26. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

35/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, abeltzaintza ekologikorako laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duena.

Europar Kontseiluak, Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsaren (FEADER) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzko irailaren 20ko 1698/2005 Erregelamenduaren bidez, nekazaritzako ingurumenerako funts horrekin batera finantzatzen diren Europar Batasuneko laguntzen araubidea ezarri zuen.

Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programaren proposamenean, nekazaritzako ingurumen arloko neurrien artean, abeltzaintza ekologikoa aipatzen da.

Bestaldetik, neurri horrek Nafarroako Nekazaritzarako Plan Estrategikoaren jarraibideak biltzen ditu, bereziki "abeltegien egokitzapena eta birmoldaketa sustatzea" 1-1 eta "Sektorearen ingurumenaren iraunkortasuna hobetzea" 3-1 helburu estrategikoei dagokiena.

Laguntza hori Nafarroako Foru Komunitatean modu antolatuan banatu ahal izateko, hura eman, kudeatu eta kontrolatzeko arauak eman behar dira.

Urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuan, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (FEAGA) eta Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsaren (FEADER) bidez finantzatzen diren gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea onetsi eta horren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Dekretuko azken xedapenetako bigarrenak baimena eman zion Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, otsailaren 8ko 30/2007 Foru Aginduaren bidez, FEADERekin batera landa garapenerako finantzaturiko laguntzak tramitatzeko prozedura ezarri zuen.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea abeltzaintza ekologikoa sustatzeko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea da, Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programaren arabera.

2._Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzak Nafarroako Foru Komunitateko abeltegiei emanen zaizkie, espezie hauen abeltzaintza ekologikoan ari badira:

a) Behi azienda, zezenketakoa izan ezik.

b) Ardi azienda.

c) Ahuntz azienda.

d) Behor azienda.

2. artikulua. Laguntzak hartzeko betebeharrak.

1._Abeltzaintza ekologikorako laguntzak bakarrik betebehar hauek betetzen dituztenei emanen zaizkie:

a) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturiko abeltegi baten titularra izatea, Nafarroako Nekazaritza abeltegien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

b) Nekazaritzaren Ekoizpen Ekologikoaren Nafarroako Kontseiluan inskribaturik egotea eta haren lizentzia edukitzea.

c) Nekazaritzako ingurumenaren arloko laguntzetatik baztertua ez izatea.

2._Betebehar hauek betetzen dituzten eremu eta abeltegiak bakarrik izan daitezke dirulaguntzen xede:

a) Bazkatokiak, haietan zaindu, mantendu edo hobetzeko ekintzarik egiten bada eta horien gainean zuzenketa organiko, kareharrizko edo magnesikorik egiterik bada.

b) Jarduteko eremua gutxienez ere 5 hektareakoa izatea.

c) Urteko abere karga 1,4 abelburu larritik 0,4 abelburu larrira bitarte edukitzea hektareako.

2._Betebehar hauek araubideari atxikitzeko eskabidea aurkezteko epea bukatzean bete behar dira eta konpromisoaldian eutsi behar zaie.

3. artikulua. Onuradunen konpromiso eta eginbeharrak.

Araubidearen onuradunen konpromiso eta eginbeharrak hauexek dira:

a) Gutxienez eremu hori lehenbiziko urtean mantentzea edo hitzartua konpromisoaldi osoan mantentzea eta eremu horrek nekazaritzaren ekoizpen ekologikoa arautzen duen 2092/1991 EEE Erregelamenduak landare ekoizpen ekologikorako ezarri baldintzak betetzea. Atxiki ondorengo urteetan, laguntzak kobratzen segitu ahal izateko, ulertuko da konpromisoa bete dela betebeharrak betetzen dituen eremua gutxienez ere hitzarturiko eremuaren %80 baldin bada.

b) Abeltzaintzaren ekoizpen ekologikoari buruzko abuztuaren 24ko (EE) 1804/1999 Erregelamenduak ezarritako arauak betetzea.

