155. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

480/2007 FORU AGINDUA, azaroaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Tafallako udal mugapean zukuak, nektar-edariak eta freskagarriak prestatzeko. Jardueraren titularra Bebidas Pepsico, S.L. da.

2006ko abenduaren 29an, Bebidas Pepsico, S.L.k Ingurumen baimen integratua eskatu zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, zukuak, nektar-edariak eta freskagarriak prestatzeko Tafallan duen instalaziorako.

Eginda dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Foru Legearen I. eranskineko 9.1.b.2) epigrafean dago jasota, "Landareetatik ateratako lehengaiak tratatuz eta/edo eraldatuz elikagaiak fabrikatzen dituzten instalazioak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa badute (hiru hilabeteko batez besteko balioak)" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Era berean, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2A eranskineko 2. epigrafean dago jasota, hots, "Animalia eta landare produktuak ontziratzeko industria instalazioak. Animalietatik ateratako lehengaiak, esnea izan ezik, erabiltzen dituzten instalazioak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 75 tonatik gorakoa badute; edo landareetatik ateratako lehengaiak erabiltzen dituztenak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa badute (hiru hilabeteko batez besteko balioak)" izenekoan. Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena foru agindu honen IV. eranskinean dago. Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Tafallako udal mugapean zukuak, nektar-edariak eta freskagarriak prestatzeko instalazio baterako. Jardueraren titularra Bebidas Pepsico, S.L. da.

2. Jarduera ingurumen arloko baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1077/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere foru agindu honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

5. Instalazioak Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskutsuen Sortzaile Txikien Erregistroan duen inskripzioa bere horretan uzten da, hain zuzen PO/582/NA/2004 zenbakia, urriaren 13ko 312/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera A123(2) da, hots, ur mineralen, ur gasdunen eta bestelako edari analkoholdunen industriak, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal diren hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen sorreran gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko da, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

6. Hondakin arriskutsuak ahalik eta gehien gutxitzeko plana onetsi da (planeko neurriak titularrak aurkeztutako dokumentazioan sartu dira), ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

7. 2008ko urtarrilaren 30a baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta foru agindu honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

8. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimen honen xede den jarduera edo instalazioari emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere foru agindu honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

9. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

10. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

11. Foru agindu hau jakinaraztea Compañía de Bebidas Pepsico, S.L.ri, Tafallako Udalari, NILSAri, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 5ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, ingurumen baimenak kontsultatzeko atalean.

Iragarkiaren kodea: F0717497