xedapen iragankorrean xedatzen da VI. tituluko xedapenak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Foru Legea ezartzeko urteetan deialdien xede diren irakasle Kidegoak sartzeko prozedurei aplikatuko zaizkiela.

Urtarrilaren 29ko 8/2007 Foru Dekretuaren bidez Maisu-maistren Kidegoari dagozkion 449 lanpostu huts betetzeko lan eskaintza publikoa egin da.

Hori horrela, Hezkuntza Departamentuak Maisu-maistren Kidegoan sartzeko deialdia iragartzea erabaki zuen, arau hauen arabera:

ARAUAK

Lehenbizikoa._Arau orokorrak.

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako Maisu-maistren Kidegoko 449 lanpostu betetzeko oposizio-lehiaketarako deia egiten da.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen, maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legearen bidez eman zen idazketaren arabera. Testu hartako zazpigarren xedapen gehiarrian xedaturikoa betetzeko, ezgaitasunak dituzten pertsonak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan enplegu publikoan sartzea bultzatzeko batzorde mistoak 2007ko maiatzaren 13ko bileran harturiko erabakiaren bidez, hamar lanpostu gorde dira Maisu-maistren Kidegoko enplegu publikoaren eskaintzan, %33ko edo hortik gorako ezgaitasuna duten pertsonek betetzeko, hautaprobak ganditzen badituzte.

Minusbaliotasunak dituztenendako utzitako lanpostuak osorik edo partzialki betetzen ez badira, dagokien espezialitateko eta hizkuntzako txanda irekian deitutako lanpostuei gehituko zaizkie.

2. Deialdian ateratako lanpostuak honela banatzen dira, ezpezialitatearen, hizkuntzaren eta sartzeko moduaren arabera:

EZGAITASUNAK

ESPEZIALITATEAK TXANDA IREKIA DITUZTENENDAKO

TXANDA

Entzumena eta Hizkuntza (gaztelaniaz): 7 1

Entzumena eta Hizkuntza (euskaraz): 8 -

Frantsesa (gaztelaniaz) 2 -

Frantsesa (euskaraz) 1 -

Gorputz Hezkuntza (gaztelaniaz) 9 -

Gorputz Hezkuntza (euskaraz) 6 -

Ingelesa (gaztelaniaz) 48 1

Ingelesa (euskaraz) 23 1

Musika (gaztelaniaz) 18 1

Musika (euskaraz) 4 -

Haur Hezkuntza (gaztelaniaz) 40 -

Haur Hezkuntza (euskaraz) 23 -

Pedagogia Terapeutikoa (gaztelaniaz) 27 1

Pedagogia Terapeutikoa (euskaraz) 8 -

Lehen Hezkuntza (gaztelaniaz) 145 3

Lehen Hezkuntza (euskaraz) 36 1

Euskara (Nafarroa) 34 1

Lanpostuen ezaugarriei dagokienez, adierazten da deitutako espezialitateetako lanpostu batzuk ibiltariak izan daitezkeela.

3. Hautapen proba hauei honakook aplikatu beharko zaizkie:

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa; Europar Parlamentuaren 2004/38/EE Zuzentaraua, langileen zirkulazio libreari buruzkoa, eta zuzentarau hori Espainiako legeriara biltzeko ematen den arautegia, halakorik bada; abenduaren 23ko 17/1993 Legea, Europar Batasuneko beste estatuetako herritarrak funtzio publikoaren zenbait sektoretan sartzekoa, abenduaren 29ko 55/1999 Legearen bidez aldatua; otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle Kidegoetan sartu eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onetsi eta lege horretako hamazazpigarren xedapen irankorrean sartzeko aipatzen den araubide iragankorra arautu zuena; orokorrean aplikatzekoak diren gainerako xedapenak; eta deialdi honetan xedaturikoa.

Bigarrena._Izangaien betebeharrak.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek, oposizio-lehiaketa probetarako onartuak izanen badira, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Betebehar orokorrak

a) Espainiarra edo Europar Batasuneko beste estatuetako herritarra edo Europako Parlamentuak langileen zirkulazio libreaz eman 2004/38/EE Zuzentaraua edo zuzentarau hori Espainiako legeriara biltzeko ematen den arautegia, halakorik bada, aplikatzekoa zaien estatuetako herritarra izatea.

Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu bateko herritarren ahaideek ere hartzen ahalko dute parte, edozein delarik haien herritartasuna, haiekin batera edo harengana joateko doazenean, zuzentarau hura Espainiako legeriara biltzeko arautegian aurreikusiriko baldintzetan.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta eskuarki erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Aukeratu nahi den Kidegoari eta espezialitateari dagozkien eginkizunekin bateragarria ez den gorputz edo gogo gaixotasun edo eragozpenik ez izatea.

d) Diziplinazko espediente bidez edozein administrazio publikotatik bereizia ez izana eta funtzio publikoan aritzeko ezgaitua ez egotea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere zigor edo auzi bidez euren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

e) Maisu-maistren Kidegoko karrerako funtzionarioa ez izatea, ez eta praktiketakoa edo horretarako izendapen batean esperoan egotea ere.

f) Maisu-maistren tituluaren edo kasuan kasuko graduko tituluaren jabe izatea. Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko hamaikagarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasleen eta Lehen Hezkuntzako Maisu-maistren tituluak, irakaskuntzari dagokionez, maisu-maistren tituluen baliokideak dira.

Kidegoan sartzeko hautagaiek atzerrian lorturiko tituluak aurkeztuz gero, homologazioa frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko dute, urtarrilaren 16ko 86/1987 Errege Dekretuan, urtarrilaren 29ko 104/1998 Errege Dekretuan, otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretuan edo azaroaren 3ko 3686/2004 HZI Aginduan xedaturikoarekin bat, edo bestela 89/48/EEE Zuzentaraua eta urriaren 25eko 1665/1991 Errege Dekretua betetzeko maisu-maistren lanetan aritzeko gaitasun ziurtagiria.

2. Minusbaliotasunak dituztenen txandan parte hartzeko berariazko betebeharrak.

Txanda honetan parte hartzen ahalko dute, Maisu-maistren Kidegoan sartzeko eskatzen diren baldintza orokorrak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako ezgaitasuna aitortua duten pertsonek, betiere irakasle lanetarako oro har eskatzen den funtzio-gaitasuna badute, eta lortu nahi den espezialitaterako behar dena ere bai.

Txanda honetan sartzeko eskaera deialdian parte hartzeko eskabidean egin beharko da, eta horrekin batera, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Balorazio eta Orientazio taldeek edo balio bereko organo batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eskatzen diren baldintza berariazkoak betetzen dituela egiaztatzeko.

Hautapen prozesuan minusbaliotasunak dituztenek izanen dituzten baldintzak eta txanda irekiko izangaienak berberak izanen dira, deialdi honen 2. arauko C letran jasotako egokitzapenak ezertan galarazi gabe.

Txanda honetan parte hartzen duten izangaiek ezin izanen dute espezialitate eta hizkuntza bereko txanda irekian parte hartu.

3. Euskarazko lanpostuetarako eta Euskara (Nafarroa) espezialitateko lanpostuetarako parte hartzeko berariazko betebeharrak.

1. atalean ezarritako betebehar orokorrak betetzeaz gain, izangaiek ondoko tituluetatik baten bat izan beharko dute: Euskal Filologiako lizentziatu titulua, Maisu-maistra titulua (Euskal Filologia espezialitatea), EGA titulua (Euskararen Gaitasun Agiria), Euskaltzaindiaren Gaitasun Agiria, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Euskararen Gaitasun Agiria edo baliokidetzat jotzen den titulu bat.

4. Arau honetan jasotako betebehar guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira eta karrerako funtzionario gisa lanpostuaren jabetza hartu arte betetzen jarraitu.

Hirugarrena._Eskaerak aurkeztea eta eskubideak ordaintzea.

1. Hautapen probetan parte hartu nahi dutenek hala adierazi beharko dute eskabidean; eskabidea, ordainketa gutunaren inprimakiarekin batera, eskura izanen dute interesatuek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan. Parte hartzeko eskabidea eta ordainketa gutun hirukoiztua Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren web orrian ere jaso daitezke: www.pnte.cfnavarra.es, baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere: www.navarra.es.

Eskabidean izangaiek zehaztu beharko dute zein espezialitatetan eta hizkuntzatan parte hartzen duten, deialdi honetako 1. arauan agertzen direnen artean aukeratuz, eta horrez gain, zehaztu beharko dute Kidegoan sartzeko zer txanda mota erabiltzen duten espezialitate eta hizkuntza bakoitzean, ondoko hauen artean:

Zein txandatan parte hartzen duen:

_Txanda irekia.

_Minusbaliotasunak dituztenendako txanda.

Halaber, unitate didaktikoko prestakuntzaren eta ahozko azalpenaren ordez izangaiak unitate didaktikoaz dakiena baloratzen duen txostena aurkeztea erabakitzen dutenek halaxe adierazi beharko dute parte hartzeko eskabidean eta 2006-2007 ikasturtean lanean ari direneko hezkuntza administrazioari adieraziko diote.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek eska dezakete Giza Baliabideen Zerbitzuak erantsi dezala ofizioz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarendako emandako zerbitzuen orria.

2. Izangaiek parte hartzeko eskabide bakar bat aurkeztuko dute, ondoko agiri hauekin batera:

A) Nazionalitate espainiarreko izangaiak:

1) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia konpultsatua. Agiri hau DIN-A4 paperean aurkeztuko da.

2) Zinpeko aitorpena egitea edo hitz ematea ez dela inongo administrazio publikoren zerbitzutik diziplina espediente bidez bereizia izan eta ez dagoela eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua.

3) Espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko ordainketa gutun bat. Ondorio horretarako, ordainketa gutun edo ordainagiri bakoitzean, eskatzen diren espezialitatea eta hizkuntza aipatuko dira kontzeptu gisa.

4) Maisu-maistra, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diplomatura edo Lehen Hezkuntzako maisu-maistra tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

Kidegoan sartzeko hautagaiek atzerrian lorturiko tituluak aurkeztuz gero, homologazioa frogatzen duen ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua, urtarrilaren 16ko 86/1987 Errege Dekretuan, urtarrilaren 29ko 104/1998 Errege Dekretuan, otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretuan edo azaroaren 3ko 3686/2004 HZI Aginduan xedaturikoarekin bat, edo bestela 89/48/EEE Zuzentaraua eta urriaren 25eko 1665/1991 Errege Dekretua betetzeko maisu-maistren lanetan aritzeko gaitasun ziurtagiriarena.

