103. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

2169/2007 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean lanean ari diren langileen etengabeko prestakuntzarako ekintzak, Nafarroako ETE enpresetako Etengabeko Prestakuntzarako Planetan agertzen direnak (Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatuak), finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onetsi eta dirulaguntza horiek emateko arauak ezartzen dituena.

Nafarroako Gobernuak EGFaren 3. helburuaren barruan Europar Batasuneko Batzordeari proposaturiko etengabeko prestakuntza jarduketen planak, bai eta Nafarroako Enplegu Planak ere, foru agindu honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzak biltzen ditu.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Europako Gizarte Funtsari buruz uztailaren 12an eman 1784/1999 (EE) Erregelamenduko 2. eta 3. artikuluetan prestakuntzaren arloko aplikazio eremua eta dirulaguntzen xede diren jarduerak ezartzen dira.

Batzordeak otsailaren 25ean emandako 363/2004 (EE) Erregelamenduak (68/2001 (EE) Erregelamendua aldatu zuenak) prestakuntza laguntzetarako (EE) Tratatuko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ezartzen du.

Etengabeko prestakuntzarako ekintzak enpresen estrategia orokorraren barrenean kokatu behar dira. Administrazioak eginkizun subsidiarioa du arlo horretan, erantzukizun handiena enpresaburuena eta langileena baita. Horrenbestez, horiei dagokie ekintzak antolatu eta egitea.

Etengabeko prestakuntza lehentasunezko balore estrategikoa da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialeko prozesuetan eta, beraz, enpleguan eta gizarte kohesioan egonkortasuna lortzeko funtsezko lanabesa.

Enpresetako Etengabeko Prestakuntza Planetan agertzen diren prestakuntza ekintzek, deialdi honen bidez finantzatu nahi direnek, helburu hau izanen dute: ezagutza berriak lortzen eta etengabe birziklatzen laguntzea, horrela langileen gizarte sustapen eta integrazioa eta enpresen lehiakortasuna handiagoa izan dadin; horren bidez enpresek behar dutenean planifikatu eta eginen dute prestakuntza, giza baliabideen prestakuntza enpresentzako inbertsio beharrezkoa delako printzipioa bultzatuko da, eta ETE enpresek errazago izanen dute etengabeko prestakuntza egitea. Helburu hori lortuko da Administrazioaren eta gizarte agenteen parte-hartze eta erantzukizunarekin eta enpresen laguntzarekin. Aldi berean, langileen legezko ordezkariei enpresak egin nahi duen prestakuntzaren berri emanez, enpresaburuen eta langileen artean gai horri buruzko elkarrizketa soziala izanen dela bermatuko da.

Hori dela eta, Nafarroako Enplegu Planak, langileen etengabeko prestakuntza bultzatu nahian, Nafarroako enpresetako langileen lanbide-gaitasuna sustatu nahi du prestakuntzaren bidez, eta gastu horri aurre egiteko aurrekontu bat finkatu du.

Nafarroako Enplegu Zerbitzua sortu zuen apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, foru agindu honen bidez iragartzen diren laguntzak erakunde autonomo horrek kudeatuko ditu.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Horren arabera, besteak beste, beharrezkoa da dirulaguntza deialdia eta haren arauak onestea.

Plan horietako prestakuntza ekintzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzen dira. 2000-2006 urteetarako zen eta 2008rako luzatu den Nafarroako Foru Komunitateko 3. helburuko programa eragileko "Enpresa ekimena eta etengabeko prestakuntzaren" barruan daude. Batera finantzatu den jarduerari kostuaren %45aren adinako laguntza eman dio Europako Gizarte Funtsak.

Ebazpen honen bidez arautzen diren laguntzei "minimis" araudia aplikatzen zaie, 68/2001 (EE) Erregelamendua aldatu zuen Batzordearen otsailaren 25eko 363/2004 (EE) Erregelamenduarekin bat, non prestakuntza laguntzetarako (EE) Tratatuko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa finkatu baitzen.

Urte bakoitzerako baimenduko den gehieneko gastua "Hitzarmena INAFRErekin etengabeko prestakuntza ekintzetarako, PO/3 EGF Nafarroa" izeneko kontusailean edo horren ordez onesten den antzeko beste batean dagoena izanen da, betiere aurrekontuetan behar adina diru badago.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuek, apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoek emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean enpresetako etengabeko prestakuntza planak Enpresetako Etengabeko Prestakuntza Planak sinatuz finantzatzeko dirulaguntza publikoen deialdia onestea. Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatuko dira.

2. Deialdia zuzenduko duten arauak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.

3. Ebazpen honek dakartzan konpromisoei aurre egiteko 600.000 euroko gastua baimentzea 2007. urterako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2007ko gastuen aurrekontuko "Hitzarmena INAFRErekin etengabeko prestakuntza ekintzetarako, PO/3 EGF Nafarroa" izeneko 882002-84200-4819-242100 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzaren Atalera eta Kontabilitate Zentrora igortzea.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko uztailaren 2an._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Susana Labiano Bastero.

