46. ALDIZKARIA - 2007ko apirilaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

84/2007 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana. Haren bidez onesten dira, 2007rako, Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen esparruan aritzen diren entitateentzako dirulaguntzen deialdiaren arauak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak bere jarduketa esparruan dauzka haurtzaroa eta familia, oinarrizko osasun laguntzan.

Otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen eta Familiaren Zuzendaritza Nagusiari esleitu zitzaizkion, beste eginkizun batzuen artean, Nafarroako Foru Komunitateko familiaren eta adingabeentzako programen sustapena, koordinazioa, kudeaketa eta segimendua egitea.

Bestalde, otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren aurrekontuen kargura emanen diren dirulaguntzen deialdiak egiteko eskumena Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari esleitu zitzaion.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen esparruan aritzen diren entitateei emanen zaizkien dirulaguntzen 2007ko deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren arauen arabera.

2. 112.561 euroko gastua baimentzea, 2007ko gastuen aurrekontuko "Bestelako elkarteentzako dirulaguntzak" izeneko 951000 92140 4819 231700 kontusailaren kargura.

3. Deialdiaren arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiko Kontabilitate Zentroari, Familiaren eta Adinez Txikikoen Politiken Plangintza, Segimendu eta Ebaluaziorako Zerbitzuari eta Familiaren Zuzendaritza Nagusiko Adin Txikikoak Babesteko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 8an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1._Helburua eta aplikazio eremua.

Deialdi honek xedea du 2007ko dirulaguntzak esleitzeko araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko adingabeen babesaren esparruan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateen funtzionamendurako eta jardueren sustapenerako.

Dirulaguntza hauen xedea da adingabeen esparruan aritzen diren elkarte eta gainerako entitateek talde horien premiak asetzeko ekintzak egitea bultzatzea.

2._Dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak.

1. Familiaren Zuzendaritza Nagusiak diruz lagunduko ditu babesgabe, gatazka sozialean edo erreforman diren adingabeentzako gizarte eta hezkuntzako esku-hartzeak; zehazki, babesgabe, gatazka sozialean edo erreforman diren adingabeen bizi baldintzak hobetzeko proiektuak.

2. Ez dira diruz lagunduko haur eta gazteentzako gainerako proiektuak, baldin eta babesgabe, gatazka sozialean edo erreforman ez badaude.

3. Aisialdi, kultura, bidaia, hizkuntzen sustapen, jarduera ludiko eta antzekoetarako programak eta proiektuak ere ez dira diruz lagunduko.

3._Dirulaguntzaren zenbatekoa eta laguntza-metaketa.

1. Dirulaguntza gisa, osotara, 36.000 euro ematen ahalko dira urtero, gehienez.

2. Dirulaguntzak emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru nahikoa egotea.

3. Aurkezten diren entitateek dirulaguntza bana jasoko dute soilik, proiektu edo ekintza batengatik.

4._Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek pertsonal, funtzionamendu eta jarduera gastuetarako erabiliko dute, eta funtzionamendu gastuak emandako dirulaguntzaren %30 izanen dira gehienez.

5._Betebeharrak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, elkarteek eta entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera egiten duten egunean:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiko entitate, zerbitzu eta zentroen erregistroan inskribatua egotea.

b) Irabazi asmorik ez izatea eta gizarte egoitza Nafarroan izatea.

c) Estatutuetan egotea, erakundearen xede gisa, adingabeekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

d) Zergei buruzko betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak eguneratuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko akordio batera lortu dela frogatzea.

e) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide aski izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

f) Lehenago Familiaren Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntzak hartuak izanez gero, frogatu beharko dute dirulaguntza horiek emateko ebazpenetan finkatutako eginbehar guztiak eginak dituztela.

g) Dirulaguntzen onuraduna izateko dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

2. Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

6._Proiektua edo ekintza bukatzeko epea.

Diruz lagundutako proiektuak urte batean burutu behar dira. Edozein egunetan hasten dela ere, diruz lagunduko diren jarduerek 2008ko urtarrilaren 1erako bukatuak izan behar dute.

7._Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Dirulaguntza-eskabideak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Erregistroan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako beste erregistroetako bat baliatuz.

