15. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

12/2006 FORU AGINDUA, urtarrilaren 30ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, ezintasunak dituzten pertsonen arloko irabazi asmorik ez duten entitateendako 2006rako dirulaguntzen deialdiaren arauak onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legearen 3. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoek ezintasunak dituzten pertsonen arloko jarduerak bultzatuko dituzte. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz, agindu hori, Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumenaren babesean emana, Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan finkatutakoari lotu beharra dago; artikulu horren arabera, botere publikoek ezgaitasun fisikoak, psikikoak eta zentzumenetakoak dituzten pertsonei buruzko aurreikuspen, tratamendu, errehabilitzaio eta integraziorako politika bat aurrera eramanen dute.

Onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak bultzatzeko, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarri zen. Dirulaguntza horiek eman aurretik, organo eskudunak haiek erregulatzen dituzten arauak finkatu behar dituzte; gero, arau horiek argitaratu behar dira, jarduera horiek egiten dituztenek edo dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek jakin ditzaten.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen urtarrilaren 26ko 20/2004 Foru Dekretuari jarraikiz, erakunde horrek deialdi honetako gaiari buruzko eginkizunak ditu.

Espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoek aditzera ematen dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea bidezkoa eta interes publikokoa dela eta bai deialdia bai haren arauak legearen araberakoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ezintasunak dituzten pertsonen arloko irabazi asmorik ez duten entitateendako 2006rako dirulaguntzen deialdiaren arauak onestea. Arauak foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. 1.483.908,58 euroko gastua baimentzea 2006ko gastuen aurrekontuko kontusail hauen kargura:

1.467.983,58 euro "Beste elkarte batzuentzako dirulaguntzak" izeneko 923001-93530-4819- 231300 kontusailaren kargura.

15.925,00 euro "Elkarteen Inbertsio txikietarako dirulaguntzak" izeneko 923001-93530-7819-231300 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Boluntario, Elkarte eta Programa Atalari eta Ekonomia eta Administrazio Atalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 30an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

I. ERANSKINA

Ezintasunak dituzten pertsonen arloko irabazi asmorik ez duten entitateendako 2006rako dirulaguntzen deialdiaren arauak

1. Helburua, aplikazio eremua eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da ezintasunak dituzten pertsonen arloko irabazi asmorik ez duten entitateendako 2006rako dirulaguntzak emateko arauak ezartzea.

Dirulaguntza horien bidez, entitate onuradunek pertsona horien berariazko premiak asetzera bideratutako ekintzak egitea bultzatu nahi da. Hortaz, autolaguntzako taldeak sustatu, sortu eta jarduteko ekintzak eta ezgaitasunak dituzten pertsonen oinarrizko premiak zuzenean asetzeko programak kofinantzatuko dira. Eta hori guztia Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak kudeatzen dituen prestazio, programa eta zerbitzuen osagarri gisa.

1.2. Aplikazio eremua.

Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte irabazi asmorik izan gabe eta Nafarroan kokaturik egonik, ezgaitasunak dituzten pertsonen arloan lan egiten duten erakunde eta entitateek.

1.3. Modalitateak.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, ondoko proiektuek jasotzen ahal dituzte dirulaguntzak:

a) Programetan egituraturiko proiektua. Gehienez ere 12 programa lagunduko dira.

b) Orotariko programa gisa egituraturiko proiektua, entitatearen jarduera guztiak biltzen dituena.

c) Ekipamendu txikietarako proiektua.

a) eta b) modalitateetako dirulaguntzak elkarrekin bateraezinak dira; c) modalitatekoa beste biekin bateragarria da.

a) eta b) modalitateetako dirulaguntzen gastua 2006ko gastuen aurrekontuko "Bestelako elkarteentzako dirulaguntzak" izeneko 923001-93530-4819-231300 kontusailaren kargura ordainduko dira.

c) modalitateko dirulaguntzen gastua 2006ko gastuen aurrekontuko "Elkarteen Inbertsio txikietarako dirulaguntzak" izeneko 923001-93530-7819-231300 kontusailaren kargura ordainduko dira.

