97. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LEOTZ

Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza behin betikoz onetsirik

Leozko Udalak, 2006ko martxoaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2006ko 55. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 8an. Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi eta osorik ematen da argitara Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, NafarroakoToki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, Nafarroako Toki Araubidea Eguneratzeko urriaren 29ko Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA (E.L.Z.)

Zioen azalpena

Etxez etxeko laguntza zerbitzuak segitutako prozesuak eta hura bizilagunei hedatzeak beharrezko egiten du hura emateko arauak ematea, hain zuzen ere ondotik heldu direnak.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeak herritarren gizarte ongizatea ahalik eta gehien bultzatzea du xede. Horretarako, gizarte ekinbiderako sistema global batez baliatzen da, zeinen helburua den lagun, talde eta komunitateek beren eskura izatea gizabanakoen testuinguru psikofisiko eta sozialaren barnean garatzeko beharrezko diren zerbitzu, baliabide eta laguntzak. Bada, lege horren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, hirugarren adinekoei laguntza ematea da jarduketa alorretariko bat, eta helburu horrekin sendotzen da Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, baliabideen berri eman eta beharrei kasu egiteko udal zedula gisa. Hirugarren adinekoendako laguntzaren erabilpena Udalen eskumena da, eta bitarteko hauek ditu: etxez etxeko laguntza, zahar etxeak, klubak eta egoitzak, haren 6. artikuluak dioen bezala.

Jarduketa horien oinarrian dauden printzipioak lege horrek bere bigarren artikuluan ezartzen dituen berak dira. Laburbildurik, hona hemen:

a) Erantzukizun publikoa.

b) Gizarte arazoen ezagutza.

c) Plangintza eta koordinazioa.

d) Deszentralizazioa udal eta mankomunitateen bitartez.

e) Berdintasuna eta unibertsaltasuna, batere bazterkeriarik gabe.

f) Herritarren partaidetza.

g) Arazoen muinari zuzendutako prebentzioa.

h) Osotasuna.

Halaberean, urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuaren artikuluetan ezarrita dagoen bezalaxe, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoek eginkizun berariazkoak dituzte, beren barrutiko biztanleriak izan ohi dituen gizarte arazoei programa berezien bitartez eta modu osagarrian aurre egiteko. Udalak definituko ditu eginkizun horiek eta oinarrizko mailari dagozkion bitartekoetatik abiaturik beteko dira. Programa berariazkoak dira, bertzeak bertze, familia eta komunitate arloari berez dagozkionak, etxez etxeko laguntza ere barne.

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Leozko Udal Barrutiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren egitekoa zainketa edo/eta laguntza pertsonal, etxekoa edo soziala ematea da, beren etxeetan, bizilagunei nahiz familiei, eguneroko jarduerak egitea ezinezkoa zaienean edo familia horietako kideren batzuek gatazka psikofamiliarrak dituztenean.

Herritar bati zerbitzu honen beharra aitortzeko faktore erabakigarria haren ezintasuna da, osoa nahiz hein batekoa, aldi baterakoa nahiz behin betikoa, eguneroko biziaren eginbehar arruntenak ere egiteko (etxea garbitzea, norberaren higienea, arropa garbitzea, janariak prestatzea, erosketak egitea, etab.).

2. artikulua. Onartzeko baldintzak.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eskatzen ahal dute beren eginbehar arruntak egin ez ditzaketen gizabanakoek edo familiek, edo kideren bat arazoetan dutenek, "prestazioak" artikuluan jasotako prestazio batzuen beharrean baldin badaude, horretarako ezarritako orduetan

3. artikulua. Prestazioak.

Etxez etxeko laguntza programaren bidez, erabiltzaileak eta haren familiakoek edo hurbilekoek egin ez ditzaketen egitekoak eginen dira, onuraduna normaltasunez moldatzeko beharrezko direnak.

Programaren ardura duen gizarte langileak erabiltzailearen egoera sozio-familiarra baloratzeko azterketa eginen du eta txosten bat igorriko du, honako hauek zehaztuko dituena:

_Zein motatako prestazioa emanen den.