8._Agiriak.

Eskabide orokorraren inprimakia, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsona batek sinatua, aurkeztuko da, honako agiri hauekin batera:

a) Entitate eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:

_Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

_Entitatearen legezko helbidearen ziurtagiria.

_Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

_Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiko Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

_Izaera juridikoa dela medio, dagokion beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

_Identifikazio fiskaleko txartela.

_Hala behar izanez gero, eta deialdi honen 12. arauan aurreikusitakoari dagokionez, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsen aurretiazko hornidura justifikatzeko txostena. Bereziki justifikatu beharko da entitateak ordainketak egin behar dituela dirulaguntza jasotako jarduera justifikatu baino lehen, edo ez duela ordainketa horiei aurre egiteko funtsik, beste justifikazio batzuen artean.

_Transferentzia bidez kobratzeko eskaera.

_Ardurapeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

_2006rako dirulaguntzaren justifikazioa, baita fakturak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, eta gastuaren abonuaren banku-agiriak ere.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ez dago eskatutako agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo honek badauzkan datuak badira, salbu dirulaguntzaren helburuak betetzeko fondoen aurretiazko hornidura justifikatzeko txostena. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko.

b) Dirulaguntza jaso nahi duten programen eta/edo jardueren gaineko txosten teknikoa, haien deskribapena eta ondoko datu hauek zehazturik:

_Helburuak.

_Zein gizatalderi zuzentzen zaizkion ekintzak.

_Eginen diren jarduerak eta haien metodologia.

_Laguntza emanen zaien pertsonen kopuruaren kalkulua, eta ekintzak gauzatuz lortu nahi diren emaitzena.

_Giza baliabideak.

_Egiteko datak; dirulaguntza eskatu den urte horretan berean egin beharko da.

_Ebaluazio epea.

_Eta proiektua baloratzeko interesgarriak izan daitezkeen gainerako gorabehera guztiak.

c) Agiri ekonomikoak:

_Proiektuaren eta/edo ekintzaren aurrekontua.

_Proiektua edo ekintza garatzeko eskatzen den zenbateko zehatza.

Bai proiektuaren aurrekontu osoaren bai eskatzen den zenbateko zehatzaren gastuak zehaztu beharko dira, kontzeptuka (langileak, funtzionamendua eta jarduerak).

_Proiektu osoa finantzatzeko dauden beste baliabide batzuk.

9._Antolamendua eta izapidea.

1. Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Adin Txikikoak Babesteko Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan organo instruktoreari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.

Organo izapidatzaileak administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) baten laguntza izanen du.

2. Eskabideak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesatuari hots eginen zaio 15 egun naturaletan okerra zuzendu dezan, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

3. Ez da dirulaguntza eskabiderik tramitatuko baldin eta txosten teknikoak eta ekonomikoak aurkeztu ez badira eta, halakorik balego, aurreko urteko dirulaguntzaren gastuaren fakturak ekarri ez badira.

4. Eskabideen balorazioa Batzorde Tekniko batek eginen du. Adin Txikikoak Babesteko Ataleko buruak eta Atal horretako bi bulegoburuek osatuko dute Batzorde hori.

5. Proiektuak baloratu ondoren, organo izapidatzaileak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari.

10._Balorazioa.

1. Entitate eskatzaileek aurkeztutako proiektuak baloratzeko honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate eskatzaileen balorazioa: 15 puntu gehienez, honela banaturik:

_Entitateen helburuak, 5 puntu gehienez.

_Adingabeen esparruan aurretik zuen esperientzia, 5 puntu gehienez.

_Beste entitate, elkarte edota erakunde-sare batzuekiko elkarlan, lan eta koordinazio jardueretan izandako parte-hartzea, 5 puntu gehienez.

b) Proiektu edo ekintzen balorazioa. 45 puntu gehienez, 8. arauaren b) letran eskatutako edukia kontuan hartuta. Zehatz-mehatz,

_Proiektu edo jardureraren kalitatea, 35 puntu gehienez.

_Aurreko urteetan egindako programen eraginkortasuna, gehienez 10 puntu.

c) Baloratu beharreko beste alderdi batzuk: gehienez 40 puntu.

