94. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

259/2006 FORU AGINDUA, ekainaren 27koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko hegazti haratusteljaleentzako bazkatokien sarea sortu eta bere funtzionamendurako arauak ematen dituena.

Urriaren 3ko giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuei zer osasun arau aplikatu behar zaizkien ezartzen duen 1774/2002 Erregelamenduak (EE) abere hilen gorpuak kendu eta eraldaketa planta baimenduetan suntsitu behar direla xedatzen du. Gorpu horiek basa fauna mehatxatuaren hainbat espezieren elikagai bihurtu dira, beren jatorrizko elikadura iturriak desagertu direlako edo galzorian daudelako. Otsailaren 20ko 13/2006 Foru Dekretuak 1774/2002 Erregelamenduak (EE) aipatutako 1., 2. eta 3. kategorietako materialen operadoreen kontrol egokirako arauak ezartzen ditu.

Apirilaren 2ko basa hegaztiak zaintzeari buruzko 79/409/EEE Zuzentarauak Europar Batasuneko kide diren herrialdeentzat basa hegazti jakinen populazioak mantentzeko neurriak hartu beharra ezartzen du. Martxoaren 6ko 79/409/EEE Zuzentaraua aldatzen duen 91/244/EE Zuzentarauaren I. eranskinean, hauen artean sartzen ditu hegazti haratusteljaleak: sai arrea (Gyps fulvus), ugatza (Gypaetus barbatus) eta sai zuria (Neophron percnopterus). Nafarroan, hegazti hauek ere haragi ustela jaten dute: miru gorria (Milvus milvus), miru beltza (Milvus migrans) eta arrano beltza (Aquila chrysaetos). Espezie horiek guztiak babestuta daude nazio zein eskualde mailan. Urriaren 25eko 1098/2002 Errege Dekretuak hegazti harrapari nekrofagoak saien bazkatoki edo hondakindegietan elikatzeko animalia hilak zein kasutan eta baldintzatan erabil daitezkeen zehazten duten oinarrizko arauak ezarri zituen.

Nafarroan hegazti haratusteljaleak zaintzeko abereen bajak kudeatu behar dira ezinbestean; gertakari hori aintzat hartzen da indarrean diren zainketa programetan. Adibidez, Ugatza Berreskuratzeko Plana (95/1995 Foru Dekretua) eta Batasunaren Intereseko Lekuentzat egindako kudeaketako agiri teknikoak (92/43/EE eta 79/409/EE), hegazti haratusteljaleei dagokienez. Horiek eta bestelako hegazti harraparien espezieak zaindu eta, aldi berean, abereen gorpuak kentzeko aldarrikatu zen maiatzaren 12ko 2003/322 Erabakia. Horren bidez onartu zen hainbat herrialde mediterranearrek egindako eskaera, hegaztiok 1. kategoriako material batzuen bidez elikatzeko, baldintza zehatzetan.

Xedapen honen xedea Nafarroako Foru Komunitatean hegazti nekrofagoak animalia hilen eta horien produktuen bidez elikatzeko esparru arauemailea ezartzea da, gorago aipatutako xedapenak garatzearen bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariek proposaturik,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko hegazti haratusteljaleentzako bazkatokien sarea sortu, eta hegazti harrapari nekrofagoak animalia hilen edo horien zatien bidez elikatzeko arauak eta baldintzak ezartzea da.

2. artikulua. Definizioak.

Foru agindu honetan aurreikusitakoa betez, definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) Hegazti nekrofagoen elikadura osagarriaren gunea _hondakindegia edo saien bazkatokia_: bereziki hegazti harrapari nekrofagoak elikatzeko leku egokitua.

b) Hegazti nekrofagoen elikadura osagarriaren gunearen edo hondakindegiaren titularra: behar bezalako funtzionamenduaz arduratzen den pertsona fisikoa edo juridikoa.

c) Merkataritza agiria: azpiproduktu bakoitzak eraman behar duen agiria, 1774/2002 Erregelamenduko (EE) ezaugarriekin bat.

3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko hegazti nekrofagoen edo haratusteljaleen elikadura osagarriaren guneen sarea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko hegazti nekrofagoen edo haratusteljaleen elikadura osagarriaren guneen sarea sortu da, ondoko espezieen elikadura osatzeko asmoz, haien habitat naturaletan:

_Sai arrea (Gyps fulvus).

_Sai zuria (Neophron pernopterus).

_Ugatza (Gypaëtus barbatus).

_Arrano beltza (Aquila chrysaetos).

_Miru gorria (Milvus milvus).

_Miru beltza (Milvus migrans).

2. Hegazti haratusteljaleen elikadura osatzeko gune horiek Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren zein administrazioen ekimenaren bidez, bai eta ekimen pribatuen bidez ere, sortzen ahalko dira.

3. Hegazti haratusteljaleen elikadura osatzeko gune horiek ez dira inola ere giza kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuak suntsitzeko gune alternatibotzat hartuko.

4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zehaztuko du sarea osatuko duten hegazti nekrofagoen elikadura guneen kopurua, dauden hegazti haratusteljaleen populazioaren eta horien elikadura beharren arabera.

