26. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

35/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana. Haren bidez onesten da etorkinen integrazioaren esparruan ari diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako 2007ko dirulaguntzen deialdia.

Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeak, bere jarduketa esparruen barruan, baztertuak egoteagatik gizarteratu behar diren pertsonak eta taldeak aipatzen ditu, helburu hori lortzeko berariazko jarduketak bultzatu daitezela agintzen baitu.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien arauak ezarri eta argitaratu beharko ditu. Horrela eskuratzen ahalko dituzte laguntza horiek bai jarduerak egiten dituztenek eta bai deialdiaren xede den egoeran daudenek.

Deialdi honen xedea etorkinen integrazioaren esparruan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen arauak ezartzea da.

Deialdi honek bide ematen die entitate interesatu guztiei berdintasunez parte har dezaten eta era berean bermatzen du dirulaguntza irizpide objektiboei jarraituz emanen dela. Dirulaguntzak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren orotariko esparruan ezartzen dituen jarraibideekin bat lehenetsiko dira, Nafarroako Parlamentuak 1999ko otsailean onetsi zuen Gizarte Bazterketaren aurkako Planaren edukiari eta 2002ko urrian onetsitako Etorkinak Gizarteratzeko Planari jarraikiz .

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek dirulaguntza hauen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2007. urteko dirulaguntzen deialdia onestea, irabazi asmorik gabeko entitateek etorkinen gizataldeak gizarteratzeko proiektuak egin ditzaten, foru agindu honen I. eranskineko arauekin bat.

2. 400.000 euroko gastua baimentzea, "Etorkinak gizarteratzeko laguntza programa" izeneko 924002 93320 4819 231605 kontusailaren kargura, 2007ko gastuen aurrekontuan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gizartean Txertatzeko Atalari eta Ekonomia eta Administrazio Atalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 7an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Oinarri arauemaileak

1._Xedea.

Deialdi honen xedea da etorkinak gizarteratzeko arloan ari diren irabazi asmorik gabeko entitateei 2007an dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

Dirulaguntza hauen bidez, aipatu erakundeek etorkinen gizarteratzearen esparruan proiektuak eta jarduketak garatzeko dituzten langileen, funtzionamenduaren eta jardueren gastuak finantzatuko dira,

2._Jarduketa-esparrua eta helburua.

Dirulaguntzen xede diren proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean eginen dira eta etorkinak gizarteratzea izanen dute helburu.

Beren estatutuen arabera nagusiki kulturan eta aisian diharduten entitateak dirulaguntzen deialdi honetatik kanpo daude.

Halaber, berariaz beste deialdi batzuen bidez finantzatzen diren proiektuak eta jarduketak eta beste administrazio publiko batzuek garatzen dituztenak ere deialdi honetatik kanpo daude.

3._Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Beren estatutuen arabera, lehen arauan aipatzen den jarduketa eremuan parte hartzen ahal duten entitateak izan daitezke dirulaguntza hauen onuradun.

Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroan inskribaturik egotea.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Helbide soziala edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.

d) Zerga guztiak, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak kitatuak izatea.

e) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

4._Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak deialdian aipatzen den esparruan ezarri dituen helburuekin bat etortzea, arau hauetako II. eranskinean xedaturikoaren arabera.

5._Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesatuek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredua Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bulego nagusietan (González Tablas kalean, zk.g.) eta erakunde beraren www. navarra.es/inbs webgunean eskuratzen ahalko da.

20 egun balioduneko epea izanen da eskabideak, entitate interesatuaren legezko ordezkariak izenpetuak, aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabideak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko erregistroan (González Tablas, zk.g., 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetean aurkezten diren eskaerak kartazal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesatuak, egun berean, fax baten bidez, jakinarazi beharko dio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari eskaera igorri duela.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak horretarako ereduaren arabera prestatuko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Helbidea Nafarroan daukala edo bestela ordezkaritza iraunkorra Foru Komunitatean daukala frogatzen duen agiria.

c) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatea Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroan inskribaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

e) Identifikazio fiskaleko txartela.

f) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga guztiak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

g) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

h) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo bestela notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo honek badauzkan datuak badira, a), b), c), d), e) eta h) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko.

Aurreko lerrokadan ezarritakoari begira, entitateek kreditatu behar duten antzinatasuna errespetatuko da, bakar-bakarrik, aurkezteko nortasun juridikoa baizik ez badute aldatzen, betiere hori frogatzen bada entitatearen estatutuetan.

Entitate interesatuak interesagarritzat jotzen dituen agiriekin osatzen ahalko du eskabidea, horretarako prestaturiko eredu normalizatuan ezarririkoarekin bat aurkeztua.

5.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Organo instruktoreak, eskaerak betebeharrak bete ezik edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 42. artikuluan xedatu bezala.

6._Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta izapidatzeko eginkizunak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gizartean Txertatzeko Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Organo instruktoreak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, arau hauetan ezarririko irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak du.