c) Abeltegiko koadernoa eguneraturik edukitzea, non lurzati bakoitzean egindako laborantza-lan guztiak adieraziko baitira, baita lurzatietan egiten diren abeltzaintzako aprobetxamenduak ere.

d) Tratamendu liburua eta abeltegiaren identifikazio liburua bete eta eguneratuta izatea.

e) Eman eta hartutako dirulaguntzak direla eta, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten dituen egiaztapenak oro onartzea. Horretarako, baimena eman beharko zaie ikuskatzaileei eta ziurtatu eta kontrolatzeko agintariei lurzatietan eta abeltegiei loturiko instalazioetan askatasun osoz sartzeko.

f) Kontrol erakundearen ziurtagiria izatea, behar izanez gero, aurreko boladan konpromiso guztiak behar bezala bete izana frogatzen duena.

g) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak agintzen dizkion prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Horri dagokionez, ulertuko da konpromisoa bete dela onuradunaren ordez haren ordezkoa joanen balitz. Hala ere, horrek konpromisoaren xede diren lurzatietan laborantza ekintzak egin eta kontrolatzeko erantzukizuna eduki beharko du.

h) Ekoizpen ekologikoa merkatura ateratzea.

i) Nahitaez egin beharreko analisiak pasatzea.

j) Lur horietan aprobetxamendu estentsiboa egiten segitzea, aprobetxamenduaren egutegiari jarraituz.

k) Herrilurretako aprobetxamenduak barne, azienda hazteko larre edo laboreetako azalera erabilgarritik, gutxienez %75arekin segitzeko konpromisoa hartzea.

l) Larreak behar bezala erabiltzeko behar diren elementuak kontserbatu eta zaintzea.

m) Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

ñ) Abeltegi osoan 1782/2003 EE Erregelamenduan, 2352/2004 Errege Dekretuan eta kanpaina bakoitzerako baldintzei buruzko foru aginduetan ezarririko baldintzak betetzea. Gainera, Batzordeak abenduaren 7an eman 1975/2006 Erregelamenduko 19. artikuluan xedaturikoarekin bat, baldintzatzat joko dira ongarriak eta nekazaritza ekologikorako ezarririko produktu fitosanitarioak erabiltzeko murrizketak, eta Espainiako eta Nafarroako legeetan ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko ezarririko gutxieneko betebeharrak.

4. artikulua. Laguntzen eta lehen urteko kobrantzen eskabideen aurkezpena.

1._Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzen araubideari lotzeko, abeltegiaren titularrak eskabide bat aurkeztuko du laguntza araubidea datxekion lehen urtean.

2._Araubideari lotzeko eskabidea eskabide bakar bat bailitzan aurkeztuko da, Batzordearen 796/2004 EE Erregelamenduan ezarririko moduan. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak foru agindu bat emanen du kanpaina bakoitzeko eskabidea aurkezteko modua, epea eta bestelako zehaztapenak ezartzeko.

3._Eskatzaileak eskabidearekin batera hartzen duen konpromisoak gutxienez bost urte iraunen du eta Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Plana bukatu arte luzatzen ahalko da.

4._Laguntza araubideari datxekion lehen urtean aurkezturiko eskabidean, eskabideak adieraziko du zer luzati edo NELIGStan beteko dituen bere konpromiso eta betebeharrak.

5. artikulua. Laguntzen zenbatekoa hasiera batez zehaztea.

Abeltzaintza ekologikorako laguntzak eskatzen dituzten abeltegien titularrek, foru agindu honen bidez arautzen diren betebehar eta konpromisoak betetzen badituzte, 200 euroko laguntza kobratuko dute urtero, hitzarturiko hektareako. Abere karga abelburu larri bat baino gutxiagokoa baldin bada hektareako, 200 euroko zenbatekoa egiazko abere kargarekin biderkatuko da.

6. artikulua. Aruabideari lotu eta hurrengo urteeetako kobrantzen eskabidea.

