35. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

455/2007 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ginekologia Onkologikoko Laguntza Ataleko buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ginekologia Onkologikoko Laguntza Ataleko buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen deialdian bete behar diren

1._Arau orokorrak.

Deialdi honetako arauak eta ereduak web-orri honetan kontsultatu eta eskuratzen ahal dira: www.navarra.es, "Zerbitzuak" "Enplegu publikoa" epigrafeak.

Deialdi hau arautuko duten xedapenak honakoak dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 463/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, osasun arloko langileentzako A mailako (A.1 eta A.2 estamentuak) zenbait lanpostutarako sarrera eta hornidura prozedurak arautzen dituena eta horietan erabili behar diren baremoak ezartzen dituena, eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ginekologia Onkologikoko Laguntza Ataleko buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Bideko Ama Birjina Ospitalean aritzeko (plantillako zenbakia: 67669).

1.2. Atalburu lanpostua eskuratzen duen izangaia behin betiko egonen da lotuta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari barrutiko sendagilearen kategoriarekin, eta lotura organikoa izanen du bere lanlekua den ospitalearekin. Halaber, funtzioen aldetik ospitale horretako Osasun Arloari atxikita egonen da. Ginekologia Onkologikoko Laguntza Ataleko buru izateko lanpostua sei urtez beteko du. Epe hori bukatzen denean, ebaluatu eginen da lanpostu horretan jarraituko duen ala ez erabakitzeko, eta hori azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 16. artikuluan ezarri dena betez eginen da. Arestian aipatu den funtzioen araberako atxikipenaren ondoriozko jarduerak egin beharko ditu, betiere Zentroko Zuzendaritzak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen dituen arau eta jarraibideak betez.

1.3. Izendapena dela bide, izendatua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako nominadun funtzionarioa izanen da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu.

1.4. Deialdiko lanpostua A maila edo taldekoa da, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko "Fakultatibo espezialistak" estamentuan eta "Obstetrizia eta Ginekologia" espezialitatean sailkaturik dago (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, eranskina). Lanpostuko ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.

1.5. Hautapen probak gainditu eta deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendaturiko izangaiek, funtzionario izanik lehendik afiliaturik baldin badaude eskubide pasiboen erregimenean eta osasun eta gizarte laguntzan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, aukera izanen dute bertan segitu edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

Izangaia, txanda irekitik sartu eta funtzionario egiten bada, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta araubide horretan aurreikusitako babesean emanen zaio alta.

1.6. Izendatutako izangaiak destinoa duen herrian bertan bizi beharra du, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko du bere bizilekua. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute.

1.7. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara moldatuko da, goizez edo arratsaldez, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.8. Izendatutako izangaiak dedikazio esklusiboaren araubidean lan eginen du, hau da, gertutasun osoarekin, erabateko dedikazioarekin eta irabazizko beste inongo jardueratan aritu gabe ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan salbu.

Horrez gain, guardiak eginen ditu, lanpostuan bertan dagoela edo/eta lanpostura deitua izateko gertu dagoela, ospitaleko zuzendaritzak edo, hark eskuordeturik, kasuan kasuko burutzak hala agintzen duenean.

1.9. Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legeak ezartzen duenez, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta, era berean, biztanleen osasuna hobetzea helburu duten heziketa ekintzetan lagunduko dute.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Medikuntza eta Kirurgiako lizentziadun eta Obstetriza eta Ginekologia espezialitateko titulua edo baliokidea edukitzea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ospitaleetan edo Gizarte Segurantzaren Zerbitzu Hierarkizatuetan kasuan kasuko espezialitateko lanpostu baten jabe izana eta horretan aritu izana, edo espezialitate horrexetako Batzorde Nazionalak irakaskuntzarako onarturiko egitaraua duten ospitaleetan, edota atzerriko zentroetan, baldin eta espezialitate horretan gradatuondokoentzako irakaskuntzarako egitarau ofizialki aitortua badute, kasu guztietan hiru urtez bederen.

Hala denean, zerbitzu eta ospitale horietan guztietan espezialitateko lanpostua betez egindako denbora aldiak batuko dira. Aldi berean lanpostu bat baino gehiago bete denean, aldi bakar bat bezala hartuko da.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte beharkizun horiek, eta hauta-probek dirauteino eutsi behar diete, harik eta izendatuak izan arte.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008), edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulegoetako edozeinetan (95. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abuztuaren 7koa) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetan.

Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute beharkizun guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak ekarri beharko dira:

a) Deialdiaren xedea den Atalaren antolakuntza tekniko eta administratiboari buruzko memoria-azterlana.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 25 euro ordaindu izana frogatzen duen agiria. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa-eskubideak ordainduko dira.

Azterketa eskubideak ordain-gutun baten bidez pagatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan, edo bestela, banku transferentziaren bidez, Banco Santander Central Hispanoko 00491821012110580351 kontura, transferentziaren agirian datu hauek ezarriz:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_Ordainketa egin behar deneko kontu zenbakia.

_Kontzeptua: oposizioak.

_Lanpostua.

Daturen bat eman gabe utziz gero, izangaia bazterturik geldituko da.

Ordain-gutunak Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko balio du, ez kanpokoetan. Gainontzeko erkidegoetan ordainketa banku transferentziaren bidez eginen da.

Azterketa eskubideak ordaintzeak ez du inola ere aldatuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasatik salbuetsirik daude:

a) %33koa edo handik goitiko minusbaliotasun maila dutenak.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den dirusarrerarik ez izatea hilabetean.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilero lanbide arteko gutxieneko lansaritik gorako errentarik ez duela interesatuaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Horren eredua Erregistro bulegoan hartzen ahalko da, edo deialdi honen 1. arauan adierazitako interneteko helbidetik jaso.

c) Izangaiek azaltzen dituzten merezimenduen frogagiriak (jatorrizkoak edo notarioak zein Administrazioak konpultsatutako kopiak), deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera.

d) 2.1.c. eta 2.1.f. arauetan azaldu diren beharkizunak betetzen dituztela frogatzeko agiriak (jatorrizkoak edo notarioak zein Administrazioak konpultsatutako kopiak).

Azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak gainerako beharkizunak deialdi honen 8. arauan ezarri den epe eta moduan frogatu beharko ditu dokumentu bidez.

3.3. Minusbaliotasuna dutenek ariketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahal dituzte, beharrezkoa izanez gero. Eskabidean adierazi behar dute zer-nolako minusbaliotasuna duten eta zein egokitzapen behar diren. Halaber, minusbaliotasuna frogatu egin behar dute, erakunde eskudunek emandako agiria aurkeztuz. Halaber, minusbaliotasuna frogatu egin behar dute, erakunde eskudunek emandako agiria aurkeztuz.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

4._Izangai onartuen eta baztertuen zerrenda.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzirik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesatuek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari, zuzendariorde edo zerbitzuburu bat, kasuko medikuntza arloarekin zerikusia duena.

Ordezko mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari, zuzendariorde edo zerbitzuburu bat, kasuko medikuntza arloarekin zerikusia duena.

Mahaikidea: sendagile bat, espezialitate horretako Batzorde Nazionalak edo, bestela, Medikuen Elkargo Ofizialak izendatu beharrekoa.

Ordezko mahaikidea: sendagile bat, espezialitate horretako Batzorde Nazionalak edo, bestela, Medikuen Elkargo Ofizialak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatutako sendagile bat.

Ordezko mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatutako sendagile bat.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezko mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari bat, zuzendariorde bat edo zerbitzuburu bat.

Ordezko mahaikide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari bat, zuzendariorde bat edo zerbitzuburu bat.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia nork osatzen duen izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera emanen da aditzera.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatu horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kide hauek biltzea: mahaiburua eta mahaikide idazkaria edo horien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen arauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizioa 2007ko maiatzean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko dira probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren. Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako proba edo ariketak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan izanen dira: lehenik lehiaketaldia eta ondotik, hori bukatutakoan, oposizioaldia.

6.2. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.2.1. Lehiaketaldian izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu biltzen ahalko dira.

6.2.2. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen arduradunak emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri behar dira:

_Lantokia.

_Lanpostua, kategoria edo izendapena.

_Zerbitzuen emanaldien iraupena.

_Zerbitzuaren ezaugarriak: finkoa, behin-behinekoa,...

_Zerbitzua jarraian eman duen edo etenik izan den (eszedentziak).

Enpresa pribatuetan eginiko zerbitzuak izanez gero, ziurtagiri horrez gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Lan bizitzari buruzko txostena errazago eskuratzearren, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak telefono zerbitzu bat jarri du martxan, 901502050 zenbakiarekin, txosten hori eskatu ahal izateko.