1.4. Aurkeztuko diren lanen motak.

"Programetan egituraturiko proiektua" izeneko modalitateko eskabidean, ondoko mota hauetako programak egonen dira:

_Erabiltzaileentzako zuzeneko laguntza

_Laguntza komunitarioa

_Familientzako laguntzak

_Lanaren bidezko jarduerak

_Dibulgazioa eta sentsibilizazioa

_Prestakuntza

_Aisialdia, kirol egokitua eta denbora librea

_Boluntarioak

2. Entitate eskatzaileen betebeharrak.

Arau hauetan erregulatutako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte irabazi asmorik izan gabe eta Nafarroan kokaturik egonik, ezgaitasunak dituzten pertsonen premiak asetzeko lan egiten duten erakunde eta entitateek.

Entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izan eta dagokion erregistroan inskribatua egotea:

_Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistroa.

_Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroa.

_Entitatearen izaera juridikoari legozkiokeen bestelako erregistroak.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Estatutuetan, ezgaitasunak dituzten pertsonendako jarduerak prestatzea erakundearen xedea dela espresuki agertzea.

d) Egoitza Nafarroako Foru Komunitatean izatea. Artikulu honetako a) atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez egiaztatu beharko da hori.

e) Zergei buruzko betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak nahiz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak eguneratuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko akordio batera lortu dela frogatzea.

f) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta giza baliabide eta baliabide material nahikoak izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Aldez aurretik deialdiko edozein modalitatetarako dirulaguntzarik jaso badu, entitateak dirulaguntzak emateko ebazpenetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

h) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

3. Diruz lagunduko diren proiektu eta programen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

3.1. Deialdi honetan aipatzen diren proiektuen hiru moten betebeharrak:

a) Dirulaguntza emateko arrazoi diren printzipio, xede eta helburuen araberakoak izatea, deialdia onesten duen foru aginduaren testuari eta arau erregulatzaile hauetako lehenbizikoari jarraikiz.

b) Finantzaketa berezko funtsetatik edo bestelako dirulaguntza publiko edo/eta pribatu batzuetatik edukitzea.

3.2. Programetan egituraturiko proiektuen eta Orotariko programa gisa egituraturiko proiektuen betebehar komunak.

a) Entitateek langileen eta jardueren gastuen aurrekontua egiten ahalko dute aurkezturiko programari dagokionez. Funtzionamendu, administrazio eta kudeaketaren gastuen aurrekontua ere egiten ahalko dute, gehienez ere programa edo orotariko progama bakoitzaren aurrekontua 100eko 20 arte, azken mota hau hautatuz gero.

b) Entitateak lokalaren alogera ere pagatu behar izanez gero, zenbateko hori % 30 bitarte igotzen ahalko da. Foru Komunitatean sukurtsalak izanez gero, ehuneko hori % 0,5 handitzen ahalko da bulegorako lokal bakoitzaren alokairuagatik.

c) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari dirulaguntza lehenbizikoz eskatzen dioten entitateek edo aurreko urtean dirulaguntzarik eskatu ez dutenek aukera izanen dute programa bakar bat finantzatzeko, edozein delarik aukeratzen duten mota.

3.3. Programa gisa egituraturiko proiektuen berariazko betebeharrak.

a) Entitate bakoitzaren proiektua gehienez ere hamabi programatan sailkatzen ahalko da.

b) Programa hauetariko bakoitzean programaren berezko dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da.

3.4. Ekipamendu txikietarako proiektuen berariazko betebeharrak:

a) Deialdi honetan entitate bakoitzak ekipamendu txikietarako proiektu bakar baterako laguntza eskatzen ahalko dute, eta gehienez 1.500 euro emanen dira.

b) Dirulaguntzen xede izan daitezke entitateen zerbitzuak eta instalazioak modu egokian mantentzeko beharrezkotzat jotzen diren oinarrizko jarduketak.

c) Entitatearen jarduera eta programei zuzenean loturiko ekipamenduetarako eskaerak baizik ez dira baloratuko.

d) Foru Komunitateko bulegoetako ekipamendurako eskabidea aurkezten duten entitateen kasuan, bulego bakoitzaren eskabidea onartuko da ekipamendu txikietako proiektu independente gisara, eta eskaeraren gehieneko zenbatekoari 1.500 euro gehituko zaio bulego bakoitzeko.

4. Eskabideen aurkezpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

Entitate interesatuek eskaeraa aurkeztuko dute horretarako prestatutako eskabide eredua erabiliz; eredu hori Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren bulegoetan egonen da eskuragai (González Tablas, z.g.), bai eta erakunde horren web orrian ere (www.cfnavarra.es/inbs).

Eskabidea entitate interesatuaren legezko ordezkariak sinatua aurkeztuko da, deialdi hau hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 20 eguneko epean.

