46. ALDIZKARIA - 2007ko apirilaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ZIZUR

Zizur Zendeako Udaleko albiente-zerbitzuetako arduradun izateko lanpostu bat, C mailakoa, betetzeko deialdia, Zizur Zendeako Udaleko D mailako lan-kontratudunendako murriztua

Alkatetzaren 2007ko martxoaren 16ko ebazpenaren bidez onetsi da Zizur Zendeako Udaleko albiente-zerbitzuetako arduradun izateko lanpostu bat, C mailakoa, betetzeko deialdia, Zizur Zendeako Udaleko D mailako lan-kontratudunendako murriztua. Hona deialdiaren

OINARRIAK

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Zizur Zendeako Udaleko albiente-zerbitzuetako arduradun izateko lanpostu bat betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoetako Funtzionarioen Estatutuko 15.6 artikuluaren babesean. Lanpostua oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez beteko da, Zizur Zendeako Udaleko D mailako lan-kontratudunen artean.

1.2. Deialdi honetan izendatzen den izangaia, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina, albiente-zerbitzuetako arduraduna izanen da, C mailakoa, eta anarteraino zuen lanpostua besterik gabe amortizatuko da.

1.3. Lanpostuaren lansariak C mailari dagozkionak izanen dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari buruzko 251/1993 Dekretuari jarraikiz. Horretaz gain, Udalaren plantilla organikoan ezarritako osagarriak dagozkio.

1.4. Lan araubidea lanaldi osokoa izanen da, urte bakoitzerako onetsitako egutegia begiraturik, eta zerbitzuko beharrei egokituko zaie. Araubide hori noiznahi alda lezake Udalak.

1.5. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan kontratudunen araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere kontuko dio.

2._Eginkizunak.

Izendatzen den izangaiak ondoko eginkizunak izanen ditu:

_Zizur Zendeako Udaleko zerbitzu anitzetako saila koordinatzea eta zuzentzea.

_Zizur Zendeako Udalean zerbitzuak ematen dituzten enpresak koordinatzea.

_Udal obrak ikuskatzea eta kontrolatzea.

_Udalaren albienteekin lankidetzan aritzea, organo eskudunek ematen dizkieten baldintzetan eta haiek ezartzen dizkieten egitekoetan.

3._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Zizur Zendeako Udaleko D mailako funtzionario edo lan-kontratuduna izatea.

b) Goi Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Titulazioaren baldintzaren ordez Nafarroako Administrazio Publikoaren zerbitzuan egiazki egindako zortzi urte frogatzea aski izanen da.

c) Zizur Zendeako Udalean bost urtetan zerbitzuak eman izana frogatzea.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

3.2. Baldintza horiek guztiak hautaturiko izagaiak deialdi honen 9.3 oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko ditu. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da eta oposizio garaitik izendapenera arte bete beharko dira.

4._Eskabideak.

4.1. Eskabideak Zizur Zendeako Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, 9:00etatik 14:00etara; deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

4.2. Ezintasunen bat dutenek hura zer-nolakoa den adierazi beharko dute eskabidean eta, ariketak egiteko, denbora nahiz bitartekoen aldetik beharrezko izan ditzaketen egokitzapenak eskatu beharko dituzte.

4.3. Eskabideekin batean, 7. oinarrian ezartzen diren merezimenduen frogagiriak aurkeztuko dituzte, lehiaketaldian balora daitezen, eta gainera, Zizur Zendeako Udalean egiazki egindako urteen frogagiriak eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia ere bai. Agiriak jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

5._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

6._Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: José Ricardo Pérez Torrano, Zizur Zendeako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Francisco Burgos Masegosa, Zizur Zendeako Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Zerbitzuetako teknikaria, Zizur Nagusiko Udalak izendatzekoa.

Ordezkoa: Zerbitzuetako teknikaria, Zizur Nagusiko Udalak izendatzekoa.

Mahaikidea: udal arkitektoa.

Ordezkoa: Zizur Zendeako Udaleko teknikaria.

Mahaikidea: langileen ordezkaria.

Ordezkoa: langileen ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: Marta Amaya Esquisabel Asiron, Zizur Zendeako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

6.2. Hautaprobak hasi aitzin eratu beharko du epaimahaiak eta eratzea baliozkoa izateko, baita jarduteko ere, kideen erabateko gehiengoak bederen bildu beharko du.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

6.4. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

7._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak bi aldi izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzearekin batera finkatuko da oposizioaldiko lehenbiziko ariketa egiteko eguna.

