46. ALDIZKARIA - 2007ko apirilaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, musika eskolako irakasle izateko lanpostu bat, Musika Hizkuntza espezialitatekoa, oposizio bidez eta lanaldi partzialeko lan-kontratuarekin betetzeko, Iruñeko Udalaren zerbitzuan

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2007ko otsailaren 20an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen haren

ARAUAK

1._Arau orokorrak.

1.1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz gauzatuko da deialdi hau. Haren xedea da musika eskolako irakasle izateko lanpostu bat, Musika Hizkuntza espezialitatekoa, oposizio bidez eta lanaldi partzialeko lan-kontratuarekin betetzea, Iruñeko Udalaren zerbitzuan. Lanpostua txanda honetakoa da:

a) Lanpostu bat txanda irekian.

1.2. Hona deialdiko lanpostua:

_1, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorrean, plantilla organikoan zenbaki hau duena: 202918-1.

1.3. Lanpostua lortzen duen izangaia funtzionario bilakatuko da, Iruñeko Udaleko langileendako egungo xedapenetan zehazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.4. Lanpostuak B maila edo taldeko lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzeko diren gainerako xedapenetan erabakitakoaren arabera.

1.5. Izangaia, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondotik, Iruñeko Udalean sartuko da eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko, eta alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babesean.

1.6. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak lanlekua duen herrian bizi beharra du, eta hori betetzeko Iruñeko udalerrian finkatuko du bere bizilekua.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.8. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, deialdi honen 3, 9, eta 10. arauetan xedaturikoarekin bat.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Musikako erdi mailako titulua, edozein espezialitatetakoa, izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetako batean aurkeztu beharko dira (Merkatuko karrika, 7-9; Zapateria karrika, 40; San Saturnino karrika, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke, edo interneten, www.pamplona.es webgunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari Iruñeko Udalaren kontuan 18,50 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatzeko tasaren eta azterketa eskubideen ordain. Zuzenean ordaindu ahalko da edo bertzela transferentzia eginda, betiere Iruñeko Udalak finantza entitate hauetan dituen kontuetan: Nafarroako Kutxan (2054 0152 31 1100003684), Euskadiko Kutxan (3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxan (3008 0001 14 1103447429) edo Udalaren diruzaintzan (Merkatuko karrika, 7-9, 2. solairua); kasu horretan ordainagirian agertuko dira, nahitaez, honako datu hauek:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_NANa/IFZ.

_Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

_Kontzeptua: oposizioak.

_Deialdiaren xede den lanpostua.

Tasa ez bada ordaintzen, izangaia bazterturik geldituko da.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Ana Teresa Rodríguez Larrañaga, Joaquín Maya Musika Eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: Nuria Abadía Lacosta, Joaquín Maya Musika Eskolako irakaslea.

Mahaikidea: musika irakasle bat, espezialista Musika Hizkuntzan.

Ordezkoa: musika irakasle bat, espezialista Musika Hizkuntzan.

Mahaikidea: musika irakasle bat, espezialista Musika Hizkuntzan.

Ordezkoa: musika irakasle bat, espezialista Musika Hizkuntzan.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria: Marisa Echeverría Iriarte, Joaquín Maya Musika Eskolako idazkaria.

Ordezkoa: María José Elverdin Garcés, Joaquín Maya Musika Eskolako ikasketaburua.

Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren osaerak balio dezan, bertan mahaikideak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa, gutxienez, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik 3 hilabete iragaten direnean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioan ariketa bakarra izanen da, eta hartan hainbat proba, baztergarriak:

6.2.1. Lehenbiziko proba: bi ahotseko musikazko diktaketa egitea.

6.2.2. Bigarren proba: Musika Hizkuntzako ikasgai bat lehen begiratuan entonatzea. Proba hasi baino lehen zehaztuko du epaimahaiak haren prestaketak zenbat iraunen duen.

6.2.3. Hirugarren proba: bigarren proban entonaturiko ikasgaiaren laguntza pianoan inprobisatzea. Proba hasi baino lehen zehaztuko du epaimahaiak haren prestaketak zenbat iraunen duen.

