15. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

3/2006 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Burlatako "Avanvida, S.L." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 94/2005).

Ikusirik Burlatako "Avanvida, S.L." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 94/2005).

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2005eko abenduaren 30ean sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 49 artikuluz eta eranskin batez (2005erako lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkaritzak eta langileen delegatuak (UGT) 2005eko azaroaren 28an izenpetu eta onetsia. Hitzarmena Orkoiengo "Ostadar" haur eskolan aplikatuko da.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Burlatako "Avanvida, S.L." enpresaren (kodea: 3108511) lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 9an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

AVANVIDA-OSTADAR HAUR ESKOLAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. KAPITULUA

Eremuak

1. artikulua. Hitzarmen hau Ostadar haur eskolako langile guztiei aplikatuko zaie.

Kanpo gelditzen dira gizarte-boluntariotzan diharduten pertsonak, zerbitzu erlijiosoa ematen dutenak, kontratu bereziak dituzten langileak, autonomoak edo eskolak zerbitzu-errentamenduko kontratuak hitzartuak dituzten enpresak.

2. artikulua. Hitzarmen honen denbora eremuak indar hartzen duenetik 2009ko abenduaren 31 bitarteko tartea hartzen du.

II. KAPITULUA

Batzorde paritarioa

3. artikulua. Batzorde Paritario bat eratuko da, hitzarmen honen interpretazio, bitartekaritza, arbitraje eta segimendurako, eta nahitaezkoa da bileren akta jasotzea eta aztertutako gaiak artxibatzea.

III. KAPITULUA

Lanaren antolaketa

4. artikulua. Lanaren diziplina eta antolamendua eskolako enpresaburu titularraren ahalmenak dira eta Langileen Estatutuan eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

IV. KAPITULUA

Langileen sailkapena

5. artikulua. Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileak, lan kontratuaren arabera, honako taldeetako batean sailkatuko dira:

I. taldea:

_Zuzendaria.

II. taldea:

_Haur-hezitzailea.

_Prestatze bidean den haur-hezitzailea.

Prestatze bidean den haur-hezitzailea. Kategoria horretan kokatzen dira, errendimendu egokia lortzeko gaitasun aski izan gabe ere, kategoria horri dagozkion lanetan dihardutenak. Kategoria berean segituko dute ikasturte batek dirauen prestakuntzaldian, non ez duen ikasturte bateko esperiantzia duela frogatzen.

Benetan lan egindako lanaldiak baizik ez dira kontatuko, ez ordea aldi bateko ezintasun aldiak, oporrak edo baimenak, etab., eta egindako lanari dagokion ordainsariaren % 90 kobratuko dute. Aurrez ezarritako lanaldiak bete ondoren, besterik gabe haur hezitzaileen kategoriara pasatuko dira.

Prestakuntzaldia benetan lan egindako lanalditan neurtuko da eta ez da kontratuaren indarraldia kontuan hartuko, eta berdin benetan lan egindako lanaldiei dagokienez.

Prestakuntzaldiak ez dira elkarrekin batzen ahal horien artean 18 hilabete baino gehiagoko tartea badago, kontratutik batetik bestera.

III. taldea:

_Garbitzaileak.

_Laguntzaileak.

Aipatu diren kategoria horiek sailkapen konturako dira eta ez da beharrezko guzti-guztiak edukitzea eskolaren beharrak edo jarduera kopuruak ez badute horrela eskatzen.

III. taldean balioaniztasun funtzionala adosten ahal da, hau da, bi kategorien edo gehiagoren zereginetan aritzea, kategoria bereko talde baten barnean.

Bere zerbitzuak ematen dituzten langileak, nahitaez, lanbide taldeetako batean sailkatuko dira eta I. eranskineko soldata tauletan adierazitako soldata jasoko dute.

V. KAPITULUA

Lanaldia

6. artikulua. Urteko benetako lanordu kopurua, ondorengo laukian azaltzen da:

1. eta 2. taldea: 1.661

3. taldea: 1.704

Urteko orduetatik parte bat derrigorrezko prestakuntzarako izanen da, eta horrelakotzat joko dira enpresak antolatu edo/eta baimentzen dituen prestakuntza ekintzak, ohiko orduetan zein ordutik kanpo ematen direnak.