7._Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

Dirulaguntza eskabideak honako modalitate hauetan banatuko dira baloratzeko:

A._Egoera ahulean dauden etorkinei aldi baterako ostatua emateko proiektuen eskaerak. Horietarako, 50.000 euro erabiliko dira, "Etorkinak gizarteratzeko laguntza programa" deritzon 924002 93320 4819 231605 kontusailetik.

B._Lehen Harrerako proiektuen eskaerak (harrera zentroaren argibide eta aholkuak, egoera juridikoaz eta administratiboaz barne). Horietarako 187.000,10 euro erabiliko dira aurrekontuetako "Etorkinak gizarteratzeko laguntza programa" deritzon 924002 93320 4819 231605 kontusailetik.

C._Tratu berdintasuna, sentsibilizazioa, partaidetza, kulturen arteko bitartekotza eta aurreko ataletan xedatzen ez diren jarduketak biltzen dituzten proiektuetarako eskaerak. Haietarako, 163.000 euro erabiliko dira, aurrekontuetako "Etorkinak gizarteratzeko laguntza programa" deritzon 924002 93320 4819 231605 kontusailetik.

Modalitateren batean kreditua agortu ezik, sobratzen den dirua, ondoko atalen artean banatuko da, hurrenez hurren, kreditua agortu arte:

C, A, B

7.1. Balorazioa honako irizpide hauen arabera eginen da:

a) Entitatearen barne-koherentzia (20 puntu).

Entitateak gizarteratzearen arloan eginiko jarduera nagusiaren izaera eta egokitasuna.

Dirulaguntzaren xede diren proiektuetan entitateak egin duen ibilbidea, gizarteratzearen esparruan duen aurreko esperientzia.

Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

Aretoak konpartitzea eta elkarteen batasuna izatea.

Proiektua entitatearen egiazko gaitasun tekniko eta ekonomikoarekin bat etortzea. Halaber, hasierako aurrekontua eta aurreko urteko azken balantzea elkarrekin bat etortzea ere baloratuko da.

b) Proiektuaren izaera (40 puntu).

Proiektuaren alderdi teknikoak (egokitasuna eta barne-batasuna ondokoetan: oinarriak, helburuak, jarduerak, lortu nahi diren emaitzak, langileak eta baliabideak, ebaluatzeko adierazleak, eta abar).

Halaber, aurkezpena, idazkera eta azalpenaren argitasuna ere baloratuko dira.

Esku-hartzearen originaltasuna eta alderdi berritzaileak, gauzatu nahi diren proiektuek behar ez den bikoizketarik ez ekartzea, eta beste entitate publiko nahiz pribatuek halakorik ez eskaintzea.

Entitateak proiektua aurrera eramateko beste entitate batzuekin eta gizarte baliabide publikoekin duen osagarritasuna eta koordinazioa: Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoekin, Osasun Etxeekin, Adimen Osasuneko Sarearekin, Espetxeko Gizarte Zerbitzuarekin eta abar.

Langile finkorik behar ez duten proiektuak lehenetsiko dira.

Programetako parte-hartzea. Hori baloratuko da proiektuen xede den populazio osoa kontuan hartuz.

c) Lehenagoko ekitaldian hasitako proiektuak edo jarduketak sustatzea, haien eragina frogatu bada eta, zuzendua dagoen kolektiboaren errentagarritasun soziala dela medio, haien iraupena interes publikoarengatik komeni bada (30 puntu).

Aurreko urteko antzeko proiektuaren edo proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko.

Halaber, aurten proposaturiko helburuak eta aurreko urtean lorturiko emaitzak eta aurreko urteko proiektuaren egiazko gastua eta aurtengo aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

d) Kofinantzaketa egotea, alegia, entitateak, bazkideek, parte-hartzaileek eta/edo beste entitate publiko eta pribatuek dirua ematea, eta egungo proiektuan ere halakorik izatea (5 puntu).

e) Entitatean boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila (5 puntu).

Dirulaguntza hartu ahal izateko, jarduketek gutxienez ere 60 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 25 puntu gutxienez "b" atalean.

Eskuarki, eskaturiko dirulaguntzaren xedeak langileak, funtzionamendua eta jarduerak badira, funtzionamendu gastuak gehienez ere %20koak izanen dira.

Organo instruktoreak noiznahi eskatzen ahalko dio entitate eskatzaileari aurkezturiko proiektua balorazioaren kasuan kasuko atalera egokitu dezan (7. araua). Eskabidea hobeki baloratzeko argibide guztiak ere eskatzen ahalko dizkio entitateari.

8._Dirulaguntzaren zenbatekoaren esleipena.

Dirulaguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuen arabera banatuko da. Eskaturiko zenbatekoaren arabera, ehunekoen tarteak ezarriko dira.

T A R T E A K PORTZENTAJEA

60 puntu baino gutxiago %0

60tik 64,99ra bitarte %75

65etik 69,99ra bitarte %80

70etik 74,99ra bitarte %85

75etik 79,99ra bitarte %90

80tik 84,99ra bitarte %95

85etik 100era bitarte %100

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Organo instruktoreak txosten-proposamenaren aurretik interesatuei entzuteko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa aurkezturiko eskabidean ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskabidea aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten denetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldaturiko proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Proiektua onartu ahal izateko, aldaturiko proiektua hasiera batean eginiko balorazioko tarte berean sartu beharko da. Bestela, entitateak proiektua hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du.

Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batura baino.

9._Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskabideak aztertu ondoren, organo instruktoreak aurkezturiko ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesatuei jakinaraziko zaie eta hura emateko arauak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, dirulaguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori deusetan galarazi gabe, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko iragarki oholean, Iruñeko González Tablas kalean, zk.g., argitaratuko da. Argitalpenean deialdia, programa, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpen espresuaren edo isilbidezkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoarekin bat.

10._Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira, 2. arauan ezarritakoa ezertan ukatu gabe.

Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo norberaren baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11._Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zatika ordainduko du emandako diru zenbatekoa, bi zatitan bederen. %60raino, gehienez ere, laguntza ematen duen ebazpena sinatzean. Hurrengo ordainketa edo ordainketak dirulaguntza emateko epazpenean xedaturikoaren arabera eginen dira. Pagaturiko azken dirua justifikatu beharko da aurretik, honako agiri hauek aurkeztuz:

a) Proiektuko dirusarreren eta gastuen balantzea.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektuari aplikaturiko gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki pagatu zeneko data adieraziz. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izanen direnak. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta pagatzeko modua adieraziko dituztenak, onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, harturiko dirulaguntza justifikatzearren.

Aurretik ordaintzen den zenbatekoa denez gero, aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat pagatuko dira, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, jarduera egin dela frogatu ondoren.

Gastu onargarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko organo emaileak beharrezkotzat jotzen dituenak.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean entitateak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari aurkeztu behar dio diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, hurrengo ordainketetarako aurreko lerroaldean ezarririko baldintzetan.

Aurreratu beharreko kopurua 60.000,00 eurotik goitikoa bada, entitate onuradunak banku-abal bat edo legeetan aipatzen den beste berme bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko zenbateko osoa estaliko duena.

Jarduerak dirulaguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan dirulaguntza horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.

12._Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Dirulaguntza ematerakoan arauetarako aurkeztutako proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarrien, baldintzen, betebehar formalen eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez da erabiltzen ahalko.

b) Arau hauetan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Proiektuaren publizitate eta hedatze lan guztietan dirulaguntzaren jatorria adieraztea. Hedatze idatzia edo grafikoa egiten baldin bada administrazio emailearen logotipoa paratu behar da, dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berdinetan. Aipatu beharko da Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak parte hartu duela finantzaketan.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskaturiko edo lortutako beste laguntza, dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Dirulaguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen dirulaguntzaren xede diren proiektu bakoitzaren betetze-mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztea, horretarako dagoen ereduaren arabera. Eredua Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bulego nagusietan eta lehen aipatu den webgunean izanen dira entitate interesatuen eskura.

h) Nahi badu, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, dirulaguntzaren xede den proiektuaren bilakaera ona bermatzen dutenak.

i) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

j) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

13._Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

13.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honi dagokionez, bidezko da azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin dirulaguntzaren xede den jardueraren hein bateko exekuzioa hitzartzea. Onuradunak berez dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo gelditzen da.

Onuradunak, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako dirulaguntzaren %50 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa kontratua idatziz sinatu beharraren menpe egonen da.

13.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan edo 12.000,00 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Enpresa batzuei kontsultatu beharra ez da gauzatuko, dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

14._Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo dirusarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari.

Salbuespen gisa, dirulaguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

15._Itzulketa.

Programa burutu ezik edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino ez diren bete ikusita.

16._Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 43. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.

17._Deialdiaren eta arauen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arauemaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

18._Aplikatu beharreko arauak.

Arau hauetan aurreikusirik dagoenaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak dira aplikatzekoak.

II. ERANSKINA

1._Gizartean Txertatzeko Atalaren helburuen arabera dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak:

1.1. Gaurko bazterketa-egoeren konponbideak eta gizarte bazterketa hartzen ari den forma berriak aztertzen dituzten proiektuak.

1.2. Populazio osoari, komunikabideei eta eragile sozialei zuzendutako sentiberatze ekintzak burutzen dituzten proiektuak.

1.3. Etxebizitza eskuratzea bultzatzeko proiektuak, infraetxebitzaren aurkakoak, larrialdi sozialeko etxebitzitzarakoak, bazterketa larrian diren familia eta pertsonentzako lehen abegiko babespeko etxebizitzen funtzionamenduan laguntzekoak.

1.4. Etorkinei informazioa, orientazioa eta aholkularitza juridiko-administratiboa emateko proiektuak.

1.5. Erasangarritasun egoeran diren etorkinei babesa emateko proiektuak.

1.6. Etorkinak gizartearen esparru guztietan parte hartzera bultzatzeko proiektuak.

1.7. Kulturarteko elkarbitzitzarako sentiberatze eta hezkuntzarako proiektuak, tolerantzia-baloreak bultzatu eta jarrera arrazista eta xenofoboei aurre egiteko baliagarriak.

1.8. Kulturarteko bitartekotzarako proiektuak.

Iragarkiaren kodea: F0702634