103. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

PUIU

Puiuko udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasakarautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Puiuko Udalak, 2006ko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, bertzeak bertze, erabaki zuen hasiera batean onestea Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2007ko 15. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 2an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Puiun, 2007ko uztailaren 19an._Alkatea, Francisco Jesús Gil Guillén.

UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZUAK EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, Puiuko Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira herriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzketarako ekartzen diren hilotz guztiei lur emanen zaie, betiere legezko izapideak bete badira. Zerbitzuagatik ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira.

6. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako elementuak egiteko erabiliko da, ez bertze deusetarako.

Ehorzketa gaurko ilaren ordenari jarraikiz eginen da, hilerriaren arduradunak horretarako prestatzen duen hobian. Hura 2 metro sakon, 0,80 metro zabal eta 2,30 metro luze izanen da eta hobien artean gutienez ere 0,50 metroko tartea izanen da.

Hilobietan gurutzeak edo hilarri bertikalak, bertzerik ezin izanen da jarri, eta lurra egonkortutakoan paratuko dira. Lerrokaturik egonen dira, eta ondoko ezaugarri hauek izanen dituzte:

_Diseinu mota: librea.

_Gehieneko garaiera: 45 cm.

_Lodiera: 8 cm.

Hobi bakoitzean hilarri edo gurutze bakarra ezartzen ahalko da eta bertako idazkuneko datuek hobian ehortzirik dagoenarenak izan beharko dute. Debeku da lurrean bermatzen diren gurutze eta hilarriak barneko paretei atxikitzea.

Debeku da hilerriko lurzoruan edo paretetan edozein mota eta tamainatako lauzarik jartzea.

7. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.

8. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da. Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendua eginen die interesdunei hogeita hamar eguneko epean beren utzikeriaren ondoriozko hondamena konpontzeko egin behar diren obrei abia daitezen. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

9. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

10. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, ateratza osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz egin beharko da beti, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

11. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako abisurik eman beharko.

Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Udalari jakinaraziko dio aitzinetik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

12. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak ehortzi zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi atera eta lekualdatzen ahalko da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaileak manatu ezean.

13. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko litzateke ongi kontserbaturik ez balego.

14. artikulua. Udalak errausketaren hondarrak uzteko alde bat jarriko du hilerriko ipar-mendebaldeko paretan.

II. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

15. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:

a) Ehorzketak.

b) Hilobiei lotutako bertze lan batzuk.

16. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.

17. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

18. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik goitiko lanak partikularraren kontura izanen dira.

19. artikulua. Hilerri honetako edo bertze hilerri bateko hilobietatik heldu diren gorpuzkiak berriz hobiratzeko, ehorzteko tasak baizik ez dira ordainduko, hilobitik ateratzea partikularraren kontura izanen baita.

20. artikulua. 14. artikuluan aurreikusitako a) eta b) zerbitzuen tasak haiek eman aitzin ordainduko dira, arrazoitutako ezintasuna dagoenean salbu; orduan, dagokion tarifa ordainaraziko da.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Hilotzen gaineko Osasun Erregelamendua eta horiekin bat heldu diren gainerako arauak, baldin eta indarra badute.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak izanen, bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

ERANSKINA

1._Ehorzketak eta gainerakoak:

a) Puiuko Udalean erroldatuak: 100 euro.

b) Puiuko Udalean erroldatu gabeak:

_Puiun sortuak: 100 euro.

_Gainerakoak: 200 euro.

Iragarkiaren kodea: L0711752