155. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

409/2007 EBAZPENA, azaroaren 16koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Zizur Zendeako udal mugapeko Paternaingo industrialdeko 11. lurzatian txatarra eta metalezko hondakinak bildu eta kudeatzeko proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa ez egitea erabakitzen duena. Proiektua Metalnofer, S.L.k sustatu du.

2007ko azaroaren 2an Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuan sartu da arestian aipaturiko espedienteari buruzko kontsulta, administrazioaren beste edozein esku-hartze abian jarri baino lehen proiektuak ingurumenean izanen duen eraginaren gaineko ebaluazioa egin behar ote den erabakitzeko, besteak beste, ingurumenaren arloan indarra duten legezko irizpideei jarraikiz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen Erregelamendua garatzen duenak, 59. artikuluan ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak erabaki beharko duela 4A eranskineko proiektu batek ingurumenean izanen duen eraginaren ebaluazioa behar duen ala ez, 3C eranskinean dauden ingurumen arloko irizpideak aintzat harturik. Betiere, erabakiaren arrazoiak azaldu beharko ditu.

Horrenbestez, proiektuaren ezaugarriak, kokapena eta izan dezakeen eragina 3C eranskinean ezarritakoari jarraikiz azterturik eta espedientean agertzen diren txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Metalnofer, S.L.k sustaturik Zizur Zendeako udal mugapeko Paternaingo industrialdeko 11. lurzatian txatarra eta metal hondakinak bildu eta kudeatzeko proiektuak ez du Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egin beharrik, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen Erregelamendua garatzen duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 3C eranskineko ingurumen irizpideak aplikatuz.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Baimen Bulegoari, Zizur Zendeako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 16an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0717935