4. artikulua. Erregistratzea eta baimena.

1. Hegazti nekrofago edo haratusteljaleen elikadura guneen titularrek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abere Osasuneko Ataleko giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuen operadoreen Erregistroan eskatuko dute izen-ematea. Erregistroa giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuei buruzko otsailaren 20ko 13/2006 Foru Dekretuak arautzen du.

2. Aipatutako erregistroan inskribatu eta baimen zenbakia emateko, eskabide bat aurkeztuko da, eredu normalizatuaren arabera, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan.

3. Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Kudeaketa plana.

b) Kokalekua eta eraikuntza azaltzen dituen memoria.

4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari txosten bat eskatuko dio eskabide bakoitzeko. Txostenean hegazti nekrofagoen elikadura osagarriaren gunea hegazti harraparien bazkatokien arloan eskatzen diren baldintzetara egokitzen den adierazi eta kokalekuari buruzko egokitasuna islatuko da. Horretaz gainera, hegazti nekrofagoen elikadura osagarriaren gunerik hurbileneraino dagoen distantzia adieraziko da. Txosten horrek aldekoa izan beharko du, baimena emanen bada.

5. artikulua. Hegazti nekrofago edo haratusteljaleen elikadura osagarriaren guneen baldintzak.

Bazkatokiak urriaren 25eko hegazti nekrofagoen animalia hilen eta horien produktuen bidezko elikadura arautzen duen 1098/2002 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat sortuko dira. Horretaz gainera, bazkatokiok I. eranskinean adierazitako eskakizunak beteko dituzte.

6. artikulua. Kudeaketa plana.

1. Hegazti nekrofagoen elikadura osagarriaren gune bakoitzak urtero azpiproduktuen kilogramo kopuru zehatza onartzeko baimena izanen du. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zehaztuko du kopuru hori zein izanen den, hegazti haratusteljaleen populazioaren beharrak kontuan hartuta. Zehaztutako kopurua hegazti haratusteljaleen elikadura guneen jabeek egin beharko duten Kudeaketa Planean sartuko da. Kudeketa planak egiteko, eman beharreko material kopuru horiek eta hondakindegi bakoitzarentzako egutegirik egokiena hartuko dira kontuan. Horretaz gainera, hezurren hondarrak desagerrarazteko sistema eta barrutia mantentzeko aurreikusitako neurriak ere adieraziko dira.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hegazti haratusteljaleen elikadura guneen jarraipena eginen du. Horretarako, emandako azpiproduktuen kopurua hegazti haratusteljaleen urte sasoi bakoitzeko kontsumoari ote dagokion egiaztatuko du, eta Kudeaketa Planean ageri diren azpiproduktuen kopuruak handitzen edo murrizten ahalko ditu.

7. artikulua. Administrazioa eta kudeaketa.

1. Hegazti haratusteljaleen elikadura gune bakoitzeko titularrak administratu eta kudeatuko du bere gunea.

2. Elikadurarako erabilitako animaliak bildu eta garraiatzeko operadoreak eta hegazti haratusteljaleen elikadura guneko titularrak osasun arloan garrantzitsuak izan daitezkeen gorabehera guztien berri emanen diote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

3. Hegazti nekrofagoen elikadura osagarriaren guneko titularrak Nekazaritza eta Abeltzaintza, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza departamentuei daten eta hondakindegian erabilitako azpiproduktuen kopuruen berri emanen die, urteko txosten baten bidez.

4. Hegazti nekrofagoen elikadura osagarriaren guneko titularrak gunean sartzeko behar diren bitartekoak jarriko ditu garraio operadorearen eskura.

8. artikulua. Azpiproduktu baimenduak.

1. Hegazti nekrofagoak elikatzeko, Europar Batasunaren eta Estatuaren arauetan aurreikusitako materialak erabiltzen ahalko dira.

2. Hegazti haratusteljaleak elikatzeko erabilitako materialak, beren osasun historiala dela eta, animalientzako eta gizakientzako inolako arriskurik sortzen ez duten ustiategietakoak izanen dira. Ez dute ingurumena kutsatzeko arriskurik ere sortuko. Horretarako, ustiategiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ustiategiak osasun arloko B4 kalifikazioa izatea bruzelosian.

b) Ustiategiak osasun arloko T4 kalifikazioa izatea tuberkulosian.

c) Ustiategiak osasun arloko A3 edo A4 kalifikazioa izatea Aujezkyren eritasunean.

d) Ustiategietan behi-aziendaren entzefalopatia espongiformean edo entzefalopatia espongiforme kutsagarrietan positibo eman duten animaliekin bizi izan den animaliarik ez egotea.

e) Ustiategian hegazti nekrofagoen elikadura osagarriaren guneetan elikagaien hornidura gisa gorpuak erabiltzea gomendagarria ez dela adierazten duen gaixotasunik diagnostikatu ez izatea.

f) Dena dela, ustiategiek ez dute abere mugimendua murrizteko inolako neurri espezifikoren pean egon beharko, abere osasun arrazoiengatik.