I. ERANSKINA

Arauak

Lehenengo araua._Xedea eta helburua.

Bat._Deialdi honen xedea da enpresetako etengabeko prestakuntza ekintzak finantzatzeko dirulaguntzak ematea, araudi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Ekintza horiek Nafarroako ETE enpresek langileentzat egiten dituzten Prestakuntza Planen barrenean egon behar dute.

Bi._Deialdi honen xedeko Etengabeko Prestakuntza Planen helburua da lanean ari diren langileen trebetasunak eta kualifikazioak hobetzea eta lanbideko eguneratze eta espezializazioa bultzatzea, edozein dela ere langilearen jardueraren sektorea edo arloa.

Hiru._Deialdi honen bidez finantzatuko diren Etengabeko Prestakuntza Planen barrenean sartzen diren prestakuntza ekintzen helburua da langileei laguntzea ezagutza berriak lortzen eta etengabe birziklatzen, haien sustapena eta integrazio soziala eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Helburu hori lortuko da Administrazioaren eta ETE enpresen laguntza eta ardurarekin.

Lau._Prestakuntza Planetan sartzen diren prestakuntza ekintzak zein urtetarako eman diren, urte horretako abenduaren 1a baino lehen egin beharko dira.

Bost._Prestakuntza Planak sinatzeko eta dagozkien dirulaguntzak emateko lehiakortasun, publizitate eta objektibotasunaren printzipioei jarraikiko zaie.

Bigarren araua._Dirulaguntzen zenbatekoa.

Prestakuntza Plan bakoitzerako emanen den gehieneko dirulaguntza deialdi honetako II. eranskinean agertzen diren modulu ekonomikoen arabera kalkulatuko da.

Era berean, Prestakuntza Planak sinatzeko emanen den dirulaguntza zehazteko, urte bakoitzeko aurrekontua hartuko da kontuan.

Hirugarren araua._Entitate onuradunak.

Bat._Nafarroako ETE enpresek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezartzen diren baldintza orokorrak betetzen badituzte. Kontuan hartu behar da Europako Elkarteen Batzordeak 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan emandako definizioaren araberako ETEak izanen direla.

Enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira 250 pertsona baino gutxiago dituztenak, urteko negozio bolumena 50 milioi eurokoa baino handiagoa ez dutenak edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak eta, gainera, independentzia irizpidea betetzen dutenak. Enpresak independentetzat hartzen dira haien kapitalaren edo boto eskubideen %25 edo gehiago ETE ez den beste enpresa batena edo batzuena ez bada.

Ondorio horietarako, ETE enpresaren definizioa Europako Elkarteak unean-unean ezartzen duena izanen da.

Bi._20 langile baino gutxiago izan eta prestakuntza planak egiten dituzten ETEen elkarteak ere izaten ahal dira onuradunak. Halakoetan, enpresa parte-hartzaile bakoitzak parte hartzeko bere konpromisoa sinatu beharko du, eta horietako bat ordezkari izendatuko da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean aritzeko. Beste zerrenda batean, taldea osatzen duten enpresak azalduko dira, beren jarduera, kokalekua eta langile kopurua zehaztuta.

Hiru._Ez dira entitate onuraduntzat joko aldi baterako laneko enpresak, aholkulariak eta berenak diren langileentzako prestakuntzako entitate edo zentroak.

Lau._Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izanen dira onuradun izan.

Bost._Dirulaguntzaren eskaerarekin batera entitatearen legezko ordezkariak adierazpena aurkeztuz frogatuko da inguruabar horietako batean ez izatea, eta hala aurkeztuko da ETE enpresa izatearen ziurtagiria.

Laugarren araua._Prestakuntza ekintzen onuradun izanen diren langileak. Ziurtapena.

Bat._Deialdi honetan adierazitako prestakuntza jardueretan honako hauek parte hartzen ahalko dute, deialdian ezarrita dauden baldintzetan: aurreko arauan entitate onuradun gisa aipatu diren enpresetako langile guztiak, Langileen Estatutuko lan kontratuen edozein modalitatekoak.

Bi._Entitate onuradunak parte-hartzaile bakoitzari, gutxienez ere prestakuntza ekintzako orduen %70 egin badu, prestakuntza ekintza egin izana egiaztatzen duen diploma bat emanen dio, gutxienez ere ondoko hauek bilduko dituena: ekintzaren izena, prestakuntza edukiak, zein egunetan egin den eta jaso diren prestakuntza orduak.