Derrigorrez eman beharreko orduak, gutxienez, hauek izanen dira:

Taldea: Zuzendaria, lanaldi osoko haur hezitzailea. Derrigorrezko ordu kopurua: 30

Taldea: Prestatze bidean den lanaldi osoko haur hezitzailea. Derrigorrezko ordu kopurua: 40

Taldea: 1. eta 2. taldeetako gainerakoak. Derrigorrezko ordu kopurua: 20 gutxienez edo zati proportzionala.

Taldea: 3. taldea. Derrigorrezko ordu kopurua: 10

Edozein modutan ere, urteko lanorduak errespetatuko dira beti.

Behar den denboraz, aukeran ikasturtearen hasieran hobe, edo hura aldatuko duten inguruabar objektiboak gertatzean, langile bakoitzaren asteko, hileko eta urteko lanorduen banaketa prestatuko da, eta orobat, oporraldiena.

7. artikulua. Hitzarmen honetan ezarritako lanaldia gainditzen duten orduak apartekoak izanen dira. Aparteko orduak sartzeko ekimena eskolari dagokio eta langilea libre da hori onartzeko, unean uneko legeria indardunarekin bat. Urteko aparteko orduak berrogeita zortzi izanen dira gehienez.

Aparteko orduen ordainsaria ez da inoiz ere ordu arruntarena baino gutxiago izanen eta horien ordez denbora bereko atsedenaldi ordainduak hartuz konpentsatzen ahal dira.

8. artikulua. Hitzarmen honetan itundutakoa baino ordu gutxiagoko lanaldirako kontratatutako langileek kontratatutako ordu kopuruaren adinako ordainsaria kobratuko dute.

9. artikulua. Langileek eskolan ematen dituzten borondatezko presentziako orduak ez dira benetako lanordutzat hartuko ez eta aparteko orduen toperako kontatuko ere.

VI. KAPITULUA

Kontratuak

10. artikulua. Hitzarmen honen aplikazio eremuan sinatutako kontratu guztiak idatziz egin behar dira eta Langileen Estatutuaren Testu bateginean ezarritakoari egokituko zaizkio.

11. artikulua. Eskolan langile berriak hartzeko eta edozein motatako kontratazioak egiteko langile berriaren eta enpresako zuzendaritzaren arteko kontratu librea beharko da egin.

12. artikulua. Aldi baterako kontratua egiten ahal da (obra edo zerbitzukoa nahiz beste mota batekoa) elkarren segidako bi urterako, gehienez ere. Une horretatik aitzina, mota horretako azken kontratutik hilabetea iragan ez bada (*), obra edo zerbitzuko kontratu mota erabiliko da, haur eskola kudeatzeko Udalarekin sinatutako kontratuaren indarraldiak dirauen denborarako.

(*) Zehaztapen honetatik kanpora geldituko dira bitartekotasun-kontratuak eta helburu jakin baterako egiten diren beste guztiak.

VII. KAPITULUA

Probaldia, lana uztea eta lanpostu hutsak

13. artikulua. Langile sartu berriek probaldi bat pasatu beharko dute, lanbide kategoria bakoitzarentzat honako hauek:

Mugagabeko kontratazioa egin zaien langileek Langileen Estatutuaren Testu bateginean ezarritako probaldia izanen dute:

Kontratazioa mugagabea ez denean, probaldia bakoitzaren lanbide kategoriaren arabera ezarriko da, honela:

II. taldea: haur-hezitzailea. bi hilabete.

III. taldea: hamabost egun.

Probaldia amaiturik, langilea zentroko plantillan sartuko da eta denbora hori kontuan hartuko zaio ondorio guztietarako.