6.2.3. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Fakultatibo espezialistak" estamentuan eta "Obstetrizia eta Ginekologia" espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubideari buruzkoa, eranskina).

6.2.4. Izangaiek oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean azaldu behar dituzte beren merezimenduak eta, frogatu ere, une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez. Merezimendu horiek deialdiari erantsi zaion autobaremaziorako agirian adieraziko dira (III. eranskina).

6.2.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

6.2.6. Lehiaketaldia bukatzen denean epaimahaiak jendaurrean jarriko du balorazioaren emaitza, hau da, izangaiek lortutako puntuazioak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean jarriz.

6.2.7. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espresuki eskatuz gero, izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bi hilabete igaro ondoko hiru hilabeteko epean, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gordetzen ahal baitira egiaztapenak eta frogak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Deialdiaren xedea den Atalaren antolakuntza tekniko-administratiboari buruzko memoria-lana azaldu eta defendatuko da epaimahaiaren aurrean. Azterlan hori oposizio-lehiaketa honetan esku hartzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztu beharko dute izangaiek.

b) Salbuespen bezala, epaimahaiak deialdiaren xede den lanpostuaren edukiari buruzko proba praktikoa egitea proposa dezake.

c) Halaber, jendaurreko elkarrizketa bat eginen da. Elkarrizketa horretan izangaiaren curriculuma aztertuko da eta eskatutako baldintza berariazkoak noraino betetzen dituen eta deialdiko lanpostuaren ezaugarriei zenbateraino egokitzen zaien begiratuko da.

6.3.2. Oposizioko a) eta b) atalengatik gehienez 25na puntu emanen dira, eta c) atalarengatik gehienez 10 puntu. Oposizioaldiko lehenengo bi saioetako bakoitzean 12,5 puntu edo gehiago lortzen ez dituzten izangaiak baztertuak izanen dira. Epaimahaiak b) ataleko proba praktikoa proposatzen ez badu, a) ataleko ariketak 50 puntu balioko ditu eta bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.3.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute, edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat.

Ariketa egitera azaltzen ez diren izangaiak edo epaimahaiak ezarritako egunean idazlanak irakurtzera azaltzen ez direnak oposizioalditik baztertuko dira.

6.3.4. Hautaprobetan, beharrezkoa izanez gero, minusbaliatuentzako egokitzapenak egiten ahalko dira, haiek aurretiaz hala eskatzen badute beren eskabideetan.

6.3.5. Ariketa bakoitza bukaturik, epaimahaiak ariketa gainditu duten izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak jendaurrean jarriko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean. Halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko lekua, eguna eta ordua ezarriko ditu, hura hasi baino 48 ordu lehenago gutxienez.

7._Azken puntuazioa.

Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuazioarik altuena duen izangaiak izanen du lehentasuna. Hala ere berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

8._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa emanda, epaimahaiak jendaurrean paratuko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean oposizioa gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazio osoaren araberakoa.

8.2. Epaimahaiak organo administratibo eskudunari igorriko dio probak puntuazio altuenekin gainditu eta deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaien aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Proposatutako izangaiak, izendatzeko proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Sarrera eta Barne Igoera Zerbitzuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena.

Eskabidean %33ko ezintasuna edo handiagoa dutela adieraziz gero, izangaiek, aurreko agiriez gainera, ezgaitasun horrek deialdiko lanpostuan aritzea ez diela eragozten frogatu behar dute, eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek emandako agiriaren bitartez.

8.4. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

8.5. Aurreko atalean azaldutako kasuetan administrazio organo eskudunak 8.1 arauan aipaturiko zerrendara joko du, oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendara alegia, eta hurren-hurrena dagoen izangaia jarriko du baztertutakoaren lekuan, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

9._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Administrazio organo eskudunak, egoki bada, 8. arauan ezarritako baldintzak betetzen dituen izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario izendatuko du ebazpen bidez, deialdiko atalburu lanpostuan jardun dezan.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, 8.5 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 8.5 atalak agintzen duen moduan.

