103. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

GESALATZ

Ordenantza, Hirigintzako tramitazioen gaineko tasena. Behin betiko onespena

Deierriko Udalak, 2007ko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran hasiera batean onetsi zuen aldaketa puntuala Hirigintzako tramitazioen gaineko tasen ordenantzan.

Hasierako onespenaren iragarkia ekainaren 18an argitaratu zen, 2007ko 75. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betikoz onetsitzat jotzen da. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean hala argitaratu behar da, behin betiko testuarekin batean.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez deino.

Gesalatzen, 2007ko uztailaren 25ean._Alkatea, Marivi Goñi Azanza.

HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN GAINEKO TASEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babespean.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da hirigintzako edozein jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa udal mugapearen edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

1._Eraikuntza eta lurzoruaren eta zorupearen erabilera egintzak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legearen 221. artikuluan aipatzen direnak.

2._Udal Planeko aldaketa puntualak tramitatzea.

3._Udal Plana eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legean hirigintza kudeatzeko aipatzen diren gainerako bitartekoak garatzeko planeamendua tramitatzea.

4._Alderdi batek eskaturik abiarazitako aurri espedienteak.

5._Jarduteko eta irekitzeko lizentziak eskuratzeko tramitazioa.

6._Hirigintza arloko galdeak.

7._Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den hirigintzako edozein tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak babestua baldin bada.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute tasa, zergadun gisa, baita nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomikoa edo ondare berezia diren entitateek.

Etxegileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira.

Tarifak eta karga-tasa

6. artikulua. Gastu guztiak batuta aterako da tributu kuota, hau da, Udalak kontrataturiko teknikarien hirigintzako txostenen egiazko kostua, erabakien argitalpenen kostua, Lurzoruari buruzko 10/1994 Foru Legearen arabera egin beharrekoak baitira, eta etortzen ahal diren gainerakoak.

Alkatetzak eginen ditu tasen likidazioak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa.

Salbuespenak eta hobariak

7. artikulua. Edozein hobari eskuratu ahal izateko, ezinbertzeko baldintza da hirigintza-tramitaziorako eskaria erregelamenduzko betebehar guztiekin egitea, eta dagozkion egiaztagiriak ere ematea. Zein hobaritarako eskubide izan, hartarako eskaria ere egin beharko da, noski.

8. artikulua. Katalogaturik dauden eta/edo kontzejuetako alde zaharretan dauden eraikuntza, etxebizitza eta lokalak zaharberritzea ahalbideratzeko tramitazioei dagokien tasak %50eko hobaria izanen du. Eraikin katalogatuez den bezainbatean, dagokien egiaztagiria aurkeztu beharko da horretarako.

Lehen etxebizitzarako bizitegietarako baldin badira eta sustatzaileak Gesalatzen erroldaturik badaude, hobaria tasaren %75 izanen da.

9. artikulua. Eskatzaileren bati hirigintzako tramitazioa ukatzen bazaio, %50eko hobaria izanen du, tramitazioari zegokion tasaren gainean.

10. artikulua. Tasak %25 murriztuko dira baldin eta hirigintzako tramitazioen eskatzaileek tramitazioari uko egiten badiote, txosten teknikoak luzatu baino lehen, uko berariazkoa Alkatetzari idatziz zuzenduta.

Kudeaketa

11. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskari orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak eta Eraikuntzaren udal ordenantzak (1999ko abuztuaren 30. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) aipatzen dituzten edukia eta xedapenak.

12. artikulua. Eskarien txostena egin ondotik tasaren behin-behineko likidazioa eginen da.

Udalak jakindakoan berak kontratatzen dituen teknikariek luzatzen dituzten hirigintzako txostenen kostua eta dagokien administrazio espedientearen barrenean egiten diren argitalpenen kostua, orduan eginen da tasaren behin betiko likidazioa.

13. artikulua. Tasari dagokion likidazioa onetsitakoan, interesatuari jakinaraziko zaio, eta horrek, ordaintzeko, hogeita hamar egun baliodun izanen ditu jakinarazten zaionetik.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra._Ordenantzak indarra hartzen duenetik eskatuko zaizkie, hirigintzako tramitazioak abiarazten dituzten subjektuei, ordenantza honek arautzen dituen tasak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0711801