103. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BARAÑAIN

Lagunak Udal Zerbitzua erakunde autonomoaren Estatutuetako aldaketa. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2007ko martxoaren 29an egin osoko bilkura arruntean, legez ezarritako quoruma zuela, hasiera batez onestea erabaki zuen Lagunak Udal Zerbitzua erakunde autonomoaren Estatutuetako aldaketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2007ko 61. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 16an, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean ere, eta espedientea jendaurrean eduki hiru hilabetez.

Aipatu jendaurreko epea iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, estatutuen testua behin betiko onetsitzat jotzen da, eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz, haren testu osoa argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da aipatu agindua betetzeko, eta ohartarazten Erregelamendu honen aurka _xedapen administratiboa baita_ ezin dela administrazio bidean errekurtsorik aurkeztu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2007ko ekainaren 21ean._Alkate udalburua, Florencio Luqui Iribarren.

ERANSKINA

Barañaingo Lagunak Udal Zerbitzuaren Estatutuak

1. TITULUA

Arau orokorrak

I. KAPITULUA

Xedea, izaera eta izena

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Barañaingo "Lagunak" Udal Zerbitzua erakunde autonomoaren araubide organikoa, funtzionala, administratiboa, langileena, ondarearena eta finantziarioa arautzea.

2. artikulua. Zerbitzu publikoa deszentralizazioko araubidean emanen da, erakunde autonomoaren bidez. Lagunak Udal Zerbitzua erakunde autonomoak, haren xedeak eta eginkizunak betetzeko, nortasun juridiko propioa, autonomia eta arlo-ondarea izanen ditu.

3. artikulua. Erakunde autonomoaren izena da "Barañaingo "Lagunak" Udal Zerbitzua".

II. KAPITULUA

Helburua, eginkizunak, erregulazioa eta ahalmenak

4. artikulua. Zerbitzuaren helburua pertsonaren prestakuntza oso eta armonikoa da, haren kultura eta hezibidea zaindu, sustatu eta garatzea, kirol eta josteta jardueretan eta, oro har, aisiakoetan. Helburu horiek lortzeko burutzen dira kirol jarduerak, jostetakoak edo kultur arlokoak, bata bestearekin koordinaturik baina bereiz diharduten sailetan, betiere baztertuz jarduera profesionalak.

5. artikulua. Erakunde Autonomoaren eginkizun espezifikoak dira, besterik ere izan daitekeelarik eta bestelakorik ukatu gabe, honakoen kudeaketa deszentralizatua:

Kirol esparruan:

a) Kirola sustatzea eta gorputz hezkuntza garatzea udalerriko biztanleen artean, bertan sarturik kirol espezialitateetatik ahalik eta gehien, instalazioen barnean zein kanpoan egin daitezkeenak. Halaber, kirol sailak, herri izaerakoak, sortzea eta erabiltzea.

b) Mota guztietako kirol instalazioak sustatzea eta egun Udalak dituenak zaindu, konpondu, mantendu eta administratzea.

c) Kirol lehiaketak sustatu, programatu eta antolatzea, gaiaren gaineko berariazko arautegiari jarraikiz.

d) Irabazi asmorik gabe bultzatzea Udalaren kirol instalazioen erabileran lehentasunak izan dezan heziketa eta josteta izaerak, haien helburuari dagokionak.

e) Kirol klubak sortzea, edo bestelako enteak, gaiaren gaineko berariazko legedian, edo, kasua bada, kirol eskolen gainekoan, agertzen direnak, eta zuzendaritza batzordeak onetsi beharko dituenak.

f) Zerbitzuaren barne funtzionamendua arautzea. Horretarako egokiak diren barne araubideko erregelamenduak onetsiko dira.

Kultura eta josteta esparruan:

a) Josteta eta aisialdirako ikuskizunak egitea, kirol arlokoak. Horretarako behar diren kontratazioak eginen dira, estatutu hauen 16. artikuluan ezartzen diren mugekin.

b) Kirol jaiak antolatzea, Zerbitzuaren instalazioetan egiteko modukoak badira.

c) Solasaldiak, mintzaldiak, topaketak edo eztabaidak sustatu eta garatzea, informazio edo prestakuntzarako, kirolaren eta aisiaren kulturarekin lotutako edozein gairi buruzkoak. Horetarako egoki juzgatzen diren kontratazioak eta aginduak eginen dira.

6. artikulua. Erakunde autonomoa erregelamendu honetan diren xedapenek arautuko dute, ezertan ukatu gabe aplikatzen ahal diren goragoko xedapenetan eta legeetan daudenak.

Estatutu hauek garatu eta beteko dira haien organoek hartzen dituzten baliozko erabakien bidez, beren eskumeneko esparruaren barrenean.

Estatutu hauek garatzeko, kasua bada, onesten diren barne araubideko erregelamenduek ezin izanen diete estututuei aurka egin.

7. artikulua. Erakunde autonomoak eskumena izanen du bere helburuak betetzeko egintza guztiak egiteko. Subiranotasun osoa izanen du egintzak eta jarduerak burutzeko, dagokion finantziazio araubidearen bidez egin daitezkeenak, betiere Udalak, osoko bilkuran, onetsi dituen aurrekontuen mugak ukitu edo aldatu gabe.

Bereziki, eskumena izanen du honetarako:

a) Dirulaguntzak, sorospenak eta laguntzak eskatzea edozein instituzio, korporazio edo entitate publiko edo pribaturi, estatu, erkidego edo toki mailakoa izan.

b) Hitzarmenak eta kontratuak sinatzea, edozein izaera eta motatakoak, haren eskumenen esparruan. Kreditua, maileguak edo aurrerakinak kontratatzeko, eta oro har udal ondasunendako ukipen edo arrisku berezia dakarten negozio juridikoetarako, Udalaren baimen espresu eta berariazkoa beharko da.

c) Erakundearen jarduera guztiak era egokian egiteko behar diren langileak kontratatzea. Horien araubidea Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileria arautzen duen foru legerian ezarritakoa da.

d) Bere eskumeneko zerbitzu guztiak antolatzea.

e) Obrak, erosketak, instalazioak eta zerbitzuak esleitzea, haiek egin edo eman, mantendu, zaindu eta hobetzeko, betiere 300.000 eurotik gorakoak ez badira. Bestela, Osoko Bilkurak baimena eman beharko du aldez aurretik. Kontratazio horien araubidea Nafarroako administrazio publikoen kontratuak arautzen dituen foru legerian ezarritakoa da.

f) Mota guztietako material, tresna, lanabes eta ondasunak eskuratzea, jardueren eta instalazioen eguneroko erabilera eta funtzionamendurako behar direnak, eta haiek besterentzea edo eskualdatzea, soberako, botatzeko edo baliorik gabeko sailkapena ematen zaienean, betiere eskuratzeak edo besterentzeak 300.000 eurotik gora egiten ez badute. Bestela, Osoko Bilkurak baimena eman beharko du aldez aurretik.

g) Inbertsioak egitea, higiezin eta instalazioetarako dituen aurrekontuek horretarako bidea ematen badute eta betiere 300.000 eurotik gora egiten ez badute. Bestela, Osoko Bilkurak baimena eman beharko du aldez aurretik. Edonola ere, Udalaren eskumenekoak izanen dira haien mantentze lan bereziari dagozkionak.

h) Urtero ezartzea Zerbitzuaren erabiltzaileek, hura mantentzeko, ordaindu beharreko tarifak. Prezio publikoaren izaera izanen dute eta haiek ezarri eta arautzeko toki ogasunei buruzko foru legedian xedatutakoari jarraikiko zaio.