6.2.4. Laugarren proba: epaimahaiak Oinarrizko Mailako ikasgai bat proposatuko du, eta haren akonpainamendua pianoan. Oposizio egileak ikasgai horren entonazioa eta, aldi berean, bat-bateko irakurketa egin ondoan, haren transposizioa eginen du epaimahaiak proposatutako tonura. Proba hasi baino lehen zehaztuko du epaimahaiak haren prestaketak zenbat iraunen duen.

6.2.5. Borzgarren proba: Oinarrizko Maila bukaerako eskola batean aplikatzeko moduko irakas materiala prestatzea (ikasgai melodikoa, erritmikoa, diktaketa, etab.) epaimahaiak proposatzen duen programazioaren eduki bat landuko duena. Hura prestatzeko, oposizio egileak ordubete izanen du eta ez du inolako material lagungarririk erabiltzen ahalko.

Gero, oposizio egile bakoitzak material hori azalduko dio epaimahaiari, eta horrek komenigarri iruditzen zaizkion argibide guztiak eskatzen ahalko ditu.

6.2.6. Seigarren proba: hiru zati izanen ditu:

Lehenbiziko zatia: oposizio egileak hastapeneko eskola bat emanen die maila horretan matrikulaturiko ikasle talde bati; 20 minutu iraunen du.

Bigarren zatia: oposizio egileak eskola emanen die Oinarrizko Maila bukaerako ikasle talde bati; 20 minutu iraunen du.

Hirugarren zatia: oposizio egileak bakarkako eskola emanen dio Oinarrizko Maila bukaerako ikasle bati, eta hartan epaimahaiak proposatzen duen eduki bat landuko du.

6.2.7. Zazpigarren proba: bi zati izanen ditu:

Lehenbiziko zatia: gai batez aritzea zozketaz eranskinean dagoen multzotik aterata.

Bigarren zatia: epaimahaiak proposatzen duen obra baten edo horren zati baten azterketa formal, estetiko eta armonikoa, idatziz.

Oposizio egileak bi ordu eta erdi izanen du zati hau egiteko

Gero, oposizio egile bakoitzak azterketa irakurri eta azalduko dio epaimahaiari, eta horrek komenigarri iruditzen zaizkion argibide guztiak eskatzen ahalko ditu.

6.3. Oposizioko ariketaren balorazioa:

Lehenbiziko proba: 0tik 10 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutienez 5 puntu beharko dira.

Bigarren proba: 0tik 10 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutienez 5 puntu beharko dira.

Hirugarren proba: 0tik 5 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutienez 2,5 puntu beharko dira.

Laugarren proba: 0tik 5 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutienez 2,5 puntu beharko dira.

Borzgarren proba: 0tik 15 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutienez 7,5 puntu beharko dira.

Seigarren proba: 0tik 35 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutienez 17,5 puntu beharko dira.

Zazpigarren proba: 0tik 20 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutienez 10 puntu beharko dira.

Puntuazioa, guztira, izangaiek lau probetan lortutako puntuazioen batura izanen da.

6.4. Oposizioko ariketetako probak baztergarriak izanen dira, eta kanporaturik geldituko dira eskatutako gutieneko puntuazioa eskuratzen ez dutenak.

6.5. Proba bakoitza kalifikatu ondotik, epaimahaiak jendaurrean edukiko du, Iruñeko Herriko Etxeko iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, gainditu duten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin, eta oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den aditzera emanen du.

6.6. Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidatzeko baimena edo epaimahaiak askiesten duen bertze agiriren bat aldean dutela. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.7. Hautapen probak egiteko, eskaera egin duten ezgaitasun aitortua dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena, kontratazioa eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak buruturik, epaimahaiak jendaurrean edukiko du Iruñeko Herriko Etxeko iragarki oholean eta ariketak egin diren tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiak honako agiri hauek ekarri beharko ditu Lehendakaritzako Alorrera:

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Ezgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

d) Zinpeko adierazpena, non hautagaiak adierazi behar baitu ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua eta ez dela inoiz baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

g) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena.

h) Familia liburua, 2.1.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1.2 oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren agiriarena.

b) Iruñeko Udalaren zerbitzuko musika eskolako irakasle, Musika Hizkuntza espezialitatekoa, izateko lanposturako izendatua izateko, Lehendakaritzako Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuak salbu, aipatu agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta anarterainoko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, haien eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra ukatu gabe.

