26. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

77/2007 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei (euskaltegi eta gau-eskola pribatuei) 2007. urtean laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Euskara Zerbitzuak aurkeztutako txostena ikusirik, non adierazten baita helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei 2007. urtean laguntzak arautzeko deialdia onetsi eta argiraratzeko beharra.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei (euskaltegi eta gau-eskola pribatuei) 2007. urtean laguntzak emateko deialdi hau eta honen eranskinak onestea.

2. 500.000 euroko gastua baimentzea, deialdi honetatik heldu direnak ordaintzeko. Gastuak 2007ko gastuen aurrekontuko "Gau-eskolendako dirulaguntzak" izeneko 421001 41400 4819 322900 kontusailaren kargura pagatuko dira.

3. Ebazpen hau eta honen eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Euskara Zerbitzuari eta Euskara Zerbitzuko Euskararen Didaktika Atalari, Helduei Euskara Irakasteko eta Ziurtagiriak Emateko Bulegoari eta Administrazio Bulegoari ematea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 6an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

I. ERANSKINA

Deialdiaren arauak

Lehen araua._Deialdiaren xedea.

Deialdi honek helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate juridiko pribatuei (euskaltegi eta gau-eskola pribatuei) 2007. urtean emateko laguntzak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ematen dituenak, arautzen ditu, 2006-2007 ikasturteko azken bi hiruhilekoak eta uda eta 2007-2008 ikasturteko lehen hiruhilekoa barne.

Bigarren araua._Ikastaro motak.

2007rako dirulaguntzak ikastaro mota hauen arabera emanen dira:

a) Arruntak: astean, gutxienez, 3 ordukoak.

b) Barnetegiak: ikastaroan, gutxienez, 90 ordukoak.

Hirugarren araua._Dirulaguntzen moduluak.

2007. urteko laguntzetarako erreferentzia modulua hauxe izanen da:

_Ohiko araubidea: 1,05 euro ikasle eta orduko.

_Barnetegi araubidea: 7,50 euro ikasle eta eguneko.

Laugarren araua._Betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitateko euskaltegi eta gau-eskola pribatuek, laguntza hauek hartu nahi badituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitatako onetsitako Erregelamenduko 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Bosgarren araua._Ziurtagiriak.

5.1. Euskara Zerbitzura igorri beharreko agiriak, 6. arauan aipatzen diren epeetan aurkeztuko direnak, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoaren arabera.

a) Euskaltegiaren fitxa, ebazpen honen II. eranskinaren araberakoa, ikastetxeko arduradunaren zigilua eta sinadura barne.

b) Irakasle kontratatu berriak izanez gero, NANaren eta euskara tituluen fotokopia konpultsatuak.

c) Eskola egutegia: ikasturtea noiz hasi eta bukatuko den, eta irakastegunak eta asteko eskola ordutegia zein izanen diren.

d) Ikasleen urteko edo hiruhileroko ordainagiriaren edo izen-ematearen kopia edo fotokopiak.

e) Ikastetxe sortu berrietan, gainera, transferentzia bidez kobratzeko inprimakia ere aurkeztu beharko da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eman beharko duena.

5.2. Euskara Zerbitzura igorri beharreko agiriak, ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetan ageri diren inprimakien bidez, euskarri informatikoan aurkeztuko direnak, atal guztiak beteak (posta elektronikoa: heldueneusk@cfnavarra.es).

5.2.1. Euskaltegia (II. eranskina)._Atal honetan argibide hauek emanen dira:

a) Ikastetxeko datuak, izena, helbidea, herria eta IFZ.

b) Ikastetxeko arduradunaren datuak.

c) Urteko aurrekontua, honako kontusail hauek zehaztuta: langileria, Gizarte Segurantza eta funtzionamendua. Gainera, Hezkuntza Departamentuaren eta bestelako entitate publikoen dirulaguntzen jatorria adieraziko da, horrelakorik baldin bada. Euskaltegiak ikasle bakoitzari hilabetean, hiruhilekoan, lauhilekoan edo urtean kobratzen dizkion kuotak ere zehaztuko dira. Administrazio honek edo besteren batek emaniko laguntzek ez dute, inola ere, jardueraren kostua baino gehiago eginen.

d) Irakasleen zerrenda, honako kontu hauek zehaztuz:

_Izen-deiturak (NANeko grafia berarekin), jaioteguna, helbidea, telefonoa eta titulazioa.

_Bakoitzak astean ematen dituen klaseen ordutegi, ikastaro eta mailak.

e) Ikastetxeko zuzendariak edo arduradunak sinaturiko zinpeko adierazpena, aurkezten diren argibide eta agiriak egiazkoak direla dioena. Horretan, Hezkuntza Departamentuari baimena emanen zaio, behar diren neurriak har ditzan, egiaztatzeko adierazleak zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Seguratzarekikoak eginak dituela.

5.2.2. Ikasle taldeak (III. eranskina)._Atal hau ikasturteko hiruhileko guztietan gaurkotu beharko da, eta bertan ikasle taldeei buruzko datuak adieraziko dira.

a) Talde bakoitzaren datuak, identifikazio zenbakia, hasierako ikasketa maila edo urratsa, irakaslea eta honen titulua eta ikasle kopurua adieraziz.

b) Asteko eskola ordutegia eta ikastordu kopurua. Barnetegietan, ikastaldi bakoitzean zenbat irakastegun izanen den adierazi beharko da.

c) Ikastaroa hasi eta bukatzeko datak.