Aurreko lerroaldean aipatu diren egiaztapen diplomek gutxienez Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa eta Europako Gizarte Funtsaren ikurra izan beharko dituzte agerian, lehentasunezko tokian, eta inolaz ere ez dira izanen entitate sustatzailearen eta/edo antolatzailearen izena baino txikiagoak. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Diplomak parte-hartzaileei emateko edo igortzeko gehieneko epea hilabetekoa da, parte hartu duten prestakuntza ekintza bukatzen den egunetik hasita.

Bosgarren araua._Etengabeko prestakuntza planak eta prestakuntza ekintzak.

Bat._Prestakuntza plana egin beharreko preskuntza ekintzen multzoari esaten zaio.

Bi._Prestakuntza ekintzak presentzialak izanen dira eta haien helburua izanen da langileen lanbide trebetasunak eta kualifikazioak hobetzea eta lanbideko eguneratzea eta espezializazioa bultzatzea.

Hiru._Arau honen ondorioetarako, prestakuntza ekintzatzat hartzen da lanbide trebetasunak, teorikoak eta/edo praktikoak, eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogiko batean egituratua egon beharko du eta bere helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu, parte-hartzaile guztientzat berdinak.

Lau._Prestakuntza ekintza ez da 10 ordutik beherakoa izanen, ezta 270 ordutik gorakoa ere.

Prestakuntza ekintzaren iraupena, eguneko, ez da inoiz 8 ordu baino luzeagoa izanen.

Prestakuntza ekintzetan taldeak eratzen ahalko dira, gehienez ere 20 parte-hartzailerekin.

Atal honetan ezarritako arauetako edozein betetzen ez bada, dagokion prestakuntza ekintza "ez egintzat" joko da, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako.

Bost._Prestakuntza Planetako prestakuntza ekintzak ondokoek egiten ahalko dituzte:

_Enpresaz kanpokak diren eta enpresarekin loturarik ez duten prestakuntza entitateek, ekintzen xede diren prestakuntza espezialitateak emateko behar adinako kreditazioa eta gaitasuna baldin badute.

_Makineriaren eta/edo ekipamendu ondasunen hornitzaile diren enpresek, horien tratamendu eta funtzionamenduan espezializatuta badaude.

_Enpresak berak, baldin eta prestakuntza ekintzarako langile adituak baditu eta horiek titulazio eta/edo esperientzia eta ekipamendu egokia badute, edo kanpoko kontratazioen bidez, antzeko kreditazio eta gaitasuna agertzen badute betiere.

Sei._Ez dute dirulaguntzarik jasoko informazio edo zabalkundeko jarduerek beren helburua prestakuntza prozesu baten garapena ez bada, hala nola jardunaldiak, azokak, mintegiak, sinposioak eta kongresuak.

Irakaskuntza arautuak, doktorego ikastaroek, graduondoko ikastaroek eta masterrek ere ez dute dirulaguntzarik izanen, ez eta enpresetako harrera prestakuntzak ere.

Seigarren araua._Eskabideak, aurkezteko epea eta dokumentazioa.

Bat._Prestakuntza Planak finantzatzeko dirulaguntzen eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko dira, eredu normalizatuak erabiliz; entitate eskatzaileek eskura izanen dituzte Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Entitate eskatzaileek, gainera, euskarri informatikoan aurkeztu beharko dute dokumentazioa, bai eskabidearena, bai prestakuntza planarena.

Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipaturiko erregistro eta bulegoetan ere aurkez daitezke.

Bi._2007rako eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hurrengo urteetarako, dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoaren aurreko azaroa izanen da.

Hiru._Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

_Eraketa eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopia.

_Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

_Eskabidea egiten duen legezko ordezkari baimenduaren identifikazioa eta sinadura. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein baliabideren bitartez frogatuko da, eta horrekin batera NANaren fotokopia aurkeztuko da.

_ETE enpresa izatearen adierazpena.

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ez dagoela dioen adierazpena, egoera horiek onuradun izatea galaraziko bailiokete.

_Gizarte Segurantzako eta Nafarroako Ogasuneko tributu arloko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri gaurkotuak.

_Prestakuntza planaren eta birziklatzearen beharra justifikatzen duen memoria, egoeraren eta plan estrategikoaren araberakoa, enpresako zuzendaritzak sinatua.

_Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzen laburpen taula.

_Eskatutako prestakuntza ekintza bakoitzaren dokumentazioa, eredu normalizatua erabiliz.

_Langileen ordezkariek egindako txostena, non Prestakuntza Planari buruzko iritzia emanen duten edo, halakorik ez bada, ez izatea justifikatuko duten.

_Elkartuta egiten diren eskaeren kasuan, parte hartzeko konpromisoa, enpresa parte-hartzaile bakoitzak betea.

_Transferentzia bidezko ordainketarako eskabidea, dirulaguntza, ematen baldin bada, ordaindu ahal izateko.