14. artikulua. Lana borondatez uztea.

a) Ikastetxeko zerbitzua bere borondatez utzi nahi duen langileak, zentroko titularrari jakinarazi beharko dio bere asmoa, idatzita, hamabost egun lehenago, gutxienez.

b) Langileak aurretik abisua emateko baldintza hori behar den epean betetzen ez badu, zentroak likidaziotik kendu ahalko dio bi eguneko ordainsariaren zenbatekoa atzerapen egun bakoitzeko.

c) Zentroak abisua behar den denboran eta moduan jasotzen badu, langileari lan harremanaren bukaeran dagokion likidazioa ordaintzera behartua egonen da. Obligazio hori betetzen ez bada, langileak eskubidea izanen du bi eguneko soldata jasotzeko likidazioaren ordainketan atzeratutako egun bakoitzeko, aurreabisua emateko egunen mugarekin.

15. artikulua. Lanpostu bat hutsik gelditu dela ulertuko da langile bati, lan harremanen amaieraren ondorioz, baja ematen zaionean zentroan, edo plantilla handitzen denean.

Bigarren eta hirugarren taldeetako kategorietan gertatzen diren lanpostu hutsak, ahal delarik, beheragoko kategorietako langileek beteko dituzte, haien prestakuntza, titulazioa eta gaitasuna zentroan duten aitzinatasunarekin lotuz.

Aipatu baldintzak betetzen dituen langilerik ez dela ikusten badu enpresaburuak, lanpostu hutsak unean uneko legeria indardunari jarraikiz beteko dira.

Gainerako taldeetan gertatzen diren lanpostu hutsak, ahal delarik, beheragoko kategorietako langileek beteko dituzte. Enpresaburuak erabakiko du eskatzen diren baldintzak betetzen dituen langilerik ba ote dagoen plantillan, langileen legezko ordezkariei entzun ondoren.

VIII. KAPITULUA

Oporrak

16. artikulua. Langile guztiek eskubidea dute zerbitzu emandako urte bakoitzean:

hilabeteko oporraldia izateko, udan, ahal bada. Enpresaburuak, zentroko ezaugarriak eta beharrak ikusirik, langileentzako lan txandak jartzen ahal ditu, eskolako zerbitzuei erantzuteko.

Gainera, langileek eskubidea dute lanegun hauek hartzeko urtean zehar, eskolarako ezartzen den egutegiari egokituz, betiere.

1. eta 2. taldea: 10 egun

3. taldea: 8 egun

Oporretan egonik opor egun guztiak edo parte bat amatasun baja medikoarekin bat eginez gero, opor egun horiek alta medikoaren ondoren hartuko dira, tokatzen diren opor egun guztiak bete arte, aldeei adosten ez badute beste garai batean hartzea.

Urtean barna lana uzten duen langileak eskubidea du oporren zati proportzionala izateko, lan egindako denboraren arabera.

IX. KAPITULUA

Eritasunak, baimenak

17. artikulua. Langilea, aurretik abisatu eta justifikatuta lanetik atera daiteke, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborako:

a) Ezkontza: hamabost egun natural. Jakinarazi beharko du hamabost egun aurretik.

b) Seme-alaben jaiotza; bigarren gradurainoko odol-ahaideen heriotza, istripua nahiz eritasun larria edo ospitalizazioa: hiru egun. Arrazoi horregatik langileak bidaia egin beharra badu, probintziatik kanpora, lau egun izanen ditu.

Espresuki ezarri da baimena ezin dela ospitalizazioa baino luzeagoa izan. Lizentzia hartuko da ospitalizazioak dirauen bitartean. Ezein kasutan ezin izanen dira hartu, gozamen gerokotuaren sistema honen bidez, gertaera eragilearen ondo-ondotik hartu izan balitu zegozkiokeenak baino lan egun gehiago.

c) Ohiko bizilekuz aldatzeko: egun bat. Jakinarazi beharko du hamabost egun aurretik, gutxienez ere.

d) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.

Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako ehuneko 20 baino gehiagotan ezin izan bada egin beharreko lana bete, zentroak eszedentziara pasa dezake langilea. Langile batek, eginbeharra betetzeagatik edo karguan jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru kopuru horixe deskontatuko zaio zentroak ordaintzen dion soldatatik.

e) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, legeetan ezarritakoari jarraikiz.

f) Bigarren gradurainoko odol-ahaideen ezkontza: egun bat.

g) Gizarte Segurantzako kontsultategi medikora joateko.

h) Haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzeko prestatzeko tekniketan trebatzeko, aldez aurretik abisatuta eta horiek guztiak lanorduetan egin beharra justifikatuta.