_Aurreko ekitaldietan abiarazitako programa edo jardueren jarraipena bultzatzea, interes publikoko arrazoiek hala komeni dela erakutsi dutenean, gehienez 10 puntu.

_Oinarrizko zerbitzu komunitarioek egindako beste programen osagarri izatea eta haiekin koordinatzea, gehienez 5 puntu.

_Gauzatzekoak diren programak behar ez den bikoiztasunik ez ekartzea eta bestelako entitate publiko nahiz pribatuek halakorik ez eskaintzea, gehienez 5 puntu.

_Programa egin ahal izateko azpiegitura guztiak izatea, edo administrazio, teknika, prestakuntza eta funtzionamenduko baliabideak partekatzea xede soziala duten antzeko entitateekin, gehienez 10 puntu.

_Gizarteak dituen beharrei erantzutea, gehienez 5 puntu.

_Proiektu berritzaileak izatea, gehienez 5 puntu.

2. Ondoko entitate hauek deialditik at geldituko dira:

a) Arau honetako lehen ataleko a) letran aurreikusitako balorazioan 8 puntu baino gutxiago lortu duten entitateak.

b) 8. arauaren b) letran eskatutakoa ez bezalako edukia duen proiektua edo ekintza sustatzen dutenak.

c) Arau honetako b) letran aurreikusitako proiektu edo ekintzen balorazioan 25 puntu baino gutxiago lortu duten entitateak.

d) Arau honetako b) letran aurreikusitako proiektu edo ekintzaren kalitatearen balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortu duten entitateak.

e) Arau honetako c) letran aurreikusitako alderdien balorazioan 15 puntu baino gutxiago lortu duten entitateak.

f) Deialdiaren guztirako balorazioan 50 puntu baino gutxiago lortzen dituztenak.

3. Baztertu ez diren entitateen zerrenda eginen da, puntuazioaren araberakoa, eta bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ezarriko da.

4. Aurreko atalean ezarritakoa ezertan galarazi gabe, dirulaguntzaren zenbatekoa ondoko puntuazio hauen arabera finkatuko da:

a) 86 puntu edo gehiago: eskatutako zenbatekoaren %100.

b) 70 puntutik 85 puntura: eskatutako zenbatekoaren %90.

c) 60 puntutik 69 puntura: eskatutako zenbatekoaren %75.

d) 50-59 puntu: eskatutako zenbatekoaren %50.

11._Ebazpena.

1. Prozedura tramitatu eta ebazpen proposamena egin ondoren, ebazpena Familiaren zuzendari nagusiak eman beharko du.

2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori betetzen bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi dela ulertuko da, gero ematen den ebazpen espresuaren nondik norakoa edozein delarik ere.

3. Eskaeren ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileak azalduko dira. Eskaera batzuk ezetsiz gero, horiek ere agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

12._Ordainketa.

1. Ekintza edo proiektua burutu dela frogatzen denean ordainduko da dirulaguntza.

2. Dirulaguntzaren xedeak betetzeko fondoak eskuratu beharra dagoela frogatu den kasuetan, esleitutako dirulaguntza bi ordainketen bidez eginen da, 8. arauan ezarritakoarekin bat.

a) Ordainketa bat, %75ekoa, dirulaguntza esleitu duen ebazpenarekin batera emanen da.

b) Bigarren ordainketa, gainerako %25ekoa, ekintza edo proiektua bukatu eta justifikatuta emanen da.

Aurrerakin hori jasotzeko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortzen dituen betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

13._Jarraipena eta kontrola.

Organo instruktoreak burutzen diren jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako bestelako jarduketak galarazi gabe, entitate onuradunak urtero txosten tekniko bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruzkoa.

14._Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza zein programa eta jardueratarako ematen den, horiek burutzea deialdiaren arauen arabera, ez baita zilegi diru hori erabiltzea eman zenaz bestelako helburuetarako.

b) Jarduera egin dela eta dirulaguntza emateko edo erabiltzeko baldintza guztiak betetzen direla justifikatzea, jarduera bukatu eta hilabeteko epean.

c) Onartzea laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Froga gisa, entitateak programaren dirusarrera eta gastuen balantzea aurkeztuko du, eta harekin batera diruz lagundutako programari aplikatutako gastuen zerrenda bat, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, hartzailea, jaulkipen-data eta ordainketaren data.