_Aurreko bi urteetako deialdietan eskatutako prestakuntza planak zenbateraino bete eta gauzatu diren.

_Prestakuntza ekintza berberetarako beste dirulaguntza publiko edo pribaturen bat izatea.

Aurrekoaz gain, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzaren Atalean baldin badaude. Halakoetan eskatzaileak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 35. artikuluko f) atalean ezarritakoari heltzen ahal dio, baina Etengabeko Prestakuntzaren Atalean zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko du.

Zazpigarren araua._Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

Bat._Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatzen ahalko zaie akatsak zuzen ditzatela, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 19.3 artikuluarekin bat.

Errekerimenduak eskatutako prestakuntza ekintzetakoren bat edo batzuk ukituz gero, ekintza horiek baztertuko dira, eta gainerakoak tramitatuko dira, horretarako behar diren baldintzak eta betebeharrak betetzen badituzte.

Bi._Aurrekoa gorabehera, ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskabideak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

Zortzigarren araua._Balorazio irizpideak.

Bat._Deialdi honi loturik aurkezten den prestakuntza ekintza bakoitzaren balorazio teknikoa 100 punturen gainekoa izanen da, eta irizpide hauei jarraikiko zaie:

A) 25 puntu bitarte baloratuko da prestakuntza orokorra edo berariazkoa den.

_25 puntu emanen dira prestakuntza orokorra bada.

_15 puntu prestakuntza berariazkoa bada.

B) 75 puntu bitarte emanen zaizkio prestakuntza ekintzari, eta horietatik:

_25 puntu bitarte helburuen zehaztasunari.

_25 puntu bitarte prestakuntza ekintzaren edukiari.

_25 puntu bitarte prestatzaileen prestakuntza eta esperientzari.

Bi._Arau honen b) ataleko puntuazioaren %50 gainditzen ez duten ekintzak baztertu eginen dira.

Bederatzigarren araua._Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Bat._Dirulaguntza ondoko irizpideen arabera emanen da:

a) Eman beharreko dirulaguntza zehazteko kontuan hartuko da xede hori duen aurrekontu lerroan ebazpena emateko unean dagoen diru zenbatekoa.

b) Laguntza jaso dezakeen ekintzen kostua dauden baliabide ekonomikoak baino handiagoa bada, kontuan hartuko da ekintza bakoitzak deialdi honen zortzigarren arauaren b) atalean lortzen duen puntuazioa.

c) Dirulaguntzen zenbatekoa prestakuntza orokorreko ekintzen kostu finantzagarriaren %50 artekoa izaten ahalko da, eta berariazko prestakuntzako ekintzen kostu finantzagarriaren %30 artekoa. Halaber, deialdi honetako II. eranskinean agertzen diren gehieneko modulu ekonomikoak hartuko dira kontuan.

Prestakuntza orokortzat jotzen da enpresa onuraduneko lanpostuari bakarrik edo ia bakarrik aplikatzen ez zaion irakaskuntza teoriko eta praktikoa, baizik eta beste enpresa edo lan esparru batzuetara transferi daitezkeen kualifikazioak ematen dituena eta, hala, langileari lana lortzeko aukera gehiago ematen diona.

Berariazko prestakuntza da, berriz, langileak orain duen edo geroago izanen duen lanpostuari zuzenean aplikatzen zaion prestakuntza teoriko eta praktikoa, eta beste enpresa edo lan esparru batzuetara transferitu ezin diren edo oso modu mugatuan transferitzen ahal diren kualifikazioak ematen dituena.

Hamargarren araua._Organo eskudunak eta dirulaguntza emateko prozedura.

Bat._Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak lehia irekiaren bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Bi._Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzaren Atalari dagokio.

Hiru._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honetako eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

Lau._Prestakuntza planaren balorazioaren emaitzak ikusita eta dirulaguntza zehaztuta, deialdi honen bigarren arauan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, eta espedientea eta aginduzkoak diren txostenak ikusi ondoren, organo instruktoreak ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emana, eta onetsitako prestakuntza ekintzen eranskina gehituta.

Organo instruktoreak aurkeztutako ebazpenaren proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak dirulaguntzaren gaineko ebazpena emanen du.

Bost._Espedientearen ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

Sei._Dirulaguntza emateko ebazpenari onetsitako prestakuntza ekintzen eranskina gehituko zaio.

Zazpi._Eskaeren gaineko ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko VII. tituluan jasotako moduan.