Tarifak ezartzerakoan, kontuan hartzen ahal dira, erabiltzaileen adina eta erabiltzeko araubidea ez ezik, ahalmen ekonomiko txikiagoa edukitzea edo era guztietako inguruabarrak, babes berezia jasotzeko aukera ematen dutenak.

III. KAPITULUA

Erakundearen helbidea eta lurralde esparrua

8. artikulua. Erakunde Autonomoaren helbidea izanen da Barañaingo erronda, zk.g. eta Zuzendaritza Batzordearen erabaki soilaren bidez aldatzen ahal da, betiere Barañaingo udal mugapearen barnean, kideen bi herenek harturik eta Udalari horren berri emanda.

9. artikulua. Erakundearen lurralde esparrua Barañaingo udalerria da.

II. TITULUA

Araubide organikoa eta funtzionala

I. KAPITULUA

Zuzendaritza organoak eta administratzeko modua

10. artikulua. Erakundearen gobernua eta administrazioa Zuzendaritza Batzordea izeneko kide anitzeko organoaren esku egonen dira. Osoko bilkuraren araubidea izanen du, edo bestela batzordearena. Halaber, abonatuen biltzar orokorra egonen da. Organo bakoitzak izanen ditu erregelamendu honetan aitortzen zaizkion eskumen eta ahalmenak.

II. KAPITULUA

Lehendakaritza, izendapena eta eskurantzak

11. artikulua. Lehendakariak, zuzendaritza batzordeko kide kualifikatuena baita, Zuzendaritza Batzordeak eta biltzar orokorrak hartutako erabakiak betetzeko ardura izanen du. Halaber, haien legezko ordezkaria izanen da egintza guztietan eta mota guztietako jarduketak burutzeko, edozein pertsona fisiko edo juridiko, pribatu edo publiko, erakunde, korporazio edo administraziorekiko, edozein izaera eta mailakoak izanda, hala Erakundearen eguneroko jardunari dagokionean nola parte hartzen duenean egintza berezietan edo are auzietan ere, Erakundearen interesak sustatu edo defendatzeko burutzen badira, maila, mota, jurisdikzio eta auzialdi guztietako epaitegi eta auzitegietan.

Lehendakariaren kargua Udaleko alkateari dagokio, edo zinegotzi bati, alkateak proposatu eta Udalak, osoko bilkuran, izendatzen duenari, zuzendaritza batzorderako proposatzen diren udal taldeen ordezkarien artean. Edozein inguruabar dela eta, alkatetza berritzen bada, lehendakaria ere aldatu beharko da. Izendapena atal honetan aurreikusitakoari lotuko zaio eta ukatu gabe, kasua bada, zinegotzi bera berriro hautatzea, dagokion kargualdia bukatu arte.

12. artikulua. Ondokoak dira lehendakariaren berariazko eskurantzak:

a) Zuzendaritza Batzordeko, osoko bilkuran edo batzordean, eta Batzar Orokorreko bilkuretarako deia egitea eta haietan buru izatea; eztabaidak zuzentzea, bilkurei bukaera ematea eta berdinketetan berak duen kalitatezko botoa erabiliz erabakitzea.

b) Instalazioen zerbitzuko langile guztien dedikazioa eta erabilera eta instalazioen fintzionamendu egokia gainbegiratzea.

c) Abonatuek egindako erreklamazioez arduratzea eta Zuzendaritza Batzordeari igortzea, ebats ditzan.

d) Hark berak hartzea, erantzukizuna berea izanik, besteen eskumenekoak diren erabakiak, premia larriko kasuetan eta arrisku handia dagoenean pertsona eta ondasun publikoarendako. Horren berri emanen dio berehala Zuzendaritza Batzordeari, berretsi edo berritzeko, eta Udalbatzari, helburu berarekin, kasuaren larritasunak hala eskatzen badu.

e) Zuzendaritza Batzordearen egitekoak bultzatu eta zuzentzea.

f) Erakundearen langileen eta kargu garrantzitsuenen izendapenak eta haren organo eskudunek aurkezten dituzten kontuak ikus-onestea.

g) Baimena ematea, Zuzendaritza Batzordeko beste kide batekin batera sinatuz, Erakundearen banku-gordailu eta kontuetako fondoak atera eta erabiltzeko.

h) Estatutu hauen 15. artikuluan aurreikusten den hauteskunde prozesua irekita deklaratzea.

13. artikulua. Lehendakariaren kargua hutsik badago, edo hura kanpoan edo eri denean, edo larrialdiaren kasuan, eta ukatu gabe izendatua aurretik azaldu den moduan berritzea, kasua bada, hura ordezkatuko du, dagozkion eskurantza guztiak harturik, lehendakariordeak, eta hura ere ez badago, idazkariak eta diruzainak, ordena horretan.

III. KAPITULUA

Zuzendaritza Batzordea, izendapena eta eskurantzak

14. artikulua. Erakunde autonomoaren goi mailako kudeaketa eta gobernua geratzen da Zuzendaritza Batzordearen esku. Ondoko kideek osatzen dute:

_Udaleko alkate udalburua, edo Estatutu hauen 11. artikuluaren arabera lehendakaritzarako izendatutako zinegotzia.

_Zinegotzi bat udal talde bakoitzeko, Udalak osoko bilkuran izendaturik, bakoitzaren udal taldeak proposatuta.

_Abonatuen zazpi ordezkari, Erregelamendu honetan ezartzen den moduan aukeratuak.

Zuzendaritza Batzordeak bere kideen artetik izendatuko ditu lehendakariordea, idazkaria eta diruzaina.

15. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko kideen izendapena.

Udalaren ordezkariak hautatuko dira haien hauteskunde agintaldiak irauten duen denborarako. Hura amaitzean, jarduneko egoeran geratuko dira Udal berriak, osoko bilkuran, kide berriak izendatu arte. Haiek ordezteko hautatu zirenean erabili zen modu berari jarraikiko zaio.

Abonatuak lau urteko aldietarako hautatuko dira eta berriro ere aurkezten ahal izanen dira.

Abonatu iraunkorren ordezkariak botoa emateko eskubidea dutenek hautatuko dituzte, hautatuak izateko eskubidea dutenen artetik, bozketa unibertsal, libre, berdin, zuzeneko eta sekretuaren bidez, aldez aurretik hautetsien aldarrikapena eginda, hamar egun balioduneko epean, Barañaingo Lagunak Udal Zerbitzuko lehendakariak hauteskunde prozesua irekitzat jotzen duenetik.

Zuzendaritza Batzordean erabiltzaileei dagozkien kideak ondoko prozedurari jarraikiz izendatuko dira:

Bozketak egin aurretik Zuzendaritza Batzordeak hauteskunde mahaia edo kide anitzeko organoa, haren ordez ari dena, izendatuko du. Horrek zehaztuko du erabiltzaileen ordezkariek Batzordean nahitaez bete beharreko karguen kopurua, hauteskundeak era zuzenean egin daitezen begiratuko du, botoa eman nahi dutenek horretarako eskubidea ote duten egiaztatuko du, botoen kontaketa eginen du, aurkeztu diren hautagaitzetako kontu-hartzaileek gainbegiratuta eta Zuzendaritza Batzordeari proposatuko dio aurkeztu diren erreklamazioak ebazteko.

Hautagaitzak aurkeztuko dira zerrenda irekian, ordena alfabetikoaren arabera prestatua. Hautetsitzat aldarrikatuko dira boturik gehien eskuratu dutenak. Haien artean berdinketarik gertatuz gero, Udal Zerbitzuan antzinatasun handiena duena lehenetsiko da.