5) Euskarazko lanpostuetarako edo Euskara (Nafarroa) espezialitateko lanpostuetarako parte hartuz gero, ondoko hauetakoren baten fotokopia konpultsatua: Maisu-maistra titulua (Euskal Filologia espezialitatea), Euskal Filologiako lizentziatu titulua, EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) titulua, Euskaltzaindiare Gaitasun Agiria, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako euskararen gaitasun agiria edo baliokidetzat jotzen den titulu bat.

6) B.2) ariketaren ordez hezkuntza administrazio eskudunek prestaturiko txostena aurkeztu nahi duten izangaiek zerbitzuen orrialdea aurkeztu beharko dute, administrazio horiek luzatua, zer Kidegotan izendatu ziren eta noiz hasi ziren lanean eta noiz gelditu adieraziz. Espresuki adierazi beharko da zerbitzuak ikastetxe publikoetan eman zirela.

Zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako egin badira, izangaiak eskatzen ahalko du ofizioz aurkeztea.

7) I. eranskineko baremoak biltzen dituzten merezimenduen frogagiriak.

Irakaskuntzan izaniko eskarmentuaz baremoko I. atala baloratzeari begira, interesatuek parte hartzeko orrian eskatzen ahalko dute Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz gehitu ditzala Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarendako egindako zerbitzuak, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean ageri den dokumentazioaren arabera. Eskaera hori egiten ez bada, interesatuek aurkezturiko merezimenduak besterik ez dira baloratuko.

Merezimenduak frogatzen dituzten agiriak jatorrizkoak edo konpultsatuak izanen dira. Horretarako, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetako zuzendariek ahalmena dute agiriak konpultsatzeko, Hezkuntza kontseilariak maiatzaren 18an emandako 182/2001 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz (ekainaren 29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 79. zk.).

B) Beste nazionalitate bateko izangaiak:

1) Espainian bizi diren atzerriko izangaiek ondoko hauek aurkeztu beharko dituzte: haien nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua eta Europako Elkartean bizi delako indarreko txartelarena edo Europako Elkartean bizi den baten senide izatearen indarreko txartelarena, eta kasuaren arabera, Europako Elkartean aldi batez bizi delako indarreko txartelarena edo Europar Batasuneko muga langilearena.

Atzerrian bizi direlako edo Espainian egonaldi batean daudelako, Espainian bizi ez diren EBko nazionalak diren izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

Aurreko horien ahaideek ondoko agirien fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute: pasaportearena, bisatuarena, eta kasuaren arabera, dagokion txartela eskatu izanaren gordekinarena edo bisatuaren salbuespena eta dagokion txartela eskatu izanaren gordekinarena. Agiri horiek eskatu ezean, autoritate eskudunek ahaidetasun lotura egiaztatzeko emandako agiriak aurkeztu beharko dituzte, baita zein espainiarrekin edo Europar Batasuneko zein nazionalekin ahaidetasun lotura duten, horren zinpeko adierazpena edo hitz ematea ere, non adieraziko den bere ezkontidearengandik zuzenbidez banandua ez dela, eta kasuaren arabera, izangaia bere bizkar bizi dela edo bere kargupean dagoela. Bestela, haien egoera Europar Parlamentuaren 2004/38/EE Zuzentaraua, langileen zirkulazio libreari buruzkoa, Espainiako legeriara biltzeko arautegiarekin bat datorrela frogatzeko agiriak.

2) Zinpeko aitorpena egitea edo hitza ematea beren jatorrizko Estatuan funtzio publikoan aritzea eragozten dien inolako diziplina zehapen edo kondena penal baten mende ez daudela.

3) Aurreko epigrafeko 3), 4), 5), 6) eta 7) ataletan eskatzen diren agiriak, nazionalitate espainiarreko izangaiendako.

4) Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek "Nortasun Agiri Nazionalari" dagokion laukian adierazi beharko dute beren nazioko Nortasun Txartelari dagokion zenbakia edo pasaportearena. Era berean, nazionalitatea adierazi beharko dute.

C) Minusbaliotasunak dituztenendako txandako izangaiak.

Gainera, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Balorazio eta Orientazio taldeek eginiko ziurtagiria edo lanbide askotako talde eskudun batek eginiko beste irizpide lotesle bat aurkeztu beharko dute, minusbaliotasuna frogatzen duena.

Minusbaliotasunak dituzten izangaiek, parte hartzeko eskabidean, adieraziko dute hautaproba egiteko denbora eta baliabideak egokitu behar zaizkien, kasuan kasuko laukian, ariketak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak adieraziz. Eskabidean horretarako uzten den tokian egokitzapena ezin bada oso-osorik adierazi, beste orri batean azalduko dute.

Minusbaliotasuna frogatzen duen ziurtagiria edo irizpena aurkeztu ezik, izangaia ezin izanen da onartu minusbaliatuendako txandan eta ezin izanen zaizkio egin ariketak egiteko egokitzapenak.

3. Espezialitate eta hizkuntza batean izena emateak ez dio izangaiari bermatuko eskatu dituen espezialitate eta hizkuntza guztietan parte hartu ahal izatea, ezarriko diren hautaprobak direla eta.

4. Eskabidea zein organori zuzendu behar zaion eta aurkezteko tokia.

Eskabideak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzenduko zaizkio eta aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) 38.4 artikuluan aipatu bulegoetako edozeinetan.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, posta zerbitzuko funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.

Atzerrian sinatutako eskaerak kasuan kasuko espainiar ordezkaritza diplomatiko eta kontsularren bidez izapidatzen ahalko dira, deialdi honen laugarren arauan ezarritako epean. Interesatuak azterketa eskubideak ordaindu izanaren banketxeko frogagiria atxikiko dio eskabideari.

5. Azterketa eskubideak.

Eskabideari azterketa eskubideengatik 18 euro (eskatzen den espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko) ordaindu izanaren frogagiria atxikiko zaio. Ordainagiria aurkezten ez badu izangaia baztertuta geldituko da.

Azterketa eskubideak Nafarroako Foru Komunitatean ordainduz gero, ordainketa gutun baten bidez egin beharko da edozein banku entitatetan, edo bestela, banku transferentzia eginez, BBVAren 01825000 82 0711500306 kontu-zenbakira (Banco Bilbao Vizcaya Argentaria). Ordainketa beste autonomia erkidego batetik egiten bada, goian aipatutako kontura banku-transferentzia eginez ordaindu beharko da. Transferentziaren agirian datu hauek eman beharko dira:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_Ordainketa egin behar deneko kontu zenbakia.

_Kontzeptua: Maisu-maistren oposizioak. 2007. urtea.

Espezialitatea:

Hizkuntza:

Daturen bat eman gabe utziz gero, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa eskubideak ordaintzeak ez du inola ere kenduko arau honetako 4. puntuan aipatutako organoaren aurrean eskabidea aurkeztu beharra, horretarako ezarritako epe eta moduan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoen gaineko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 31. artikuluaren arabera (lege hori martxoaren 14ko 3/2002 Legearen eta martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen bidez aldatu zen), tasak ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonak. Salbuespen horretaz baliatzeko, minusbaliotasunaren maila egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, Gizarte Ongizatearen Departamentuak edo balio bereko beste organo batek egina.

b) Deialdi hau egiten denean, hilabete bat lehenagotik gutxienez, lan-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak. Salbuespen hau izateko baldintza izanen da epe horretan eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako arrazoia izan ezean, eta, halaber, hilabetean lanbide arteko gutxieneko lansaritik goragoko errentarik ez izatea. Hori guztia egiaztatzeko, parte hartzeko eskabideari kasuko Enplegu Institutuaren ziurtagiria erantsi beharko zaio.

Laugarrena._Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena._Izangaien onarpena.

1. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideen Zerbitzuak, espezialitate eta hizkuntza bakoitzean izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda jendaurrean paratuko du, horren iragarpena egin ondoren, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo k, zk.g., Iruña). Zerrenda horietan honako kontu hauek adierazi beharko dira: izen-deiturak, partaideen Nortasun Agiri Nazionalaren edo (espainiarrak izan ezik) nazionalitatea frogatzen duen agiriaren zenbakia, Kidegoan sartzeko parte hartzen duteneko sistema eta unitate praktiko bateko prestakuntza eta ahozko azalpenaren ordez izangaiei unitate didaktikoaz dakitena baloratzeko txostena onartu zaien. Salbuetsirik egonez gero, zergatikoa emanen da.

Txostena emateko ezartzen diren betebeharrak betetzen ez dituzten izangaiak, aukeraz baliatu badira, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko duen ebazpenean espresuki agertuko dira, kontu hori adierazirik.

Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesten dituen ebazpenaren argitarapenak interesatuei egin beharreko jakinarazpenaren balioa izanen du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) 59. artikuluak xedatzen dituen ondorioetarako.

2. Izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunean hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua izateko akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ezartzean akatsak izan direla ohartu diren izangaiek epe horretan jakitera ematen ahalko dute. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari bidaliko zaizkio eta hirugarren arauaren 4. puntuan azaldutako edozein lekutan aurkeztuko dira.

Izapide horretan behin ere ezin zuzenduko dira merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.

3. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak.

Aurreko atalean aipatutako erreklamazioak ebatzi ondoren, onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak onesteko ebazpena emanen da. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu da eta zerrendak Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan ikusgai paratuko dira, Iruñeko Santo Domingo kalean, zk.g., sarrera sistemaren, espezialitatearen eta hizkuntzaren arabera sailkaturik, unitate praktiko bateko prestakuntza eta ahozko azalpenaren ordez izangaiei unitate didaktikoaz dakitena baloratzeko txostena onartu zaien adierazirik.

Aukera hori onartzen ez zaien izangaiei probako B.2) ariketa egiteko dei eginen zaie.

Hezkuntza Departamentua ez beste zergatikoengatik aginduzko txostena horretarako ezartzen den epean eduki ezik, izangaiei probako B.2) ariketa egiteko dei eginen zaie.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Seigarrena._Hautapen organoak.

1. Izangaien hautapena epaimahaiek eta horretarako izendatutako hautapen batzordeek eginen dute.

Espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako epaimahai bana izendatuko da eta horien osaera Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Espezialitate eta hizkuntza bakoitzera aurkeztutako izangai kopurua dela eta, Giza Baliabideen Zerbitzuak hala irizten badio, epaimahai bat baino gehiago izendatu ahal izanen da. Horrelakoetan, Hautapen batzorde bat eratuko da.

2. Mahaikideak karrerako funtzionarioak izanen dira, jardunean, bai irakasleen Kidegokoak, bai Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen iraungi beharreko Kidegokoak. Bost izanen dira.

Epaimahaikide guztiak Maisu-maistren Kidegoari dagokion sailkapenaren maila bereko edo hortik gorako Kidegokoak izanen dira. Gainera, epaimahaietan, batez ere, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek egon beharko dute.