9.5. Izendatzen den lehiatzailea sei urtez egonen da lanpostuan. Gerora sortutako arrazoiak tarteko, atalburutzatik kentzen ahalko da, esaterako etekin urria izateagatik nabarmen gelditu denean haren gaitasun eza eta, horrenbestez, lanpostuan beharrezkoak diren funtzioak ezin dituenean bete, edo lanpostuaren edukia aldatu delako, betiere aurrez interesatuak esan behar duena entzun ondoren eta bidezko organo eskudunaren txostena aztertu ondoren.

9.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

9.7. Izendapenean eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoen edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta mende geldituko da.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arau eta egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 57. artikuluko 1 eta 2. c) idatz-zatietan xedaturikoarekin bat.

Epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiekin bat.

Iruñean, 2007ko otsailaren 26an._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Carlos Garde Celigueta.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

................ jauna/andrea, adinez nagusia, ....... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidearen) jabe, ...........(e)n, (..............) ....... (e)ko .........aren .....(e)an jaioa, nazionalitate .............., helbidea .................. dudana, posta kodea ..............., etxeko telefonoa ......................... harremanetarako telefonoa

Honako hau azaltzen dut:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko .............. Atalburutza betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)koan).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiko 2.1.c) arauko tituluaren jabe naizela, 2.1.f) arauko betebeharra betetzen dudala eta betebehar horiek jatorrizko agiri baten bidez edo notario batek edo administrazioak konpultsaturiko kopia baten bidez frogatzen ditudala.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Oposizioaldia deskribatzean aipatutako memoria-lana aurkeztu dudala.

f Badudala minusbaliotasuna, eta horregatik egokitzapena eskatu nahi dudala (minusbaliotasunaren nondik-norakoak eta behar diren egokitzapenak aparteko orrian azalduko dira).

Horrenbestez:

Eskabide hau onartu eta goian aipatutako deialdian parte hartzen uzteko eskatzen dut.

Iruñean,........(e)ko .........................aren ........(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala. Emandako zerbitzuak. Ondokoak baloratuko dira:

1. Deialdiko lanpostuaren estamentu eta espezialitate beretan administrazio publikoetako zentroetan egindako zerbitzuak: 1,2 puntu, urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan fakultatibo gisa egindako zerbitzuak: 0,6 puntu, urte bakoitzeko.

3. Edozein administrazio publikotan beste estamentu batean egindako zerbitzuak: 0,15 puntu, urte bakoitzeko.

4. Lehiaketaren kategoria berean, osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan alta hartuta eta besteren kontura kotizatuz: 0,47 puntu, urte bakoitzeko.

Aurreko azpi-ataletan adierazitako zerbitzuak denbora berean eman baldin badira, puntuazioak ezin izanen dira batu; altuena besterik ez da hartuko.

Atal honetan ez da aintzat hartuko 2.2 atalean adierazitako denbora; egoiliar gisa egindako zerbitzuak Prestakuntza Espezializatuari dagokion atalean baizik ez dira kontuan hartuko.

Zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak, egoera hori deklaratu zenean izangaiak zuen lanpostuan emandakoak bailiran kontatuko dira.

Atal honetako puntuazioa 17 puntu artekoa izanen da.

2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baizik ez dira baloratuko:

1. Unibertsitateko prestakuntza:

1.1. Lizentziatura gradua bikain notarekin edo aparteko sariarekin, edo ikertzeko gaitasun nahikoa: puntu bat.

1.2. Doktore gradua: 2,5 puntu (Cum Laude: 0,5 puntu gehiago).

2. Prestakuntza espezializatua:

Egonaldia osorik egina izatea, dela BAME programa nazionalaren bidez, dela graduatu-ondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 5 puntu.

3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitate-zentroek antolatu edo kreditatutako prestakuntza ekintzetan parte hartu izana: 0,025 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo baliokidearengatik (10 ikastorduko). Prestakuntzako ekintzaren ziurtagirian ikastorduen kopururik azaldu ezean, hura kreditu batekoa balitz bezala baloratuko da, eta ikasturte bateko iraupena agertzen bada, 12 kreditukoa balitz bezala. Gehienez ere 2,5 puntu.

Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo homologaturik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

BAME espezialitate programan egindako ikastorduak ez dira kontuan hartuko atal honetan.

4. Kongresu eta jardunaldietan aurkeztutako ponentziak eta komunikazioak:

Nazioartekoa: lehen hiru sinatzaileek: 0,20 puntu. Gainerakoek: 0,05 puntu.

