26. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

36/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak babesteko eta sustatzeko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duena.

Europar Kontseiluak, Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsaren (FEADER) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzko 1698/2005 Erregelamenduaren bidez, nekazaritzako ingurumenerako funts horrekin batera finantzatzen diren Europar Batasuneko laguntzen araubidea ezarri zuen.

2007-2013 urteetarako prestatu den Nafarroako Landa Garapenerako Programaren (LGP) proposamenak, nekazaritzako ingurumenaren arloko neurrien artean, galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak babestu eta sustatzeko neurriak sartu ditu.

Bestalde, neurri horrek Nafarroako Nekazaritzarako Plan Estrategikoaren jarraibideak biltzen ditu, bereziki ondoko helburu estrategikoei dagokienez: 1-1 "Ustiategien egokitzapena eta birmoldaketa sustatzea" eta 3-1 "Sektorearen ingurumenaren iraunkortasuna hobetzea".

Laguntza hori Nafarroako Foru Komunitatean modu antolatuan aplikatu ahal izateko, hura eman, kudeatu eta kontrolatzeko arauak eman behar dira.

Urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuaren bidez, Nekazaritzako Bermerako Europako Funtsa-FEAGA eta Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsa-FEADERek finantzaturiko gastuak ordaintzen dituen erakundea baimendu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Haren azken xedapenetako bigarrenak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari esku ematen dio, bere eskumenen barruan, foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan, bereziki nekazaritzarako Europar Batasuneko funtsen bidez osorik edo hein batean finantzaturiko dirulaguntzei buruzko arauak eman ditzan.

Nekazaritza Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, otsailaren 7an emandako 30/2007 Foru Aginduaren bidez, FEADERek kofinantzatzen dituen landa garapenerako laguntzak kudeatzeko prozedura ezarri zuen.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak babesteko eta sustatzeko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea da, Nafarroako Landa Garapeneko 2007-2013 urteetarako Programaren arabera.

2. Nafarroako Foru Komunitatean honako hauek dira galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak:

a) "Nafarroako zaldikoa" zaldi azienda.

b) "Auritz" arrazako zaldi azienda.

c) "Betizu" arrazako behi azienda.

d) "Nafar Kasta" arrazako behi azienda.

e) "Sasi Ardia" arrazako ardi azienda.

2. artikulua. Laguntzak jasotzeko baldintzak.

1. Galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak babesteko eta sustatzeko laguntzak honako baldintza hauek betetzen dituztenei bakarrik emanen zaizkie:

a) Nafarroan kokaturik eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik dagoen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

b) 1. artikuluaren 2. atalean aipatutako galtzeko zorian dauden arrazetakoren bateko edo batzuetako ugalketarako emeak izatea.

c) Abereen ongizatearen arloko arauak eta haien osasunari buruzko araudiak ezartzen dituen osasun eskakizunak betetzea.

d) Bazka hektarea bakoitzeko, azienda larriko bi unitate baino abere kopuru gehiago ez izatea.

e) Nekazaritzako ingurumenaren arloko laguntzen araubidetik baztertua ez izatea.

2. Betebehar hauek araubideari atxikitzeko eskabidea aurkezteko epea bukatzean bete behar dira eta konpromisoaldian eutsi behar zaie.

3. artikulua. Onuradunen konpromiso eta eginbeharrak.

1. Araubidearen onuradunen konpromiso eta eginbeharrak hauexek dira:

a) Galtzeko zorian dauden arraza autoktonoetakoren bateko, gutxienez, abereen zentsuari atxiki eta, ahal izanez gero, handitzea. Ez da ez-betetzerik izanen baldin eta, konpromisoak diraueino, hasierako kontratuan ezarririko unitateen %20ko edo hortik beheitiko desbideratze negatiboak badaude.

b) Arraza zein den, haren liburu genealogikoa eramanen duen elkarterik edo erakunderik sortzekotan, abelburuak liburu horretan inskribatzea eta, hobekuntza genetikorako plana prestatzekotan, hartan parte hartzea.

c) Eman eta hartutako dirulaguntzak eta konpromisoak direla eta, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten dituen egiaztapen ekintzak oro onartzea. Horretarako, baimena eman beharko zaie ikuskatzaileei eta ziurtatu eta kontrolatzeko agintariei lurzatietan eta abeltegiei loturiko instalazioetan askatasun osoz sartzeko.

d) Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

e) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari idatziz jakinaraztea dirulaguntza hartzen duten abereetan gertatzen diren bajak, horiek izan eta hamar eguneko epean gehienez ere. Jakinarazpen horren ordez, liburu genealogikoa kudeatzen duen abeltzainen elkarteak jakinarazpen telematikoa egiten ahal du.

f) Abeltegi osoan 1782/2003 EE Erregelamenduan, 2352/2004 Errege Dekretuan eta kanpaina bakoitzerako baldintzei buruzko foru aginduetan ezarririko baldintzak betetzea.