Epaimahaiak aukeratzerakoan, espezialitate printzipioa begiratuko da. Horren arabera, mahaikide gehienek hautaproben xede den espezialitateen titular izan beharko dute.

Epaimahaiak honela osatuko dira:

_Mahaiburu bat, Hezkuntza Departamentuak zuzenean izendatua.

_Lau mahaikide, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioen artetik zozketa publikoaren bidez aukeratuak. Jardunean egonen dira eta kasuan kasuko espezialitatean lanean arituko dira.

Kasuan kasuko espezialitatean ari diren Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioak aski ez izateagatik, zozketa egitea posible ez denean, Hezkuntza Departamentuak zuzenean aukeratzen ahalko ditu mahaikide horiek hurrenkera honetan: kasuan kasuko espezialitatean gaiturik dauden Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioen artean, Maisu-maistren Kidegoko beste espezialitate batekoen artean eta irakasleen beste Kidego batekoen artean. Gainera, bidezko bada, aholkulari espezialistak ere aukeratzen ahalko ditu.

Salbuespen gisa, arrazoiak emanda, beste hezkuntza administrazio batzuei eskatzen ahalko zaie kasuan kasuko espezialitateko funtzionarioak proposa ditzatela, epaimahai horiek osatzeko.

Idazkari lanak Kidegoan antzinatasunik txikiena duenak eginen ditu, epaimahaiak bestelakorik erabakitzen ez badu, behintzat.

3. Epaimahai bakoitzarendako ordezko kideak izendatuko dira, prozedura berari jarraikiz.

4. Ahaleginak eginen dira emakumezko eta gizonezko irakasleen artean berdintasuna lortzeko, irizpide hauek kontuan hartuz:

Emakumezko edo gizonezko irakasleak %30etik %70era bitarte badira, bi emakumezko mahaikide titular, bi emakumezko mahaikide ordezko, bi gizonezko titular eta bi gizonezko ordez izendatuko dira.

Emakumezko edo gizonezko irakasleak %70etik %85era bitarte badira, gehienen taldeko hiru titular eta hiru ordezko eta gutxienen taldeko titular bat eta ordezko bat izendatuko dira.

Emakumezko edo gizonezko irakasleak %85etik %100era bitarte badira, gehienen taldeko hiru edo gehiago titular eta ordezko izendatuko dira.

5. Hautapen batzordeen osaera. Izangai eta deialdiaren lanpostu kopurua dela eta, espezialitateren baterako epaimahai bat baino gehiago izendatu beharra gertatzen bada, espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako hautapen batzordeak eratuko dira. Batzorde horiek mahaiburuek osatuko dituzte, eta ez dira bost baino gutxiago izanen; mahaiburuak bost baino gutxiago izanez gero, idazkariek osatuko dute kopuru hori (epaimahaien izendapenen hurrenkeraren arabera) eta hori ezean, mahaikideek osatuko dute. 1. epaimahaiburuko lehendakaria eta idazkaria arituko dira batzorde honetako lehendakari eta idazkari lanetan, batzordeak bestela erabaki ezik.

6. Maiatzaren 16ko 202/1991 Foru Dekretuaren 1. artikuluak eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko 276/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluko 3. puntuak diotenaren arabera, hautapen organoetan parte hartzea nahitaezkoa da, eta epaimahaietako kideei dagozkie aipatu foru dekretuan zehazten diren ordainak.

7. Hautapen organoetako kideek ezin izanen dute bertan parte hartu baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) 28. artikuluan jasotako egoeretako batean badaude, edo deialdia argitaratu aurreko bost urteetan Kidego eta espezialitate horretako hautapen probetarako izangaiak prestatzen aritu izan badira, hori ezarri baita otsailaren 23o 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduko 8.4 artikuluan. Horrelakoetan, Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinarazi beharko diote. Egoera horietako bat baldin badago, frogatu beharko da.

Mahaiburuek aurreko lerroaldean jasotako egoeretan ez daudela espresuki aitortzen duten agiriak eskatuko dizkiete epaimahaietako kideei.

Era berean, izangaiek zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) 28. artikuluan adierazitako egoeraren bat gertatzen denean.

Errefusapena eskatzeko edo abstentzioa adierazteko epea bost egun baliodunekoa izanen da, kasuan kasuko epaimahaiaren izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legeko 29. artikuluan xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

8. Deialdi honi dagozkion hautapen probak hasi aurretik, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, beharrezkoa bada, aurreko atalean aurreikusitako arrazoiren batengatik edo ezinbesteko arrazoi batengatik mahaikide izateari utzi diotenen ordez arituko diren kide berriak izendatzeko ebazpena emanen du.

9. Mahaiburuek dei egin ondoren, epaimahaiak eta, horrelakorik badago, hautapen batzordeak eratuko dira, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideetatik erdiak, gutxienez, bertan direla.

10. Behin hautapen batzordeak eratu ondoren, beren jarduketek balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideetatik erdiak, gutxienez, bertan egotea.

11. Epaimahaiburuak ordezkatzeko baimena Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emanen du; epaimahaikideak ordezkatzekoa, berriz, kasuan kasuko epaimahaiburuak, kontuan izanik lehena ordezko lehen epaimahaikidea izanen dela eta, besterik ezean, haren ondorengoa, zein xedapenek izendatu dituen, han ageri den hurrenkeran, betiere kontuan harturik dagokien espezialitatearen titularrak diren ordezko epaimahaikideek epaimahaia osatzeko lehentasuna izanen dutela.

12. Hautapen organoen eginkizunak.

Hautapen organoak autonomia funtzional osoaz arituko dira, prozeduraren objektibotasunaren arduradunak izanen dira eta deialdiko arauak betetzen direla bermatuko dute.

12.1. Epaimahaien eginkizunak:

Epaimahaiei eginkizun hauek dagozkie:

_Deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz, hautaprobak egoki garatzen direla zaintzea.

_Oposizioaldiko proba kalifikatzea.

_Deialdiaren I. eranskinean ageri den merezimenduen baremoari jarraiki, izangaiek aurkeztuko dituzten merezimenduak baloratzea.

_Espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako epaimahai bakarra izendatzen bada, honako eginkizun hauek ere izanen dituzte: oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura egitea, izangaiak ordenatzea, bi faseak gainditzen dituzten izangaien zerrrendak prestatzea, lehiaketaldia eta oposizioaldia gainditu dituzten izangaien deklarazioa egitea, horien zerrendak argitaratzea eta organo dei-egileari igortzea.

12.2. Hautapen batzordeen eginkizunak. Hautapen batzordeei eginkizun hauek dagozkie:

_Epaimahaiak koordinatzea.

_Epaimahaien jardueretarako irizpideak finkatu eta homogeneizatzea.

_Espezialitate bakoitzean batera egin behar diren proben zatiak koordinatzea.

_Epaimahaiek oposizioaldian emandako puntuazioei lehiaketaldikoak gehitzea, izangaiak ordenatzea eta bi fase horiek gainditzen dituzten izangaien zerrendak prestatzea.

_Lehiaketaldia eta oposizioaldia gainditzen dituzten izangaien deklarazioa egitea, horien zerrendak argitaratzea eta organo dei-egileari igortzea.

12.3. Administrazioko beste organo batzuei agindutako eginkizunak.

Deialdiaren I. eranskinean jasotako baremoaren arabera, izangaiei dagokien puntuazioa Giza Baliabideen Zerbitzuko langileek emanen dute, I, II.1, II.2, II.3 eta II.4 atalei dagokienez, eta berauek balorazio hori eginen dute arau honek aipatzen dituen hautapen organoen izenean, eta, oposizioaldia bukatutakoan, emaitzak hautapen organo horiei helaraziko dizkiete.

Halaber, presidente-koordinatzaile bat eta idazkari-koordinatzaile bat izendatzen ahalko dira eta, behar izanez gero, presidente-koordinatzailearen eta idazkari-koordinatzailearen ondokoak, hautapen prozesua egoki izapidetu eta epaimahaien edo, hala behar denean, hautapen batzordeen lana errazteko, Hezkuntza Departamentuak esleitzen dizkien eginkizunak izanen dituztenak.

12.4. Hautapen Organoen jarduketa Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legeak (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) xedatutakoari lotuko zaio beti.

13. Hautapen Organoek behar diren kasuetan neurriak hartuko dituzte, minusbaliotasunak dituzten izangaiek ere gainontzeko parte hartzaileek bezalatsuko aukerak izan ditzaten ariketak egiterakoan. Horretarako, deialdi honen 3. arauaren C atalaren 2. idatz-zatian aurreikusitako eran, hala eskatzen duten minusbaliatuendako denbora eta baliabide mailako egokitzapenak bideratuko dira.

14. Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, hautapen organoek Hezkuntza Departamentuan izanen dute egoitza (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña), eta bertan aurkeztu beharko dira hautapen prozeduraren gainean sortzen diren afera guztiak.

15. Hautapen organoek ezin izanen dute deklaratu, inolaz ere, oposizioaldia eta lehiaketaldia espezialitate eta hizkuntza horretarako deitutako lanpostu kopurua baino izangai gehiagok gainditu dituztela.

Zazpigarrena._Hautapen prozesua.

1. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamazazpigarren xedapen irangankorraren 2. atalean eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle Kidegoetan sartu eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onetsi eta lege horretako hamazazpigarren xedapen irankorrean sartzeko aipatzen den araubide iragankorra arautu zuen horretan, xedaturikoarekin bat, hautaprobak bi izanen dira: lehiaketaldia, non prestakuntza akademikoa, bereziki hezkuntza etapa bereko ikastetxe publikoetan irakasle lanetan izaniko esperientzia, legeek baimentzen dituzten mugen barruan, eta oposizioaldia, proba bakar bat izanen da, kasuan kasuko espezialitatearen edukiez, gaitasun pedagogikoaz eta irakaskuntzan aritzeko behar diren tekniken ezagutzaz. Halaber, praktikaldi bat izanen da, prestakuntza ikastaroak biltzen ahalko dituena eta hautaprobak osatuko dituena.

2. Oposizioaldiari 2007ko ekainaren 22tik aurrera emanen zaio hasiera, aurkezpen ekitaldi baten bidez.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak dei eginen die izangaiei aurkezpen ekitaldira. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, gutxienez ere zazpi egun natural lehenago, epaimahaien aurreko jarduketak hasteko eguna, ordua eta tokia adierazirik. Aurkezpen ekitaldira aurkeztu ezik, hautaprobetatik baztertuko dira. Ez du balioko beste inoren bidezko ordezkaritzak.

Halaber, ebazpen horren bidez oposizioaldiko probaren A zatia egiteko dei eginen zaie.

