35. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

58/2007 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2005-2007 hirurterako Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen deialdia egiten duena.

Europako Kontseiluak, 2004ko apirilaren 26ko EK 797/2004 Erregelamenduaren bidez, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko neurriak aplikatzeko arau orokorrak ezarri zituen. Batzordeak, 2004ko apirilaren 29ko EB 917/2004 Erregelamenduaren bidez, aurrekoa aplikatzeko xedapenak ezarri zituen. Bi Erregelamenduetan hiru urterako programa nazionalak prestatzeko aukera aipatzen da. Programa horiek aurkeztu ondoren Batzordeak onesten ditu, erabaki baten bidez, Kontseiluaren EK 797/2004 Erregelamenduarekin bat.

Batzordeak, 2004ko abuztuaren 25eko Erabakiaren bidez, Espainiak 2005-2007 hirurterako aurkezturiko erlezaintzako produktuen merkaturatzea hobetzeko programa onetsi zuen.

Martxoren 26ko 519/1999 Errege Dekretuak erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzak emateko araubidea ezartzen du.

Ildo horretan, jarduketa neurri batzuk gauzatu dira 1998tik aurrera eta, araudiarekin bat, bidezkoa da oraingoan 2007koak ezartzea.

Foru agindu honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2005-2007 hirurterako Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren arauak onestea. Arau horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. Foru agindu honek sortutako konpromisoak ordaintzeko 50.000 euroko gastua baimentzea, 2007ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 'Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea (FEAGA)" izeneko 711001-71310-4700-412205 kontusailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2007ko martxoaren 12an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

ERANSKINA

2005-2007 hirurterako Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen deialdiaren arauak

Lehenbizikoa._Xedea.

1. Foru agindu honen helburua da erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzak ezartzea Nafarroan. Jarduerak 2006ko irailaren 1etik 2007ko abuztuaren 31ra bitarte egindakoak izan behar dira.

2. Kontseiluaren 797/2004 EK Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, laguntza lerro hauetan sarturiko jarduera edo inbertsioak izan daitezke laguntzen xede, helburu hauek dituztenak:

a) Prestakuntza eta laguntza teknikoa:

_Erlezainak prestatzea.

_Erlezainei laguntza emateko teknikariak kontratatzea.

_Zabalkunde teknikoa.

b) Varroosiaren kontrako borroka:

_Varroosiaren kontrako borrokarako erlezaintzako ADS sustatu eta sortzea.

_Varroosiaren kontrako tratamendu kimioterapikoak egitea.

_Borroka biologikoko metodoak.

_Tratamenduko baldintzak hobetzea.

c) Transhumantzia arrazionalizatzea:

_Erlauntzen eta koadroen identifikazioa.

_Trashumantziarako behar den ekipamenduan inbertitzea (maneiatzea eta garraioa).

_Trashumantziarako erlategien berezko kalteetako eta erantzukizun zibileko aseguruak.

_Trashumantziako erlezaintzako praktika egokiak zabaltzea.

d) Eztiaren analisia:

_Erlezain taldeek analisi zerbitzuak kontratatzea.

_Eztiaren analisi fisiko eta kimikoa egiteko ekipamenduan inbertitzea.

e) Europar Batasuneko erleak ugaltzen laguntzeko neurriak:

_Nafarroako erle beltzen erreginak hazteko inbertsioak.

_Erle galduak ordezteko erlategiak erostea.

Apis mellifera mellifera eta Apis mellifera iberica azpiespezieen aleak joko dira Nafarroako erle beltzat.

Bigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzak honelakoak izan daitezke:

_Prestakuntza eta laguntza teknikorako jardueretarako %95.

_Varroosiaren kontrako borrokako jardueretarako %90.

_Trashumantzia arrazionalizatzeko %55.

_Eztia analizatzeko %55.

_Europar Batasuneko erleak ugaltzeko %75.

2. Laguntzak aurkezturiko gastuen zenbatekoaren arabera kalkulatuko dira, BEZa sartu gabe.

Hirugarrena._Onuradunak.

1. Laguntza horien onuradun izan daitezke 2006ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden banakako erlezaintzako ustiategien titularrak.

Erlezain bakoitzak jarduketa bakar baterako laguntza baizik ez du jasoko ustiategi bakoitzean, dela berak bakarrik, dela kooperatiba nahiz erakunde ezagun bateko kide den aldetik.

Erlategi abandonatuen eta erlauntza hilen titularrek ez dute laguntzak jasotzeko eskubiderik izanen.

2. Onuradun izan daitezke, halaber, berezko nortasun juridikoa duten elkarte ezagunenak, betiere, gehienbat aurreko lerroaldean ezarritako baldintzak betetzen dituzten erlezainek osatuak badira. Betiere, laguntzak Foru Komunitateko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena eman duten bazkideendako izanen dira bakarrik.

Laugarrena._Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko arauan aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailea erlezaintzako ustiategi baten titularra eta pertsona fisikoa edo juridikoa denean:

_Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

_Eskatzailearen IFKren edo IFZren fotokopia.

_Administrazio Publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

b) Eskatzailea ekoizleen elkarte bat bada:

_Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak, lehenago aurkeztu ezik.

_Laguntzaren xede den jarduketari ekiteko erabakiaren frogagiria.

