35. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

45/2007 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana. Haren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da Villafrancako 8. poligonoko 4. lurzatiko eguzki-parke fotovoltaikoa handitzeko. 10 MW-ko puntako potentzia jarria duten 400 dorre instalatuko dira. Parques Solares de Navarra, S.L. enpresak sustatu du.

Jarduera hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 2.C eranskineko I) atalean sarturik dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

2006ko urriaren 24an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, 28. artikuluan, ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko, eskaria aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Aurretik aipatutako martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoak, 25.2 artikuluan ezarri du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena jasoko duela, hirigintzako legeriarekin bat hala eskatu behar den kasuetan.

Azaroaren 3ko 0322/2006 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zuten Villafrancako 8. poligonoko 4. lurzatiko eguzki-parke fotovoltaikoa handitzeko espedientea, Parques Solares de Navarra enpresak sustatua. Ebazpen hori 2006ko 141. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 24an.

Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Ikusirik Udalaren, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalaren txostenak, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Villafrancako 8. poligonoko 4. lurzatiko eguzki-parke fotovoltaikoa handitzeko, 10 MW-ko puntako potentzia jarria duten 400 dorre instalatzeko, alegia. Parques Solares de Navarra, S.L. enpresak sustatu du. Ingurumenari dagokionez baldintza hauek bete beharko dira:

_Obra bukatutakoan landare tratamendu egokia eginen da, lurzoruaren higadura murrizteko helburuz. Tratamenduak egin beharreko jarduerarekin bateragarria izan beharko du, eta obrak ukitutako eremu guztiak berriz landareztatu beharko dira, Ingurumen ukipenenetarako azterlanean zehaztutako hazi nahasketa erabiliz. Birlandatze lanak hasi aurretik, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalean jakinarazi beharko da, gutxienez 48 ordu lehenago (telefono zenbakia: 848 42 14 86 / 848 42 49 05).

_Gainera, landaredi pantaila bat egin beharko da, eguzki sorgailuak izanen diren lurren perimetroan, eguzki plantak eremu horretan ekarriko duen begi-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko helburuz. Pantaila ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean zehaztutako espezie autoktonoez osatuko da.

_Inguruko hesia ugaztun txikiak pasatzeko modukoa izanen da; beraz, beheko aldean horretarako toki nahikoa utzi beharko da (10 zentimetro inguru).

2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), honako baldintzekin:

_Panelak kokatu eta antolatzean kontu handiz ibiliko da inguruko paisaiarekin, ikuspegia kontuan hartuz, hartara ahalik eta hobekien egokitzeko.

_Hesiak hiru metroko bide-zorra utzi beharko du inguruan dituen bide publiko guztiekin.

_Nolanahi ere, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik, bai proiektuan aurreikusten diren ekintzetarako, eta bai egin asmo diren instalazio eta jarduerek ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 100.000 euroko fiantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, 4/2005 Foru Legeko 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Villafrancako Udalari eta interesatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 8an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0702582