Behin epaimahaiaren aurreko jarduketak hasitakoan, ez da derrigorrezkoa izanen ondorengo deiak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Iragarki horiek aurreko ariketa egin diren lokaletan jarri beharko dira, hurrengo proba egin baino, gutxienez, berrogeita zortzi ordu lehenago.

Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaien aurrean beren ariketak egitera. Horrek esan nahi du egun bakoitzerako deitutako izangaiek epaimahaiak jarduketak hasteko ezarritako orduan bertan egon beharko dutela, eta ariketatik baztertuak izanen direla bertaratzen ez direnak. Ondorio horietarako, ariketa kolektibo batera deitutakoak deietan ezarritako ordu eta egunean aurkeztu beharko dira epaimahaiaren aurrean. Banan-banako ariketetan, egun bakoitzean deitutako izangaiak bertan egonen dira epaimahaiak jarduketak hasteko ezarritako orduan.

3. Izangaien parte-hartzearen ordena alfabetikoki zehaztuko da, horretarako Giza Baliabideen Zerbitzuak zozketaz bi letra aterako ditu eta lehenengo deituraren hasiera letra horiekin duten izangaiak hasiko dira. Probaren B zatian, adierazi den irizpideari jarraituz, bakarrik B1 ariketa egin behar duten izangaiei dei eginen zaie eta gero B.1) eta B.2) ariketak egin behar dituzten izangaiei dei eginen zaie.

Zozketaren prozedura honelakoa izanen da:

Abezedariotik bi letra aterako dira eta horiek izanen dira espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko izangaiaren lehen deituraren hasierako letrak. Lehenengo deitura hasierako bi letra horiekin duen izangairik ez badago ordena alfabetikoan hurrengo tokian dagoen deitura hartuko da, eta "ZZ" letren ondotik "AA" letrak datozela eta "CH" eta "LL", hurrenez hurren, "C" eta "L" letretan dagokien tokian daudela ulertuko da.

4. Epaimahaiak edozein mementotan eskatu ahalko die izangaiei beren nortasuna egiazta dezaten.

Zortzigarrena._Hautapen sistema.

8.1. Oposizioaldia.

Aldi honetan aukeratu nahi den irakaskuntza espezialitatearen berariazko ezagutzak eta irakaskuntzan aritzeko behar diren teknikak baloratuko dira.

Otsailaren 27ko 276/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, oposizioaldiko probetarako espezialitate guztietako gai-zerrendak deialdi honetako II. eranskinean azaltzen dira.

Gai-zerrendak Nafarroako Goberrnuko Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren web orrian kontsultatu daitezke: www.pnte.cfnavarra.es, baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere: www.cfnavarra.es.

Ingeles, Frantses eta Euskara (Nafarroa) espezialitateetako ariketa guztiak kasuan kasuko hizkuntzan egin beharko dira. Gainerako espezialitateetan gaztelaniaz eginen dira edo, euskaraz eman beharreko espezialitateen kasuan, gaztelaniaz ala euskaraz, izangai bakoitzak nahi bezala.

8.1.1. Oposizioaldiko proba.

Oposizioaldian proba bakar bat izanen da, bi zati izanen dituena. Ez da baztergarria izanen. Epaimahaiak bakarrik azken proba eta orotarikoa argitaratuko ditu. Izangaiak epaimahaiaren aurrean ahozko azalpena egin edo irakurri beharrik ez daukan ariketa idatzietan izangaien anonimatoa bermatu beharko da.

Oposizioaldiko proba zati hauetan banatzen da:

1. A Zatia

Irakaskuntzan aritzeko behar diren berariazko ezagutzak frogatu beharko dira. Zati honetan, izangaiak berak espezialitateko gai zerrendatik epaimahaiak zozketaz ateratako hiru gaitatik bat idatziz azaltzea izanen da.

Proba honen A zatia egiteko, izangaiek hiru ordu izanen dituzte gehienez.

Izangaien anonimatoa bermatzeko, ariketa hau pliken bidez eginen da. Hala ere, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduko 6. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoa betetzeko, epaimahaiak bakarrik probaren azken nota eta orotarikoa plazaratuko ditu.

A zatia 0 puntutik 10 puntura bitarte baloratuko da eta oposizioaldiko azken kalifikazioaren %40 eginen du.

2. B zatia.

Izangaiak duen gaitasun pedagogikoa eta irakasle lanean aritzeko behar diren teknikak noraino menperatzen dituen baloratuko da. Horretarako, programazio didaktiko bat aurkeztu beharko du eta unitate didaktiko bat prestatu eta ahoz azaldu.

Musika espezialitatean ariketa praktiko bat izanen da. III. eranskinean zehazten dira haren ezaugarriak.

B.1) Programazio didaktiko baten aurkezpena.

Programazio didaktikoa izangaiak aukeratu duen espezialitateari loturiko arlo edo irakasgai baten curriculumari buruzkoa izanen da. Bertan, helburuak, edukiak, ebaluatzeko irizpideak eta metodologia azaldu beharko dira, hala nola hezkuntza premia berariazkoak dituzten ikasleei arreta emateko moduak. Programazio hori bat etorriko da hezkuntza maila edo etapa bateko ikasturtearekin, zeinetan espezialitate horretako maisu-maistrek irakasteko eskumena baitaukate. Izangaiak programazio didaktikoa osatzen duten unitate didaktikoak adierazi beharko ditu. Programazioa egiteko, izangaiak deialdi honetako IV. eranskinean aipatzen diren curriculumak erabiltzen ahalko ditu.

Izangaiak prestatzen duen programazioa epaimahaiari eman beharko zaio, horren aurrean aurkezteko ekitaldian, deialdi honetako zazpigarren arauko 2. puntuan aurreikusiriko tokian, egunean eta orduan. Izangaia bera programaziora oposizioko aurkezpen ekitaldian aurkeztu ezik, B.1) ariketa egiteko ez da onartua izanen.

Programazioa epaimahaiaren aurrean azalduko da. Izangaiak gehienez ere hogeita hamar minutu izanen ditu azaldu eta defendatzeko. Mahakideek noiznahi ere galdetzen ahalko diote izangaia hizketan ari dela.

Programazioa deialdi honen V. eranskinean ezarririkoarekin bat prestatu beharko da.

B.2) Unitate didaktikoa prestatu, azaldu eta, bidezko bada, defendatzea.

Unitate didaktiko baten prestakuntza eta ahozko azalpena, epaimahaiaren aurrean, izangaiak aurkezten duen programazioari loturik egonen da. Unitate didaktikoaren edukia aukeratzeko, izangaiak berak aurkeztu duen programaziotik hiru unitate aterako ditu zozketaz eta horietako bat aukeratuko du. Unitate didaktiko hori prestatzerakoan, haren bidez ikaskuntzan lortu nahi diren helburuak zehaztu beharko dira eta haren edukiak, gelan burutuko diren ikaskuntza eta irakaskuntza jarduerak eta ebaluatzeko prozedurak ere bai. Pedagogia Terapeutikoko eta Entzumen eta Mintzameneko espezialitateetan Haur eta Lehen Hezkuntzako curriculumean parte hartzeko programak unitate didaktikotzat jotzen ahalko dira.

Izangaiak ordu bat izanen du unitate didaktikoa prestatzeko.

Unitate didaktikoa azaltzeko, izangaiak nahi duen material osagarria erabil dezake, berak eramana, baita gidoi bat ere (orri bat baino ez), ariketa bukatutakoan epaimahaiari eman beharko diona.

Izangaiak gehienez ere hogeita hamar minutu izanen ditu unitate didaktikoa azaldu eta defendatzeko. B.1) eta B.2) ariketak azaldu eta defendatu behar dituzten izangaiak ekitaldi bakar batean eginen dute epaimahaiaren aurrean. Mahakideek noiznahi ere galdetzen ahalko diote izangaia hizketan ari dela.

B.3) Ariketa praktikoa.

Musika espezialitatearen kasuan, ariketa praktiko bat egin beharko da hautaproben artean. Deialdi honen III. eranskinean zehazten dira haren ezaugarriak eta haren iraupena.

8.1.2. B.2) ariketaren ordez izangaiak unitate praktikoaz dakiena baloratzen duen txostena aurkeztea.

Betebehar hauek betetzen dituzten izangaiek eskatzen ahalko dute B.2) ariketaren ordez izangaiak unitate praktikoaz dakiena baloratzen duen txostena aurkeztea:

a) Deialdia argitaratzen den egunean jardunean egotea.

b) Maisu-maistren Kidegoko lanpostu berean etengabe aritzea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako irakaskuntzako langileen aldi baterako kontratu administratibo baten bidez edo beste hezkuntza administrazio batean aritzeko aldi baterako izendapen baten bidez, 2006-2007 ikasturte osorako. Halaber, ulertuko da betebehar hori betetzen dutela 2006-2007 ikasturtean lanean aritu direnek, gutxienez ere sei hilabetez, hautaprobetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Izangaiak aukera hori hautaprobetan parte hartzeko eskabideko lauki egokian aipatu beharko du.

Txostena emateko lehen aipatu den betebeharra betetzen ez dutenek, parte hartzeko eskabidean aukera hori aipatu badute, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean agertuko dira, kontu hori adierazirik eta kasu horretan probako B.2) ariketa egiteko dei eginen zaie.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan ari diren izangaiek, beste hezkuntza administrazio batzuetako deialdietan parte hartzen badute eta horien arabera txostena eman dakiela eskatu nahi badute, deialdi honen VII. eranskineko eskabidea Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari aurkeztu beharko diote.

Beste hezkuntza administrazio batzuetan ari diren izangaiek, hautaproba hauetan parte hartuz gero, parte hartzeko eskabidearekin batera deialdi honen VIII. eranskina aurkeztu beharko dute. Giza Baliabideen Zerbitzuak administrazio horretako organo eskudunari eskatuko dio txostena eman dezala. Txosten hori hartu ezik, izangaiari jakinaraziko zaio eta B.2) ariketa egiteko dei eginen zaio.

Txosten hori, kasuan kasuko epaimahaiak deialdi honetako seigarren arauko 12. puntuaren bidez esleituriko eginkizunen arabera juzgatu, baloratu eta 0tik 10era puntuatuko du. Txostenean honako kontu hauek frogatu beharko dira: unitate didaktikoen bidez lortu diren ikasketa xedeak zehaztea, haien edukiak, gelan egiten diren irakaskuntza eta ikasketa jarduerak eta ebaluatzeko prozedurak. Txostenaren edukiak deialdiaren VI. eranskinean aipatzen diren nondik norako eta adierazleak bilduko ditu.

Hurrengo bi lerroaldeetan aipatzen diren batzordeek luzatuko dute txostena Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan ari diren izangaiez.