Botoa emateko eskubidea duen abonatu bakoitzak hautatzen ahal duen hautagai kopurua da, gehienez ere, Zuzendaritza Batzordean egon behar duten kide-erabiltzaileen hiru laurdenen (3/4) parekoa.

Ez bada inolako hautagaitzarik aurkezten, erabiltzaileen ordezkariak izendatzeko zozketa eginen da, botoa emateko eskubidea dutenen artean. Halakoetan nahitaezkoa da karguak betetzea.

Gaixotasuna, heriotza, bizilekuz aldatzea edo gainerako edozein egoera berezirengatik kargu hutsak geratzen badira, hauteskundeak egin gabe beteko dituzte, hurrenez hurren, hautatuen ondoren boturik gehien atera dutenek, edo aldez aurretik aipatu zozketa eginez.

16. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen ahalmenak, dituen eginkizunekin bat, ondokoak dira:

a) Proposamena prestatzea, ondoren Batzar Orokorrak onets dezan, jarduketa programen gainean: aurrekontuak, plantilla organikoa, prezio publikoak, aurrekontua betearazteko oinarriak eta aurrekontuetako helburuak eta aurrekontuari erantsitako agiriak, Lagunak Udal Zerbitzuak geroago Udalari igortzen dizkionak, udal aurrekontuari eta plantilla organikoari gehitzeko.

b) Proposamena prestatzea, ondoren Batzar Orokorrak onets dezan, ekitaldi ekonomiko bakoitzean egindako jardueren ondoriozko balantzeen eta kudeaketa eta jarduera txostenaren gainekoa. Batzarrak aurrekontuetan ezarri eta Udalak osoko bilkuran onetsitako zenbatekoei lotuko zaie.

c) Proposamena prestatzea, ondoren Batzar Orokorrak onets dezan, urte bakoitzeko ekitaldi ekonomikorako proiektatutako jarduera guztien aurrekontuen gainekoa, geroago Udalak, osoko bilkuran, hura onestea ukatu gabe.

d) Proposamena prestatzea, ondoren Batzar orokorrak onets dezan, Zuzendaritza Batzordeak eztabaidatutako edozein gairen gainekoa, betiere Batzordeko kideen botuetatik ehuneko hogeita bosteko (%25) botoen adostasuna badu.

e) Antolatu, zuzendu, ikuskatu eta neurri egokiak hartzea, erakundearen eta haren instalazioen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko xedearekin; halaber, jarduera eta zerbitzuen antolaketa eta funtzionamendurako arauak proposatzea.

f) Era guztietako egintza eta kontratuak burutzea, bere jarduketa esparruan, instalazioen antolaketa eta funtzionamendurako. Instalazioen mantentze lan, laguntza eta sostengu materialaz arduratuko da, era orokorrean, betiere egintza eta kontratu horiek 300.000 eurotik gora egiten ez badute. Bestela, Udalak, osoko bilkuran, baimena eman beharko du aldez aurretik.

g) Kirol instalazioak, edo bestelakoak, Udalak edo beste erakundeek antolatzen dituzten jarduerak garatzeko egokiak direnak, erabiltzeko hitzarmenak onestea, betiere Udalak, osoko bilkuran, onetsitako aurrekontuen mugak desorekatu gabe.

h) Mota guztietako kontu korronteak eta aurrezki kontuak ireki, haien jarraipena egin, xedatu eta deuseztatzea, xede hori duen edozein establezimendutan. Halaber, haietan mota guztietako deposituak eratzea eta kentzea, dirutan edo baloretan. Eragiketak horretarako baimena dutenek eginen dituzte, Batzar Orokorrak onetsitako muga ekonomikoen barnean.

i) Batzar Orokorrari proposatzea barne araubideko araudiak, Zuzendaritza Batzordeak aldez aurretik prestatuak, onets ditzan.

j) Mota guztietako erreklamazio, eskaera eta errekurtso _ohikoak eta ohiz kanpokoak_ paratzea eta/edo haietan agertzea, kasua bada, epaitegietako edo justizia epaimahaietako edozein instantziatan eta Espainiako lurralde eremuko edozein jurisdikziotakoetan; halaber, egoki den gobernu eta administrazio agintari orori zuzendurik, emandako epaia onartuz edo hari apelazioa aurkeztuta, Erakundearen xede eta helburuen interesen aldekoa zein den.

k) Zerbitzuko langileak, finkoak zein behin-behinekoak, izendatzea, lanpostutik kentzea eta kontratatzea, betiere Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen gaineko foru araudian ezarritako xedapenei eta Zerbitzuko plantilla organikorako onetsitako mugei lotuta.

l) Era guztietako kobrantzak eta ordainketak egitea, dagokion aurrekontuan ezarritako mugen barnean. Aurrekontuaren araubidea, ekonomia eta finantza arlokoa, kontabilitatearena, kontu-hartzailetzarena, finantza kontrolarena eta eraginkortasunari dagokiena Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera egokitu beharko dira.

m) Erabiltzaileek ordaindu beharreko prezio publikoak proposatzea, eta ezartzea, kasua bada, kategoriak eta ekarpen ezberdinak, iraunkortasuna, araubidea edo bestelako baldintzen arabera; orobat, haiek eguneratzea, betiere eta araubide guztietan eta bestelako justifikaziorik ezean, bizitzaren kostuaren benetako igoerei lotuta eta betiere Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoari.

n) Hauteskunde egutegiak ezartzea, hauteskunde prozesurako tramite guztiak zuzen betetzeko aski diren epeak adierazita. Era berean, erabiltzaileen ordezkarien hautagaitzak zehaztuko ditu, Estatutu hauen 15. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

ñ) Aurretik arautu den hauteskunde prozesutik datozen erreklamazioak ebaztea.

o) Abonatuak onartu, zehatu, kendu eta bidaltzea, estatutu hauetan eta haiek garatzen dituzten barne araudietan xedatutakoari jarraikiz.

p) Erakundearen Batzar Orokorretarako deia egitea eta haien buru izatea.

q) Batzar Orokorrak eskualdatzen dizkionak.

17. artikulua. Zuzendaritza Batzordeak osoko bilkura edo batzorde iraunkor gisa jardunen du. Batzorde iraunkorra ondokoek osatuko dute:

Lehendakaria, Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria ere izanen dena.

Bi zinegotzi batzordekide, Zuzendaritza Batzordea osatzen dutenek beraien artetik hautatuak.

Hiru abonatu batzordekide iraunko, zuzendaritza batzordea osatzen dutenek beraien artetik hautatuak.

Batzorde Iraunkorreko kideek karguak bozketa eginez banatuko dituzte. Lehendakariordea abonatuen ordezkari bat izanen da; idazkariaren eta diruzainaren karguak Zuzendaritza Batzordeko osoko bilkuretan kargu horiek dituztenek beteko dituzte, bestela haien izendapena eginen da.

Batzorde Iraunkorrean idazkaria eta diruzaina berriro izendatzen badira, kargu horiek hautatzeko erabakiari Zuzendaritza Batzordeko kideen gehiengo osoak aldeko botoa eman beharko dio.

18. artikulua. Batzorde Iraunkorrari ondokoa dagokio:

a) Zuzendaritza Batzordeak, osoko bilkuran, instalazioetarako arautzen dituen zerbitzuak eta jarduerak antolatu, programatu eta zuzentzea.

b) Instalazio eta zerbitzuen mantentze lan, laguntza eta sostengu materialaz arduratzea.

c) Langileen plantillak prestatzea, Zuzendaritza Batzordeak, osoko bilkuran, aztertu eta onets ditzan eta ondoren Udalari igortzeko, osoko bilkuran onets ditzan.

d) Zerbitzuen araudiak prestatzea, Batzar Orokorrak onets ditzan.

e) Zuzendaritza batzordeak eskuordetzen dizkion gainerako guztiak.