2. Onuradunak bost urterako, gutxienez, hartu beharko ditu konpromiso horiek bere gain eta 2007-2013 urteetarako LGPa bukatu arte luzatzen ahalko du.

4. artikulua. Laguntzen eta lehen urteko kobrantzen eskabideen aurkezpena.

1. Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzen araubideari lotzeko, abeltegiaren titularrak eskabide bat aurkeztuko du laguntza araubideari datxekion lehen urtean, ondoko agiriak erantsirik:

a) Konpromisoa hartzearekin, albaitari baten ziurtagiria edo txostena, ustiategiak abereen ongizatearen arloko arauak betetzen dituela adieraziko duena.

b) Laguntzaren xede diren abereen zerrenda, identifikazio zenbakia, sexua eta adina aipaturik.

c) Azienda Hazleen Elkartearen txostena, laguntzaren xede diren abelburuen arraza garbitasunaren gainekoa.

2. Aurreko ataleko b) eta c) letretan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharrean, arraza horretako elkarte ofizialak bere liburu genealogikoan inskribatuak dituen abereen datu base eguneratua eta ziurtatua aurkezten ahalko du.

3. Araubideari lotzeko eskabidea eskabide bakarraren zati bat bailitzan aurkeztuko da, Batzordearen 796/2004 EE Erregelamenduan ezarririko moduan. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak foru agindu bat emanen du kanpaina bakoitzeko eskabidea aurkezteko modua, epea eta bestelako zehaztapenak ezartzeko.

5. artikulua. Urteko laguntzaren zenbatekoa hasiera batez zehaztea.

1. Laguntza urtean 140 euroko prima izanen da azienda larriko unitate bakoitzeko (UGM), Nafarroako zaldikoaren kasuan izan ezik, UGM bakoitzeko laguntza 180 eurokoa izanen baita.

2. UGMak kalkulatzeko, espezieen arteko baliokidetzak aplikatuko dira, 1974/2006 Erregelamenduaren 27. artikuluan zehaztu eta erregelamendu horren V. eranskinean ezarrikoari jarraikiz.

6. artikulua. Aruabideari lotu eta hurrengo urteeetako kobrantzen eskabidea.

1. Abeltegiaren titularrak urtero eskatu beharko du laguntza pagatu diezaiotela, eskabide bakarrean, Batzordearen 796/2004 Erregelamenduan ezarririko moduan.

2. Laguntza kalkulatzeko, urte bakoitzean benetan baliodundu dena kontuan hartuko da eta ezinezkoa izanen da lehenbiziko urtean onesten den diru-muga gainditzea.

7. artikulua. Laguntza emateko lehentasun irizpideak.

1. Eskaturiko laguntzen zenbatekoak aurrekontuetako mugak gainditzen baditu, onuradunak hautatzeko, lehentasun irizpideei jarraituko zaie. Hauxe izanen da lehentasunen hurrenkera:

a) Instalaturik dauden eta ogibide nagusia nekazaritza duten gazteak.

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasuna duten ustiategietako titularrak.

c) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan ogibide nagusia nekazaritza dutenak.

2. Pertsona juridikoen kasuan, aurreko atalean ezarritako baldintzak beteko dira baldin eta kideen erdiek, bederen, betetzen badituzte.

3. Berdinketa izanez gero, gazteenek lehentasuna izanen dute.

8. artikulua. Konpromisoak eskualdatzea.

1. Konpromisoak iraun bitartean, onuradun batek konpromiso horren eskualdaketa, osoa edo partziala, egiten ahalko du, baldin eta konpromisopeko abereak eskualdatzen baditu eta haiek jasotzen dituenak ezarri den epea bukatu arte konpromisoarekin jarraitzeari lotzen bazaio. Titular berriak foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu konpromisoa eskualdatzen deneko kanpainako eskabide bakarra aurkezteko epea bukatzean.

2. Konpromisoa bere gain hartu ezik, onuradunak kobraturiko dirua itzuli beharko du.

9. artikulua. Salbuespenezko gorabeherak eta ezinbesteko arrazoiak, konpromisoa betetzearen inguruan.