18. artikulua. Langile guztiek eska dezakete hamabost egunera arteko soldatarik gabeko baimena urtean, eta hamabost egun lehenago, gutxienez, eskatuz gero baimena eman egin beharko zaie. Eskaera egitean beste langile bat badago baimen horrekin, enpresaburuak, eskolako beharrak ikusirik, baimena ematea komeni den ala ez erabakiko du.

Soldatarik gabeko baimen egun horiek ez dira hartzen ahal oporren aurreko egunetan ez eta ondokoetan ere.

19. artikulua. Bederatzi hilabetetik beheitiko seme edo alabari esnea ematen dioten langileek eskubidea dute lanetik ordu betez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako.

Enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute eskubide hori, enpresaburuak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.

X. KAPITULUA

Eguneratze eta hobekuntza ikastaroak

20. artikulua. Hobekuntza ikastaroak antolatzen direnean eta, enpresaburuaren aldez aurreko baimenarekin, langileek euren borondatez haietan parte hartzen badute, enpresaren kargura izanen dira matrikula gastuak, joan-etorrietakoak eta egoitzakoak.

Zentroa zein eskualde autonomotan dagoen hangoxeko hizkuntza ikasi gogo duten langileei ikastaroak egiteko erraztasunak emanen diete zentro horiek, bai eta gainerako hobekuntza ikastaroak egoteko ere.

21. artikulua. Enpresan lanbide hobekuntza eta sustapena erdiesteko asmoz azterketa ofizialak egiteko, langileak behar den baimena izanen du, ordaindua, baina justifikatu beharko ditu matrikulatu izana eta azterketak egin izana.

XI. KAPITULUA

Eszedentziak

22. artikulua. Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke, hurrengo artikuluetan ezarritako moduan.

Bi kasuetan, langileak ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izanen, eskubide sindikalei buruzko kapituluan ezarritakoa izan ezik.

23. artikulua. Nahitaezko eszedentziaren arrazoiak honako hauek dira:

a) Lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik.

b) Eritasunagatik, aldi bateko ezintasunaren lehenbiziko 18 hilabeteko epea iragan ondotik, eta langileak egoera horretan segitzen duen bitartean, nahiz enpresak kotizatzen ez duen.

c) Probintzian edo eremu zabalago batean sindikaturen baten eginkizunak betetzeagatik, baldin eta langilearen sindikatuak hitzarmen honen negoziazio esparruan legezko ordezkagarritasun nahikoa badu.

d) Eritasun larrian dagoen etxeko baten kargu egiteko, odolkidetasuna lehen mailakoa izanik. Eszedentzia ez da hamabi hilabete baino gehiagokoa izanen.

e) Erakunde publikoek edo pribatuek antolatutako ikasketa, ikastaro, mintegi edo antzekoen bidez, gutxienez sei hilabetean lanbidean sakondu nahi duten irakasleendako ikasturte bateko atsedena. Langileak eszedentzia hori eskatzen ahal du zentro berean hamar urtean aritu ondotik. Hobekuntza egin beharra zentroa hezkuntza berrikuntzetara egokitzearen ondorioa baldin bada, zentroan aritutako denbora lau urtera murriztuko da.

f) Emakumezko langilearen haurdunaldia, berak hala eskatuta.

24. artikulua. Nahitaezko eszedentzian dagoen langileak lanpostua erreserbatzeko, egoera horretan egon bitartean antzinatasuna kontatzeko eta, bukatutakoan, zentroan sartzeko eskubidea izanen du.

Eszedentzia eragin zuen arrazoia desagerturik, langileak hogeita hamar egun natural izanen ditu zentroan berriz sartzeko eta, horrela egin ezean, bertan baja emanen zaio.

Nahitaezko eszedentzia besterik gabe eman behar da, behar diren frogagiriak aurkeztu ondoren.

25. artikulua. Semea edo alaba zaintzeko eszedentzia.