Eskabideak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren Erregistroan (González Tablas, z.g., 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.

Posta bulegoaren bitartez aurkezten diren eskaerek kartazala irekia eramanen dute, lehenbiziko orriaren burualdean onartu den eguna eta posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako gainerako zehaztapenak jaso ahal izateko. Gainera, egun berean, entitate interesatuak telefax bat bidaliko dio Nafarroako Gizarte Ongizateareskabidea igorri duela jakinarazteko.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Horretarako prestatutako ereduaren arabera egin eta entitatearen ordezkariak behar bezala sinatutako eskabideari ondoko dokumentazio hau erantsiko zaio:

4.2.1. Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazio orokorra (modalitate guztietarako).

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

b) Eskabidea sinatu duen ordezkariari emandako ahalordearen ziurtagiria eta pertsona horren Nortasun Agiri Nazionala.

c) Dagokion erregistroan inskripzioa egin izanaren ziurtagiriak:

_Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

_Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroan sarturik dagoela justifikatzen duen agiria.

_Entitatearen nortasun juridikoa dela medio, beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

d) Identifikazio fiskalerako txartela.

e) Hala behar izanez gero, eta arau erregulatzaile hauetako 11.4 atalean ezarritakoari dagokionez, dirulaguntzaren helburuak betetzeko fondoen aurretiazko hornidura behar dutela frogatzen duen txostena.

f) Entitatearen ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpena, ez entitatea, ez haren administratzaileak edo ordezkariak dirulaguntzak jasotzeko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako debeku egoera batean ez daudela azaltzen duena.

g) Ordainketak transferentzia bidez egiteko eskaria.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. 4 artikuluan ezarritakoarekin bat, ez dira a), b), c) d) eta g) letretan aipatutako dokumentuak aurkeztu beharko baldin eta Foru Komunitatearen Administrazioko organoei dagokien dokumentazioa bada edo aldez aurretik haren eskuan utzitako datuak badira. Kasu horietan, agiri horietan aldaketarik izan ez bada, agiriak aurkeztu beharrean aitorpen bat aurkezten ahalko da, entitatearen ordezkariak emana, gorabehera hori azaltzeko.

4.2.2. Programetan egituraturiko proiektuetarako eskabideen dokumentazioa.

A) Entitatearen jarduerei buruzko dokumentazio orokorra.

a) Entitatearen memoria tekniko laburra, 2005ean Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren dirulaguntzarik gabe egindako programen berri laburra eman eta denbora horretan erakunde horrek lagundutako programen zerrenda erakusteko.

b) Entitateak 2005ean izandako dirusarrera eta gastuen zerrenda.

c) Entitatearen proiektuaren azalpen laburra, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari dirulaguntza eskatu gabe 2006rako proiektatutako programak labur azalduz eta denbora horretan dirulaguntza lortuta garatu nahi diren programen zerrenda erantsiz.

d) Entitatearen dirusarrera eta gastuen orotariko aurrekontua 2006rako .

B) Programei buruzko dokumentazio berariazkoa.

a) 2005. urteko memoria tekniko eta ekonomikoa, 2006an dirulaguntza eskatzen deneko programa bakoitzarena. Memoria hori deialdi honetako hamaikagarren arauan ezarritakoari jarraikiz eginen da.

b) 2005. urteko memoria tekniko eta ekonomikoa, urte horretan dirulaguntza hartuta egin eta 2006an dirulaguntzarik eskatzen ez deneko programa bakoitzarena. Memoria hori deialdi honetako hamaikagarren arauan ezarritakoari jarraikiz eginen da.

c) Dirulaguntza jaso nahi duten programen deskribapena, ondokoa zehazturik:

_Izena

_Helburuak

_Eginen diren jarduerak

_Epeak

_Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuak, boluntarioak...)

_Finantza baliabideak (dirusarreren eta gastuen aurrekontua, aurreikusitako finantzabideak ...)

_Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari eskatutako dirua

_Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak ....)

4.2.3. Orotariko programa gisa egituraturiko proiektuetarako eskabideen dokumentazioa.

Aurkeztu beharreko agiriak aurreko ataleko B) letrako berak dira, baina entitatearen orotariko proiektua programa bakar bat izanen bailitzan hartuko da.