1. Ezinbesteko arrazoiengatik edo ondoko gorabehera hauetariko bat gertatzeagatik ez-betetze bat gertatuta ere, ez da konpromisoa bete den denborako diruaren itzulpenik eskatuko:

a) Nekazaritza jardueratik gelditzea konpromisoak hartu eta hiru urte baino gehiago iragan badira.

b) Baldintzak aldatzea eta aldaketa horiek murriztapen zorrotzagoak ezartzea. Kasu horretan, laguntzak egoera berrira egokituko dira. Laguntzen onuradunak egokitzapen hori onartu ezik, konpromisoaldia bukatutzat emanen da eta konpromisoaldi bukatu horregatik ez da dirurik eskatuko.

c) Onuradunaren heriotza.

d) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea, organo eskudunak deklaratua.

e) Abeltegiaren zati garrantzitsu bat desjabetzea edo abeltegia lurzati berrantolamenduetan edo lurraldea antolatzeko edozein esku-hartze poblikotan sartzea, baldin eta gorabeherak ezin aurreikusi baziren konpromisoak hartu zirenean eta konpromisoak egoera berrira ezin egokitu badira.

f) Berrogeialdia eskatzen duten eritasun edo izurriteak hartzea, horiek desagertarazi edo menean hartzeko nahitaezko neurriak hartu beharra dakartenak (betiere Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren ikuskatzailetzaren pean).

2. Onuradunak gorabehera berezi edo ezinbesteko horien berri eman beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, idatziz.

10. artikulua. Gorabeherak jakinaraztea.

Eskatzaileak beharturik daude idatziz jakinaraztera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari beren ustiategian gertatzen diren gorabeherak, hauen berri izan bezain laster, gorabehera horiek laguntzak eskuratzeko baldintzak ez betetzea badakarte.

11. artikulua. Bateraezintasunak.

Laguntza honen bateraezintasunak, oro har, Landa Garapenari FEADERen eta hura garatzen duen araubidearen bidez laguntzeari buruzko Batzordearen 1698/2005 (EB) Erregelamendutik sortzen direnak dira.

12. artikulua. Murrizketak, bazterketak eta baldintzak bete beharra.

1. 2. artikuluan aipatzen den edozein baldintza bete ezik, laguntzak ukatuko dira.

2. Abereei buruzko neurriak bete ezean, murriztapenak eta bazterketak aplikatuko dira, landa garapenari laguntzeko neurriei kontrolaren eta baldintzen prozedurak aplikatzeari buruz Batzordeak abenduaren 7an emandako 1975/2006 Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. 3. artikuluko a), b) eta c) letretako edozein konpromiso bete ezik, araubidetik baztertu eta kobraturiko dirua itzuli beharko da.

4. 3. artikuluko d) eta e) letretako konpromisoetako edozein bete ezik, kasuan kasuko kanpainiaren urtean ez da deus kobratuko. Konpromisoaldian bi urtez, elkarren segidan edo ez, bete ezik, titularra laguntza araubide honetatik baztertu eta harturiko dirua itzuli beharko du.

5. Baldintzak bete ezik, murrizketak eta bazterketak aplikatuko dira, Batzordearen 1975/2006 Erregelamenduko 22. eta hurrengo artikuluetan xedaturikoarekin bat.

Lehendabiziko xedapen gehigarria._Arau osagarriak.

Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala eginen da.

Bigarren xedapen gehigarria._Aplikatzeko baldintza.

Foru agindu honetan xedaturikoa aplikatu ahal izateko, Europar Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programako nekazaritzako ingurumenaren arloko neurriak onetsi beharko ditu. Europar Batzordearen eskakizunak aintzakotzat hartzeko neurri horietan egin beharreko edozein aldaketak, foru agindu honetako laguntzei buruzko arauen egokitzapena ekarriko du.

Hirugarren xedapen gehigarria._Nafarroako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala onesteko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2003ko maiatzaren 26an emandako Foru Aginduaren aldaketa.

Nafarroako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala onesteko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2003ko maiatzaren 26an emandako Foru Aginduaren 2. artikulua aldatu egiten da: galtzeko zorian dauden arraza autoktonoetan Sasi Ardia ere sartu da.

Xedapen iragankor bakarra._2000-2006 urteetako LGParen arabera galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak babesteko eta sustatzeko laguntzen onuradunak.

Landa Garapenerako 2000-2006 urteetarako Planaren arabera, galtzeko zorian dauden arraza autoktokoak babesteko eta sustatzeko konpromisoa hartu duten onuradunek berritzen ahalko dute, gutxienez ere beste bost urtez eta gehienez ere zazpi urtez, foru agindu honetako baldintzetara egokituz gero.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarrik gabe uzten du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2000ko irailaren 11n emandako Foru Agindua. Haren bitartez, galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak babesteko eta sustatzeko laguntzak arautu ziren. Halaber, foru agindu honi kontra egiten dioten gainerako guztiak ere indargabetu egiten dira.

Azken xedapen bakarra._Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2007ko urtarrilaren lehenaz aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2007ko otsailaren 12an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0702677