IV. KAPITULUA

Batzar Orokorra, haren araubidea eta eskurantzak

19. artikulua. Batzar Orokorra osatuko dute instalazioetako abonatu guztiek, adinez nagusi izan eta jarduteko ahalmen osoa badute. Botoa emateko eskubidea izanen dute, ezarritako prezioen ordainketa eguneratua badute.

Zuzendaritza Batzordea ere Batzarreko kide izanen da. Botoa emateko eskubidea izanen du eta batzarreko lehendakaria izanen da.

Batzar Orokorrak ondoko eskurantzak ditu:

a) Erabiltzaileek ordaindu beharreko prezio publikoak onestea eta urtero eguneratzea, eta ezartzea, kasua bada, kategoriak eta ekarpen ezberdinak, iraunkortasuna, instalazioen betekizuna eta erabiltzeko araubidea edo bestelako baldintzen arabera, jarduteko printzipioak izanik autofinantzaketa eta mantentzea hasiera batean ezarritako prezioen proportzionaltasuna _bestelako justifikaziorik ezean_ bizitzaren kostuaren igoeren urteko neurrian.

b) Estatutuetan egin litezkeen aldaketetan parte hartzea, baina arauketan Zerbitzuaren udal izaera murriztu gabe.

V. KAPITULUA

Zerbitzuko organoetako gainerako kideak

20. artikulua. Bai zerbitzuko Zuzendaritza Batzordeak, bai Batzorde Iraunkorrak, bai erakunde autonomoraren Batzar Orokorrak ere, idazkari baten laguntza izanen dute. Hasiera batean, haien kideen artetik izendatuko da; bilkuretan parte hartuko du, hizpidez eta botoz, eta esleitzen zaizkion langileak izanen ditu. Haren eginkizuna izanen da, betiere, aipatu langileen lanak gainbegiratzea, ondoko hauek:

a) Erabiltzaile abonatuen erregistro liburua eramatea, bertan jasoz haien izen-deiturak, lanbidea, helbidea, Erakundean duten kargua eta sarrera eta irteera datak.

b) Akta liburu bana edukitzea, organo bakoitzeko. Haietan jasoko dira hartutako ebazpenak, eta bakoitzari buruz zehaztuko agertutako pertsonak, nolako botoak eman dituzten eta guzti-guztietan datak, deialdiarena eta egiten den bilerarena edo hartzen den erabakiarena. Halaber, haiek izenpetzeko sinadura paratuko du, delako bileran buru egin duenarekin batera.

c) Erregistro eta akta liburuak zaintzea, hartutako erabakiak jakinaraztea, hartzailea orokorra ez denean edo haren gainean duen organoak agintzen dionean, lehendakariaren ikus-onespenarekin.

d) Zitazioak egitea, zerbitzua ematen ari den organoen bilkuretarako, postaz arduratzea eta behar diren iragarkiak prestatzea.

e) Erakundearen jardueren, gertakizunen eta kudeaketa administratiboaren gaineko txostenak prestatzen laguntzea.

f) Erabiltzaile abonatuen onarpenaren eta irteeraren berri ematea diruzainari, gertatu diren data adierazita.

g) Langileen lansarien nomina hilabetero prestatzea eta baimentzea, diruzainaren ikus-onespenarekin eta lehendakariaren ordain-agiriarekin, diruzainak ordainketak egin ditzan.

Batzar Orokorrak eta Zuzendaritza Batzordeak, zein bere eskumenen esparruan, kudeatzaileari esleitzen ahal dizkiote idazkaritzaren egitekoak.

21. artikulua. Halaber, diruzain bat izanen da. Hasiera batean, kideen artetik izendatuko da; bilkuretan parte hartuko du, hizpidez eta botoz, eta esleitzen zaizkion langileak izanen ditu. Haren eginkizuna izanen da, betiere, aipatu langileen lanak gainbegiratzea, ondoko hauek:

a) Erakundearen kontabilitatea. Liburuetan, kontusail biko sistemaren bidez, zehatz-mehatz jasoko dira dirusarrera eta gastu guztiak.

b) Zerbitzuaren prezio publikoen dirubilketa.

c) Zuzendaritza batzordeak erabakitzen dituen edozein motatako ordainketei erantzutea, ordainagiri, abonamendu, ordain-agindu, txeke edo taloiak sinatuz, lehendakariak eta baimendutako kideetako batek ikus-onetsi ondoren.

d) Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontuak eta eskatzen zaizkion gainerakoak prestatzea. Dagokion ekitaldiaren ondoko urteko lehen hiruhilekoan igorriko dizkio zuzendaritza batzordeari.

e) Dirusarreren eta gastuen urteko aurrekontuaren proiektua prestatzea, Zuzendaritza Batzordearekin batera.

Zuzendaritza Batzordea dirusarreren eta gastuen betekizun arruntak esleitzen ahal dizkio kudeatzaileari, eta ahalmenak eman faktura edo eskaera txikiak, kirol instalazioetan presako kasuetan sortuak, ordaintzeko, edo dirua erabiltzeko, ezartzen zaizkion mugekin. Halakoetan, diruzainak xede horretarako behar direnak emanen ditu, eta biek kontuak aurkeztuko dituzte, baimentzeko erabakian ezartzen zaizkien tenorean eta moduan.

Kargu honi aurreko aginduan arautzen diren aurreikuspenak ere aplikatuko zaizkio, pertsona batengan eginkizunak batzeari eta haiei laguntza emateko langileak egoteari buruzkoak.

VI. KAPITULUA

Erakundearen instalazioekin eta sailekin lotutako karguak

22. artikulua. Jardueren eta zerbitzuen funtzionamendua hobetzeko, zuzendaritza batzordeak edo erregelamendu honetan arautzen diren gainerako organoek gaiaren gainean dituzten goi mailako eskumenak murriztu gabe, ondoko hauek izendatuko dira:

Lokal eta Instalazioetako bi (2) delegatu.

Kultur eta Josteta Saileko bi (2) delegatu.

Kirol Saileko bi (2) delegatu.

Zuzendaritza Batzordeko kideen artetik izendatuko dira.

Haien eginkizuna izanen da Zuzendaritza Batzordearen eta abonatuen arteko lotura zuzenagoa eta hurbilagoa egoteko organoa izatea, abonatuei Erakundearen informazio printzipioak eta zuzendaritza arauak helarazteko, eta Batzordeari eta erakundeari, berriz, abonatuen gogoetak, iradokizunak eta erreklamazioak.

Organo aholku-emaileak dira. Erabakitzeko ahalmena bakarrik etorriko zaie Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiek espresuki ematen dietenean.

Hona haien eskurantza nagusiak:

A) Lokaletako eta instalazioetako delegatuei dagokienez:

a) Sailetako delegatuekin eta langileekin koordinatzea, instalazioen aprobetxamendu handiena lortzeko.

b) Zuzendaritza Batzordearekin lankidetzan aritzea, lokalek eta instalazioek ahalik eta hobekien funtziona dezaten.

c) Zuzendaritza Batzordeari igortzea gertatzen diren hondaketen eta erregelamenduen arau-hausteen gaineko berriak eta parteak.

d) Erabiltzaileei kargu hartzea, gizalegezko portaera txarra izan edo instalazioei kaltea egiten bazaie, eta batzordeari proposatzea behar diren neurri zuzentzaileak.

e) Zuzendaritza Batzordeak agintzen dizkien gainerako guztiak.

