46. ALDIZKARIA - 2007ko apirilaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

288/2007 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Herri Lan zuzendari nagusiak emana. Haren bidez onesten da 2007. eta 2008. urteetan ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko Nafarroako Toki Entitateentzako dirulaguntzen deialdia.

Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du arautu behar dela Nafarroako Toki Entitateei hiri eremuetan erortzeko arriskuan diren ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko dirulaguntzak nola eman, eta arautze lan hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza gaietan ezarritakoarekin bat datorrela.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntzaren izaerak ondorengo ekitaldietarako eragiten baditu gastuak, horietarako baimena Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 41. artikuluan ezarritakoaren arabera emango dela.

Nafarroako Gobernuaren 2007ko otsailaren 26ko Erabakiaren bidez Herri Lan zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion "2007. eta 2008. urteetan ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko" Nafarroako Toki Entitateentzako dirulaguntzen deialdia onesteko.

Horrenbestez, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 8. artikuluari dagokionez, esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Toki Entitateei ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia onestea, 2007. eta 2008. urteetarako, baita deialdiaren arauak ere, ebazpen honen eranskin gisa ageri direnak.

2. 484.508,41 euroko gastua onestea "ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko"; horretatik gehienez 234.508,41 euroko gastua izanen da 2007. urteko aurrekontuetakoa, "Ezponda harritsuak" izeneko 610002-61320-7609-456300 kontusailaren kargura, eta 250.000,00 euroko gastua 2008. urteko aurrekontuetakoa, kontusail berberekoa.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan Ekonomia eta Ogasunekoak duen kontu-hartzaile eskuordetuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko martxoaren 12an._Herri Lan zuzendari nagusia, José Luis Echávarri Arraiza.

ERANSKINA

2007. eta 2008. urteetan ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzen deialdiko arauak

1._Xedea.

Deialdi honen helburua da Nafarroako Toki Entitateei dirulaguntzak ematea hiri eremuetan erortzeko arriskuan dauden ezponda harritsuak egonkortu eta neurri zuzentzaileak hartzeko.

Laguntza hauen xedea da jendearendako arriskugarriak diren lubiziak gutxitzea, alegia, pertsonak, etxebizitzak eta azpiegiturak ukitzen ahal dituzten lur erorketa eta mugimenduak. Hirigintza hobetzeko jarduketak ez dira laguntza hauen xede.

Dirulaguntzak honako ekintzak edo haietako batzuk hartuko ditu: proiektua idaztea, laguntzapeko obrak zuzentzea eta exekutatzea.

2._Onuradunak.

Nafarroako Toki Entitateek izanen dute eskubidea deialdi honetan parte hartzeko, laguntzaren helburu diren jardueretan interesik badute.

3._Eskabideak.

Eskaerak, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari zuzenduta, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, 2007ko maiatzaren 15a baino lehen, Iruñeko San Ignazio etorbideko 3ko beheko oinean, edo ekainaren 24ko 137/2000 Foru Dekretuaren zerrendako Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren gainerako bulegoetako edozeinetan edo bestela Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

Aurkezten diren proiektuek arrazoiak eman beharko dituzte kasu bakoitzean proposatzen den konponbiderako, kontuan hartuz obren helburu bakarra lur erorketa eta mugimendu arriskutsuak saihestu edo gutxitzea dela. Zehaztu eginen da zer arrisku dagoen, zergatik den arriskutsua eta zer neurri hartuko diren arrisku hori saihesteko, behar bezala baloratu eta justifikatuak.

2006an aurkeztu bai, baina aintzakotzat hartu ez ziren eskabideak ez dira onartutzat emanen eta beraz berriro eskatu beharko dira dirulaguntzak, deialdi honetako baldintzen arabera.

4._Hautatzea.

Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak baloratuko ditu eskaerak, batzorde tekniko baten bidez. Batzordeko burua zerbitzu horretako zuzendaria izanen da, eta gainerako kideak Geologia eta Geoteknia atalburua, Kontrol Administratiboaren bulegoburua, idazkari lanetan arituko dena, eta Azpiegitura Geologikoaren bulegoburua. Batzordea dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzio organoa izanen da.

Dirulaguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da. Eskaerak baloratzeko, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitatearentzat kasu bakoitzak duen interesa eta gizarte onura, eta, bereziki, eskatzen den ekintzak zenbateko presa eta arriskua duen. Batzorde Teknikoak eskatu diren dirulaguntza guztien zerrenda eginen du, non lehentasunak ezarriko baititu, arriskuaren arabera. Horrela, Batzordearen iritziz arrisku eta presa gehien duten eskabideak lehenengo egonen dira zerrendan eta arrisku gutxiago dutenak ondoren, arrisku gehien dutenetatik gutxien dutenetara antolatuak. Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak zilegi izanen du informazio osagarria eskatzea deialdian eskatzen denaz gainera.

Kasu bakoitzeko arriskuaren balorazioak ez du zerikusirik aurreko urteetan dirulaguntza eskatu izanarekin.