Batzordeek hiru kide izanen dituzte: izangaia lanean ari deneko ikastetxeko ikuskatzailea edo Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendariak izendaturiko beste ikuskatzaile bat, lehendakari lanetan arituko dena; ikastetxeko zuzendaria, batzordean idazkari lanetan arituko dena; eta mahaikide bat, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen kasuan ikasketa burua izanen dena edo, izangaia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren ikasmailetan arituz gero espezialitateko departamentuburua. Ikasketaburua edo departamentuburua karrerako funtzionarioak izan ezik, izaera hori daukan beste irakasle batek ordeztuko ditu, zuzendariak hautatuak.

Aurreko lerroaldean xedaturikoarekin bat osaturiko batzorde baten bidez txostena ezin prestatu denean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan sortuko den batzordeak prestatuko du txosten hori. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria edo honek izendatzen duen ikuskatzailea, Ebaluazio Arloko koordinatzailea eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendariak izendaturiko beste ikuskatzaile bat izanen dira lehendakariak.

Txostena eskatzen duten eta aukera horretan onartzen diren izangaiek indarra duen curriculumarekin eta oposizio-lehiaketan parte hartzeko espezialitatearekin bat datorren unitate didaktiko bat aurkeztuko dute, gehienez ere bost egun balioduneko epean, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzen direnetik hasita. Unitate hori, kasuan-kasuan, ikastetxeko zuzendariaren aurrean aurkeztuko da, horixe arituko baita idazkari lanetan, edo Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendariaren aurrean, hori Hezkuntza Departamentuan osatuko den batzordeko burua izanen baita.

Unitate didaktiko hori aurkezteak ez du esan nahi ez zaiela interesdunei aitortuko B.2) ariketaren ordezko betebeharra. Hori onartu eta baztertuen behin betiko ebazpenaren menpe geldituko da.

Izangaiak unitate didaktikoaz dakienari buruzko txostena batzordeko kideek horri buruz aurkezturiko informazioan eta aurkezturiko unitate didaktikoaren azterketan oinarriturik prestatuko da. Batzordeko kideek behar dituzten argibideak eskatzen ahalko dituzte, egoki deritzeten baliabideen bidez.

Epaimahaiak jarduten hasi aitzin, izangaiari txostenaren bista emanen zaio. Horrek parte hartzeko eskabidean hautaturiko aukerari uko egiten ahalko dio, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari igorririko eskabide baten bidez, bistatik bost egun naturaleko epean. Kasu horretan kasuan kasuko epaimahaiaren aurrean B.2) ariketa egiteko dei eginen zaio.

8.1.3. Oposizioaldiaren kalifikazioa.

Probaren zati bakoitza 0 puntutik 10 puntura bitarte kalifikatuko da. Oposizioaldiko orotariko kalifikazioa lortzeko, A zatiak probaren azken puntuazioaren %40 balioko du eta B zatiak %60.

Probako B zatiko ariketa bakoitza 0 puntutik 10 puntura bitarte baloratuko da. B zatiko orotariko kalifikazioa lortzeko, ariketa bakoitzeko puntuazioa honelakoxea izanen da:

1. B.1) eta B.2) ariketak bakarrik egiten direneko espezialitateetan, haietariko bakoitzaren balioa B zatiari emaniko balioaren %50 izanen da.

2. Musika espezialitatean, B.1); B.2) eta B.3) ariketen balioa B zatiari emaniko balioaren herena izanen da.

Probako azken nota eta orotarikoa 0tik 10era bitarte adieraziko dira.

Lehiaketaldira pasa ahal izateko, izangaiek gutxienez ere bost puntu lortu beharko dituzte oposizioaldian.

8.1.4. Oposizioaldiko ariketa bakoitzean izangai bakoitzaren puntuazioa ateratzeko, bertan dauden mahaikide guztien kalifikazioen batez besteko aritmetikoa kalkulatuko da. Mahaikideek emandako puntuazioen artean hiru puntu oso edo gehiagoko aldea baldin badago, puntuaziorik altuena eta baxuena, besterik gabe, ezabatu eginen dira, eta gainontzeko kalifikazioekin aterako da batez bestekoa.

8.1.5. Oposizioaldiko proba bukaturik, azken ariketa egin deneko tokiko iragarki oholean eta Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean epaimahaiek proban ebaluaturiko izangaiek lorturiko azken eta orotariko puntuazioak biltzen dituzten zerrendak paratuko dituzte.

8.2. Lehiaketaldia.

Aldi honetan izangaiek egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, deialdi honetako I. eranskinaren baremoari jarraiki. Aurretik egindako irakasle lana, prestakuntza akademikoa eta etengabea eta, horrelakorik baldin bada, beste merezimendu batzuk hartuko dira merezimendutzat.

Denboraz eta formaz behar bezala alegatuta eta frogatuta, hots, I. eranskinean zehazten den dokumentazioa aurkeztuz, aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Merezimenduen baremoko I. atala baloratzeari begira, interesatuek parte hartzeko orrian eskatzen ahalko dute Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz gehitu ditzala Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarendako egindako zerbitzuak, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean ageri den dokumentazioaren arabera. Eskaera hori egiten ez bada, interesatuek aurkezturiko merezimenduak besterik ez da baloratuko.

Ebazpen honen I. eraskinean bildutako merezimendu baremoko I, II.1, II.2, II.3 eta II.4 atalen arabera izangaiei dagokien puntuazio esleipena Giza Baliabideen Zerbitzuak eginen du hautapen organoen eskuordetza erabiliz. Epaimahaiek merezimenduen baremoko II.5 eta III. atalagatik izangaiek aurkeztuko dituzten merezimenduak baloratuko dituzte.

Lehiaketaldiko kalifikazioa oposizioaldia gainditu duten izangaiei bakarrik emanen zaie.

Bederatzigarrena._Oposizio-lehiaketa gainditzea.

9.1. Praktikaldira pasatzeko hautatuko dira, hautapen batzordeek oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazio osoen arabera ordenatu ondoren, espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko txanda irekiko eta minusbaliatuendako txandako prozedura bakoitzean deitutako lanpostu kopurua bezalako hurrenkera zenbakia edo txikiagoa duten izangaiak.

Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduko 63. artikuluan xedaturikoarekin bat, hautaprobetako orotariko puntuazioa osatzeko honelaxe ponderatuko da: %60 oposizioaldia eta %40 lehiaketaldia.

9.2. Hautapen batzordeen jarduna eta hautatutako izangaien zerrendak argitaratzea:

Oposizioaldia amaitu ondoren, hautapen organoek Giza Baliabiden Zerbitzuari eskatuko diote merezimenduen baremoko II.5 eta III atalekin zerikusia duen dokumentazioa, oposizioaldia gainditu duten izangaiena, alegia, beharrezko balorazioa egiteko.

Giza Baliabideen Zerbitzuak baremoko atal guztien puntuazioak batuko ditu eta lehiaketaldiko behin-behineko balorazioak argitara emanen ditu Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan. Balorazio horien kontra interesatuek erreklamazio idazkia aurkezten ahalko dute Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, jendaurrean jarri eta biharamunetik hiru egun balioduneko epean. Erreklamazioaldia amaituta eta bidezko erreklamazioak ebatzita, izangaiei dagozkien puntuazioak berriz ere argitaratuko dira kasu bakoitzean egiten diren aldaketak barne.

Behin-behineko balorazioekin batera, Giza Baliabideen Zerbitzuak gehitutako zerbitzuak jendaurrean jarriko dira, parte hartzeko eskabidean izangaiek aurretik hala eskatu badute.

Lehiaketaldiko behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, hautapen organoek sarrera libreko txandan eta minusbaliotasunak dituztenendako txandan oposizioaldia gainditu duten izangaien zerrenda prestatuko dute, bakoitzaren nortasun agiri nazionala adierazita, puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuak, hamar milarenak ere adierazita, gero oposizialdiko eta lehiaketaldiko puntuazioak batu, lortutako guztirako puntuazioen araberako izangaien zerrenda prestatu, bi aldiak gainditu dituzten izangaien zerrendak prestatu, oposizioaldia eta lehiaketaldia gainditu duten izangaiak aldarrikatu, zerrendak argitaratu eta organo dei-egileari igortzeko.

Hautapen organoek, oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaiak zehaztu ondoren, zerrenda bakarra prestatuko dute eta bertan txanda irekiko eta minusbaliotasunak dituztenendako txandako prozedura bakoitzean gainditu duten izangaiak agertuko dira puntuazio osoaren arabera ordenatuta.

Zerrenda hau prestatzerakoan berdinketarik gertatuz gero, horien artean lehentasuna zeinek duen ebazteko irizpide hauek hartuko dira aintzat:

1._Oposizioaldian puntuaziorik altuena.

2._Oposizioko probako ariketa bakoitzean puntuaziorik altuena, deialdian duten hurrenkeraren arabera.

3._Puntuaziorik altuena merezimendu baremoko ataletan

deialdiaren I. eranskineko hurrenkeraren arabera.

4._Merezimendu baremoko azpiataletan puntuaziorik altuena, deialdiaren I. eranskinean ageri den hurrenkeraren arabera.

Irizpide horiek aplikatuta ere berdinketak badirau, epaimahaiak bosgarren irizpidea hartuko du aintzat, hots, gai-zerrenda ofizialetik abiatuta test motako 30 galdera dituen test bat egitea.

Hautaturiko izangaiak zehazterakoan, hautapen organoek minusbaliotasunak dituztenendako txanda muriztuan bete gabe gelditzen diren lanpostuak hasieran txanda irekikoei gordetako lanpostuei gehituko dizkiete.

Behin ere ezin izanen da adierazi gehiago hautatu direla esleituriko lanpostu hutsak baino.

Probak gainditu dituztenen zerrenda bakarrak, espezialitatearen eta hizkuntzaren arabera, biltzen dituen ebazpena Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak eman eta argitaratuko du. Zerrenda horien kontra interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hala ere, bost eguneko epean akatsak zuzentzen ahalko dira.

Hautapen prozesuaren antolaketa sistemak ahalbidetzen badu izangaiak espezialitate batean baino gehiagotan parte hartzea, bi espezialitatetan edo gehiagotan hautapen prozesua gainditzen duten oposiziogileek, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari igorritako eskabide baten bidez, horietako zein lanpostu aukeratzen duten adierazi beharko dute, gainditu duten izangaien zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bost egun balioduneko epean. Praktikaldian gai direla deklaratuz gero, hautapen prozesuan gainditutako espezialitate guztiengatik sartuko dira Kidegoan.

Maisu-maistren Kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketan hezkuntza administrazio ezberdinetako deialdien bitartez parte hartu eta bat baino gehiagotan gainditzen duten izangaiek horietako bat aukeratu beharko dute, dagokion deialdian probak gainditu dituztenen azken zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari igorritako eskabide baten bidez; horrek gainontzekoetan parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiei uko egitea dakar. Izangaiak aukera hori egiten ez badu, praktiketako funtzionarioa izateko lehenengo izendapena onartzeak besteei isilbidez uko egin diela esan nahiko du.