Langileek eszedentziarako eskubidea izanen dute, hiru urtekoa gehienez, antzinatasunerako kontatuko direnak, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, bai eurena bada eta baita adopzioan hartua bada ere, haurraren jaiotegunetik hasita edo ebazpen judizialaren nahiz administratiboaren datatik, hala bada. Hurrengo seme-alabek beste eszedentzia baterako eskubidea emanen dute, baina lehendik beste bat izanez gero hura bukatu eginen da. Aitak eta amak, biek lan egiten dutenean, batek bakarrik erabiliko du eskubide hori.

Enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute eskubide hori, enpresaburuak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.

Artikulu honetan jaso ez den orotan, nahitaezko eszedentzia kasuetarako xedatutakoari jarraituko zaio.

26. artikulua. Familiakoak zaintzeko eszedentzia.

Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat _odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa_ zaindu behar duten langileek. Gehienez ere urtebetekoa izanen da.

Antzinatasunerako kontatuko den epe horretan langileak eskubidea izanen du lanpostua gorde dakion.

27. artikulua. Borondatezko eszedentzia ere ematen ahal zaio langileari, aurretik idatziz eskatu baldin bada. Zentroan, bederen, urtebeteko antzinatasuna daukaten eta aurreko lau urteetan eszedentziarik hartu ez duten langile guztiei ematen ahal zaie.

Eszedentzia hori irailaren 1ean hartzen ahal da, non aurreratzea adosten ez den.

Borondatezko eszedentzia hartzeko baimena urtebeterako emanen da gutxienez, eta bost urtetarako gehienez.

28. artikulua. Borondatezko eszedentzia hartu duen langileak zentrora itzultzeko lehentasunezko eskubidea izanen du baldin eta bere espezialitateko edo lan kategoriako lanpostu hutsik badago.

Aldi horretan antzinatasuna ez zaio kontatuko.

Borondatezko eszedentzia hartu duen langileak zentrora itzultzeko eskaera egin beharko du hura bukatu baino hogeita hamar egun natural aurretik. Itzultzea ez badu adierazitako garaian eta moduan eskatzen, zentro horretan borondatezko baja emanen zaio.

XII. KAPITULUA

Erretiroak

29. artikulua. Langileak hirurogeita bost urte betetzen dituenean erretiroagatik lana utziko du. Hala eta guztiz ere, erretiroa bermatzeko gutxieneko kotizazioko legezko epea bete ez dituzten langileek enpresan jarraitzen ahal dute harik eta epe edo baldintza hori bete arte.

Zentroek eta euren langileek kontratu erreleboak sinatzen ahal dituzte, legeria indardunari lotuz.

XIII. KAPITULUA

Ordainsariak

30. artikulua. Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileen soldatak lansarien taulan ezarri dira, eta hitzarmen honen I. eranskinean heldu dira.

Hitzarmen honen eraginpeko langileen lansariak oinarrizko soldatek eta osagarriek osatuko dituzte. Soldaten zenbatekoa eta banaketa bakoitzari dagokion soldata taulan eta urtez urte dagozkionetan adierazten dira. Ordainsari kontzeptuen zenbatekoak lanaldi osoari eta itundutako urteko ordu kopuruari dagozkionak dira. Lanaldi partzialeko kasuetan, lan egindako orduen proportziozkoa izanen da ordainsaria. Ordainsariok hilabetea bukatutakoan ordainduko dira, hurrengo hilabeteko lehenbiziko 5 egunetan eta lanaldiaren barnean, salbu eta hilabetetik beheitiko kontratua duten langileen kasuan.

2005eko soldaten berrikuspenak atzerako eragina izanen du, 2005eko urtarrilaren 1etik aitzina, hamabost egunetik goitiko kontratua duten langileentzat.

_Oinarrizko soldata.

Lanbide kategoria bakoitzarentzako soldata taulen eranskinean ageri da, eta lanaldi osoari eta itundutako urteko ordu kopuruari dagokie.

_Hitzarmenaren osagarria.

Lanbide kategoria bakoitzeko soldata taulen eranskinean ageri da. Lan egindako zatiaren proportziozkoa ere izan daiteke. Langileak ez du beste inolako osagarririk kobratuko lan motagatik ez eta unean uneko jardueraren inguruabarrengatik edo hitzarmen honen aplikazioaren ondorioz egokitzen ahal zaionagatik. Hori dela-eta, osagarri hori etorkizunean honako hitzarmen honetan ageri ez den bestelako ordainsariak irensten eta konpentsatzen ahalko du. 14 pagatan ordainduko da, aparteko biak barne.