4.2.4. Ekipamendu txikietarako proiektuetarako eskabideen dokumentazioa.

a) Eskaturiko kontzeptuen beharra azaltzen duen txosten labur bat.

b) Haien faktura edo faktura proformakoa (jatorrizkoak nahiz fotokopia konpultsatuak).

Ekipamendu txikietarako dirulaguntza eskatu eta aldi berean beste bi modalitateetako baterako eskabide aurkeztu ez duten entitateek euren jarduerei buruzko dokumentazio orokorra, 3.2.1 atalean eta 4.2.2 ataleko A) letran aipatzen dena, aurkeztu beharko dute.

4.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Eskaerak ezarritako baldintzak betetzen ez baditu edo harekin batera behar diren dokumentuak aurkezten ez badira, organo izapidatzaileak 10 laneguneko epean zuzentzeko eskatuko dio entitate interesatuari, eta adieraziko dio horrela egin ezean eskaera bertan behera utzitzat jo eta espedientea artxibatzeko ebazpena egin eta jakinaraziko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarri bezala.

5. Prozedura antolatu, izapidatu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu, izapidatu eta ebazteko ahalmena Boluntario, Elkarte eta Programa Atalari esleitu zaio. Arau erregulatzaile hauetan "organo izapidatzaileari" egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren gainean ebazpena emateko eskumena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak du.

6. Emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak.

Deialdi honetako dirulaguntzak emateko prozedura lehia irekiaren araubideari jarraikiz izapidatuko da, aurkeztutako eskaerak erkatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluarekin bat.

Balorazioa bi fasetan eginen da. Lehenbizikoan entitate eskatzailea dirulaguntzaren xede den proiektuaren egilea den aldetik baloratuko da, alegia, hura garatzeko gaitasuna. Bigarrenean, aurkezturiko proiektua baloratuko da.

Fase bakoitza bere aldetik baloratuko da, hurrengo arauan ezarritako irizpide eta puntuazioei jarraikiz; fase bakoitzaren gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da.

Lehenbiziko fasea baztertzailea da. Beraz, bigarren fasera pasatzeko, entitateek puntuazio hauek lortu beharko dituzte:

a) Programa gisa egituraturiko proiektuen motarako eskabidea aurkeztu duten entitateak: 60 puntu gutxienez.

b) Orotariko programa gisa egituraturiko proiektuen eta ekipamendu txikietarako proiektuen motetarako eskabideak aurkeztu dituzten entitateak. 40 puntu gutxienez.

Onartuak izateko, proiektuek ondoko gutxieneko puntuazio hauek lortu beharko dituzte bi faseen artean:

a) "Programa gisa egituraturiko proiektuak": 120 puntu gutxienez.

b) "Orotariko programa gisa egituraturiko proiektuak": 80 puntu gutxienez.

7. Balorazio irizpideak.

7.1. Lehenbiziko fasea: entitatea proiektuaren egile gisa.

a) Oinegitura (25 puntu):

_Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

_Elkartearen egitura, curriculuma, kaudimen tekniko nahiz ekonomikoa, lokaletan sartzeko erraztasunak eta abar aztertuko dira.

b) Entitateen koordinazioa (10 puntu):

_Aretoak konpartitzea eta elkarteen batasuna izatea.

c) Barne koherentzia (25 puntu):

_Ondoko alderdi hauek baloratuko dira: baldintza tekniko eta ekonomikoetara egokitzeko gaitasuna, ukituriko bizilagunen beharren, bazkide zenbatekoaren eta entitateak erantzuteko duen gaitasunaren arteko harremanak eta entitatearen egiazko gaitasuna kontuan hartuz proiektuak eraberritzeko prestasuna.

_Halaber, hasierako aurrekontua eta 2005eko azken balantzea elkarrekin bat etortzea ere baloratuko da.

d) Kofinantzaketa (25 puntu):

_Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkide eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen dirusarrerak izatea.

e) Boluntarioak (15 puntu):

_Entitatean boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila.

7.2. Bigarren fasea: Programa gisa egituraturiko proiektuak eta orotariko programa gisa egituraturiko proiektuak.

Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, hots, oinarrien, helburuen, jardueren, kronograma, espero diren emaitzen, ebaluazioaren adierazleen, egiaztapen iturrien, baliabide tekniko eta ekonomikoen eta abarren arteko egokitzapen zuzena eta koherentzia. Puntuazioa honela emanen da:

a) Aurkezpena (10 puntu).