1._Abeltegiaren titularrak urtero eskatu beharko du laguntza pagatu diezaiotela, eskabide bakarrean, Batzordearen 796/2004 Erregelamenduan ezarririko moduan.

2._Urtero kobratzeko eskabideari dagokionez, bai lehen urtean, bai hurrengoetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, foru agindu baten bidez, foru agindu honetan xedaturikoa osatuko duten kontuak zehaztuko ditu.

3._Abeltegia osorik edo hein batean eskualdatuz gero, transmititzeko agiriaren kopia aurkeztuko da, non gutxienez datu hauek agertuko baitira: lagatzailearen eta lagapen-hartzailaren izen-deiturak eta NANa edo IFZ, transmititzen diren lurzatien zerrenda eta konpromisoaldiak diraueino lagapen-hartzaileak hitzartuko dituen eremuak.

7. artikulua. Araubideari atxiki eta hurrengo urteetako laguntzaren zenbatekoa.

1._Laguntza eman ondorengo urteetan, haren zenbatekoak jarduera burutzeko kanpainan adierazten diren hektareen arabera kalkulatuko dira, hitzarturiko eremua eta 5. artikuluan ematen den laguntzaren zenbatekoa izanen direlarik muga.

2._Eskaturiko eremua hitzartua baino zabalagoa baldin bada, eskaturiko eremuak hitzarturiko eremuaren mugaraino doituko dira.

Horrela doituriko eremuak, laguntzak, murrizketak eta bazterketak kalkulatzeko, eskaturiko eremutzat joko dira.

3._Ez da laguntzarik pagatuko dagokion zenbatekoa 50 eurotik beherakoa denean.

8. artikulua. Laguntza emateko lehentasun irizpideak.

1._Eskaturiko laguntzen zenbatekoak aurrekontuetako mugak gainditzen baditu, onuradunak hautatzeko, lehentasun irizpide batzuei jarraituko zaie. Hauxe izanen da lehentasun hurrenkera:

_Ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gazteak.

_Lehentasunezko abeltegien titularrak.

_Ogibide nagusia nekazaritza dutenak.

2._Sozietateen kasuan, ulertuko da betebeharrak betetzen dituztela bazkideen erdiek gutxienez betetzen dituztenean.

3._Berdinketarik gertatuz gero, gazteenak lehenetsiko dira.

9. artikulua. Konpromisoak eskualdatzea.

1._Konpromisoaldian, onuradunak bere konpromisoa eskualdatzen ahalko du, osorik edo hein batean. Titular berriak konpromisoa falta den denborarako hartu beharko du bere gain eta foru agindu honetako 2. artikuluan ezarririko betebeharrak bete beharko ditu, konpromisoa eskualdatzen deneko kanpainako eskabide bakarra aurkezteko epea bukatzean.

2._Titular berriak konpromisoa bere gain hartu ezik, onuradunak kobraturiko dirua itzuli beharko du.

10. artikulua. Salbuespenezko gorabeherak eta nahitaezko zergatikoak, konpromisoa betetzeko.

1._Konpromiso bukatuagatik ez da dirurik eskatuko, ezinbesteko arrazoiengatik edo gorabehera hauetariko bat gertatzean bete ezik:

a) Nekazaritza uztea erretiroa hartzeagatik, konpromisoak hartu zirenetik hiru urte edo gehiago iragan badira eta ordezkoak konpromiso horiek bere gain ezin hartu baditu.

b) Baldintzak aldatzea eta aldaketa horiek murrizketa zorrotzagoak ezartzea. Kasu horretan, laguntzak egoera berrira egokituko dira. Laguntzen onuradunak egokitzapen hori onartu ezik, konpromisoaldia bukatutzat emanen da eta konpromisoaldi bukatu horregatik ez da dirurik eskatuko.

c) Onuraduna hiltzea.

d) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.

e) Abeltegiaren zati garrantsitsu bat desjabetzea edo abeltegia lurzati berrantolamenduetan, herrilurren banaketa berrietan edo lurraldea antolatzeko edozein esku-hartze publikotan sartzea, baldin eta gorabeherak ezin aurreikusi baziren konpromisoak hartu zirenean eta konpromisoak egoera berrira ezin egokitu badira.

f) Eritasun edo izurriteak hartzea, horiek desagerrarazi edo menean hartzeko neurriak hartu beharra dakartenak, betiere Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak gainbegiraturik.

