103. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

ZIZUR

Alkateordeen izendapena eta eskurantzen gaineko eskuordetzea

Zizur Zendeako Udaleko alkate udalburuak, 2007ko ekainaren 22an, ondotik ematen den testua duen ebazpena eman zuen:

Toki hauteskundeak eginda eta Udal berria eraturik, beharrezkoa da Udalaren antolaketa berria ezartzea, bereziki, alkateordeen izendapenari dagokionez.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 23.3 artikuluari jarraikiz, apirilaren 21eko 11/1999 Legeak emaniko idazketa berriaren arabera, Alkatearen eskumenekoa da alkateordeak izendatzea, eta dekretu bidez izendatuko ditu Udalbatzako kideen artean.

Horrenbertzez, Alkatetzak, arestian aipatu legeek ematen dizkioten eskurantzak erabiliz,

Ebatzi du:

Lehenbizikoa._Udal honetako alkateorde izendatzea, gaurtik aitzina indarra izanik, ondoko zerrendako zinegotziak. Horietako lehenbizikoa Alkatetzaren ordezkapenetarako izanen da, hura hutsik dagoenean, edota alkatea herritik kanpo edo eri dagoenean. Hona hemen:

_Lehen alkateordea: Francisco Burgos Masegosa.

_Alkateordea: María Isabel Remón Echarri.

_Alkateordea: Víctor Torres Ruiz.

Bigarrena._Alkatea kanpoan edo eri dagoenean, edo kargua hutsik badago, indarra duen legeriak aitortzen dizkion eskurantzak eta eskumenak, bereziki ordainketak agintzea eta bankuko taloiak baimentzea, alkateordeen zereginak izanen dira, arestian ezarri ordenarekin bat.

Hirugarrena._Hoi dagokionez, Alkatetza honek udal mugapetik kanpo egon behar badu, dekretu bidez ezarriko du zenbat egunez eta zein alkateordek hartuko dituen bere gain haren eskumenak.

Ez bada berariaz izendapen hori egiten, lehenbiziko alkateordeak ordezkatuko du alkatetza eta, hori ez badago, herrian dauden bertze alkateordeetako batek. Betiere, Udalbatzako gainerako kideei horren berri emanen diete. Egun berean ez da bat baino gehiago batera aritzen ahalko jarduneko alkate gisa.

Laugarrena._Ukitutako alkateordeei ebazpen honen berri ematea eta, hartara, haiei ohartaraztea jarduneko alkate gisa dituzten eskurantzen erabilerari buruzko argibideak eman beharko dizkiotela Alkatetzari. Orobat, horretan ari diren bitartean ezin izanen dituzte alkatetza honek aurretiaz egindako eskuordetzeak aldatu, ezta bertze batzuk gehitu ere.

Borzgarrena._Udaleko Osoko Bilkurari ebazpen honen berri ematea, Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko 38. artikuluan ezarritakoa betetzeko deituko den bilkura berezian.

Gazolatzen, 2007ko uztailaren 23an._Alkate-udalburua, José Ricardo Pérez Torrano.

Iragarkiaren kodea: L0711750