Aurkezpena, idazketa, datu ekonomikoen azalpena, kalitatearen adierazleak eta egiaztatzeko aldagaiak hartuko dira kontuan.

b) Programaren bat etortzea (15 puntu).

Programa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ezgaitasunak dituzten pertsonen arloan dituen lehentasunezko helburuetara egokitzen den baloratuko da. Helburu horiek II. eranskinean ageri dira.

c) Programaren izaera (15 puntu).

Foru Komunitatean Ezgaitasunen alorrean egindako beste programen osagarria izatea eta haiekin integratzea hartuko dira kontuan, gauzatuko den jardueraren ezaugarriak, gizartean izanen duen eragina eta eskariaren jatorria ere bai.

d) Programetako partaideak (15 puntu).

Programaren interesa baloratuko da, haren xede den populazioa kontuan hartuz.

e) Kofinantzaketa (15 puntu).

Kofinantzaketa hauxe da: entitatearen, bazkide eta/edo erabiltzaileen eta beste entitate batzuen dirusarrerak izatea.

f) Eskatzailearen eskarmentua dirulaguntza jaso nahi duten programetan (25 puntu).

Proiektuen edo aurreko urteko antzeko proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta pentsatutakoaren arteko aldea neurtuko.

Halaber, aurten proposaturiko helburuak eta aurreko urtean lorturiko emaitzak eta 2005eko programaren egiazko gastua eta 2006rako aurrekontua elkarrekin bat etortzea baloratuko da.

g) Lurraldearen gaineko eragina (5 puntu).

Entitateak programa Foru Komunitateko herrietan garatzeko duen gaitasuna kontuan hartuko da.

7.3. Ekipamendu txikietarako proiektua.

Modalitate honetan aurkeztutako eskaerak baloratzeko, deialdi honetako 7.1 puntuan ezarritako irizpideak erabiliko dira, eta entitateek 40 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

8. Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Dirulaguntzaren zenbatekoa lortutako puntuazioaren eta eskura dagoen aurrekontuaren arabera esleituko da. Horren kariaz, ondoko arauak ezarri dira:

8.1. Entitate eta/edo programa sortu berriak edo aurreko urtean dirulaguntzarik jaso ez dutenak, eta orotariko programak:

Dirulaguntza 4.500,00 eurokoa izanen da gehienez.

Dirulaguntzaren zenbatekoa lortutako puntuazioaren arabera finkatuko da, eta ondoko portzentaje tarteak ezarri dira gehieneko zenbatekoari buruz:

T A R T E A K PORTZENTAJEA ZENBATEKOA

80 puntu edo gutxiago % 0 0,00

80-85 % 35 1.575,00

86-90 % 70 3.150,00

91-95 % 85 3.825,00

96-100 % 95 4.275,00

100 edo gehiago % 100 4.500,00

Aurreko lerroaldean ezarritakoari begira, entitateak bakar-bakarrik elkargo edo fundazioen forma juridiko gisa aldatu badira, edo entitatearen izena aldatu bada, antzinatsuna errespetatuko da, baldin eta gorabehera hori dagozkien estatutuetan frogatzen baldin bada.

Esleipen hori behin betikoa izanen da eta deialdian aurreikusitako gainerako esleipenak baino lehen eginen da.

8.2. Programa gisa egituraturiko proiektuak:

Onetsitako programa bakoitzean, dirulaguntzaren zenbatekoa lortutako puntuazioaren arabera finkatuko da, eta baloraziorako ondoko portzentaje tarteak ezarri dira:

PUNTUAZIO TARTEAK PORTZENTAJEA (%)

120 baino gutxiago 0,00

120-125 51,00

126-130 55,00

131-135 59,00

136-140 63,00

141-145 67,00

146-150 71,00

151-155 75,00

156-160 80,00

161-165 85,00

166-170 90,00

171-175 95,00

176-179 99,00

180 eta gehiago 100,00

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa eskura dagoen aurrekontua baino handiagoa denean, dagozkien baremoak aplikatzetik sortzen diren zenbatekoen banaketa proportzionala eginen da.

8.3. Ekipamendu txikiak:

Ekipamendu txikietarako onetsitako programa bakoitzean, dirulaguntzaren zenbatekoa entitateak lortutako puntuazioaren arabera finkatuko da, eta baloraziorako ondoko portzentaje tarteak ezarri dira:

PUNTUAZIO TARTEAK PORTZENTAJEA (%)

40 baino gutxiago 0,00

41-65 80,00

66-70 90,00

71 eta gehiago 100,00

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa eskura dagoen aurrekontua baino handiagoa denean, dagozkien baremoak aplikatzetik sortzen diren zenbatekoen banaketa proportzionala eginen da.