Zortzi._Hasiera batean onartutako prestakuntza ekintzak, azken zehaztapenari dagokionez, ez dira itxiak. Horien ordez beste ekintza batzuk egiteko baimena eman dezake Nafarroako Enplegu Zerbitzuak. Ordezpen hori lortzeko, entitate onuradunak idatziz eskatzen ahalko du, ordezpenerako arrazoiak emanez. Horrekin batera, ordeztu beharreko prestakuntza ekintza bakoitzeko beste fitxa bat aurkeztuko da, kasuan kasuko edukiarekin. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko da, eta horrek ez du inolako gehikuntzarik eraginen hasiera batean emandako dirulaguntzan. Ekitaldi ekonomiko bakoitzean, gehienez ere, bi eskaera egin daitezke, onuradun bakoitzeko, ekintzak ordezteko, bat maiatzean eta beste bat irailaren 16tik urriaren 15era.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak eskatzen diren ordezpenei buruzko ebazpena emanen du, gehienez ere hamabost eguneko epean, eskatzen direnetik hasita. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena emantzat joko da.

Hamaikagarren araua._Entitate onuradunen eginbeharrak.

Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarririko eginbeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek eginbehar hauek ere izanen dituzte:

Bat._Prestakuntza planeko ekintzetan parte hartzen dutenendako doakotasuna errespetatzea.

Bi._Dirulaguntzaren sarrera eta prestakuntza ekintzak egiteko exekuzio gastuak kontabilitateko kontu bereizietan edo berariazko epigrafe batean identifikatzea, guztietan "etengabeko prestakuntza" erreferentzia jarrita.

Hiru._Dirulaguntza zein prestakuntza jardueratarako eskatu den, hura deialdi honetako baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz egitea, bai eta balorazio teknikoa egiteko eta dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onespen baldintzekin bat ere.

Lau._Prozedura instruitzeko, eta prestakuntza plana gauzatu eta likidatzeko fasean behar diren argibide eta agiriak aurkeztea, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileak prestakuntza ekintzetara agertu direla frogatzen duten agiriak, parte-hartzaileek sinatuak eta ezarriko diren gutxieneko beharkizunen arabera.

Bost._Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza ekintza egin izanaren diploma edo ziurtagiria ematea, ekintzaren edukiak eta ordu kopurua zehaztuta.

Sei._Dirulaguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko arrazoia izan den jarduera egin dela eta haren kostuak frogatzea.

Zazpi._Dirulaguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu badituzte, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen.

Zortzi._Prestakuntza ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta EGFk eta horien kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak emanez.

Horretarako, prestakuntza plana abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa zentroan gorde beharko da ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez lau urtez. Epe hori onuradunak dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarririko epea bukatzen denean hasiko da.

Europar Batasuneko funtsekin batera finantzaturiko ekintzen kasuan, Europar Batasuneko arauetan xedatutakoa aplikatuko da.

Epe hori bukatu gabe beren jarduera bertan behera uztea edo desegitea erabakitzen duten entitate onuradunek entitatean gorde diren agiri horien kopia igorri beharko diote organo eskudunari.

Onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen, prestakuntza ekintzen garapenean hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratazioa egiten bada osorik edo partzialki.

Bederatzi._Eskabideetan edo eskabideak tramitatzeko eta dirulaguntzak emateko organo eskudunei aurkezturiko agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

Hamar._Deialdi honi loturiko ekintzen informazio eta publizitate jarduera guztietan agertaraztea Nafarroako Gobernuak diruz lagundu eta Europako Gizarte Funtsaren finantzazioa ere izan duten ekintzak diru publikoz finantzatu direla, Europar Batasuneko araudiari jarraikiz.

Hamabigarren araua._Prestakuntza ekintza bakoitza burutzea eta haren hasiera eta bukaera jakinaraztea.

Bat._Onuradunak deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedaturikoa kontuan hartuz garatuko du prestakuntza plana.

Bi._Entitate onuradunak bere giza baliabideak izan beharko ditu prestakuntza ekintzen programazio, koordinazio eta barne kontroleko eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du Administrazioaren aurrean. Hala hark nola azpikontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

Hiru._Entitate onuradunek, prestakuntza ekintza bakoitza hasi baino 5 egun natural lehenago gutxienez, jatorrizko ondoko agiriak igorri beharko dituzte Nafarroako Enplegu Zerbitzura:

_Egin behar duten prestakuntza ekintza bakoitzaren "hasierako jakinarazpena", datu hauek zehatz azalduta: entitatearen zenbakia eta izena, ekintzaren zenbakia, ekintzaren izena, prestakuntza barnekoa edo kanpokoa den, hasiera eta bukaerako datak, zein egun eta ordutan emanen den, non eginen den eta helbidea.

_Prestatzailearen fitxa osoa, prestakuntza enpresan egiten denean bai bertako baliabideekin bai kanpokoekin.

_Prestakuntza ekintzan hasten diren ikasleen zerrenda.

Jakinarazpen horretarako Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskura dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

Jakinarazpena egin ondotik, aldaketa edo bertan behera gelditzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, ekintza hasteko data baino lehenago, salbu eta toki, egun nahiz ordutegi aldaketa edo etetea eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuak eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen ari dela gertatzen bada. Kasu horietan, onuradunak aldaketaren berri eman beharko du, gorabehera hori izan dela jakin eta berehala.