2._Onuradunak salbuespenezko edo nahitaezko gorabeherak idatziz jakinarazi beharko dizkio Abeltzaintza, Nekazaritza eta Elikadura Departamentuari, gehienez ere hamar egun balioduneko epean, hala egiten ahal duenetik aurrera.

11. artikulua. Gorabeheren jakinarazpena.

Onuradunak beharturik daude idatziz jakinaraztera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari beren abeltegian gertatzen diren gorabeherak, hauen berri izan bezain laster, gorabehera horiek baldintzak eta konpromisoak ez betetzea badakarte.

12. artikulua. Laguntzen bateraezintasuna.

Helburu eta izaeragatik izan daitezkeen bateraezintasunak ukatu gabe, laguntza hauek bateraezinak dira ekoizpena sustatzeko eta belardi eta larreetako nekazaritza ekologikorako ematen diren nekazaritzako ingurumen arloko laguntzekin.

13. artikulua. Murrizketak, bazterketak eta baldintzak bete beharra.

1._2. artikuluan aipatzen den edozein betebehar bete ezik, laguntzak ukatuko dira.

2._Eremuari buruzko neurriak bete ezik, Batzordeak landa garapenerako laguntzak eta horien baldintzak kontrolatzeko prozedurak gauzatzeko abenduaren 7an eman 1975/2006 Erregelamenduko 16. artikuluan xedaturikoaren arabera murrizketak eta bazterketak sortuko dira.

3._3. artikuluko a) eta b) letretako edozein konpromiso bete ezik, araubidetik baztertu eta kobraturiko dirua itzuli beharko da.

4._3. artikuluko beste konpromisoak bete ezik, kasuan kasuko kanpainaren urtean ez da deus kobratuko. Konpromisoaldian bi urtez, elkarren segidan edo ez, bete ezik, titularra laguntza araubide honetatik baztertu eta harturiko dirua itzuli beharko du.

5._Baldintzak bete ezik, murrizketak eta bazterketak aplikatuko dira, Batzordearen 1975/2006 Erregelamenduko 22. eta hurrengo artikuluetan xedaturikoarekin bat.

Lehenengo xedapen gehigarria. Arau osagarriak.

Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala eginen da.

Bigarren xedapen gehigarria. Aplikatzeko baldintza.

Foru agindu honetan xedaturikoa aplikatu ahal izateko, Europar Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programako nekazaritzako ingurumenaren arloko neurriak onetsi beharko ditu. Europar Batasunaren eskakizunak aintzakotzat hartzeko neurri horietan egin beharreko edozein aldaketa, foru agindu honetako laguntzei buruzko arauak egokitu beharko dira.

Xedapen iragankor bakarra. Landa Garapenerako 2000-2006 urteetarako Planaren arabera, abeltzaintza ekologikoa sustatzeko laguntzen onuradunak.

Landa Garapenerako 2000-2006 urteetarako Planaren arabera, abeltzaintza ekologikoarekiko konpromisoaren onuradunek berritzen ahalko dute, gutxienez ere beste bost urtez eta gehienez ere zazpi urtez, foru agindu honetako baldintzetarako egokituz gero.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Foru agindu honen bidez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2002ko azaroaren 11n eman Foru Agindua eta honi aurka egiten dioten guztiak indargabetzen dira. Foru agindu haren bidez nekazaritzako ingurumen arloko laguntzak eman ziren abeltzaintza ekologikorako.

Azken xedapen bakarra. Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko otsailaren 12an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0702674