26. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, hautaproben bitartez enpleguko teknikariaren lanpostuan, aldi baterako lan kontratuarekin, aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Iruñeko Udalean gertatzen ahal diren beharrak asetzeko

Iruñeko Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak deialdia onetsi zuen 2007ko urtarrilaren 25ean; hona hemen oinarriak:

ARAUAK

1._Deialdia egiten da hautaproben bidez enpleguko teknikariaren lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Iruñeko Udalaren Administrazioan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Aldi baterako kontratatu beharreko izangaien zerrenda hau erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen beste zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osatzen dena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da, zerrendako aldi baterako langileen kontratazioa egin aurretik, enpleguko teknikariaren lanpostuan lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu den pertsonarik ba ote dagoen; izan ere, egindako azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

Lanpostuek B maila edo taldeko ko lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Nazionalitatez espainiarra eta adinez nagusi izatea eta erretiroa hartzeko ezarritako adinik ez izatea.

b) Unibertsitateko diplomadunaren, ingeniari teknikoaren, arkitekto teknikoaren edo hirugarren mailako Lanbide Heziketako titulua izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

c) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Baldintza horiek guztiak aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren lehiakideek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, kontratua izenpetu aurretik horretarako ezartzen zaien unean.

Aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udaleko erregistroetan aurkeztu beharko dira (Merkatuko karrika, 7-9; Zapateria karrika, 40, San Saturnino karrika, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Iruñeko Udaleko Laguntza Bulegoan, Merkatuko kalean, 7-9, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren eta eskatutako titulazioaren fotokopia ere aurkeztu beharko dute.

3.2. Minusbaliotasuna duten lehiatzaileek, eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4._Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5._Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorrak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda emanen du aditzera Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Udaletxearen atzeko aldean).

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6._Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Kontrataziorako dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesatuek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7._Epaimahaia.

7.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Concepción Mateo Pérez andrea, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorreko zinegotzi delegatua.

Ordezko mahaiburua: Miguel Angel Ilundain Aizpún jauna, Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorreko zuzendaria

Mahaikidea: Enrique Otal Isabella, Gizarte Zerbitzuen koordinatzailea.

Ordezko mahaikidea: Jesús Laguardia Hontañón jauna, Gizarte Zerbitzuen koordinatzailea

Mahaikidea: Itziar Iriarte Martija, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorreko gizarte langile kudeatzailea.

Ordezko mahaikidea: Angel Iribarren Arlegui, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorreko gizarte langile kudeatzailea

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, orotariko batzorde paritarioetan diharduten sindikatuek izendatu beharrekoa.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, orotariko batzorde paritarioetan diharduten sindikatuek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Ana Góngora Urzaiz andrea, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorreko idazkari teknikoa.

Ordezko mahaikide idazkaria: Jesús Pascal Mendioroz jauna, Iruñeko Udaleko Zuzenbideko lizentziatua.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lehendakaritzako Alorrari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak gertatzeagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, lehiakide onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8._Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

8.1. Oposizioak ariketa baztertzaile hauek izanen ditu:

8.2. Lehenbizikoa teorikoa izanen da eta aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskineean ageri dira. Ekitaldiaren balorazioak 50 puntu egin ditzake gehienez ere; eta erantzun okerrei balio negatiboa emanen zaie. Baztertuak izanen dira gutxienez 30 lortzen ez dituztenak. Ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

8.3. Bigarrena praktikoa izanen da eta, hartan, Iruñeko Udalaren gizarte zerbitzuen jardueraren barnean enplegurako teknikariek izaten duten jardunbideaz epaimahaiak proposatzen dituen galderak erantzun beharko dira. Ariketaren balorazioak 40 puntu egin ditzake gehienez ere eta bazterturik geldituko dira puntuazioaren erdia eskuratzen ez duten izangaiak. Ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

8.4. Bi ariketak elkarren segidan eginen dira, egun berean, eta deialdi bakarra eginen da. Hartara Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Agertzen ez diren izangaiak baztertuko dira.

8.5. Hautaprobak egiteko orduan, halaxe eskatzen duten minusbaliatuek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9._Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorrean sortzen diren beharren arabera, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian ezarritakoa (Nafarroako Foru Komunitatean ezgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

9.4. Kontratatuak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 25ean._Lehendakaritzako Alorreko zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

Izena: ...................., adinez nagusi. NAN/nortasun agiria: ........ jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............ jaioterria (udalerria, probintzia): ............. nazionalitatea: ............. Egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ........

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Eskatzen dut:

Iruñeko Udalaren zerbitzuan aldi baterako kontratuaren bidez aritzeko enpleguko teknikarien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdian (.....eko .... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ...... egunean argitaratua) onartua izatea.

DATUEN BABESA. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan azaltzen diren datu pertsonalak Udalak hautapen prozeduran dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko kalea, 7-9; 31001 Iruña).

Iruñean, ..........(e)ko ..........aren ....(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1._Europar Batasunak bere estatuei lanaz eta enpleguaz eman dizkien araudi eta orientazioak.

2._Nafarroako legeria, gizarteratzeko eta laneratzeko arloan aplikatzekoa.

3._Bazterketa Sozialaren aurkako Nafarroako 1998-2005eko Plana, eduki nagusiak eta egin berri den ebaluazioaren emaitzak.

4._Nafarroako Enplegu Zerbitzua (NEZ): arauketa, eskumenak, prestazioak.

5._Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua: arauketa, eskumenak, prestazioak.

6._Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen Alorra: programen antolaketa egitura.

7._Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorrak ematen dituen prestazioak; haren zentro eta zerbitzuak.

8._Enpleguaren sorrera toki erakundeen esparru publikotik; udal administrazioa, jarduera ekonomikoaren eta lanaren piztaile.

9._Lan arloa xede sozial berariazkotzat duten entitate pribatuak; Nafarroako egoera; arauketa, motak, identifikazioa.

10._Enpresa arruntak gizarte oreka mantentzeko lanean; haien ahalen azterketa.

11._Iruñeko eta Iruñerriko egoera sozio-ekonomikoaren atarian.

12._Enplegua dela-eta bereziki zaurgarriak diren sektoreak: identifikazioa, deskripzio kualitatibo eta kuantitatiboa, Iruñearen testuinguruan.

13._Pertsonei enplegua eman ahal izatea baldintzatzen duten faktore endogeno eta exogenoak.

14._Gizarteratzeko eta laneratzeko lan taldeak Udalaren gizarte zerbitzuen esparru teknikoan: xedeak, eginkizunak, lanak, osaketa.

15._Enplegurako teknikaria, laneratzeko lan taldeen atal: esku hartzeko eremuak, eginkizunak, lanak.

16._Udalaren enplegurako teknikarien jarduerarako metodologiak eta tresna teknikoak.

Iragarkiaren kodea: L0702671