Ezarririko epean jakinarazi ezik, prestakuntza ekintza "ez egintzat" joko da, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Lau._Prestakuntza ekintza bakoitza bukatu eta 30 egun naturaleko epean, entitate onuradunek Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko diote eta jatorrizko agiri hauek aurkeztu:

_Prestakuntza ekintza bukatzen duten ikasleen zerrenda.

_Ikasleen fitxa.

_Prestatzailearen fitxa, prestakuntza enpresan egiten denean bai bertako baliabideekin bai kanpokoekin.

_Eman den material didaktikoaren eta kontsumokoaren zerrenda, prestakuntza enpresan egiten denean.

_Lokalen, ekipoen eta gelako materialaren zerrenda eta deskribapena, prestakuntza enpresan izaten denean.

_Prestakuntza ekintzaren datu orokorren fitxa osoa, ekintzaren ebaluazio-memoria barne.

_Prestakuntza ekintzaren gastuen aitorpena eta azken likidazioa.

_Prestakuntza ekintzaren kalitatea ebaluatzeko ikasleek bete behar dituzten galdetegien fotokopia; jatorrizko agiriak entitate onuradunek gordeko dituzte, gainerako agiriekin batera. Galdetegi horiek edukiak, baliabide didaktikoak, baliabide teknikoak, antolaketa eta irakasleak baloratuko dituzte, eta prestakuntza ekintzaren balorazio orokorra eginen dute.

_Bertaratzen direnen sinadurak kontrolatzeko jatorrizko agiria, enpresan egiten den prestakuntza ekintza bakoitzeko ikasleek eta prestatzaileak sinatua.

_Prestakuntza ekintzako diplomaren edo ziurtagiriaren fotokopia.

_Kanpoko prestakuntzarako: prestakuntza ekintzaren faktura zehatzaren jatorrizkoa, bai eta faktura ordaindu dela frogatzen duen agiria ere.

_Barneko prestakuntzarako: entitate onuradunak luzatutako jatorrizko ziurtagiria, non honako hauek agertuko baitira: urteko soldata gordina, enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota, hitzarmenaren araberako urteko ordu kopurua, orduaren kostua eta ordu kopurua enpresako barne prestatzailearen edo prestatzaileen prestakuntza ekintzan, nominaren fotokopia erantsita. Kanpoko prestatzaileen kontratazioan: prestakuntza ekintzaren faktura zehatzaren jatorrizkoa, bai eta faktura ordaindu dela frogatzen duen agiria ere.

_Entitate onuradunak Gizarte Segurantzarekin eta Foru Ogasunarekin dituen zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiri eguneratua. (Horietako bakoitzak hiru hilabeteko balioa izanen du, luzatzen den egunetik hasita).

Lehen aipatu diren agiriak eredu normalizatuan eta/edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarriko dituen euskarri informatikoetan igorriko dira.

Ezarririko epean jakinarazi ezik, prestakuntza ekintza "ez egintzat" joko da, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Hamahirugarren araua._Kostuak justifikatzeko eta likidatzeko jarraibideak.

Bat._Prestakuntza ekintza bakoitza bukatutakoan eta aurreko oinarrian aipatutako epean, entitate onuradunek dirulaguntzaren azken likidazioa eskatu beharko dute, eta prestakuntza ekintza gauzatzean sortutako kostuak justifikatu. Horretarako, kontuan hartu beharko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legeko 28. artikuluan ezarritakoa, finantzatzen ahal diren kostuen zerrenda eta deialdi honen II. eranskinean ezarririko egozpen irizpideak.

Ezarririko epean jakinarazi ezik, prestakuntza ekintza "ez egintzat" joko da, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Bi._Kostuak fakturen eta froga gisa balio duten bestelako agirien bidez egiaztatuko dira, jatorrizkoa zigilatu ondoren, funtsak ongi erabili direla frogatzeko adinako zehaztasunez.

Zigilatzeak gutxienez ere argibide hauek bildu beharko ditu:

"Nafarroako Gobernuak etengabeko prestakuntzaren esparruan emaniko dirulaguntzaren kontura, ............... urteko deialdiko ..... zenbakiko ekintzarako, honako zenbatekoa justifikatzen da: ........... euro".

Hiru._Eskuarki onartzen diren kontabilitate arauekin bat, kostuak kargu agirien bidez frogatzea ontzat emanez gero, agiri horiek gastuaren edo haren egozpenen frogagiriekin batera igorri beharko dira.

Azpikontratazioen kasuan, azpikontratistek egiten dituzten fakturak II. eranskinaren atalen arabera zehaztu beharko dira, eta prestakuntza ekintza bakoitzari egotziriko kostuak identifikatu.

