26. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

67/2007 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Garraio zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, 2007. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Sektoreko enpresek beharrezkoa zuten modernizazioaren ondorioz, gomendagarria da errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen marko bat ezartzea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2007. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onestea. Haren oinarriak ebazpen honen I. eta II. eranskinetan daude.

2. 188.000 euroko gastua onestea, 2007. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 630001/62310/4819/441100 kontusailaren kargura.

3. Ebazpen honen berri ematea Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko otsailaren 8an._Garraio zuzendari nagusia, Jesús María Odériz Echevarría.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa._Xedea.

Europar Batasunaren esparruan salgaien eta jendeen garraio librea zabaltzearen ondorioz, beharrezkoa da enpresek merkatu berrien, lehiakortasunaren, kalitatearen eta bestelako arloen premiei erantzun egokia emateko behar den prestakuntza izatea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektoreari loturiko pertsonendako prestakuntza edo hobekuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroak antolatzeko eta testu didaktikoak argitaratzeko dirulaguntzetarako oinarriak ezartzea. Laguntza horiek bide emanen dute enpresa horien kalitatea hobetzeko, hala nola Nafarroan kokaturiko garraio enpresen lehiakortasuna handitu eta merkatu berriak irekitzeko, bereziki Europar Batasunean.

Ekintzen, jardunaldien edo ikastaroen edukiak zuzeneko lotura izanen du errepideko garraioarekin eta bukatuak beharko dute egon 2007ko abenduaren 10a baino lehen. Laguntzetatik kanpo daude gaitasun profesionaleko ziurtagiriak, segurtasun aholkularitzakoak eta merkantzia arriskutsuak eramateko baimenak erdiesteko ikastaroak.

Bigarrena._Laguntzen zenbatekoa eta laguntza jaso dezaketen gastuak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2007. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 630001/62310/4819/441100 kontusailaren kargura finantzatuko dira. Nolanahi dela ere, laguntzak mugaturik egonen dira, aurrekontuko diruaren arabera.

Deialdi honen babesean antolaturiko prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroetan, kostuaren %80rainoko dirulaguntza ematen ahalko da.

Egin beharreko ekintzaren zeharkako kostuengatik dirulaguntzari %10eko edo hortik goitiko zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak entitate eskatzaileak dituen gastu administratiboak dira, alegia: langile, lokal eta bulegoko materialen gastuak eta bestelako gastu arruntak.

Ondoko hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

_Irakasle edo hizlariak.

_Material didaktikoa.

_Instalazioak alokatzea.

_Laneko ekipo eta baliabideak.

_Prestakuntza ekintzaren zabalkundea eta publizitatea.

_Liburu eta gida didaktikoak argitaratu eta banatzeko gastuak.

Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren ekintza, ikastaro, mintegi edo jardunaldien kasuan, entitate antolatzaileak izandako diru-sarreren berri eman beharko du, ematen den dirulaguntza ekintzaren kostua baino handiagoa izan ez dadin.

Hirugarrena._Onuradunak.

Dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte legearen arabera eratuak eta Nafarroako Foru Komunitatean helbideratuak dauden garraiolari elkarteek edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek.

Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden elkarte edo entitateei.

Laugarrena._Eskaerak aurkezteko epea eta eskatzen den dokumentazioa.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak, II. eranskinean ageri den ereduarekin bat, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen bulegoan aurkeztu beharko dira, (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña) edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan nahiz Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

2. Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauen jatorrizkoak nahiz notario batek edo administrazioak kautoturiko fotokopiak aurkeztuko dira:

2.1. Hirugarren oinarrian eskatzen diren beharkizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa:

a) Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen egiaztagiria.

b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura eta estatutuak.

c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzeko agiria.

d) Identifikazio Fiskaleko Txartela.

e) Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko Administrazioak lehendik dituen datuak badira, a), b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpen bat egiten ahalko da, agiri horiek aurkeztu zirenetik aldaketarik ez dutela izan azaltzeko.

Eskabide hau aurkezteak berekin dakar Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari baimena ematea, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko behebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

2.2. Egin beharreko jarduerei buruzko dokumentazioa:

a) Egin beharreko jardueren memoria eta haiek egiteko aurreikusten den egutegia.

b) Irakasleak. Ikastaroak eman behar dituzten pertsonen izena eta lanbide kualifikazioa azaldu beharko da.

c) Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, sailez sail xehetua. Jarduerak finantzatzeko baliabideak edukiz gero, aipatu egin beharko dira.

_Dirulaguntza zenbat ekintzatarako eskatzen den, haietako bakoitzean azalduko dira datu horiek, II. eranskineko eredua erabiliz; interesatuek Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuko bulegoetan (Yanguas y Miranda, 5, 31002 Iruña) jaso ahalko dute eredua. Halaber, eskuratzen ahalko da interneten (Nafarroako Gobernuaren ataria: www.navarra.es zerbitzu, laguntza eta beken gunean).

3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari hamar eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.

Bosgarrena._Balorazio irizpide objektiboak.

Laguntza zenbatekoa izanen den zehazteko kontuan hartuko dira aurrekontuetan dagoen dirua, aurkeztutako eskabideen kopurua, ekintzen kalitatea, bai eta ekintzaren inguruko beste inguruabar sozioekonomiko batzuk ere, eta ondoko hauek izanen dira gehieneko puntuazioak eta irizpide objektiboak:

a) Eginen diren jarduerak:

_Ikastaro eta mintegiak: 10 puntu.

_Jardunaldiak: 8 puntu.

_Prestakuntzarako liburu, gidaliburu edo bestelako materialen argitalpena: 10 puntu.

b) Proposatzen diren helburuek bat egiten ote duten Foru Komunitateko garraioetan prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalpenaren alorretan dauden beharrekin:

_Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektorean duen ordezkaritza. 15 puntu.