B) Sailetako eta instalazioetako delegatuei dagokienez:

a) Zuzendaritza Batzordeari proposatzea Sailaren funtzionamendua hobetzeko behar diren neurriak.

b) Saileko abonatuak mantentzea, haietako bakoitzarentzat Zuzendaritza Batzordeak ezartzen dituen oinarrizko arauen barrenean.

c) Sail bakoitza antolatzea horretarako zuzendaritza batzordeak emandako arau oinarrizkoen barnean.

d) Bere Saileko abonatuei kargu hartzea, gizalegezko portaera txarra dutenean, eta Zuzendaritza Batzordeari proposatzea behar diren neurri zuzentzaileak hartzeko.

23. artikulua. Saileko kide izateko baldintza izanen da abonaturik egotea, salbu eta Kirol Sailean. Horretan jokalariak sartzen ahal dira, alegia, dagokion espezialitateko kirol probak gainditu eta Zuzendaritza Batzordeak halakotzat hartzen dituenak, Saileko delegatuek proposaturik eta datorren kirol modalitateko entrenatzaileak aldez aurretik txostena eginda.

VII. KAPITULUA

Kudeatzailea eta zerbitzuko langileak

24. artikulua. Zerbitzuaren administrazioa eta lanak burutzea izan litezke kudeatzaile baten ardura, Zuzendaritza Batzordeak lan araubide berezian kontratatua, abuztuaren 1eko 1382/1985 Errege Dekretuari, edo, kasua bada, hura ordezten duten mota berekoei jarraikiz. Batzordearen aginpean beteko ditu esleitzen zaion egitekoari dagozkion eginkizunak.

25. artikulua. Kudeatzailearen eginkizun berariazkoak izan daitezke ondoko hauek:

a) Zerbitzua zuzendu eta ikuskatzea, esleitzen zaizkion ahalmenen barnean.

b) Instalazioetako jardueren funtzionamendu ona bermatzea. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak proposatuko ditu.

c) Bere jarduketa instalazioetako eta sailetako delegatuek burutzen dutenarekin koordinatzea.

d) Bulegoetako burutza eta Zerbitzuari atxikitutako edo kontratatutako langileena bere gain hartzea.

e) Erakundearen sinadura edukitzea adierazten dizkioten barne komunikazioetan.

f) Zuzendaritza Batzordeko bilkuretara, osokoak zein batzordekoak izan, eta batzar orokorretara agertzea, hizpidea duela baina botorik gabe.

g) Erakundearen gobernu organoen erabakiak betetzea eta betearaztea.

h) Erakundearen jardueren gaineko urteroko txostenen prestaketan parte hartzea.

i) Bazkideen kontrol, erregistro eta administraziorako eta arlo ekonomikorako esleitzen zaizkion lanak burutzea.

j) Zuzendaritza Batzordeak agintzen dizkion gainerako guztiak, dagozkion eginkizunen barnean.

26. artikulua. Erakundeak behar dituen langileak izanen ditu. Batzar Orokorrak onetsiko dituen bere lanpostuen zerrendetan eta plantilla organikoetan zehaztuko dira langile kopurua, kategoria eta eginkizunak. Betiere kontuan hartuz lan eskaintza publikoa eta bere langileak izendatzeko autonomiaren printzipioa, eta esleitzen zaizkion aurrekontu mugen barnean.

27. artikulua. Zerbitzuko plantillak ondoko hauek osatuko dituzte:

a) Kasua bada, Udalak izendatzen dituen langileak, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta.

b) Erakundeak berak kontratatutako langileak.

c) Kudeatzaileak eta lokaletako eta instalazioetako arduradunak.

d) Erregelamendu honetan araututako prozedurari jarraikiz, eta kasu bakoitzeko berezitasun, baldintza eta lanpostuekin, kontratatua suertatzen den oro, egun diren legezko araubide eta modalitateei jarraikiz.

28. artikulua. Erakundearen zerbitzu esklusiborako destinatzen dituzten udal langileak, halakorik baldin bada eta langileak berak aldez aurretik onartzen badu, haren plantilla organikoan sartuko dira, lehen zeuden tokian eszedentzia egoeran geldituz, denbora hori guztia bere alde kontatuko delarik, ondorio guztietarako, betiere egoerak horrela dirauen bitartean.

29. artikulua. Bere zerbitzurako behar dituen langileak zuzenean izendatuko ditu erakunde autonomoak, eta bere lanpostuak beteko ditu bere plantillen arabera eta Zuzendaritza Batzordeak, Batzar Orokorrak onetsitako irizpideei jarraikiz, ezartzen dituen oinarriak aplikatuz. Langile horien araubidea izanen da Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria arautzen duen foru arautegian ezartzen dena.

Langile hauek, inolako salbuespenik egin gabe, lan kontratazio eta legeriari loturik geldituko dira.

VIII. KAPITULUA

Udalaren eskumenak

30. artikulua. Udalak eskumen esklusiboa izanen du honakootan:

a) Erakundearen jarduerak garatzeko beharrezko edo komenigarri diren urteko aurrekontuaren guztirakoetan ezarri mugak berretsi edo ezestea.

b) Ezarritako aurrekontuaren mugetatik goiti eramaten duten aldaketak berretsi edo ezestea.

c) Udalaren jabetzakoak izan eta Zerbitzuari atxikirik dauden ondasun higiezin nahiz instalazioentzat bereziki arriskugarri izan daitezkeen edo edozein motatako kargaren ezarpena erakar dezaketen afera juridikoei dagozkien baimenak ematea.

d) Talde edo klase sozial jakin batzuei tasak ordaintzetik salbuetsi edo murriztapenak egiteko erabakiak, haur eta adin txikiko gazteentzat direnetatik aparte, edo halako kasuetan Erakundearentzat bidezko diren konpentsazioei buruzkoak.

e) Erabiltzaile batzuenganako tratu berezia edo dispentsa egiteko erabakiak hartzea, edo haiek erreklamazio bidez eskatutako konpentsazioei buruzkoak, kasu bakoitzean bidezkoa datekeen medeapenarekin.

f) Erakunde autonomoan kontrolatzea legea betetzen ote den, kontu-hartzailetza edo legez eska daitezkeen bestelakoak, helburu horietarako eskudunak diren funtzionarioen bitartez.

g) Manten lanetarako edo inbertsio bereziak egiteko onespena ematea, ondasunei eta haien finantzazioari eta ordainketari dagokienez.

IX. KAPITULUA

Erakundearen ebazpen eta erabakiak

LEHENBIZIKO SAILA

Lehendakaria

31. artikulua. Lehendakariak bere eskumeneko ebazpenak hartuko ditu, edozein mementu eta eratan, eta horrek ekarriko duen betebehar bakarra ebazpen horiek jasoak gelditzearena izanen da, bere eta fede-emailearen sinadurekin, Lehendakaritzaren ebazpenen Liburuan. Liburu hori ere Zuzendaritza Batzordeko idazkariaren kargura egonen da.

BIGARREN SAILA

Zuzendaritza Batzordea

32. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen erabakiak horretarako espresuki deitutako bilera edo bilkura irekietan hartuko dira.

Lehendakariak eginen du dei, bere ekimenez edo Zuzendaritza Batzordeko botoen %25 bederen osatzen duen kide multzo batek eskaturik, gutxienez ere 72 ordu lehenagotik. Halaber, zehaztu beharko da zein den eguneko gaien ordena, eta haiei buruzko dokumentazioa kideen eskura utziko da deialdia egiten den egunetik.

Ohiko bilkurak hilabetean behin eginen dira, eta ohiz kanpokoak gaien presak hala eskatzen duen aldioro.