Kontratistek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan aurreikusitako betebeharra izanen dute, laguntza ematekoa alegia.

Hamalaugarren araua._Dirulaguntzen likidazio ekonomikoa.

Bat._Gauzatutako prestakunta ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, zegokion unean hasi zela jakinarazi bazen, onuradunak Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorri beharko ditu, ezarritako epean, azken likidazioaren eta gastuen aitorpena, inprimaki normalizatuak erabiliz, eta horri egiaztagiriak erantsi, diruz lagundutako prestakuntza ekintzaren kostuak frogatzeko gutxienez ere.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egoki juzgatzen duen informazio eta agiri oro eskatzen ahalko die eskatzaileei.

Bi._Likidazio ekonomikoaren ondorioetarako, prestakuntza ekintza bat diruz laguntzeko ezinbestekoa izanen da ikastaroa hasten duten ikasleen kopuruaren erdia gutxienez prestakuntza ekintzako orduen %60ra agertzea.

Hiru._Hamabigarren arauan aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu ez, edo aurkeztutakoak aski ez badira emandako dirulaguntza behar bezala justifikatzeko, organo eskudunak atzemandako hutsuneen berri emanen die onuradunei, 15 eguneko epean zuzen ditzaten.

Lau._Azken frogagiriak aztertu ondoren, Etengabeko Prestakuntzaren Atalak prestakuntza planaren espedientea amaitu eta azken likidazioa egiteko proposamena igorriko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emanda.

Organo instruktoreak aurkeztutako ebazpenaren proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.

Hamabosgarren araua._Prestakuntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

Bat._Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bere eskumenen barnean, arau honen bidez diruz laguntzen diren ekintzen ebaluazio, kontrol eta jarraipeneko eginkizunak burutzen ahalko ditu. Horretarako, entitate onuradunei edozein agiri eskatu eta/edo kanpoko auditoria egiten ahalko die, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz eginkizun horiek betetzeko bidezkoa bada.

Hamazazpigarren araua._Dirulaguntzaren ordainketa.

Prestakuntza ekintza bakoitzaren espedienteari amaiera emateko ebazpena eman eta gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak, entitate onuradunak Foru Ogasuneko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak egunean dituela egiaztatu ondoren, dirulaguntza ordainduko du, onuradunak titular gisa duen kontu korrontera, berak jakinarazitakora, eginiko bankuko transferentzia bidez.

Ez da dirulaguntzaren konturako aurrerakinik emanen.

Hamazazpigarren araua._Azpikontratazioa.

Bat._Entitate onuradunek zilegi izanen dute prestakuntza planetako prestakuntza ekintzak azpikontratatzea, osorik edo zatiren bat eta behin bakarrik, horien %100 bitarte. Kontuan hartuko da, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. eta 28.3 artikuluen edukia.

Bi._Aurreko puntuan ezarritakoa galarazi gabe, azpikontratazioa egiten ahalko da, soilik, xedeen artean prestakuntza ekintzak garatzea duten entitateekin edo makineria eta/edo ekipamenduko ondasun espezializatuen horniketa egiten duten enpresekin.

Hemezortzigarren araua._Prestakuntzaren barne kontrola.

Bat._Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek eginen ditu:

a) "Denbora errealeko" jarduketak. Bertan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta egiten den bitartean, froga fisikoak eta lekukoenak erabiliz, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta prestatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko prestakuntza ekintza nola egin den, haren edukia, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Halaber, argitalpenetan eta bestelako komunikabideetan agertuko da ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik egin direla.

b) "Ex post" jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren eginen dira, froga fisikoak, lekukoenak eta agiriak erabiliz, elkarrizketen bidez, eskatuko baitzaizkie entitate onuradunei, prestakuntzako arduradunei, ikasleei eta/edo prestatzaileei, teknikoki egiaztatzeko, besteak beste, ondoko hauek:

_Prestakuntza ekintzak egitea.

_Parte-hartzaileen benetako kopurua.

_Parte-hartzaileei prestakuntza ekintza egin izanaren diploma edo ziurtagiria ematea.

_Prestakuntzaren kostuak frogatzea: frogagiriak, haien kontabilizazioa eta ordainketa, kontuan hartuta indarrean dagoen araudian ezartzen diren beharkizunak.

Hemeretzigarren araua._Dirulaguntzak itzultzea.

Bat._Deialdi honetan eta/edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarririko eginbeharren balizko ez-betetzeak mailakatzeko eta onuradunak azkenean kobratu beharreko dirua edo, bidezko bada, itzuli beharrekoa, zehazteko, proportzionaltasunaren irizpideari jarraituko zaio.

Bi._Arau honen babesean ematen diren dirulaguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, haiek pagatu zirenetik itzuli beharra erabaki arte sorturiko berandutza korrituak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko kasuetan eta deialdi honetan ezarririko betebeharrak betetzen ez direnean.