7.4. Aitzineko atalean aurreikusitako kasuan, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak puntuazioen zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aitzineko ataletan adierazi den prozedura bera erabiliko da.

8._Izendapena, lanpostu hutsen esleipena, jabetza hartzea eta kontrataziorako baimena ematea.

8.1. Tokiko Gobernu Batzarrak aitzineko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia kontratatzeko baimena emanen du, musika eskolako irakasle izateko lanpostuan, Musika Hizkuntza espezialitatekoan, aritzeko, eta lanpostua esleituko dio ebazpen baten bidez.

8.2. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

8.3. Izangai kontratatuak hilabeteko epea izanen du, izendapena jakinarazten denetik, lanpostuaz jabetzeko; jabetzen ez bada, ezinbertzekoetan salbu, Iruñeko Udaleko lan-kontratudun finko bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdi honen 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira:

_Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

_Hautapen prozesuaren proba guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiekin Lehendakaritzako Alorreko Zuzendaritzak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honen 10. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

9.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Deialdi honen 10. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz, Lehendakaritzako Alorreko Zuzendaritzak, aldi baterako kontratupean lan egiteko izangaien zerrenda bat osatuko du deialdi honetako azkenaurreko ariketa gainditu duten izangaiekin.

10._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

10.1. Epaimahaiaren espedientea jasota Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azkenaurreko ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

_Deialdiaren 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hori, ukitutako langileen zerrendekin batera, argitara emanen da Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak, aski justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta lanposturako deialdian parte hartzeagatik izan litzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

10.2. Lanposturako prozeduraren eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak diraueino bete beharko dira.

10.3. Dokumentazioa aurkezteko epea buruturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, hala behar badu, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren azkenaurreko ariketa gainditu bai baina lanposturik gabeko gaindituen artean ez daudenen zerrenda.

10.4. Hona aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Gertatzen diren berdinketak hirugarren proban eskuratzen den puntuazioaren ariora trenkatuko dira. Berdinketak iraunez gero, bigarren proban eskuratzen den puntuazioaren ariora trenkatuko da.

11._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, nahiz haren oinarrien eta aplikazio egintzen kontra, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2007ko martxoaren 20an._Zinegotzi eta Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Izena ......................., adinez nagusia, N.A.N./Nortasun agiria ....................., jaioteguna (eguna/hilabetea/urtea) ................., non sortua (udalerria/probintzia) ..................., nazionalitatea ....................., egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, solairua) ............., posta kodea/herria .................., telefonoa ...................., sakelako telefonoa .....................

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik (bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Eskatzen dut:

Iruñeko Udalaren zerbitzuan, musika eskolako irakasle izateko lanpostu bat, Musika Hizkuntza espezialitatekoa, oposizio bidez eta lanaldi partzialeko lan-kontratuarekin betetzeko deialdian onartua izatea. Deialdia ........zk.ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ...(e)ko .....aren .....(e)an.

f Txanda irekia

f Igoera txanda*.

f Minusbaliatuendako txanda murriztua*.

(*) Deialdian hala adierazten denean bakarrik

Datuen babesa._Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla baliatuko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei gehituko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko karrika, 7-9, 31001 Iruñea).

Iruñean, 20.....ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. gaia._Musika hizkuntzaren irakaskuntza: bilakaera historikoa. Musikaren pedagogo handiak: sistema garrantzitsuenen eduki eta xedeen azterketa konparatua. Haien erabilera irakaskuntza arautu nahiz arautu gabean.

