103. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ERRONKARI

Ordenantzaren behin betiko onespena

Errokariko Udaleko Osoko Bilkurak, 2007ko martxoaren 27an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezkondu gabeko bikote egonkorren Erronkariko Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Iragarki hori 2007ko 63. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 21ean argitaratu zen, eta baita jendaurrean jarri, hogeita hamar egunez Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Alegaziorik aurkeztu ez zenez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, aipatu ordenantza hasiera batez onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da eta osorik argitaratuko da.

Erronkarin, 2007ko uztailaren 12an._Alkatea, Agapito Boj Gárate.

EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ERRONKARIKO UDALEKO ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Erronkariko Udaleko erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Erronkariko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen beste erregistro batean.

3. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz.

Orobat, hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak; idazpen horretan agerraraziko dira hitzarmenaren izaera, hitzarmenaren izena eta araubide ekonomikoarena, halakorik baldin bada, eta idazpena egiteko bide ematen duen agiri publiko edo pribatua. Agiri horren hiru kopia aurkeztu beharko dira; bikoteko kideei kopia bana itzuliko zaie eta hirugarrena dagokion paper-sortan artxibatuko da, Erronkariko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan. Interesatuei itzuliko zaizkien titulu horietan ohar bana idatzi eta sinatuko da, idazpena zenbatgarren liburukian eta orrialdean dagoen adierazteko.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen 4. artikuluarekin bat, bikote egonkorra iraungitzat hartuko den kasuetan, bi kideak daude behartuak Bikote Egonkorren Udal Erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote Egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

5. artikulua. Erregistroa Udalaren Idazkaritza Orokorrean egonen da.

6. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

8. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

9. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

11. artikulua. Bikote egonkorren udal erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Erronkariko Udalean.

Xedapen gehigarri bakarra

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, bikote egonkorren berdintasun juridikorako 6/2000 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena

Ordenantza honek bon.ean osorik argitaratu eta hamabortz egun balioduneko epean hartuko du indarra, T.A.T.B.ko 326. artikuluarekin bat.

I. ERANSKINA

Erronkariko Udaletxean, Udal Erroldaren bulegoan, halako egunean ......, honako hauek batera agertu gara:

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), NAN zenbakia: ...... Eta

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), NAN zenbakia: ......

Eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehena: aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ................. (oroitarazi behar zaio ......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

............(e)ko.......(a)ren.................(e)tik.

Elkartze zibila osatzen dutela eta udalerriko...............kaleko............zenbakian daukaten etxe berean bizi direla.

Bigarrena: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarrena: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik eta ez dela ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua izan.

Bosgarrena: ez dugula nahi/nahi dugula erregistroan jasotzea gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak.

Seigarrena: baimena ematen dugula Erroldako Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribaturik antzeko eduki eta xedeak dituen inolako erregistrotan.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko elkarte egonkorren Erronkariko Udaleko erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: .................. Sinatua:.................

II. ERANSKINA

Erronkariko Udaletxean, ......, honako hauek batera agertu gara:

Izen-abizenak: ............., N.A.N.: ............................, eta

Izen-abizenak: ............., N.A.N.: ............................,

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu udal erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sinatua: ................... Firmado:..........................

Iragarkiaren kodea: L0711369