Hiru._Aurreko bigarren puntuan dirua itzultzeko aurreikusiriko kasuren bat gertatzean hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarririko prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Lau._Atal honetan ezarririko itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dirulaguntzen arloan arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarririkoa.

Hogeigarren araua._Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hogeita batgarren araua._Datuen babesa.

Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

Hogeita bigarren araua._Aplikatzekoak diren arauak.

Bat._Arau hauetan aipatzen den deialdian parte hartzeak berarekin dakar arauak oso-osorik eta bete-betean onartzea.

Bi._Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Halaber, programa honetako dirulaguntzak bat etorriko dira Batzordeak urtarrilaren 12an eman 68/2001 EE Erregelamenduan eta Batzordeak otsailaren 25ean eman 363/2004 EE Erregelamenduan ezarririko muga eta betebeharrekin. Azken horren bidez 68/2001 EE Erregelamendua aldatu zen, eta prestakuntzarako laguntzei buruzko EE Tratatuko 87. eta 88. artikuluak finkatu zituen.

Hogeita hirugarren araua._Epeak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko VI. tituluko I. kapituluarekin bat, deialdi honetan adierazitako epe guztiak luzaezinak dira, eta egun baliodunek osatuak, non ez den kontrakoa xedatzen espresuki.

Hogeita laugarren araua._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Enpleguaren Atarian (www.empleo.navarra.es), adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Xedapen gehigarria._Prestakuntza ekintzak baliozkotzea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak ebazpen arrazoitu baten bidez diruz laguntzen ahal ditu dirulaguntza eman aurretik egindako prestakuntza ekintzak, kasuan kasuko deialdiaren urtearen barnean, baldin eta eskatutako baldintza guztiak betetzen badituzte, epeak izan ezik. Halakoetan, prestakuntza ekintzak 30 egun naturaleko epean egiaztatu beharko dira, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hasita, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorriko da hamabigarren arauko laugarren puntuan aipatzen den dokumentazioa.

II. ERANSKINA

Kostuak eta moduluak

Eranskin honek bi atal dauzka:

_Lehen atala._Finantzatzen ahal diren kostuak.

_Bigarren atala._Gehieneko modulu ekonomikoak.

Lehen atala._Finantzatzen ahal diren kostuak.

1. Barneko prestakuntza ekintzen zuzeneko kostuak:

a) Barneko eta kanpoko prestatzaileen ordainsariak; horien barnean sartzen ahal dira lansariak, gizarte aseguruak, dietak, joan-etorrietako gastuak eta, oro har, ikastaroak prestatu, eman eta ebaluatzen aritzen diren prestatzaileei dagozkien kostu guztiak.

Prestakuntza ekintzak prestatu eta ebaluatzeko erabiltzen diren orduak, oro har, ezin dira izan prestakuntza ekintzaren ordu guztien %20tik gorakoak.

b) Ikastaroan erabilitako eta/edo parte-hartzaileei emandako material didaktikoen eta kontsumigarrien gastuak.

Kontzeptu horietarako gehienez ematen ahal den dirulaguntza, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko dituen salbuespenak izan ezik, ezin da izan irakasleen kontzeptuko gehieneko moduluaren %20tik gorakoa.

2. Enpresatik kanpoko prestakuntza entitateetan egiten diren prestakuntza ekintzei gehieneko modulua soilik aplikatuko zaie.

3. Ez dira inolaz ere kostu finantzagarriak izanen prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen dieten, joan-etorrien, bidaien eta ostatuko egonaldien gastuak.

Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten diren prestakuntza ekintzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena baldin badute soilik lagunduko dira diruz.

Bigarren atala._Gehieneko modulu ekonomikoak.

Deialdi honen bidez dirulaguntzak jasotzen dituzten prestakuntza ekintzak finantzatzeko ematen diren laguntzen likidaziorako aplikatu beharreko modulu ekonomikoak (prestakuntza ordu bakoitzaren kostua) honako hauek izanen dira:

Modalitatea: Barnekoa. Irakasleak: 100 euro/ordua. Baliabide didaktikoak/kontsumigarriak: 20 euro/ordua. Guztira, gehienez: 120 euro/ordua.

Modalitatea: Kanpokoa. Irakasleak: -. Baliabide didaktikoak/kontsumigarriak: -. Guztira, gehienez: 120 euro/ordua.

Aparteko kasuetan, entitate eskatzaileak arrazoiak emanda, hemen ezarri diren moduluak baino goragoko beste bat proposatzen ahalko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak oso goi mailako teknologiako hainbat ikastarotarako, betiere Nafarroako garapenerako interesgarriak badira eta prestakuntzako entitateaz besteko profesionalek eman beharrekoak, eta horien zerbitzu-sari handiagoak egiaztatzen badira.

Iragarkiaren kodea: F0711205