Zerrenda horrek ziurtagirien bermea beharko du (fakturak edo antzeko froga-balioa duten dokumentuak); jatorrizkoak izan beharko dute, eta kopia bat erantsita aurkeztuko dira. Egiaztagiri guztietan (faktura, banku-laburpenak, jasotze-agiriak, etab.) honako hauek agertu behar dute: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa, ordainketa-modua; eta ordainketa frogatzen duen dokumentua erantsita behar dute.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean entitateak Familiaren Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu behar dio diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, aurreko lerroaldean adierazitako moduan.

h) Memoria teknikoa aurkeztea. Bertan, gutxienez, honako hauek bilduko dira:

_Entitatearen eta proiektuaren edo ekintzaren identifikazioa.

_Lortutako helburuak.

_Parte hartu edo onura lortu duen giza taldea.

_Egindako jardueren azalpen laburra, edukiak, metodologia, bilakaera denboran eta beste erakundeekin izandako koordinazioa jasoz.

_Proiektua edo ekintza burutzean izandako oztopoak.

_Proiektuaren balorazioa, ezarri ziren irizpideen araberakoa.

i) Eginbeharreko ekintza edo proiektuaren publizitatean Familiaren Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntza aipatzea, eta hori azaltzea urteko memoriako deskribapenean, erabiltzen den materialetan, kartel edo paneletan, hala nola Familiaren Zuzendaritza Nagusiak bidezkotzat jotzen dituen beste edozein baliabidetan.

Halaber, Familiaren Zuzendaritza Nagusiak, urte bukaeran, emandako dirulaguntzen zerrenda jarriko du bere iragarki oholean, dirulaguntzaren entitate emailea, zenbatekoa eta helburua adierazita.

j) Ekintza edo proiektua egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, dirulaguntzaren onuradunak behar den bezala frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Horretarako, entitateak aski izanen du ekintza edo proiektua egiteko hiru aurrekontu aurkeztea, horretarako bidea baldin badago.

k) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du emandako diruaren %25 baino gehiago hartuko.

2. Abenduan bukatzen diren proiektu edo ekintzen kasuan, arau honetako g) letran ezarritako agiriak zein h) letrako memoria teknikoa 2008ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira Familiaren Zuzendaritza Nagusian.

15._Ez-betetzea.

1. Entitate onuradunak deialdi honen arauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako diru kopuruak itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza-korrituak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 19. artikuluak ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu ezertan galaraziko aipatu 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

2. Aurrekoa gorabehera, bidezko izanen da eskubidea kentzea eta jasotako dirua, osorik edo partez, itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Dirulaguntza jasotzeko proiektuaren oinarrian zeuden ekintzak ez burutzea.

b) Dirulaguntzak zuen xedeari edo hura emateko ezarritako baldintzei zegokiena ez betetzea.

c) Laguntza eskuratzea eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

3. Orobat, bidezkoa izanen da eskubidearen iraungipena ezarri eta jasotako diru kopuruaren %50 itzularaztea dirulaguntzaren erabilera aldatzen baldin bada Familiaren Zuzendaritza Nagusiak baimena eman gabe edo zuzendaritza horrek aldaketak bidegabetzat jotzen baldin baditu.

Ildo horretan, entitate onuradunek dirulaguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko kontuan izandako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Familiaren Zuzendaritza Nagusiari.

Bestalde, salbuespen gisa, entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, haren garapena eragozten duten gorabeherak azalduz gero.

4. Gainera, bidezko izanen da eskubidea galtzea eta jasotako diruaren %25 itzultzea, honako kasu hauetan:

a) Laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzea.

b) Organo eskudunari egiaztapen lanetan oztopoak jartzea edo uko egitea.

16._Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako dirulaguntzekin, betiere haien zenbatekoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa ez bada.

17._Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edota errekurritutako ekintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.

2. Foru agindu hau betetzeko ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo errekurritutako ekintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.

18._Legeria aplikagarria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0704894