5.2.3. Ikasleak (IV. eranskina)._Atal hau ere ikasturteko hiruhileko guztietan gaurkotuko da eta bertan irakasleei buruz behar diren datuak bilduko dira.

_Ikasleen zerrenda, alfabetoaren araberako hurrenkeran eta NANaren grafiekin, helbidea, NANa, taldea eta maila.

5.2.4. Ezarririko aldi bakoitzerako aurrerakinak erregularizatzeko, 6.1 arauan aipatzen diren epeetan, euskaltegiak gastuak frogatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko ditu, aurreko ordainketan finantzaturiko kopurua adinakoak gutxienez.

Seigarren araua._Aurkezteko epeak eta ebazpena.

6.1. Dirulaguntzen eskabidea, aurreko arauan eskatzen diren agiriekin edo, bidezko bada, haien gaurkotzearekin batera, epe hauetan aurkeztuko da:

_Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean, 2006-2007 ikasturteko bigarren hiruhilekoari dagozkion dirulaguntzetarako.

_Maiatzaren 4a baino lehenago, 2006-2007 ikasturteko hirugarren hiruhilekoari dagozkion dirulaguntzetarako.

_Irailaren 18a baino lehen, 2007ko udaldiari dagozkion dirulaguntzetarako.

_Urriaren 31 baino lehenago, 2007-2008 ikasturteko lehen hiruhilekoari dagozkion dirulaguntzetarako.

6.2. Osorik aurkezten diren dokumentazioak gehienez ere zazpi egun naturaleko epean zuzendu beharko dira.

Ezarritako epeetatik kanpo ez da eskabiderik onartuko.

6.3. Euskara Zerbitzuko zuzendariak, laguntzen deialdiaz arduratzen den teknikariak eta Helduei Euskara Irakasteko eta Ziurtagiriak Emateko Bulegoko buruak batzorde bat osatuko dute, eskabideak ebaluatzen arduratuko dena.

6.4. Zerbitzuko zuzendariak instruituko du prozedura. Hark, batzordearen ebaluazioa ikusirik, ebazpena proposatuko du.

6.5. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hilabeteko epean ebatziko ditu Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, eskaera eta behar den dokumentazioa aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Zazpigarren araua._Baldintzen aldaketak.

Talderen baten ezaugarrietan aldaketaren bat gertatzen bada (dela taldea desagertu delako, dela irakaslez aldatu delako...), 15 eguneko epean, edo betiere hurrengo hiruhilekoari dagozkion agiriak aurkeztean, jakinarazi beharko zaio Euskara Zerbitzuari. Hala eginen ez balitz, dirulaguntza kenduko litzateke.

Zortzigarren araua._Hainbanatzea.

Dirulaguntzak ordainduko dira harik eta Aurrekontuen Legeak horretarako ezartzen duen aurrekontu-saila bukatu arte. Moduluak aplikatuta 2007-2008 ikasturteko lehen hiruhilekoari dagozkion dirulaguntzak ordaintzeko nahikoa dirurik ez bada, dagoena dirulaguntzaren xede diren eskola-orduen artean hainbanatuko da. Era berean, 2007-2008 ikasturteko lehen hiruhilekoari dagozkion laguntzak ordaindu ondoren erabili gabeko dirua gelditzen bada, soberakin hori onuradunen artean hainbanatuko da.

Bederatzigarren araua._Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

9.1. Horrez gainera, ikastegiak ikaslearen ebaluazio erregistroaren fitxa izanen du eta horretan idatziko dira etengabeko ebaluazioaren edo eskola bertaratzearen datuak.

9.2. Ikasleak eten gabe ebaluatuko dira eta ikastaroa hastean eta bukatzean azterketak eginen dira.

9.3. Administrazioak noiznahi eska ditzake fitxa horiek eta kontabilitateko agiriak, pedagogiakoak edo bestelakoak.

Hamargarren araua._Ez-betetzeak eta arau-hausteak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, bai eta dirulaguntzak pagatzeari ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean adierazitakoari jarraituko zaio.

Hamaikagarren araua._Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, eta bere arauen eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu edo aurkatu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hamabigarren araua._Dirulaguntzen argitalpena.

Ematen diren laguntzak eta onuradun eta baztertuen zerrendan Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren http:// www.pnte.cfnavarra.es/ webgunean argitaratuko dira.

II. ERANSKINA

Gau-eskolek eta euskaltegiek bete beharreko fitxa, 2006-2007

III. ERANSKINA

IV. ERANSKINA

Euskaltegia/Gau-eskola: ............................. Arduraduna: ..................................... Telefonoa: 2006-2007 ikasturtea.

Taldearen zenbakia: .................... Hiruhilekoa: .............. urratsa edo maila: ................ Irakaslea: ............................

Ikasleak

LEHEN DEITURA BIGARREN DEITURA IZENA HELBIDEA P.K. HERRIA NANa

Eguna

Iragarkiaren kodea: F0702330