3. Noizean behin, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak hiltegietan eta harategietan sortutako azpiproduktuak, bai eta animalia basatien azpiproduktuak ere, baimentzen ahalko ditu, azpiproduktuak emateko behar osagarrien arabera.

9. artikulua. Agiriak.

Bazkatokietara eramanen diren materialek merkataritza agiri bat izan beharko dute, giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuei zer osasun arau aplikatu behar zaizkien ezartzen duen 1774/2002 Erregelamenduari (EE) jarraikiz. Agiria azpiproduktu horiek bilduko dituen operadoreak bete beharko du.

10. artikulua. Garraioa.

1. Gorpuak garraiatzeko ibilgailuek giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuak garraiatzeari buruzko indarrean den araudia bete beharko dute.

2. Garraioaz giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuen gorpuak bildu eta garraiatzen dituen operadore bat arduratuko da, betiere lan horiek egiteko administrazio publikoren baten baimena badu.

3. Operadoreak hegazti nekrofagoen elikadura osagarriaren gunera sartu ezin badira, bestelako garraio sistemak erabiltzen ahalko dira, betiere 1774/2002 Erregelamenduaren (EE) II. eranskinean adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

4. Abereak bildu eta garraiatuko dituen operadorea hegazti nekrofagoen edo haratusteljaleen elikadura osagarriaren guneen kudeaketa planetara egokituko da. Horretaz gainera, bildu, garraiatu eta hondakindegiei emateko prosezu osoaren trazabilitatea bermatu beharko du.

11. artikulua. Jarraipen administratiboa.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura departamentuak koordinatuko dira, foru agindu hau betetzen dela bermatzeko.

12. artikulua. Baimena kentzea.

Emandako baimena kentzen ahalko da, gero batean hura emateko inguruabarrak desagertzen badira edo aplikatu beharreko arauek ezarritako betebeharrak betetzen ez badira.

Azken xedapen bakarra._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko ekainaren 27an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

I. ERANSKINA

Bazkatokiak eraikitzeko baldintzak

1._Kokalekua arreta handiz aukeratuko da, hegazti nekrofagoak aire eta lur hartzeko eremu ezin hobea izanen baita, hau da, eremu soilak izan beharko dute, ahal dela, mazelan eta maldarekin.

2._Eremu itxi eta hesitu bat prestatu beharko da, beste haragijaleek jaki horiek jan ez ditzaten. Zehazki, sare bakunaz egindako itxiturak erabiliko dira, 2 metroko luzerakoak eta lurpean sartuta, 50 zentimetrora. Hesiak ez du hegazti harraparien hegaldia oztopatuko.

3._Instalazioak sarrera bakarra izanen du, giltzaz itxita. Langa kanadarra izanen du, baina profilen arteko bereizketa ohi baino handiagoa izanen da, barrutira abererik eta kanidorik ez sartzeko. Langa kanadiarraren lubakiak alboko irteera bat izanen du gutxienez, anfibioak, narrastiak eta ugaztun txikiak ez hiltzeko.

4._Hesiz itxiko da ahal den azalerarik handiena, eta kontuan hartuko hobe dela hegazti harrapariak instalaziotik ateratzea errazten duten aldapak egotea. Erreferentziako azalera hektarea batekoa izanen da, baina aldatzen ahalko da, kokaleku bakoitzaren ezaugarrien arabera.

5._Instalazioaren barrualdean ez da zuhaitzik egonen nagusiki. Ezta sasi gehiegirik ere ez. Hori guztia, hegazti harrapariek elikagaiak azkar eskuratzeko.

6._Instalaziora urte osoan elikagaiak eraman ahal izateko bide bat egonen da. Deskarga gunearen diseinuak gorpuak botatzea erraztuko du, ibilgailuak abere hondarren gainetik pasatu behar ez izateko.

7._Bazkatokia behar bezala seinalatua egonen da eta ondokoa adieraziko du:

_Bazkatokiaren jabetza.

_Onartzen diren azpiproduktuen esklusibitatea.

_Abere hilak botatzeko lekuak.

_Behar diren bestelako argibideak.

8._Hegazti nekrofagoen elikadura osagarriaren guneek abeltzaintzako eraikuntzetatik, hiri eta herrietatik, eta jendea bizi den eraikinetatik urrun egon beharko dute. Edozein kasutan, bazkatokiaren kokalekua ez da osasun publikorako, abereen osasunerako edo ingurumenerako kaltegarria izanen.

9._Nafarroako Gobernuak 2000ko abuztuaren 28an hartutako Erabakia errespetatu beharko da. Erabaki horren bidez, aireportuaren eragin eremuan ezin izanen zaie hegazti harrapariei elikagai osagarririk eman. Halaber, gutxieneko segurtasun distantziak gorde beharko dira aerodromoekiko eta agintari eskudunek ematen dituzten bestelako aireko edo lurreko garraioko bitartekoekiko.

10._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak instalazio elektriko, eoliko edo hegazti haratusteljaleentzako arriskutsuak izaten ahal diren bestelako instalazioekiko egoki jotzen dituen distantziak gordeko dira.

Iragarkiaren kodea: F0611360