_Erantzukizunaren osagarria.

Lanpostuaren erantzukizuna edo eginkizun berariazkoa ordainduko zaie enpresak postu horretarako edo eginkizun horretan aritzeko izendatu dituen langileei. Hilero sorraraziko da edo egunez eguneko hainbanaketa baliokidea eginen da.

_Jardueraren osagarria.

Lan kopuru handiagoa edo lanaren kalitatea ordainduko du. Hilero sorraraziko da edo egunez eguneko hainbanaketa baliokidea eginen da. Enpresak zehaztuko du zeinek kobratuko duen, eta kasu bakoitzeko epeak eta zenbatekoak. Bakarrik ordainduko da jarduera egiaz burutzen bada eta ez da kontuan hartuko aparteko pagetarako ez eta aldi baterako ezintasunaren osagarriak kalkulatzeko ere.

_Produktibitateko osagarria.

Enpresak urtero ezartzen dituen helburuak bete izana ordainduko du. Osagarri hori uztailean ordainduko da, paga bakar batean, non ez den beste era batera ituntzen.

31. artikulua. Hitzarmen honen aplikazio aremuan sartzen diren langileek, hilabetetik goitiko mugaegunaren aldizkako osagarri bezala, aparteko bi eskersari jasoko dituzte, hilabeteko baten adinakoa bakoitza, osagarria, antzinatasuna eta osagarri berariazkoak barne..

Uztailaren 10a eta abenduaren 23a baino lehen ordainduko dira.

32. artikulua. Lana utzi edo urtean zehar zentroan sartzen diren langileei, lehen aipatu hilabetetik goitiko mugaegunaren osagarriak ordainduko zaizkie, horien zenbatekoa lan egindako denboraren arabera hainbanatuz.

33. artikulua. Enpresaren beharrengatik nork bere ibilgailua erabiltzen duten langileek kalteordaina kobratuko dute kilometroko, edo bestela erregaiaren, autobideen eta bestelako gastuak ordainduko dira, faktura aurkeztuta.

_Dieta osoa:: 37 euro eguneko.

_Dieta erdia: 13 euro eguneko.

_Kilometrajea: 0,21 euro kilometroko.

XV. KAPITULUA

Laneko segurtasuna eta osasuna

34. artikulua. Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean xedatutakoari jarraituko zaio. Enpresek hitzeman dute legearen aginduak eta hura garatzen duten erregelamenduak aplikatuko dituztela.

XVI. KAPITULUA

Hobekuntza sozialak

35. artikulua. Aldi bateko ezintasun egoeran diren langileek eskubidea dute ondoren adierazten diren osagarriak kobratzeko, gizarte segurantzako prestazioen gainekoak, honako hauek:

ABSENTISMO IRAUPEN

Eritasun arrunta eta lanetik kanpoko istripua % 5 bitarte % 100 3 hilabete(*)

% 5,5 bitarte % 95

% 6 bitarte % 90

% 6,5 bitarte % 85

% 7 bitarte % 80

% 7,5 bitarte % 75

Laneko istripua eta eritasun profesionala % 100 3 hilabete(*)

Arriskua haurdunaldian % 100 Mugarik gabe

(*) Muga horretatik aitzinera Gizarte Segurantzaren prestazioak aplikatuko dira.

Osagarri horiek urtero zertuko dira uztaileko nominan eta bitartean legeak ezarritako prestazioak kobratuko dira.

Prestazioa kalkulatzeko oinarria izanen dira baja hartu aurreko hilean sorrarazitako kontzeptu finkoak gehi aparteko pagen zati proportzionala.

Absentismo indizea kalkulatzeko formula = (aldi bateko ezintasunagatiko absentzia ordu kopurua / kontratatutako ordu kopuru osoa)

36. artikulua. Zentroek, urtean behin, hala eskatzen duten langileei lanean aritzeko behar den arropa emanen diete, langileek jantzi beharko dutena euren lanorduetan.