_Jarri zaizkion egunak eta orduak.

_Erabiltzaileak ordaindu beharreko tarifa.

Gobernu Batzordeak espedienteak ebatziko ditu eta eskatzaileei jakinaraziko zerbitzua onetsi edo ezetsi den.

4. artikulua. Etxez etxeko zerbitzuaren xedeak.

a) Onuradunei autonomia pertsonala eta egoera higieniko egokiak posible egitea.

b) Haien ohiko ingurunean atxikitzea eta haien bizi kalitatea hobetzea.

c) Hondamen fisiko eta psikikoa eta bazterketa soziala ekar ditzaketen egoera pertsonalei aitzintzea.

d) Instituzioetan beharrik izan gabe sartu ordez, bertzelako aukerak bultzatzea.

Funtsean, afera hainbat herritarren, bereziki adindunen, autonomia eza arintzea da, etxeko lan beharrezko batzuk, herritar arruntak bere osasun egoerak edo adinak galarazten ez dionean egiten dituen horiek, eginez.

5. artikulua. Eskabideen tramitazioa.

Etxez etxeko laguntzaren eskaera Tafalla aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Udalen arteko Batasunean eginen da.

Horretarako aipatu zerbitzuan emanen duten eskabide orri bat bete eta sinatu egin beharko da.

Dokumentazioa jaso eta balorazioa egin ondoan, gizarte langileak Gobernu Batzordeari proposatuko dio zein erabaki hartu, datu hauek zehaztuz: zein laguntza emanen den, ordutegia, non-nola emanen den eta horren kostua. Interesatuari ebazpenaren berri emanen zaio.

6. artikulua. Balorazio sozialerako irizpideak.

Kasu hauei emanen zaie lehentasuna:

1._Familiaren sostengurik ez duten familiak edo gizabanakoak, premia larriko egoeran edo behar sozial nabarmenean badaude:

a) Familia ugariak.

b) Minusbaliatuak.

c) Bakarrik bizi diren adindunak eta ezintasunen bat dutenak, edo ezinduekin edo beren ardurapeko adin txikikoekin bizi direnak.

2._Familiaren aldetik behar den sustengua dutenen kasuan, familiakideen lanaren osagarria izanen da, erabiltzailearen premiei dagokienez.

7. artikulua. Lanak eta zerbitzuak.

Ondoko lan eta zerbitzu hauek egiten ahal dira:

1._Etxeko lan orokorrak.

_Erabiltzaileak erabiltzen duen etxebizitzaren garbiketa.

_Arropa ikuzi, konpondu eta lisatzeko zerbitzua.

_Etxerako erosketak egitea.

_Etxez etxeko janarien zerbitzua.

2._Laguntza pertsonaleko lanak.

_Pertsonaren garbiketa.

_Ohera behartuen eta inkontinentzia dutenen higiene berezia.

_Medikazioa kontrolatzea eta ematea, salbu giharretan, zainetik edo horren gisara eman behar diren botikak edo tratamenduak eta edozein motatako sendaketak egitea.

_Etxean barna mugitzen laguntzea, ohetik altxatu eta etzatea, elikagaiak hartzeko laguntza.

_Etxetik kanpo atera behar direnean laguntzea.

_Bertze kudeaketak, agiriak jaso eta eramatea.

_Harremanak senitartekoekin eta auzoekin.

_Bertze edozein jarduera, biziera normala izateko.

3._Izaera psiko-sozialeko lanak.

_Aholkularitza eta tratamendu soziala.

_Laguntza tekniko-profesionala, ahalmen pertsonalak garatzeko eta autolaguntza bultzatzeko.

_Hezkuntza prozesuan esku hartzea eta ohitura pertsonal eta sozialak hartzen laguntzea.

8. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iratxetan (Leotz), 2006ko uztailaren 10ean._Alkatea, Endika Zabalza Murillo.

(-- L0612460 --)

Iragarkiaren kodea: L0612460