Bilkura baliozkoa izan dadin, lehenbiziko deialdian, egon beharko dute bertan lehendakariak edo haren ordezko denak eta Batzordea osatzen dutenen erdiek gehi batek edo guztira diren botoen erdiak gehi bateko ordezkaritza dutenek

33. artikulua. Lehendakariak eztabaidak zuzenduko ditu eta haiek amaitu ondotik, bozketa bidez, erabakiak hartuko dira.

Erabakiak, bertan dauden kideen botoen gehiengo soilaz hartuko dira, quorum berezia behar denetan izan ezik, eta ohiko bozketa sistemaz jardungo da, non eta Lehendakaritzak ez duen erabakitzen, salbuespeneko gorabeherengatik, isilpeko bozketa behar dela.

Berdinketarik gertatuz gero, bozketa berriz eginen da, eta hark segitzen badu, lehendakariaren edo haren ordezko denaren kalitatezko botoak erabakiko du.

Kontu horietarako, udal talde batek zenbat kide duen, horrenbeste boto izanen du horren ordezkariak.

Abonatuen ordezkariek izanen dituzte Udalaren aldetik dituzten boto berberak, alegia, hiru boto bakoitzak.

Ez zaie utziko parte hartzen eztabaidan eta ondoko bozketan legeen arabera parte ez hartzeko kasuren batean sartzen diren pertsonei.

34. artikulua. Zuzendaritza Batzordeak sarrera egunetik hasi eta gehienez hirurogei (60) egun naturaleko epearen barrenean ebatziko ditu bere aurrean tramitatzen diren eskaera eta eskabideak.

HIRUGARREN SAILA

Batzar Orokorra

35. artikulua. Erabiltzaileen Batzar Orokorraren erabakiak bilkura arrunt nahiz berezietan, horretarako espresuki egiten direnetan, hartuko dira.

Batzar arrunta urtean behin eginen da, gutxienez honako gai hauei buruz jardun eta erabakitzeko: onestea aurreko ekitaldiko emaitzen kontuak, hurrengo ekitaldiko aurrekontuak, prezio publikoak, plantilla organikoa eta Zuzendaritza Batzordeak proposatzen dituen beste gaietako edozein.

Batzar Orokorraren bilkura arrunterako deialdian adieraziko da helbide sozialean erabiltzaileen eskura daudela bilerako gaiei dagozkien dokumentuak.

Dena dela, kasu guztietan, deialdian paratu beharko da eguneko gaien ordena, eta lehenbiziko bilera egin behar den ordu, leku eta eguna, eta, quorumik ez badago, bigarrenarenak; bigarrena egiteko ordubeteko tartea aski delarik.

Batzar bereziak eginen dira erregelamendu edo barne arauei buruzko gaiak direnean, Estatutuen aldaketa edo Elkartearen deuseztapenaz jardun behar denean, edo Zuzendaritza Batzordeak bidezkotzat jotzen duenean, betiere Zuzendaritza Batzordeko kideen botoen ehuneko hogeita bostek (%25) gutxienez eskatzen badute, edo erabiltzaile abonatu finkoen ehuneko hamarrek (%10) gutxienez, idatziz eta erabiltzailearen karnetaren eta NANaren fotokopiak ekarriz kautotutako sinaduren bitartez, eskatzen badute.

Batzar guztietarako deia Zuzendaritza Batzordeak eginen du, lehendakariak eta idazkariak sinatutako idazkiaren bidez, bilerarako zehazten den eguna baino hamabost (15) egun baliodun lehenago, bederen, eta instalazioetako iragarki oholean agertu eta probintziako egunkarietan iragarkia argitaratuz.

36. artikulua. Zuzendaritza Batzordeak jardungo du buru gisa Batzarretan eta eztabaidak zuzenduko ditu. Gaiari buruzko jarrera desberdinak azaldu ondotik eztabaida amaitutzat jo, bozketari hasiera eman eta bilkurari amaiera emanen dio.

Batzar Orokorra balio osoz eratzeko, lehenbiziko deialdian bertan egon beharko dute bere kideen erdiek gehi batek, haiek berek edo haien ordezkariek. Bigarren deialdian, balio osoz eraturik geldituko da, edozein delarik ere kideen kopurua, beraiek bertan egon edo haien ordezkarien bidez badaude.

Batzar Orokorraren erabakiak bertan daudenen gehiengo soilaz hartuko dira, deialdietako edozeinetan, bozketa sistema arrunta erabiliz, non eta, arrazoi bereziengatik, Zuzendaritza Batzordeak ez duen proposatzen, eta Batzarrak gehiengo berarekin onesten, isilpeko bozketa.

Berdinketarik gertatuz gero, bozketa berriz eginen da, eta hark segitzen badu, lehendakariaren edo haren ordezko denaren kalitatezko botoak erabakiko du.

Erabiltzaile guztiek, baita disidenteek eta bertan ez daudenek ere, men egin beharko diete Batzar Orokorrak hartzen dituen erabakiei. Edozein motatako errekurtsoak paratuta ere, ez da errekurritutako egintzaren betearazpena geldiaraziko, izaera orokorreko xedapen batek kontrako agindua ezartzen duen kasuetan izan ezik.

LAUGARREN SAILA

Erakundeko sailen bilerak

Haien funtzionamendua arautuko da ezarriko den Barne Araubideko Erregelamenduaren garapenaren bidez.

III. TITULUA

Araubide ekonomiko finantzarioa

I. KAPITULUA

Zerbitzua eman ahal izateko atxikitako ondasunak

37. artikulua. Udalaren gain geldituko den jabariaren titularitatea deusetan galarazi gabe, erakunde autonomo honen bidez ematen den zerbitzu publikoaren helburuak betetzeko, hari atxikirik gelditzen dira ondasun higiezin guztiak (lokal eta instalazioak), altzariak eta eskubideak, Estatutu hauekin batera doan Zerbitzuko inbentario berezian bildu direnak hain zuzen ere.

Erakunde autonomoak ondasunei buruz dituen eskumenak, bere gain uzten den ondarearen ustiapena eta administrazioa izanen dira, bai eta ohiko trafiko juridikoa izanen diren ondasunak eskuratu nahiz besterentzea ere, betiere Udalbatzaren esku utziz jabariaren gaineko ahalmen guztien erabileran dagozkeen jarduketen baimen edo onespena.

Esleitu zaion helburuaren ikuspegitik, izan duen bilakaera dela eta, ondasun bat ez-beharrezko gertatzen bada, erakundetik desatxikia suerta daiteke.

Erakunde autonomoa iraungi ondotik, atxikitako ondarea Udalera itzuliko da, ustiapenaren ondorioz irabazi duen gehikuntza eta helburu espezifikoari atxiki gabeko kanpoko ekarpenekin, halakorik bada.