37. artikulua. Lanaldiaz gain, otorduetan eta atsedenaldietan haurrak zaintzearen ardura euren gain hartu duten langileek (Zuzendaritzak agindu eta euren borondatez onartuz) eskubidea dute mantenua izateko zeregin horretan diharduten denboran.

Aurreko lerroaldeak ukitzen ez dituen langileek eskubidea dute jantokiko zerbitzuak erabiltzeko Zentroak ezarritako otorduetarako ordutegiaren barnean, eta ikasleentzat ezarritakoaren 100eko 50 ordainduko dute.

38. artikulua. Jantokia duten zentro edo barnetegietan, sukaldeko zerbitzuez arduratzen diren langileek mantenurako eskubidea dute zentroan berean, lan horretan ari diren egunetan eta otorduen ordutegia haiek zentroan duten lanorduekin bat heldu denean.

Barnetegiko langileek eskubidea dute mantenua eta ostatu izateko.

39. artikulua. Enpresak, erantzukizun zibileko poliza baten bidez, aseguru bat eginen die langile guztiei lanaren ondorioz gerta litezkeen erantzukizunak estaltzeko.

40. artikulua. Enpresak aseguru poliza bat itunduko du, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren kasuetarako, heriotzako eta baliaezintasun iraunkor erabateko arriskuak estaltzen dituena.

XVI. KAPITULUA

Eskubide sindikalak

41. artikulua. Langileen ordezkariek, aldez aurretik abisatu eta gero justifikatuta, lanetik alde egin dezakete, soldata kobratzeko eskubidearekin, eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, legeetan eta hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.

42. artikulua. Zentroko langileak bertan biltzeko eskubidea bermaturik dago, betiere zentroaren jarduerari kalte egiten ez badio eta, nolanahi ere, indarra duten legeekin bat.

Bilera baino lehen enpresako zuzendariari edo ordezkariari haren berri, behar den denborarekin, emanen zaio, baita ere, zein izanen den eguneko gai-zerrenda eta enpresakoak ez diren zenbat lagun etorriko diren bilerara.

XVIII. KAPITULUA

Hutsegiteak

43. artikulua. Hitzarmen honek ukitutako langileei dagokienez, hiru hutsegite mota daude: hutsegite arinak, larriak eta oso larriak.

A) Hutsegite arinak:

1. Bidezko arrazoirik gabe, lanpostura hiru aldiz berandu iristea, hogeita hamar laneguneko epean.

2. Lanera behin huts egitea, hogeita hamar laneguneko epean.

3. Bidezko arrazoirik gabe, lana ordua baino lehenago bukatutzat ematea, bi aldiz hogeita hamar laneguneko epean.

4. Baja agiria dagokion garaian ez aurkeztea, bidezko arrazoia izanik lanera huts egiten denean, non ez den begibistakoa ezinezkoa izan dela.

5. Ohiko bizilekua edo telefono zenbakia aldatu izanaren berri ez ematea, hilabeteko epean.

6. Zabarkeria, asistentzia kontroletan eta ikasleen diziplina eta zainketa kontuetan.

B) Hutsegite larriak:

a) Lanera hiru aldiz baino gehiagotan eta sei baino gutxiagotan berandu iristea, hogeita hamar laneguneko epean.

2. Bidezko arrazoirik gabe, lanera bi aldiz huts egitea, hogeita hamar laneguneko epean.

3. Adostutako hiruhilabeteko programazioetara ez egokitzea.

4. Zentroan lankideekin jendaurrean ika-mikan aritzea, haurren sentiberatasuna mintzeko moduan.

5. Hitzezko eta egitezko irain larriak egitea ikasleari berari, haren familiakoei edo tutoreei, eta zentroko gainerakoei.

6. Geldotasuna eta interesik eza agindutako eginkizunetan.

7. Jasotako jarraibideak eta arauak ez batetzea.

8. Hutsegite arin bera errepikatzea, hirurogei laneguneko epean.

C) Hutsegite oso larriak:

1. Bidezko arrazoirik gabe, lanera sei aldiz edo gehiagotan berandu iristea, hogeita hamar laneguneko epean.

2. Bidezko arrazoirik gabe, lanera hiru aldiz edo gehiagotan huts egitea, hirurogei laneguneko epean.

3. Norbere lanbide kategoriari agindutako eginkizunak bidezko arrazoirik gabe eta behin eta berriz abandonatzea.

4. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak behin eta berriz ematea haurrei, haien familiakoei edo tutoreei, eta zentroko gainerakoei.

