155. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2252/2007 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Azkoiengo udal mugapean zerri-ustiategi bat jartzeko (gizendegia). Jardueraren titularra Agropecuarias Peralta, S.L. da.

Instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3.b) epigrafean dago jasota, "Oilategiko hegaztegien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako gizentzeko zerriendako 2.000 postu baino gehiago dauzkatenak" izenekoa. Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago. Araubide hori uztailaren 18ko 27/2006 Legeak aldatu zuen, ingurumen arloan informazioa eskuratu, herritarrek parte hartu eta justizia lortzeko eskubideak arautu zituenak.

Era berean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2B eranskineko 9.1 c) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako gizentzeko zerrientzat 2.000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan. Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuko araubidearen menpe dago.

Espedientea Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean adierazitakoari jarraikiz tramitatu da, bertan agindutako txostenak prestaturik.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen V. eranskinean dago.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Azkoiengo udal mugapean, 15. poligonoko 21., 22., 23., 141. eta 142. lurzatietan zerri-haztegi bat jartzeko (gizendegia). Jardueraren titularra Agropecuarias Peralta, S.L. da.

2. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jartzeko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedaturikoaren arabera.

3. Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 1099/06 (AAI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.

4. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 11. artikuluan xedaturikoarekin bat.

6. Instalazioak Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskutsuen Sortzaile Txikien Erregistroan inskribatzea, 312/1993 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. PP/1723/NA/2007 zenbakia izanen du. Hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera A102 (3) da, hots, zerri ustiategia, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal diren hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira.

7. Abeltegiaren simaurrak sortu eta kudeatzeko plana onetsi da (IV. eranskina).

8. 2007ko abenduaren 1a baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

10. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

11. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Ebazpen hau jakinaraztea Agropoecuaria Peralta, S.L.ri, Azkoiengo Udalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 8an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, ingurumen baimenak kontsultatzeko atalean.

Iragarkiaren kodea: F0717498