II. KAPITULUA

Baliabide ekonomiko-finantzarioak

38. artikulua. Xedeak betetzeko eta gastuak finantzatzeko, Lagunak Udal Zerbitzua erakunde autonomoak bere baliabide ekonomikoak erabiliko ditu, honako hauek alegia:

a) Urtero dagokion dotazioa, instalazioak mantendu eta hobetzeko udal aurrekontu arruntetik datorrena.

b) Udalak emandako dirulaguntzak, bai garatzen diren programetan oinarriturik, bai beren gorabehera ekonomiko-sozialengatik, Udalak hala erabakita, tratu berezia edo salbuespenekoa ematen zaien erabiltzaileen finantzazioaren ondorioz.

c) Edozein erakunde edo instituzio publiko, estatal, foral edo lokaletatik datozen dirulaguntza, sorospen eta laguntzak.

d) Edozein entitate eta pertsona, fisiko nahiz juridiko, publiko nahiz pribatu, klub, federazio, elkarte edo nortasun juridikorik gabeko entitatetik heldu diren sari edo ekarpenak, berdin dohaintza, legatu, usufruktu edo bestelako bidetatik etorria izan.

e) Erakundearen jarduera espezifikoek ekartzen dituzten dirusarrerak.

f) Erakundeari atxikitako ondarearen aprobetxamendu material nahiz juridikotik eratorritako produktu eta etekinak.

g) Zerbitzuaren prezio publikoak. Horiek, arestian aipatutako proportzionaltasuna mantentzearen oinarria deusetan galarazi gabe, honako hauek hartuko dituzte kontuan: aurreko ekitaldietako defizitak, amortizazioak, instalazioen mantentze lanetako gastu arruntak, maileguen ordainketa eta diruzaintzako kredituak, gero aipatzen diren kontzeptuetatik heldu diren dirusarrerak eta Zerbitzuari bermatuak gertatzen zaizkion gainerako guztiak.

h) Abonatuek Elkartean sartzeko ordainduko dituzten kuotak, urtero berrikusiko direnak, oraingoa abiapuntutzat hartuz eta kontsumorako prezio indizearen arabera; kuotaren ehuneko berrogeita hamarra (%50) alta gertatzen denean ordaindu behar da, eta gainerakoaren ordainketa gerora daiteke, hilabeteko kuoten bidez, gehienez ere bost urteko epean.

Prezio publikoen ezarpenean, Estatutu hauetako 7. artikuluaren azken lerroaldean aurreikusitakoa aplikatuko da, eta dagokien dirubilketa errekarguak eta derrigorrezko biderako ezarritako tramiteak aplikatuz egin daiteke.

Agindu honen bereko g) atalean araututakoaren ondorioetarako, mantentze lanetako prezio publikoen kontzeptua izanen dute honako hauek:

Abonatuek aldiorokotasunez ordaintzen dituztenak.

Ez-abonatuek zerbitzua erabiltzeagatik ordaintzen dituzten prezioak.

Abonamenduak, zerbitzu espezifikoak erabiltzeagatik edo aldi baterakoak.

Autofinantzazio oinarriaren aplikazioak eskatuko du Zerbitzuaren ohiko mantentze lanak, ahal dela, kontzeptu guztietatik heldu diren fondoen bidez egitea.

Autofinantzazio oinarriaren aplikazioak eskatuko du instalazioen mantentze lana kontzeptu guztietatik heldu diren fondoen bidez egitea. Inbertsio obrak finantzatuko dira baliabide arruntetatik dagokienaren bidez, gehi eskura daitezkeen baliabide bereziak.

III. KAPITULUA

Kontabilitateko ondorioa

39. artikulua. Erakunde autonomoak bere aurrekontuaren aplikazio eta garapenari ekingo dio, bere kontabilitate independientea eramanez, kontabilitate publikoaren erregimenaren menean eta Udalaren Kontu-hartzailetzak ikuskatuko duelarik; ekitaldiaren itxierako kontuen proiektua onetsiko da, eta horiek Udalaren kontu orokorren barrenean sartuko dira, azken horrek onetsi eta gero.

IV. TITULUA

Prozedura eta araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Inpugnazioaren prozedura erkidea

40. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen, Batzar Orokorraren edo Zerbitzuko bestelako edozein organoren erabakiak, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren kontrolpean daudenak, ondoko bideak erabilita inpugnatzen ahal dira:

a) Legeria orokorreko jurisdikzioaren edo administrazioaren arloko errekurtsoak, organo eskudunei zuzendurik.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzen duen arautegian ezarritakoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendurik. Aipatu auzitegi horren ebazpen espresu ustezkoek amaiera emanen diote foru bide administratiboari eta haien aurka jotzen ahalko da, administrazioarekiko jurisdikzioko organo eskudunei zuzendurik.

Edonola ere, une bakoitzean indarra duen arautegian ezarritakoari jarraikiko zaio.

Zuzendaritza Batzordearen, Batzar Orokorraren edo Zerbitzuko bestelako edozein organoren erabakiek, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren kontropean daudenek, ukituak gertatzen direnei erabakiak inpugnatzeko bideen berri emanen diete.

Lagunak Udal Zerbitzuaren egintza eta erabakien aurka, administrazioarekiko auzien jursidikzioaren kontrolpean ez badaude, bidezko ekintza edo errekurtsoak burutu edo paratzen ahalko dira, eskumena duten organo jurisdikzionalei zuzendurik, legeria orokorrari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Zehapen prozedura

41. artikulua. Abonatu eta erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dituzte Estatutu hauetako xedapenak eta barne araubideko erregelamentazioetan ezartzen direnak edo Zerbitzuaren funtzionamendu hobeagoari buruz diktatzen diren guztiak.

Erantzukizun zibila izanen dute, baita ere, axolagabekeria, erru, maltzurkeria edo zabarkeriagatik instalazioei eragindako kalteak, alde batera utziz portaera horrengatik etor litezkeen administrazio zehapenak.

42. artikulua. Zuzendaritza Batzordeak osoko bilkuran zehatuko ditu ezarritako xedapenen aurkako arau-hausteak, Erakundeko lehendakariak irekiko duen prozedura eta gero, Batzordeak berak erabakita edo lokal eta instalazioen delegatuek, edo edozein enplegatu edo erabiltzailek, hari egindako salaketaren ondorioz.

Espedientearen tramitazioran parte hartuko dute instruktoreak eta idazkariak; karguen plegua eta ebazpen proposamena formulatuko dira, interesdunari entzuteko tramitea izanen da, eta bidezko errekurtsoa igorriko da hartzen den ebazpenaren aurrean.

Deusetan galarazi gabe Estatutu hauen garapenean dikta daitezkeen barne erregelamenduetan ezar daitezkeen arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa eta helburu horrekin Zerbitzuko organo eskudunei hemen ematen zaien baimen espresua, honako araubide hau ezarri da:

Araau-hauste arinak izanen dira:

a) Hiru hilabeteri dagokien ordainagiria ez pagatzea.

b) Instalazioak gaizki erabiltzea, haiei kalte egiteko arriskurik gabe.

c) Kargudun diren pertsonei edo instalazioetako enplegatuei desobeditzea, eta begirune eta errespetu falta erakustea.

d) Gainerako erabiltzaileei bigarren aldiz errespetu eta begirune falta erakustea.

Arau-hauste larriak izanen dira:

a) Sei hilabeteri dagozkien ordainagiriak ez pagatzea.

b) Instalazioak gaizki erabiltzea, haiei kalte egiteko arriskuarekin.

c) Kargudun diren pertsonei edo instalazioetako enplegatuei behin eta berriz desobeditzea, eta begirune eta errespetu falta erakustea.

d) Gainerako erabiltzaileei askotan errespetu eta begirune falta erakustea.

Ondokoak joko dira hutsegite oso larritzat:

a) Bederatzi hilabeteri dagozkien ordainagiriak ez pagatzea.

b) Instalazioak gaizki erabiltzea, haiei kalte eginez.

c) Kargudun diren pertsonei edo instalazioetako enplegatuei irain, laido edo eraso fisiko edo inmaterialak egitea.

d) Instalazioetan erabiltzaileen artean gertatzen diren eraso, liskar eta borrokak.

e) Erroldatzeari buruz egindako iruzurrak.