7.3. Ondotik, epaimahaiak argitara emanen ditu gainerako probak egiteko iragarkiak, arauzko moduan, Zizur Zendeako Udalaren iragarki oholean.

8._Lehiaketaldia.

8.1. Lehiaketaldian 30 puntu lortu ahalko dira gehienez eta ez da baztergarria izanen.

8.2. 4.3 oinarriaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak ondoko baremoari jarraikiz baloratuko dira:

_Nafarroako administrazio publikoetan zerbitzu anitzetako enplegatu gisa egindako zerbitzuengatik: puntu 1 urte bakoitzeko; urtea baino denboraldi laburragoak hainbanatu eginen dira. Gehienez ere, 10 puntu.

_Egin beharreko egitekoekin zerikusia duten ikastaroak, behar bezala frogatuak: 0,2 puntu ikastordu bakoitzeko. Gehienez ere, 20 puntu.

8.3. Lehiaketaldia amaiturik, izangai bakoitzaren puntuazioa Zizur Zendeako Udaleko iragarki oholean paratuko da jendaurrean. Oposizio-lehiaketako puntuazio osoa, lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura izanen da.

9._Oposizioaldia.

9.1. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira bertan:

a) Proba teorikoa, bere egitekoak betetzeko egin beharreko lanei buruzko galdera sorta bati erantzutea. Proba honetan gehienez ere 35 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 12,5 puntu erdietsi behar dira.

b) Proba praktikoa, bere egitekoak betetzeko egin beharreko lanei buruzko agiri bat prestatzea. Proba honetan gehienez ere 35 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 12,5 puntu erdietsi behar dira.

9.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, gainditu duten izangaien zerrenda ezarriko da, lortutako puntuazioarekin batera, Zizur Zendeako Udaleko iragarki oholean.

9.3. Hautaprobak egiteko orduan, halaxe eskatzen duten minusbaliatuek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9.4. Ez da nahitaezkoa proben data, ordu eta tokiak argitaratzea. Zizur Zendeako Udaleko iragarkien oholean paratuko dira gutienez berrogeita zortzi ordu lehenago eta hasierako proba baten jarraipena bada, hogeita lau ordu lehenago.

9.5. Izangai guztiek Nortasun Agiri Nazionala ekarri beharko dute, edo beste edozein agiri, legeriak berdintzat jotzen duena. Probetan iruzurra egiten bada, edozein delarik ere, izangaia segituan baztertuko da, etor daitezkeen jarduketa penalak ukatu gabe.

10._Probak gainditu dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Azken ariketaren emaitza emandakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Zizur Zendeako Udalaren iragarki oholean eta azkeneko ariketa egin den tokian, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek lehiaketaldian nahiz oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du. Aipatu proposamena Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

10.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturalean, proposatutako izangaiak deialdiko 2. oinarriko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean.

10.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez baditu ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra ukatu gabe.

10.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa gertatuz gero, 10.1 atalean aipatzen den izangai onartuen zerrendako hurrengo izangaiak beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan zehaztu den era berean jokatuko da.

11._Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Zizur Zendeako Udalak aurreko atalean ezarritakoa bete duen izangaia izendatuko du. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

11.2. Izendatzen den izangaiak karguaren jabetza hartu beharko du hilabeteko epean, izendapenaren jakinarazpenetik aitzina. Aipatu epean, ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaren jabe egiten ez bada, eskubideak oro galduko ditu eta aurreko oinarrian aurreikusitako moduan jokatuko da.

12._Errekurtsoak

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, errekurtso arrunta paratzen ahalko da, hilabeteko epean, alkateari zuzendua. Alkatearen ebazpenaren eta deialdi honen aurka, bai eta bere oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka ere, ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahalko da, aukeran:

Gazolatzen, 2007ko martxoaren 16an._Alkatea, José Ricardo Pérez Torrano.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ......., sorteguna: ......., sorterria: ............. (.........), bizitokia: .............. (............), karrika: .........., zenbakia: ......, posta kodea: ....., telefonoa: ..........., zure aitzinera agertu eta

Honako hau azaltzen dut:

Zizur Zendeako Udaleko lan-kontratudun finkoa naizela.

Zizur Zendeako Udaleko albiente-zerbitzuetako arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdiko eta oinarrietako baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, denboraz eta moduz.

Horrenbestez:

Eskabide hau onar dezazula eskatzen dut eta, beraz, ni Zizur Zendeako Udaleko albiente-zerbitzuetako arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onar nazazula.

(Tokia, eguna eta sinadura)

ZIZUR ZENDEAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA

Iragarkiaren kodea: L0704859