Hamargarrena._Minusbaliotasunak dituztenendako txandako izangaien agirien aurkezpena.

Bost egun balioduneko epean, probak gainditu dituztenen zerrendak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, minusbaliotasuna dutela adierazi duten izangaiek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren edo balio bereko beste organo baten egiaztagiria aurkeztu beharko dute, minusbaliotasuna Maisu-maistren Kidegoan eta oposizioaldiaren eta lehiaketaldiaren xede den espezialitatean bete beharreko lan eta eginkizunekin bateragarria dela adierazten duena.

Hamaikagarrena._Praktiketako funtzionarioen izendapena.

1. Hautaturiko izangaiak praktikaldiko funtzionario izendatuko ditu Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak eta praktika horiek egiteko destino bat emanen die, zerbitzuaren beharren arabera, hautaproben xede izan den espezialitateko eta hizkuntzako lanpostu hutsetan, edo, horrelakorik ezean, prozesu horren xede izan den hizkuntzan Lehen Hezkuntzako espezialitateko lanpostu hutsetan.

Jakinarazpena jaso eta handik bost eguneko epean izendatuek aipatu destinoak hartzen ez baldin badituzte, hautapen probei uko egiten dietela ulertuko da.

Praktikaldia egiteko esleitzen zaien destinoa behin-behinekoa izanen da.

2. Hautatzen diren izangai guztiek lanpostuak betetzeko deitzen diren hurrengo lehiaketa guztietan parte hartu beharko dute nahitaez, Hezkuntza Departamentuak zuzenean kudeatzen duen ikastetxe batean lehenengo behin betiko destinoa lortzeko.

Hamabigarrena._Praktikaldia.

1. Praktikaldiaren xedea hautzen diren izangaiek irakasle lanetarako duten gaitasuna neurtzea da.

2. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak praktikaldia arautzeko emanen duen ebazpenean xedaturikoarekin bat babestuko da praktikaldia.

3. Praktialdian zuzeneko irakaskuntzaldi bat izanen da ikastetxe publikoetan eta izangaiek egin beharreko prestakuntza ikastaroak.

Batzorde kalifikatzaileak eginen du azken ebaluazioa, praktikaldia arautzen duen ebazpenak ezartzen dituen irizpideen arabera, eta "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen du.

4. Haurdunaldia edo behar bezala justifikatu eta Giza Baliabideen Zerbitzuak onartutako beste egoeraren bat izateagatik gerorapena behar dutenek idatziz eskatu beharko dute bost egun balioduneko epean, probak gainditu dituzten izangaien zerrendak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik hasita.

5. Praktikaldian "ez gai" kalifikazioa hartzen dutenek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, praktiketako kalifikazio batzordearen txostena ikusirik, eman beharreko ebazpen arrazoitu baten bidez.

6. Praktiketako funtzionario izateko izendapena jaso eta karrerako funtzionario izendatu bitartean, oposiziogileek praktiketako funtzionarioen araubide juridiko-administratiboa izanen dute.

7. Praktikaldian, praktiketako funtzionarioei azterketa medikoa eginen zaie, irakaslanean modu egokian aritzeko beharrezkoak diren baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituzten egiaztatu ahal izateko. Azterketa mediko hori gainditzen ez dutenek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpenaren bidez.

Hamahirugarrena._Karrerako funtzionarioak izendatzea.

1. Praktikaldia bukatu ondoren eta "gai" kalifikazioa jasotzen duten izangai guztiek deialdian ezarritako baldintza orokorrak eta berariazkoak betetzen dituztela egiaztaturik, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharreko ebazpen baten bidez, oposizio-lehiaketako espedientea onetsiko du.

2. Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrendak Hezkuntza eta Zientzia Ministeriora igorriko dira, Maisu-maistren Kidegoko karrerako funtzionario tituluak luza ditzan.

Izendapenaren ondorioak praktiketako funtzionario izendatu eta hurrengo ikasturteko lehen egunetik aurrera hasiko dira.

1. Hautaprobak gainditzen dituzten izangaiek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan izan beharko dute lehenbiziko behin betiko destinoa, eta horretarako deialdien xede diren lekualdatze lehiaketetan parte hartu.

Hamalaugarrena._Gaikuntzak.

Karrerako funtzionario izendatu ondoren, izangaiek hautapen prozesua zein espezialitatetan gainditu duten, espezialitate horren gaikuntza emanen zaie. Era berean, euskaraz eman beharreko espezialitateren baten hautapen prozesua gainditu duten izangaiei euskarazko (Nafarroa) gaikuntza emanen zaie ofizioz.

Hamabosgarrena._Aldi baterako kontratupean lan egiteko izangaien zerrendetan sartzea.

Hezkuntza kontseilariak irailaren 23an eman 156/2005 Foru Aginduaren lehen xedapen gehigarriarekin bat, oposizioaldiko ariketaren bat bai baina hautapen prozesu osoa ez gainditu duten izangaiak lehiaketaren xede diren espezialitate eta hizkuntzarako aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendetan saratuko dira, bertan ez badaude. Zerrendara sartzea 2007-2008 ikasturtea hasi baino lehen eginen da.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan sartuko badira, izangaiek behar diren tituluak izan beharko dituzte deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Aipaturiko izangaiak dagokien tokian jarriko dira, euren merezimenduak baloratu ondoren, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak azaroaren 23an emandako 2507/2006 Ebazpenak onetsitako baremoari jarraikiz.

Aipaturiko baremo horren I., II. eta IV. atalak baloratzearen ondorioetarako, kontuan hartuko dira, oposizioaldiko lehen ariketa gainditu ondoren, izangaiak erantsitako merezimenduak, eta bakar-bakarrik konputatuko dira 2006ko abuztuaren 31 arte osatutako merezimenduak.

Ebazpen horren bidez onetsiriko baremoaren III. atala baloratu ahal izateko, Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du merezimendu hori oposioaldiko proba bai hautapen prozesu osoa ez gainditu duten izangaiendako.

Hamaseigarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2007ko martxoaren 22an._Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, José María Gracia Galilea.

I. ERANSKINA

Maisu-maistren Kidegoan sartzeko merezimenduen balorazio baremoa

Izangaiek gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dituzte beren merezimenduengatik.

I._Irakasle lanetan emandako zerbitzuak (7 puntu gehienez ere).

1.1. Ikastetxe publikoetan, Maisu-maistren Kidegoan irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko: 0,700 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0583 puntu.

1.2. Ikastetxe publikoetan, Maisu-maistren Kidegoa ez beste batzuetan irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko: 0,350 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0291 puntu.

Egiaztagiriak: emandako zerbitzuen ziurtagiria, erakunde eskudunak emana. Kasu guztietan adierazi behar da zein Kidegotarako izendatu zen, baita zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak ere. Ziurtagiri horietan adierazten ez bada zerbitzuak ikastetxe publikoetan eman direla, aipatu zerbitzuak bestelako ikastetxeetan emanak bailiran baloratuko dira, hots, I.1.3 edo I.1.4 ataletan ezarritakoaren arabera, kasuan-kasuan. Ez dira onartuko jabetza hartzeko eta zerbitzuak uzteko orriak.

Giza Baliabideen Zerbitzuak, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarendako eginiko zerbitzuak ofizioz gehituko ditu, izangaiak parte hartzeko eskabidean hala eskatzen badu. Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren Nafarroako Zuzendaritza Probintzialerako eginiko zerbitzuak, 1990eko urriaren 1a baino lehenagokoak, ziurtatuak izan daitezen, interesatuek espresuki eskatu beharko dute.

1.3. Maisu-maistren Kidegokoei dagokien hezkuntza maila bereko espezialitateetan, beste ikastetxe batzuetan, irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko: 0,150 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0125 puntu.

1.4. Maisu-maistren Kidegokoei dagokien hezkuntza mailaz besteko espezialitateetan, beste ikastetxe batzuetan, irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko: 0,100 puntu.

Aurreko atalean aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0083 puntu.

Egiaztagiriak: ikastetxearen ziurtagiria, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren oniritziarekin, bertan hezkuntza maila eta zerbitzuen benetako iraupena ageri direla, hasi eta bukatu zireneko data zehatzak adieraziz. Ziurtagiri horiei oniritzia emateko, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak interesatuei eskatuko die Gizarte Segurantzaren kotizazio ziurtagiria eta kontratuak aurkez ditzatela.

I. atalerako oharrak:

1. Ez dira kontuan hartuko interesatuek sinaturiko kontratuen fotokopien bidez soilik egiaztatzen diren zerbitzuak. Ezta ikastetxe pribatuek emandako ziurtagiriak ere, nahiz eta Gizarte Segurantzari kotizatutakoaren ziurtagiriak erantsi, bertan Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren oniritzirik ez bada agertzen.

2. Ez dira kontuan hartuko zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak ez dituzten ziurtagiriak, nahiz eta bertan adierazi zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela.

3. Zerbitzuak zein mailatan eman diren zehazten ez bada, beste hezkuntza maila batean bailiran baloratuko dira.

4. Atzerrian emandako zerbitzuak dagokion herrialdeko Hezkuntza Ministerioak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Bertan ondokoa adierazi beharko da: eman den hezkuntza maila, zerbitzuen iraupena, hasi eta bukatu zireneko data zehatzekin eta ikastetxearen izaera publikoa edo pribatua. Ziurtagiri horiek gaztelaniara itzulita ekarri beharko dira. Itzulpen horiek zinpekoak izanen dira.

5. Unibertsitateko maisu-maistra esperientzia egiaztatzeko ikastetxearen ziurtagiria beharko da. Bertan ondokoa adieraziko da: zerbitzuak noiz hasi eta bukatu ziren, data zehatzak adierazita, zerbitzu horiek maisu-maistra lanetakoak izan zirela eta ikastetxearen izaera publikoa edo pribatua.

6. Ikastetxe publikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko IV. tituluko II. kapituluan aipatzen direnak dira, hezkuntza administrazioek sortu eta sostengaturiko ikastetxeen sare publikoan sarturik daudenak.

7. Atal honen ondorioetarako, puntuak ez dira pilatuko zerbitzuak aldi berean ikastetxe batean baino gehiagotan eman badira.

II._Prestakuntza akademikoa eta etengabea (4 puntu gehienez ere).

2.1. Alegatutako tituluari dagokion espediente akademikoa:

Atal honetan izangaiak alegaturiko tituluari eta Maisu-maistren Kidegoan sartzeko orokorki eskatzen den tituluari dagokion espediente akademikoaren batez besteko nota baloratuko da, honela kalkulatua:

2.1.1. 6 puntutik 7 puntura: 1,000 puntu.