Jarduketa hauen aitzinean, maila zibil, administratibo edo penaleko gainerako jarduketak deusetan galarazi gabe, arau-hauste arinengatik jarriko den zehapena, kargu hartu eta erabiltzaile izaera aldi baterako gal dezaketela ohartaraztea izanen da; larriengatik, erabiltzaile izaera galduko da hilabete batez (1) gutxienez, sei hilabetez (6) gehienez, eta egozteko ohartarazpena; eta oso larriengatik besterik gabe erabiltzaile izaera galduko da eta instalazio guztietatik behin betiko egotziko.

V. TITULUA

Erabiltzaileak

I. KAPITULUA

Onarpenerako baldintzak

43. artikulua. Lokal eta instalazioetako erabiltzaile izan daitezke ondotik zehaztuko diren baldintzak betetzen dituztenak, edozein direlarik ere adina, sexua, erlijioa, ideologia, egoera edo gorabehera pertsonal edo soziala, eta bazter uzteko arrazoi bakarrak izanen dira egoteko eta aisirako lekuen, lokalen eta instalazioen berezko muga fisikoak.

Erabiltzaile guztiek tratu bera jasoko dute, inolako bereizketarik gabe.

44. artikulua. Erabiltzaileak bi motatakoak izanen dira: instalazioetako abonatu finkoak eta gainerako erabiltzaileak.

Abonatuek Barañaingo Udalean erroldaturik egon beharko dute. Halaber, instalazioetan sartzen ahalko dira, inolako bereizketarik gabe, Barañainen erroldaturik daudela egiaztatzen dutenak, abonatuak ez badira ere.

Erroldaturik ez daudenei sarrera ukatu edo murriztuko zaie, Zuzendaritza Batzordeak hala erabakita erabiltzaileen mugak jartzen direnean, gehiegi egoteagatik.

Abonatuak mota hauetakoak izanen dira:

A mota._18 urtetik goitiko abonatuak.

B mota._Abonatugaiak; horrelakotzat hartuko dira abonatuen adin txikiko seme-alabak, eta horientzat adinaren araberako prezio publikoak zehaztuko dira, Batzar Orokorrak ezartzen duenari jarraikiz.

C mota._Aldi baterako abonatuak, abonatu kirolariak eta jarduera jakin batzuetan abonatutako aldi baterakoak, Zuzendaritza Batzordearen irizpideen arabera.

Atal honetan araututako sailkapen eta banaketan egiten diren aldaketak, haien oinarrizko printzipioei lotuz eginen dira, eta Batzar Orokorrak hartu beharko du onespeneko erabakia.

45. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak honako hauek izanen dira:

A) Oro har, zuzen erabiltzea Zerbitzuaren lokal, instalazio eta haiei erantsitako guztiak, orokorrak nahiz beren sail eta modalitateetakoak.

B) Abonatuak:

1._Hautesle eta hautagai izatea, bai Zuzendaritza Batzordean dagozkien karguetarako, bai Estatutu hauetan ezarritako gainerakoetarako.

2._Posta bidez erabiltzea, hala nahi badute, karguetarako hauteskundeetako boto eskubidea.

3._Jarduera sozial orokorretan eta beren sailetako espezifikoetan parte hartzea.

4._Aztertzea balantzeak, kontu orokorrak, aurrekontuak eta, oro har, Batzarretan aztergai izan ohi diren agiri guztiak.

5._Instalazioetan egiten diren mota guztietako ikuskizunetara dohainik joatea, non eta Batzordeak ez duen, aldez aurretik, sarrera ordaindu behar dela erabaki.

6._Barañaindik kanpo bizi diren jendaki edo lagunak berarekin eramatea, dagokien sarrera-tarifa ordainduko dutela, erabiltzaile gehiegi izateagatik kopurua mugatzen den kasuetan izan ezik.

7._Hobaria jaso edo tarifa ordaintzetik salbuestea, abonatu izaera galdu gabe, justifikatutako arrazoiak medio, kanpoan luzaro egon behar den garaietan.

8._Arauteriaren ale bat jasotzea.

46. artikulua. Abonatuek beharkizun hauek izanen dituzte:

a) Araututako epearen barrenean ordaintzea Zerbitzuaren prestazioak ezartzen dituen ohiko edo ohiz kanpoko prezio publikoak, harik eta hil, egotzi edo borondatezko baja ematen duen arte.

b) Ematen diren nolanahiko maila eta lerruneko xedapenak bete eta betearaztea.

c) Behar diren portaera eta begirune arauak betetzea, bai norberari dagokionean, bai kargu, enplegatu eta Zerbitzuko gainerako erabiltzaileekin.

d) Erabiltzaileen datu pertsonalei edo kualitate eta motari dagokienean gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea organo eskudunari.

47. artikulua. Aldian behingo erabiltzaileek edo aldi baterakoek edo jarduera jakin batzuetarakoek lokal eta instalazioak erabiltzeko izanen dituzten eskubideak, eurek eskuratzen duten sarrera motaren araberakoak izanen dira, onesten diren barne araubidearen erregelamenduek arautzen dituzten baldintzei jarraikiz, eta beharkizunei dagokienez, haien erabilera dela eta abonatuentzat ezarrita daudenak bete beharko dituzte.

48. artikulua. Obrak, izurrite arriskua edo bestelako arrazoi larriak tarteko direnean, Zuzendaritza Batzordeak bertan behera utz dezake lokal, instalazio eta zerbitzuen erabilera, hein batean edo osorik.

Halako kasuetan ematen den ebazpenak argudiatuko du zein den mozketaren arrazoia eta zehaztuko, ahal bada, zenbat denbora iraunen duen, eta iragarkien bidez emanen du aditzera Erakundearen iragarki oholean eta probintziako egunkarietan.

Zerbitzua arrazoi horiengatik bertan behera uzten denean, erabiltzaileek ez dute kalteordainik jasotzeko eskubiderik izanen.

VI. TITULUA

Erakundearen deuseztapena

49. artikulua. Erakunde autonomoa iraungiko da, bai deuseztapenaren ondorioz, bai Zerbitzuaren kudeaketa edo prestazioa eraldatzeagatik, bai epai judizial irmoa dela medio.

Deuseztapen erabakia hartuko da, bai Batzar Orokorrak eskatu, bere kideen bi herenek (2/3) adostasuna agertuz, eta gero Udalak berretsita, bai Udalaren ebazpen zuzenaren bitartez, ezarrita dagoen erregelamenduzko quorumaren bidez hartutako ebazpenaz hain zuzen ere.

Deuseztapena gertatzen denean, ondarea besterik gabe lehen zeukan destinoaren xedearekiko inolako atxikimendurik ez duela geldituko da, eta Udalaren eskura itzuliko, deusetan ukatzeke dagozkiokeen kreditu eskubideak.

I. XEDAPEN GEHIGARRIA

Udala beste korporazio edo udalerri batek bereganatzen badu edo hartan sartzen bada, Barañaingo Udalak, bere deuseztapena baino lehen, bermatuko du entitate berriaren aurrean Lagunak erakundearen instalazioen erabilera eta haren kudeaketako partaidetza Zerbitzuko abonatuentzat, Estatutu hauetan ageri den bezala.

II. XEDAPEN GEHIGARRIA

Bizilekuz aldatzeagatik Barañaindik kanpora joan eta beste udalerri batean erroldatzen diren abonatu finkoek ez dituzte beren eskubideak galduko, eta abonatu izaten segitzen ahal dute, baldin eta egiaztatzen badute abonatu finko gisa etenik gabe hiru urtez bederen egon direla.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Udalak Estatutu hauei hasierako onespena ematen dienetik aitzinera, Udalak haiekin bat etorriz Lagunak Udal Zerbitzuan izan behar duen ordezkaritza izendatzen ahal du.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek indarra hartuko dute Udalak behin betiko onespena eman eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L0710244