Konponbideetarako behar adina arrazoi ematen ez dituzten eskabideak edo lurra egonkortzeko aurrekontu desorekatua dutenak ezetsiko dira, baita proiektuetan hasiak edo bukatuak diren obrak biltzen dituztenak ere. Ez da behin ere dirulaguntzarik emanen eginak dauden obretarako.

5._Ematea.

Dirulaguntza eman edo ukatzeko, ebazpen arrazoitu bat emanen du Herri Lan zuzendari nagusiak, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean. Epe horretan ebazpenik eman ezean dirulaguntza eskaera ezetsitzat jo behar da. Ematen diren dirulaguntzak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira, eta bertan ondokoak azalduko: deialdia, programa, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuraduna, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzak emateko baldintza izanen da aurrekontuetan behar adina diru egotea. Batzorde Teknikoak prestaturiko zerrendan arrisku hurrenkeraren arabera lehenengo daudenei emanen zaizkie.

Dirulaguntza eskaera ontzat hartzen duen ebazpen horrek berak finkatuko du laguntza zenbatekoa izanen den, deialdi honetako 1. puntuak ezartzen dituen mugen barrenean eta eskatzaileak eskatu duenaren arabera.

Kasuaren berezitasunengatik hala komeni bada, zilegi izanen da dirulaguntza Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eta hartzailearen arteko elkarlan hitzarmen baten bidez ematea. Bertan finkatu eginen da bakoitzak zer konpromiso hartzen duen proiektua egin, segurtasunerako koordinatzailea izendatu, dirulaguntzapeko lanak zuzendu eta exekutatzeari dagokionez. Edozein kasutan ere, kasuko toki entitateak izanen du lanen titulartasuna eta berak izanen du lanak zaintzeko ardura; halaber, hirugarrenei egiten zaizkien kalte eta galeren aurreko ardura ere izanen du.

6._Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jarduera garatzeko jasotzen diren bestelako dirulaguntzekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

7._Zenbatekoa eta finantzabidea.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, aurrekontuan dauden baliabideen arabera, osorik finantzatuko ditu lanak exekutatzeko kontratuetako ziurtagirien eta likidazioen zenbatekoak, eta bai, hala tokatzen bada, proiektua idatzi eta lanak zuzentzearenak ere.

Esleitutako dirulaguntzetatik gehienez 234.508,41 euroko gastua izanen da 2007. urteko aurrekontuetakoa, "Ezponda harritsuak" izeneko 610002-61320-7609-456300 kontusailaren kargura, eta 250.000,00 euroko gastua 2008. urteko aurrekontuetakoa, kontusail berberekoa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30. artikuluko 3. eta 4. lerroaldeetan ezarritakoari jarraikiz, zenbait urtetarako dirulaguntzak eman ahalko dira, baldin eta lanen aurrekontua edo exekuzio epea kontuan harturik hala egitea komeni bada.

8._Ordainketa.

Deialdi honetako 5. puntuak aipatzen dituen inguruabarrak direla medio ebazpenak beste ordainketa bideren bat ezartzen ez badu behintzat, lanen ordainketa lan exekutatuaren ziurtagiria aurkeztu ondoren eginen da.

Proiektua egitea eta lanak zuzentzea beren kontura ari diren teknikari profesionalen gain baizik ez badago, elkargo profesionalen bidez benetan ordaindutako zerbitzu-sariak hartuko dira aintzat, baldin eta haien tarifa orientatiboei lotzen bazaizkie eta ikus-onetsien fakturen bidez justifikatzen badira.

Proiektua eta lanak hartzaileenak diren bitartekoekin egin eta zuzentzen direnean, hartzaileek entitateko organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatuko dituzte diru zenbatekoak.

9._Onuradunen betebeharrak.

Laguntzak hartzen dituztenek honako betebeharrak izanen dituzte:

1. Dirulaguntzapeko jarduera burutzea eta Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak egin nahi duen edozein kontrol eta jarraipen lani trabarik ez jartzea.

2. Dirulaguntzen xede diren obrak gehienez ere hiru (3) hilabeteko epean hasi beharko dira, laguntzak emateko ebazpenaren jakinarazpena hartzen denetik hasita. Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio noiz hasiko diren obrak.

3. Lanen exekuzioan kostuz nahiz edukiz kontratuaren aldaketa ekar dezakeen gorabeherarik izaten bada, haren berri ematea Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak zilegi du aldaketa hori espresuki onartzea baina ez dago beharturik.

4. Dirulaguntza ordaintzeko behar den dokumentazioa aurkeztea, deialdi honetako 8. arauan ezartzen den moduan.

5. Diruz lagundutako jardueraren finantziazioa publikoa izan dela jakinaraztea, publizitate egokiaren bidez.

6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzeko adierazpena aurkeztea.

10._Ez-betetzea.

Arau hauetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du, eta, hala tokatzen bada, jasotako dirua itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak agintzen duen moduan.

Era berean, onuradunak lege horrexen IV. tituluak xedatzen duenaren menpean daude.

11._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta arau hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0704884