5. Jasotako jarraibideak eta arauak ez batetzea, ondorio txarrik izan baldin bada.

6. Hutsegite larriak behin eta berriz egitea, lehenbizikoa egin ondoko 180 lanegunen barnean egiten bada.

44. artikulua. Langileen hutsegiteak preskribatuko dira: hutsegite arinak hamar egunen buruan, larriak hamabost egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, enpresa hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

XIX. KAPITULUA

Zehapenak

45. artikulua. Zehapenak:

Hutsegite arinengatik: hitzezko kargu-hartzea. Behin eta berriz gertatzen baldin bada, kargu-hartze idatzia.

Hutsegite larriengatik: behin eta berriz gertatzen baldin bada, kargu-hartze idatzia eta bost egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia, espediente pertsonalean azalduko dena.

Hutsegite oso larriengatik: hamasei egunetik hogeita hamarrera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia eta lanetik bidaltzea.

46. artikulua. Hutsegite larri eta oso larriengatik zehapena jartzeko langileari idatziz jakinarazi behar zaio eta bertan adieraziko dira data eta hura jartzeko arrazoiak.

Lan arloan jar daitezkeen zehapenek ez dituzte galarazten erruduntasun-testigantza auzitegietara eramatea, egindako hutsegitea delitu izan daitekeenean.

47. artikulua. Zentroko Zuzendaritzak, egitatean gerta daitezkeen inguruabarrak eta langileak geroan izan dezakeen jokamoldea kontuan hartuta, hutsegite arin, larri eta oso larriengatiko zehapenak txikiagotzen ahal ditu, legeria indardunari jarraikiz.

48. artikulua. Zentroek lan espedienteetan adieraziko dituzte langileei ezartzen zaizkien zehapen larriak, eta orobat, kargu-hartzeak eta berriro egindako hutsegite arinak. Horien kopia igorriko zaie langileen ordezkariei.

49. artikulua. Enpresaburuen lan arau-hausteak dira legezko xedapenen kontrako lan arloko ekintzak eta omisioak. Arau-hauste horien berri izanen du Lan Arloko Agintaritzak eta hark zehatuko ditu.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Kanpo gelditzeko klausula

Aldeek ongi dakite hitzarmen hau aplikatzeko ezinbestekoa dela Orkoiengo Udalaren finantzaketa, beraz hitzarmenean ezarritako baldintzak aplikatuko dira baldin eta lortzen bada hitzarmenaren aplikazioren ondorioz enpresak jasanen duen soldata kostuen igoeraren % 100aren adinako finantzaketa gehigarria Orkoiengo Udalak jartzea. Hori horrela, ezarri diren baldintza berriak bakarrik aplikatuko dira enpresak jasotzen duenean laneko kostuak estaliko dituen diru kopurua.

Finantzaketa osoa ez bada, batzorde paritarioak negoziatuko du baldintza berriok nola aplikatu.

I. ERANSKINA

2005eko soldaten taulak

2005eko soldaten urteko proposamena

OINARRIZKO HITZAR.AREN ERANTZ.AREN PRODUK. URTEAN PREZIOA

Paga kopurua 14 14 12 1

Zuzendaria 689,91 552,42 282,65 3.667,84 24.452,26 14,72

Hezitzailea 689,91 552,42 0,00 915,40 18.308,02 11,02

Prestakuntzaldiko hezitzailea 620,92 497,18 0,00 823,86 16.477,22 9,92

Garbitzailea 590,91 353,99 0,00 696,24 13.924,84 8,17

Garbitzaile laguntzailea 590,91 353,99 0,00 696,24 13.924,84 8,17

Oharra: soldaten taulen zenbatekoak 2006, 2007, 2008 eta 2009an eguneratuko dira, Nafarroako aurreko urteko KPIaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F0600745