Espainiakoa: lehen hiru sinatzaileek: 0,10 puntu. Gainerakoek: 0,025 puntu.

Autonomia erkidegokoa: lehen hiru sinatzaileek: 0,05 puntu. Gainerakoek: 0,0125 puntu.

Gehienez ere 4 puntu.

5. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo sariren bat jaso duten lan zientifikoak edo ikerlanak: nazioartekoak badira: 2 puntu; Espainiakoak edo autonomia erkidegoetakoak badira: puntu bat; gehienez 3,5 puntu.

6. Aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak: lehenbiziko hiru sinatzaileek 0,2 puntu; gainerakoek 0,05 puntu; 3 puntu gehienez.

7. Liburuak argitaratzea, egile edo laguntzaile gisa: egile nagusia bada 0,4 puntu; laguntzailea bada: 0,2 puntu. Gehienez ere 2 puntu.

8. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: 1,6 puntu hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzari ezarri den gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio.

9. Irakasle lana sektore publikoko edo unibertsitarioko prestakuntza ekintzetan: 0,3 puntu 10 orduko irakastaldiagatik edo kreditu akademiko bakoitzarengatik. Gehienez ere, 3 puntu.

10. Prestakuntzako beka edo egonaldiak: 0,2 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

11. Sektore publikoan ofizialki eratutako organo zientifiko-teknikoetan, kontsultakoetan edo aholku-emaileetan, gutxienez urtebetez parte hartu izana: 0,2 puntu urte bakoitzeko, gehienez ere 2 puntu.

Ikerketa lan beraren komunikazioa, ponentzia eta argitalpena bateragarriak izanen dira.

Deialdiaren xede den lanpostuan aritzeko gaikuntzarik ematen ez duten titulazio ofizialak ez dira merezimendutzat hartuko.

Atal honetako puntuazioa 19,8 puntu artekoa izanen da.

3. atala. Euskaraz jakitearen balorazioa:

Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, euskaraz jakiteagatik gehienez ere %10 gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik eman daitekeen gehieneko puntuazioari.

Eremu mistoko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratu behar denean, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik eman daitekeen gehieneko puntuazioa baino %5 gehiago ematen ahalko da, gehienez ere, euskaraz jakiteagatik.

Bi kasu horietan, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da Hizkuntza Eskola Ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko edo, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.

III. ERANSKINA

Deialdia:

OPOSIZIO-LEHIAKETA

LETRA LARRIA ERABILI ETA GARBI IDATZI,

LAUKITXO BAKOITZEAN LETRA BAT JARRIZ

Baremoko 2. ataleko merezimenduak deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia baldin badute baloratuko dira bakar-bakarrik. Aurrera egin baino lehen, inprimaki hau egoki betetzeko behean ageri diren jarraibideak irakurri.

LEHIAKETARAKO AURKEZTU DIREN

AGIRIEN ZERRENDA

Autobaremazioan lortutako puntuak, guztira

Aurkeztutako agirien kopurua, guztira

Aurkeztutako orrien kopurua, guztira

Iruñean, ..........(e)ko .............aren ............(e)an.

Interesatua,

EPAIMAHAIBURUA

OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUA.

IRUNLARREA KALEA, 39, 31008 IRUÑA.

J A R R A I B I D E A K

1. Zure NANaren zenbakiak 8 zenbaki baino gutxiago baditu, ezkerreko laukitxoetan zeroak jarri. Izen-deiturak ezker-ezkerreko laukitxotik abiatuta idatzi behar dira. Izena edo deitura konposatua bada, lauki huts bat utzi tartean.

2. Agiri guztiak (ziurtagiriak, diplomak, etab.) orriaren eskuinaldeko goialdean zenbakitu behar dira, 1.tik abiatuta. Erreferentzia hori aurkeztutako agirien zerrendan eman beharko da, agiriaren izenarekin eta autobaremazioan ematen zaion puntuazioarekin batera. Autobaremazioa ez da lotzailea izanen epaimahaiarentzat.

3. Agiri honi eransten zaizkion orri guztiak, eskuinaldeko behealdean zenbakitu beharko dira.

4. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

5. Merezimenduen baremoa deialdi honen III. eranskinean ageri da.

6. Agiri guztiek jatorrizkoak edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopiak beharko dute izan.

Iragarkiaren kodea: F0703707