_Errepideko garraioari buruzko gai berariazkoak: 10 puntu.

_Garraio enpresa bat kudeatu edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 6 puntu.

c) Irakasgaien, irakasleen eta programen ezaugarriak edo egin beharreko jardueren kalitatea: 20 puntu.

d) Eskatzaileak zuzenean eskatutako ikastaro, mintegi eta jardunaldiak, bertako instalazioetan eginak: 5 puntu.

e) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena eta edukia: 10 puntu.

Dirulaguntzaren zenbatekoa bigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz kalkulatu eta irizpide hauek aplikatuz lortutako puntuazioen arabera ponderatuko da.

Seigarrena._Ebazpena emateko eskumena eta epea.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskurantza, hala nola aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskabideak ebaluatzekoa.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraio zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, dirulaguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen ponderazioa eta bakoitzari eman beharreko diru-kopurua.

2. Garraio zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateko ebazpena emanen du. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zazpigarrena._Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

2. Diruz lagundutako jardueretakoren bat egin ezean, onuradunek horren berri eman beharko diote Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, ez egiteko arrazoiak azalduta.

3. Dirulaguntza jasotzen dutenek ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia jakinaraziko diote Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, ekintza hasi baino gutxienez hamar egun lehenago, Zerbitzu horretako funtzionarioek haren garapenaren segimendua egin dezaten. Liburuak, gidaliburuak eta abar argitaratuz gero, haien maketa aurkeztu beharko da aurretik, deialdian ezarritako helburuarekin bat datozen baloratzeko.

4. Onuradunak jarduera berbererako beste administrazio edo entitate baten bestelako dirulaguntzarik eskatu edo jasotzen badu, haren berri eman behar dio Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari.

5. Laguntzen onuradunek ikastaroen iragarkietan eta zabalkundean paratu beharko dute Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren dirulaguntza jaso dutela.

Zortzigarrena._Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. Dirulaguntzen onuradunek 2007ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztuko dute 2007ko lehen sei hilabeteetan egindako prestakuntza ekintzei dagokiena ordaintzeko eskaera. Gainerako prestakuntza ekintzei dagokiena 2007ko abenduaren 15a baino lehen aurkeztuko da.

Egiaztagiriak epe horietatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroen dirulaguntzak dokumentazioa zuzen aurkeztu eta gero ordainduko dira.

2. Onuradunek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa. Ikastaroa izanez gero, eman duten irakasleek sinatua beharko du.

b) Irakasleen nortasun datuak eta kalifikazioa, ikastaroen kasuan.

c) Eginiko jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda, beren izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia, eta asistentzia orriak, behar bezala sinatuak.

d) Egindako ordainketen frogagiriak. Egindako ekintza, jardunaldi edo ikastaroei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko. Prestakuntza ekintza entitatearen beraren langileekin antolatua baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du, bai erabilitako langileen soldataren kostu gordina, bai haiengatik enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota.

e) Matrikulen ordainean izandako dirusarrerak.

f) Elkarte onuradunaren ordezkariaren aitorpena, zeinean berretsiko baitu egindako ekintzarako ez duela inolako laguntzarik jaso beste organismo edo erakunde publikoren baten eskutik.

g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, dirulaguntzaren onuradunak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztuko du jarduera egiteko hornitzaileen kontratazioa eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz egin dela azaltzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Agiri guztiak ekarri ondoren, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak aztertuko ditu, eta bidezkoa bada, behar den dirulaguntza ordainduko da.

Bederatzigarrena._Ez-betetzeak.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamargarrena._Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntzekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamaikagarrena._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda argitara emanen dira Nafarroako Gobernuaren atarian: www.navarra.es zerbitzu, laguntza eta beken gunean.

Hamabigarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, eta bere oinarrien eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo aurkatu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .................., NAN/IFZa: ................., bizitokia: ...................., karrika: ..............., posta kodea: .........., telefonoa: ............., nire izenean edo ondoko honen izenean (bidezko ez dena ezabatu): ..................... NAN/IFZa: ......, bizitokia: ..............., karrika: ................., telefonoa: ................, eskabidea aurkezten dut Nafarroako Foru Komunitatean, 2007. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdirako, Garraio zuzendari nagusiak .........aren ....(e)an emandako ....../2007 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz (..... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 2007ko ....aren ........a)

Eta, arau horietan aurreikusitakoarekin bat:

1. Aditzera ematen dut ez nagoela sarturik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

2. Deialdiaren 4. oinarrian, 2.1 atalean, eskatutako dokumentazioa aurkezten dut edo adierazten dut dokumentazio hori Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko ............... Departamentuan aurkeztu zela, eta adierazten dut dokumentazio horretan aldaketarik ez dela izan (ezabatu behar ez dena)

3. Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari baimena ematen diot laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko zorrik ez duela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

4. Egin beharreko jarduerari buruz laugarren oinarriaren 2.2 atalean eskatutako dokumentazioa aurkezten dut, ekintza bakoitzean ondoko datu hauek zehazturik:

Ikastaro edo jardueraren izena:

Egitea komeni dela azaltzen duen memoria

Helburua:

Betetzeko beharrak:

Eskura dauden baliabideak:

Eskatutako dirulaguntza:

Azaltzeko memoria

Ikastaro/mintegi/ekintzaren egitaraua:

Egiteko eguna eta tokia:

Irakasleak:

Aurreikusten diren parte-hartzaileak:

Aurrekontu zehaztua:

Dirusarrera aurreikusiak:

Matrikulengatik:

Bestelako dirulaguntzengatik:

...........(e)n, 2007ko .......aren ....(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: F0702624