94. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

827/2006 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, kontratazio eta izendapen-zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko prozedura arautzen duen erabakia aldatzen duena.

Kontratazio eta izendapen-zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko prozedura arautzen duen erabakia izenekoa Kudeatzailetzak eta sindikatuek hartu zuten 2004ko azaroaren 12an, eta, ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, 2004ko abenduaren 10eko 1482/2004 Ebazpenaren bidez, onetsi zuen. Aipatu erabakia 2005eko urtarrilaren 7ko 3 zenbakidun Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Orain arte egin diren hautapen prozesuetan aplikatu delarik, ikusi da erabakiaren testua aldatu behar dela, eta esperientzia profesionala balioesteko atal bat erantsi.

Epaimahairen baten proposamenari esker, ikusi da esperientziaren balioespenak tratamentu berezia behar duela, bete beharreko lanpostuek berezitasunen bat daukatenean, edota eskakizun berariazkoren bat, esaterako, titulu akademiko jakin bat edukitzea, edo akreditazio profesional jakin bat. Kasu horietan, balioetsi beharreko esperientzia izan beharko litzateke titulu jakin bat eskakizun izan duten lanpostuetan hartutakoa (esaterako, zuzenbideko lizentziatura eskatu denean aholkulari juridiko izateko zerrendetarako) edo akreditazio profesional jakin bat eskakizun izan duten lanpostuetan hartutakoa (titulu profesional jakinak eskatzen direnean, adibidez: Lan Arriskuen Aurreikuspeneko Goi Mailako Teknikaria).

Esperientzia horiek balioesteko, Kontratazio eta izendapen- zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko prozedura arautzen duen erabakia izenekoa aldatu behar da.

Kudeatzailetzak eta aipatu erabakia sinatu zuten sindikatuek, 2006ko ekainaren 20an egindako bileran, aldaketa hori egitea erabaki zuten.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,

EBATZI DUT

Lehenengoa._"Kontratazio eta izendapen-zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko prozedura arautzen duen erabakia" aldatzea, 4.1.2 atalaren azkeneko paragrafoan testu hau eransten zaiola:

"Bete behar diren lanpostuen eskakizuna baldin bada titulu akademiko jakin bat edukitzea, titulu hori edo akreditazio profesional berariazko hori eskatu duen lanpostua betetzen hartutako esperientzia balioetsiko da bakar-bakarrik."

Bigarrena._Ebazpen hau onetsi, eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Hirugarrena._Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Laugarrena._Ebazpen honek administrazio-bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 6.4. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2006ko ekainaren 21ean._ Errektorea, Pedro Burillo López.

Iragarkiaren kodea: F0612263