_Erakundea osatzen duten erlezainen zerrenda. Datu base batean fitxategi informatiko bat emanen da, non, gutxienez ere datu hauek agertuko baitira: helbidea, IFZ/IFK, erlategiko zenbakia eta bertako erlauntzen zentsua.

_Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

_Administrazio Publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

c) Zergak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ..............., nire izenean (edo .......................en izenean) baimena ematen diot Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen 2007ko deialdia tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezten dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko.

Bosgarrena._Eskabideak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

1. Eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko dira, eta departamentu horretako Erregistroan eta haren menpeko nekazaritza bulegoetan aurkeztuko. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein tokitan aurkez daitezke.

2. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hasi eta 2007ko martxoaren 31n bukatuko da.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

4. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

Seigarrena._Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak lehia bidez emanen dira.

2. Balorazio irizpideak: lehentasunen ordena hauxe izanen da:

2.1. Erlezainen elkarteen eskaerak.

2.2. Gainerako eskabideetan, eskatzaile gazteenek egindakoak lehenetsiko dira, hala nola varroosiaren kontrako borrokarako erlezaintzako osasun defentsarako elkarte bateko nahiz antzeko elkarte bateko kide direnenak. Horien barruan, erlauntza gehien dituztenak lehenetsiko dira.

Zazpigarrena._Ebaluazio organoa.

Eskabideak Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu.

Zortzigarrena._Deialdia antolatu, instruitu eta ebaztea.

1. Eskabidea harturik, hirugarren eta laugarren arauetan ezarritako betebeharrak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hogeita hamar eguneko epean, gehienez, akatsa zuzen dezala edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

2. Eskabidea ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak ebazpena proposatuko du.

3. Zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du dirulaguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskabide ezetsi diren.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskabidea.

Bederatzigarrena._Onuradunaren betebeharrak.

Foru agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 14ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

Hamargarrena._Dirulaguntzaren helburua lortu dela eta harturiko dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

Onuradunek 2007an erlezaintzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko baldintzak hobetu dituztela frogatu beharko dute deialdi honetako laguntzen bost lerroetako bakoitzean, eta hobekuntzari buruzko agiri guztiak aurkeztuko dituzte. Frogagiri horiek hautatutako erlezainei erlategian berean egindako ikuskapenetan egiaztatuko dira.

1. a) lerroa, prestakuntza eta laguntza teknikoa: ikastaroetan parte hartu duten erlezainen zerrenda, teknikarien kontratuak, aldizkari edo informazio foiletoak eta egindako gastu eta ordainketen fakturak.

2. b) lerroa, varroosiaren kontrako borroka: varrosiaren aurka borrokatzeko erlezainei emandako produktuen banaketaren fakturak eta haien ordainketena.

3. c) lerroa, transhumantzia arrazionalizatzea: erlauntzak identifikatzeko materialaren erosketa-fakturak, erositako ekipamenduarenak eta egindako ordainketenak; gainera, trashumantziarako erlauntzen berezko kalteetako aseguruak eta erantzukizun zibilekoa egiaztatuko dira.

4. d) lerroa, eztiaren analisia: zerbitzuen kontratazioari eta analisietarako ekipamenduetako inbertsioei buruzko gastu eta ordainketen fakturak.

5. e) lerroa, Europar Batasuneko erleak ugaltzen laguntzeko neurriak: Nafarroako erle beltzen erreginak hazteko inbertsioetan egindako fakturak eta ordainketak egiaztatuko dira, bai eta erle galduak ordezteko erlategien erosketenak ere.

Hamaikagarrena._Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Programetako neurriak 2007ko abuztuaren 31 baino lehen ezarri beharko dira.

2. Laguntzak kobratzeko, onuradunek 2007ko irailaren 6a baino lehen aurkeztu beharko dituzte fakturak eta gastuen gainerako ziurtagiriak, jarduera bete izanaren adierazpenarekin batera.

3. Laguntzak urte horretako urriaren 15a baino lehen ordainduko dira.

4. Azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte aurkeztutako fakturei dagozkien ordainketa guztiak.

Hamabigarrena._Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Dirulaguntza honen onuradunek ez dute betebeharrik izanen gutxieneko epe batean.

Hamahirugarrena._Laguntzen bateragarritasuna.

Foru agindu honen bidez ezarririko laguntzak bateraezinak dira beste administrazio edo erakundeek, publiko edo pribatu, Espaniako edo atzerriko, helburu bererako emaniko dirulaguntzekin.

Hamalaugarrena._Onuradunaren betebeharrak publizitate arloan.

Ez dago publizitateari buruzko betebeharrik.

Hamabosgarrena._Hornitzaileak kontratatzeko efizientzia eta ekonomia frogatzeko modua.

Dirulaguntzaren xede den gastua 30.000 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan edo 12.000 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, hiru enpresari kontsultatu ondoren, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean izan ezik, edo gastua dirulaguntza eskabidea aurkeztu aurretik egin zela.

Hamaseigarrena._Kontzesioaren aldaketa, ezarririko baldintzak ez betetzeagatik.

Ekintzak aski ez den moduan betetzeak laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko du.

Hamazazpigarrena._Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, eta litekeena da zehapenak ezartzea.

Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2009 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hemezortzigarrena._Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Hemeretzigarrena._Emandako dirulaguntzen argitalpena.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0704544