2. gaia._Ahotsa. Haren egitekoa eta haren tratamendua musika hizkuntzaren irakaskuntzan. Ahotsa haurtzaroan eta nerabezaroan. Ezaugarri eta arazo berariazkoak. Entonazioa eta gozatzea. Imitazio bidezko entonazioa eta entonazio ohartuna. Aplikazio praktikoak.

3. gaia._Soinua. Haren dimentsio fisikoa. Sistema tenperatua. Tonalitatea eta modalitatea. Modulazioa. Entzunaldia musika hizkuntzaren eskolan. Modulazioaren hautemate eta ezagutzearen entrenamendua, entzunalditik eta diktaketatik abiatuta. Aplikazio praktikoak.

4. gaia._Erritmoa. Neurrien etorkia eta bilakaera. Azentua. Hautemate erritmikoaren elementu oinarrizkoak. Erritmoa eta hitza. Erritmoa eta mugimendua. Bitariko neurria eta hirutariko neurria. Formula erritmikoak. Ostinatoak. Iraupena aldatzen duten zeinuak. Azentuazio metrikoaren aldaketak. Arritmiak. Polirritmiak eta polimetriak. Musika neurririk gabea. Aplikazioa ikasgelan.

5. gaia._Musikaren tempoa. Tempoaren gaineko termino erlatibo eta erabatekoak. Metronomoa. Tempo eta neurri aldaketak. Baliokidetasunak. Ikasgelako lana balio metronomikoekin eta ohar kronometrikoekin trebatzeko.

6. gaia._Monodia. Melodia. Lerro melodikoen aldiberekotasuna. Interbaloa eta haren tamaina. Harmonia eta disonantzia. Aplikazioa ikasgelan.

7. gaia._Sentipen harmonikotik harmonia sistematizatura. Akordea: mota ezberdinak, bakoitzaren interbalikoaren ariroa. Akordeen funtzionaltasuna. Kadentziak: motak eta betekizunak. Harmonia oinarrizkoen eta kadentzia ezberdinen hautematearen entrenamendua. Aplikazio harmonikoa melodietara. Inprobisazio melodikoaren garapena, eskema harmonikoetatik abiatuta.

8. gaia._Forma: bilakaera historikoa. Zenbait arketipo formal tresna nahiz ahots bidezko musikan. Musika obraren entzutea: entzundako obraren alderdi oinarrizkoen hautemate eta ezagutzearen entrenamendua. Azterketa, maila bakoitzari egokitutako entzunaldi eta partituretatik abiatuta. Inprobisazioa, proposatutako formen gainean.

9. gaia._Musikaren transposizioa. Haren betekizuna. Teknika eta aplikazioak. Transposizioaren tresnak: haien etorkia eta gaur egungo musika egitean irauteko arrazoiak. Ahozko nahiz idatzizko transposizioaren entrenamendua, oinarrizko mailan.

10. gaia._Folklore musikala. Herri kantak: forma, melodia, erritmoa eta harmonia. Testuaren eta musikaren arteko harremana. Musika tradizionala eta haren eragina bertze musiketan. Folklorearen aplikazio pedagogikoak musikaren irakaskuntzan.

11. gaia._Haurraren eta nerabearen garapen ebolutiboaren ezaugarriak. Haien aplikazioa musikaren irakaskuntzan. Musikaren irakaskuntzaren printzipio psikopedagogikoak eta didaktikoak, oinarrizko mailan.

12. gaia._Programazioa: printzipio psikopedagogiko eta didaktikoak; curriculum proiektuarekiko lotura. Unitate didaktikoen egitura: zehaztapena eta aplikazioak kasuan kasuko espezialitatearen oinarrizko mailan.

13. gaia._Ebaluazioa. Ebaluazio irizpideen betekizuna. Ikaslearen eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa. Ebaluatzeko prozedura eta tresnak. Autoebaluazioa. Koebaluazioa. Kalifikazioa. Errekuperazioa.

14. gaia._Taldekako eskola eta haren betekizuna hezkuntza prozesuan. Taldekako eskolaren didaktika eta metodologia. Banan-banako arreta, taldekako eskolaren barnean. Baliabide eta estrategia metodologikoak.

Iragarkiaren kodea: L0705138