2.1.2. 7 puntutik 8,5 puntura: 1,250 puntu.

2.1.3. 8,50 puntutik 10eraino: 1,500 puntu.

Zenbateko zehatza agertzen ez den kasuetan banaz bertzekoa ondoko baliokidetzen arabera eginen da:

Nahiko: 5,5 puntu.

Oso ongi: 7,5 puntu.

Bikain: 9 puntu.

Ohorezko matrikula: 10 puntu.

Egiaztagiriak: izangaiak ziurtagiri akademiko pertsonala, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, igorri beharko du; alegatutako titulua lortzeko irakasgai eta kurtsoetako puntuazioak azalduko dituena, bai halaber, kasuan kasuko ikasketa planean horietako bakoitzari esleitutako kreditu kopurua, horrelakorik baldin badago.

Ez da kontuan hartuko ziurtagiri akademikoan agertzen den batez besteko nota, irakasgaien puntuazioak zenbaki bidez adierazita ez daudenean. Horrelakoetan arestian aipatu baliokidetasunen arabera lortuko da.

Batez bestekoa ateratzeko, puntuazio guztien batuketaren emaitza zati irakasgaien kopurua eginen da. Kredituen sistemaren bidez lorturiko tituluetan, ikasketa espedientearen batez besteko puntuazioa ateratzeko, formula hau erabiliko da: izangaiak lortutako kredituen batuketa bider horietako bakoitzari dagokion kalifikazioa zati guztira lortutako kreditu kopurua, irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Ondorio horietarako, praktiken notak irakasgai baten balioa izanen du. Espedientean irakasgai konbalidatuak edo "gai" kalifikazioa dutenak azaltzen badira, ez dute inolako baliorik izanen, baldin eta lehiatzaileak ez badu aurkezten konbalidatutako edo "gai"z kalifikatutako irakasgaiaren zenbakizko balioa azaltzen duen egiaztagiria.

Ikasketa planaren barrenean ez dauden prestakuntza jardueren bidez lortutako kredituak ez dira zenbakitara ekarriko, eta ez dira aintzat hartuko ikasketa espedientearen batez bestekoa ateratzeko.

2.2. Graduondoa, doktoretza eta aparteko sariak:

2.2.1. Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein baliokiderengatik, irakaskuntzarako funtzio publikoan sartzeko betebeharrak ez badira: 1,000 puntu.

2.2.2. Doktore titulua izateagatik: 1,000 puntu.

2.2.3. Doktore ikastaroetan sari berezia lortzeagatik: 0,500 puntu.

Egiaztagiriak: tituluaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, titulua ziurtagiri-diploma emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.

2.3. Unibertsitateko beste titulazio batzuk:

Unibertsitateko titulazio ofizialak, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintzak direla-eta alegatutakoak ez badira, honela baloratuko dira:

2.3.1. Lehen zikloko titulazioak:

Diplomatura, Ingeniaritza Tekniko edo Arkitektura Teknikoko titulu bakoitzeko edo legez baliokide diren tituluak eta Lizentziatura, Arkitektura edo Ingeniaritza bateko lehen zikloari dagozkion ikasketak: 1,000 puntu.

Atal honetan ez dira inola ere baloratuko izangaiak duen lehenbiziko titulua edo mota horretako ikasketak.

2.3.2. Bigarren zikloko titulazioak:

Lizentziatura, Ingeniaritza edo Arkitekturako bigarren zikloko ikasketak edo legez baliokide diren tituluei dagozkienak: 1,000 puntu.

Egiaztagiriak: Kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, bai eta merezimendu gisa alegatzen diren guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Lehen zikloko titulazioak puntuatuko badira, ezinbestekoa izanen da diplomatura tituluaren fotokopia aurkeztea, edo bestela lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura bateko lehenbiziko hiru kurtsoko irakasgaiak egin eta gainditu direla azalduko duen ziurtagiri akademiko pertsonala. Egokitzapen kurtsoa gainditzea ez da hartuko lehen zikloko titulaziotzat.

Lizentziatu, Ingeniari edo Arkitekto tituluaren fotokopia aurkezten bada, aintzat hartuko dena bigarren zikloko titulazioari dagokion puntuazioa izanen da soilik, salbu eta 2.3.1. atalaren arabera baloratzeko aurreko idatz-zatian aintzat hartzen diren egiaztagiri akademikoak eransten badira.

2.4. Araubide bereziko irakaskuntzako eta berariazko lanbide heziketako titulazioak:

Hizkuntza eskola ofizialek, Musikako goi mailako kontserbatorioek, kontserbatorio profesionalek eta arte eskolek ematen dituzten araubide bereziko titulazioak, baita berariazko lanbide heziketakoak ere, ondoren aipatzen denari jarraikiz baloratuko dira, betiere irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa alegatu ez baziren edo alegaturiko titulua lortzeko ezinbestekoak izan ez baziren:

a) Musika eta dantza titulu profesionala: 0,500 puntu.

b) Hizkuntza eskola ofizialek emandako maila aurreratuko gaitasun agiria edo haren baliokidea: 0,500 puntu. EGA titulua edo haren baliokidea: 0,500 puntu.

c) Arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikarien titulua: 0,200 puntu.

d) Lanbide Heziketako goi mailako teknikarien titulua: 0,200 puntu.

e) Goi mailako kirol teknikarien titulua: 0,200 puntu.

Egiaztagiriak: merezimendu gisa alegatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, hala nola Kidegoan sartzeko alegatu zuen titulua lortzeko beharrezkoak izan diren titulu guztien fotokopia konpultsatua.

Euskarazko lanpostuetarako lehiatzen bada, ez da euskarazko titulu bakar bat ere baloratuko. Gaztelaniazko lanpostuetarako lehiatzen bada eta baliokideak diren euskarazko titulu bat baino gehiago aurkezten badira, titulu horietako bat bakarra baloratuko da.

Baliokideak diren hizkuntza-titulu bat baino gehiago aurkezten badira, horietako bat bakarrik baloratuko da.

2.5. Prestakuntza etengabea:

Gaindituriko prestakuntza etengabeko eta hobekuntzako ikastaroak, aukeratu nahi den espezialitaearekin, eskolaren antolaketarekin, hezkuntzari aplikaturiko teknologia berriekin, didaktikarekin, psikopedagogiarekin edo hezkuntza soziologiarekin loturik egonez gero, hezkuntza eskumen osoa duten administrazio publikoek edo unibertsitateek antolatu badituzte, edo hezkuntza administrazioekin elkarlanean ari diren entitateek antolaturiko prestakuntza etengabeko planean sarturiko jarduerak edo kasuan kasuko hezkuntza administrazioak aitorturiko jarduerak:

a) 3 kreditu gutxienez: 0,2000 puntu.

b) 10 kreditu gutxienez: 0,5000 puntu.

Musika espezialitatean bakarrik kontserbatorioek antolaturiko ikastaroak berdin-berdin baloratuko dira.

Azpiatal honi dagokionez, 2 kreditutik beherakoak ez diren ikastaroak metatzen ahalko dira, azpiatal honetan zehazten diren betebeharrak betetzen dituztenak:

2.5 azpiatal honetan ez dira inola ere baloratuko titulu akademiko baten (doktoretza barne), "master" edo graduatuondoko beste titulazio baten curriculuma osatzen duten ikastaro edo irakasgaiak. Behin ikastaro horiek amaituta eta dagozkien tituluak eskuratuta, titulu horiek, egoki bada, 2.2 azpiatalaren arabera baloratuko dira.

Egiaztagiriak: kasuan kasuko erakunde edo zentroak luzaturiko ziurtagiria, non espresuki ikastaroaren kreditu edo orduak adieraziko baitira. Prestakuntza etengabeko planeko jardueretan edo hezkuntza administrazioak aitortu dituen horietan espresuki adierazi beharko da jarduera plan horretan sarturik dagoela edo hezkuntza administrazioak aitorturik daukala.

Ziurtagirietan kredituen ordez orduak adierazten direnean, ulertuko da 10 orduk kreditu bat egiten dutela.

Ez dira baloratuko ordu edo orduen iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak.

II. atalari oharrak:

Ikastaro bakoitzeko 2.5 azpiatala a) eta b) letretan xedaturikoaren arabera baloratuko da. Bi kreditutik beherakoak ez diren beste ikastaroak kreditu edo ordu guztiak batuz metatu eta guztirakoa ikastaro bat bailitzan baloratuko da, a) eta b) letretan xedaturikoarekin bat.

III._Beste merezimendu batzuk (2 puntu gehienez ere).

Argitalpenak eta hezkuntza proiektuetan parte-hartzeak.

Espezialitatearen alderdi zientifikoei buruz, curriculumaren alderdi orokorrei buruz edo eskolaren antolaketari buruz egindako argitalpen zientifiko edo didaktikoak:

Egiaztagiriak: argitalpenen edo programen aleak (I.S.B.N. edo I.S.S.N. direlakoak dituzten argitalpenak baizik ez dira baloratuko), egindako kritikak eta, bidezkoa bada, saria lortu izanaren agiria.

Merezimenduen baremo osoarendako oharrak:

1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik burutu eta ezarritako epean aurkeztu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste Autonomia Erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik. Itzulpenek zinpeko itzultzaileek eginak izan beharko dute.

II. ERANSKINA

Espezialitateetarako gai zerrendak

Hautaproba hauetan Maisu-Maistren Kidegoko espezialitateei dagozkien indarreko gai zerrendak izanen dira aplikatzekoak.

_1993ko irailaren 9ko Aginduaren I. eranskina (irailaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

_Lehen Hezkuntzako espezialitatea: HZI/592/2007 Agindua, martxoaren 12koa (2007ko martxoaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

_Euskara espezialitatea: 374/1999 Foru Aginduaren I. Eranskina, azaroaren 3koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana (abenduaren 20ko 158. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

III. ERANSKINA

Ariketa praktikoaren ezaugarriak

Musika:

Ariketa praktikoak bi atal edukiko ditu:

A atala: epaimahaiak aurkeztuko duen herri kanta edo zati bat oinarritzat hartuz, moldaketa bat prestatu, gelan interpretatua eta didaktikoki erabilia izan dadin. Moldaketa hori partitura batean aurkeztuko da, gidoi didaktiko batekin batera. Izangaiak bi ordu izanen ditu ariketaren atala prestatzeko eta hogei minutu izanen ditu, gehienez, epaimahaiaren aurrean bere lana aurkezteko, proposatutako kantaren edo zatiaren ahozko interpretazioa barne. Aretoan eskura dituen baliabideak (pianoa eta arbel lerroduna) erabili ahal izanen ditu aurkezpenean, baita izangaiak eramanen dituen bestelako baliabideak ere, eraman nahi izanez gero.

B atala: pieza labur edo zati bat (erritmiko-melodikoa) begiratzeaz batera irakurri, epaimahaiak emanen duen partituratik abiatuta. Proba honek 10 bat minutu iraunen du.

Ariketa praktikoaren bi atalen balorazioa:

_A atala, moldaketa: %60.

_B atala, begiratzearekin batera irakurtzea: %40.

IV. ERANSKINA

Curriculumak

_574/1991 Foru Dekretua, abenduaren 30ekoa, Haur Hezkuntzako curriculumari buruzkoa (1992ko urtarrilaren 29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

_100/1992 Foru Dekretua, martxoaren 16koa, Lehen Hezkuntzako curriculumari buruzkoa (1992ko maiatzaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

V. ERANSKINA

Programazio didaktikoaren edukia

Haur Hezkuntza:

Programazio didaktikoa arlo bateko curriculumerako egokituko da eta Haur Hezkuntzako etapako bigarren zikloko ikasmaila oso batekin bat etorriko da. Etapa globalizatua denez, programazioak curriculumeko arlo guztiak biltzen ahalko ditu. Programazio horretan helburuak, edukiak, ebaluatzeko irizpideak, metodologia eta hezkuntza behar bereziak dauzkaten ikasleendako neurriak zehaztuko dira. Programazio horretan gutxienez ere 12 unitate didaktiko zenbakidunen zerrenda sartuko da. Egutegi ezberdinetakoak izaten ahalko dira.

Lehen Hezkuntza:

Programazio didaktikoa espezialitate horretako irakasleek irakasteko eskumena daukaten arlo bateko curriculumerako egokituko da. Etapa horren ezaugarriak direla eta programazio horrek arlo batzuetako proposamen integratzaileak biltzen ahalko ditu. Programazio hori Lehen Hezkuntzako ikasmaila oso batekin bat etorriko da. Helburuak, edukiak, ebaluatzeko irizpideak, metodologia eta hezkuntza behar bereziak dauzkaten ikasleendako neurriak zehaztuko dira. Programazio horretan gutxienez ere 12 unitate didaktiko zenbakidunen zerrenda sartuko da.

Gorputz hezkuntza:

Programazio didaktikoa Lehen Hezkuntzako ikasmaila baterako egokituko da. Helburuak, edukiak, ebaluatzeko irizpideak, metodologia eta hezkuntza behar bereziak dauzkaten ikasleendako neurriak zehaztuko dira. Programazio horretan gutxienez ere 10 unitate didaktiko zenbakidunen zerrenda sartuko da.

Musika:

Programazio didaktikoa Lehen Hezkuntzako ikasmaila baterako egokituko da. Helburuak, edukiak, ebaluatzeko irizpideak, metodologia eta hezkuntza behar bereziak dauzkaten ikasleendako neurriak zehaztuko dira. Programazio horretan gutxienez ere 6 unitate didaktiko zenbakidunen zerrenda sartuko da.

Ingelesa:

Oposiziogileak urteko programazio bat aurkeztuko du, izangaiak aukeraturiko Haur edo Lehen Hezkuntzako ikasmaila baterako egokituko dena. Programazio horretan gutxienez ere 12 unitate didaktiko zenbakidunen zerrenda sartuko da. Egutegi ezberdinetakoak izaten ahalko dira. Ingelesez idatzirik egon beharko du.

Programazio horretan helburuak, edukiak, ebaluatzeko irizpideak, metodologia eta hezkuntza behar bereziak dauzkaten ikasleendako neurriak zehaztuko dira. Garrantzi berezia emanen zaie hizkuntzen irakaskuntzaren tratamendu integratuari eta edukien bidezko hizkuntza irakaskuntzari.

Frantsesa:

Oposiziogileak urteko programazio bat, izangaiak aukeraturiko Haur edo Lehen Hezkuntzako ikasmaila baterako egokituko dena. Programazio horretan gutxienez ere 12 unitate didaktiko zenbakidunen zerrenda sartuko da. Egutegi ezberdinetakoak izaten ahalko dira. Frantsesez idatzirik egon beharko du.

Programazio horretan helburuak, edukiak, ebaluatzeko irizpideak, metodologia eta hezkuntza behar bereziak dauzkaten ikasleendako neurriak zehaztuko dira. Garrantzi berezia emanen zaio hizkuntzen irakaskuntzaren tratamendu integratuari.

Euskara:

Oposiziogileak urteko programazio bat, izangaiak aukeraturiko Haur edo Lehen Hezkuntzako ikasmaila baterako egokituko dena. Programazio horretan gutxienez ere 12 unitate didaktiko zenbakidunen zerrenda sartuko da. Egutegi ezberdinetakoak izaten ahalko dira. Euskaraz idatzirik egon beharko du.

Programazio horretan helburuak, edukiak, ebaluatzeko irizpideak, metodologia eta hezkuntza behar bereziak dauzkaten ikasleendako neurriak zehaztuko dira. Garrantzi berezia emanen zaio hizkuntzen irakaskuntzaren tratamendu integratuari.

Pedagogia Terapeutikoa:

Oposiziogileak ikasturte baterako sostengu plana aurkeztuko du, hezkuntza etapetako mailetako ikasmaila baterako, ezintasun ibiltzeko, psikiko edo zentzumenezkoaren edo portaeraren arazo larrien ondoriozko hezkuntza bereziak dauzkaten ikasleendako. Horren arabera, aukera hauek izanen dira:

A._Antolaketazko egitura hauetan eskolaturiko eta hezkuntza behar bereziak dauzkaten ikasleendako gutxienez 10 unitate didaktikotan antolaturiko programazio bat.

"Ikastetxe arrunta" izeneko eskolatze modalitatean.

_Haur eta Lehen Hezkuntza: erdibideko unitateak/garatzeko arazo orokortuak.

_Bigarren Hezkuntza: Curriculum Bereziko unitateak, Lanbide Hastapen Bereziko Programak.

"Hezkuntza bereziko ikastetxea" izeneko eskolatze modalitatean.

_Landa eremuko hezkuntza bereziko ikastetxeez kanpoko ikasgela.

_Hezkuntza bereziko ikastetxea.

Kasu horietan, pedagogia terapeutikoko irakasleak tutore lanak egiten ditu.

B._Sostengu plan bat, epe baterako, gutxienez ere esku-hartzeko 10 programatan antolatua, gehienbat, musika-tresnen arloetarako, ikaslearen ikasgelaren urteko programazioan eta banakako curriculumaren egokitzapenean oinarriturik. Programa horiek ezgaitasun mota edo graduren bat daukaten ikasle batzuendako prestatuko dira. Ikasleak hezkuntza mailetako ohiko ikasgeletan sartuko dira. Programa horrek pedagogia terapeutikoko irakaslearen esku-hartzea zehaztuko du. Programa horiek zenbakiturik eta garaturik behar dute.

Pedagogia Terapeutikoko irakaslea ikaslea sostengatzen duen espezialista bihurtu eta beste irakasleei lagunduko die ikaslearen hezkuntza behar bereziak planifikatzen eta erantzuten.

Entzumena eta hizkuntza:

Oposiziogileak ikasturte baterako laguntza plana aurkeztu beharko du, berak aukeratzen duen ikastetxe arrunt bateko edo hezkuntza bereziko ikastetxe bateko Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako ikasmaila baterako, Hizkuntza/Komunikazioaren arloan hezkuntza premia bereziak dituen ikasle bati edo zenbaiti laguntzeko, premia horiek ezgaitasun baten ondoriozkoak izan ala ez.

Sostengu plana ikaslearen, ikastetxearen eta eskola inguruaren beharretan oinarrituko da gehienbat eta 10 esku-hartze programa bildu beharko ditu gutxienez, behar bezala zenbakituak eta garatuak, Haur Hezkuntzak edo Lehen Hezkuntzak Irudikapena/Komunikazioaren arlorako edo Hizkuntzaren arlorako duen curriculumari egokituak.

VI. ERANSKINA

IFZ ............................

Izen-deiturak

Kidegoa ...................................... Espezialitatea:

Ari deneko ikastetxea ..................................... Kodea

Herria ................................... Bestelako egoerak

1. Irakaskuntzaren helburuen zehaztasuna

_Helburuak teknikoki ongi azaldurik daude, koherenteak dira eta curriculum ofizialaren helburu orokorrak zehazten dituzte.

_Kasuan kasuko ikastarora eta ikaslearen ezaugarrietara egokiturik daude.

BAI

EZ

2. Edukiak.

_Edukiak helburuen proposamenarekin bat hautatu dira.

_Curriculum ofizialaren esparruan daude eta proposaturiko ikastarorako egokiak dira.

_Askotariko azalpena dute eta irizpide epistemologiko, kontestualizatu eta funtzionalekin bat dator.

BAI

EZ

3. Ikas-irakaskuntzaren jarduerak.

_Jardueren programazioak proposaturiko helburuak lortzen eta edukiak garatzen laguntzen du.

_Motibatzaileak dira, askotarikoak, zailtasunen arabera sailkatuak eta ikasle gehienek egiten ahal dituzte.

_Denetariko baliabide didaktikoak erabili asmo dira.

BAI

EZ

4. Ebaluatzeko bideak.

_Proposaturiko helburu, eduki eta jarduerekin bat datoz.

_Askotarikoak dira, malguak, ikasleen aniztasunera egokituak, eta errekuperatzeko tresnak biltzen dituzte.

BAI

EZ

...............(e)n, 2007ko ..........aren ..........(e)an.

Batzordeko kideen sinadura.

VII. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan ari diren izangaiak, beste hezkuntza administrazio batzuen deialdietan parte hartzen dutenak eta txostena luzatzea eskatu nahi dutenak

_Norberaren datuak.

Izen-deiturak:

NANa: .............................

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Herrialdea:

Telefonoa:

_Lanpostuari buruzko datuak.

Destinoa:

Espezialitatea:

Hizkuntza modalitatea:

Ikasturtea: ...........

Parte hartzen dueneko hautaprobetarako dei egin duen hezkuntza administrazioa:

GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA.

SANTO DOMINGO KALEA, ZK.G., 31001 IRUÑA.

VIII. ERANSKINA

Beste hezkuntza administrazio batzuetan ari diren izangaiak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko dei eginiko hautaprobetan aurkezten direnak

_Norberaren datuak.

Izen-deiturak:

NANa: .................

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Herrialdea:

Telefonoa:

_Lanpostuari buruzko datuak.

Destinoa:

Espezialitatea:

Hizkuntza modalitatea:

Ikasturtea:

Parte hartzen dueneko hautaprobetarako dei egin duen hezkuntza administrazioa:

GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA.

SANTO DOMINGO KALEA, ZK.G., 31001 IRUÑA.

Iragarkiaren kodea: F0705372