9. Prozeduraren ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, puntuazio bat esleitu eta behin betiko balorazioa finkatuko da, deialdiaren 8. puntuan azaldu bezala.

Organo izapidatzailearen ebazpen-proposamenaren aurretik interesatuei entzuteko bilera bat egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikagoa bada, entitate eskatzaileak hura jakinarazi eta hamar eguneko epea izanen du eskaera berregiteko, jatorrizko programaren xedea eta ezaugarriak errespetaturik betiere.

Eskaera berria onetsi ahal izateko, aldatutako proiektuak hasieran egindako balorazio tarte berean sarturik egon beharko du eta, horrela ez bada, entitateak lehenbiziko proposamenari hertsiki loturik egin beharko du programa.

Halaber, bigarren eskaerako aurrekontua ez da proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren eta baldintza beretsuetan hasieran aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino txikiagoa izanen.

Ikusirik organo izapidatzaileak emandako ebazpen proposamena, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesatuei jakinaraziko zaie eta bertan aipatuko dira ebazpen hori emateko arrazoi diren printzipioak, beka eman zaien eskatzaileen zerrenda, eta, halakorik baldin bada, zein eskaerari esan zaien ezetz. Dirulaguntza eman baldin bada, haren xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa deusetan ukatu gabe, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko iragarki oholean argitaratuko da (Gonzalez Tablas kalea, z.g., Iruña). Argitalpen horretan ondoko datu hauek azalduko dira: deialdia, programa, dirulaguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion, onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Ebazpena 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori igarota, interesatuek eskabideak ezetsitzat hartzen ahalko dituzte, ezertan ukatu gabe ebazpena emateko Administrazioaren betebeharra.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoarekin bat.

10. Bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera egiteko bestelako administrazio publikoek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Espainiakoek zein atzerrikoek emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

Aurrekoa horrela izanik ere, emandako zenbatekoa, dela bakarka dela beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo baliabide propioekin baturik, ez da entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa izanen.

11. Dirulaguntzaren ordainketa eta dirulaguntzaren agiriak.

11.1. Ematen den laguntza 60.000,00 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, aurrerakin gisa pagatuko da epe bakarrean, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera.

11.2. Emandako dirulaguntza 60.000,00 eurokoa baino handiagoa bada, bi zatitan ordainduko da gutxienez; lehenbizikoa emateko ebazpenarekin batera eta bestea(k) ebazpenean ezarritako epeetan. Kasu horretan, aurretik pagaturiko zenbatekoari dagokion exekuzioa frogatu beharko da agirien bidez, dirulaguntzaren hurrengo ordainketak egin ahal izateko.

Horretarako, diruz lagundutako entitateak ondoko agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txosten labur bat.

b) Programek orain arte izaniko dirusarrera eta gastuen zerrenda.

c) Programa bakoitzerako harturiko dirulaguntzari aplikaturiko gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izanen direnak. Egiaztagiritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, banku-laburpen, ordainagiri eta fakturak, baldin eta emaile, hartzaile, data, kontzeptu eta prezioaren berri ematen badute, fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Jatorrizko fakturak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, harturiko dirulaguntza justifikatzearren.

11.3. Zilegi izanen da 60.000,00 euro baino gehiagoko aurrerakinak egitea, baldin eta entitate onuradunak bankuko abala edo antolamendu juridikoan ezarritako bestelako bermea aurkezten bada eta dirulaguntzaren helburuak betetzeko fondoen hornidura behar dela frogatzen bada. Kasu horretan, aurkeztutako bermeak aurrez ordaindu beharreko zenbatekoa berdindu beharko du.

11.4. Aurreko ataletan aurreikusitako aurrerakinak ondoko baldintza hauen menpean egonen dira:

a) Entitateak dirulaguntzaren helburuak betetzeko fondoen hornidura beharra duela frogatzea. Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioaz gain, entitateak behar hori justifikatzen duen txostena aurkeztuko du.

b) Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena izatea, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera.

Baldintza horiek betetzen ez badira dirulaguntza Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarri bezala ordainduko da, hiruhilekoetan banaturik, arau erregulatzaile hauen 11.2 atalean ezarritakoari jarraikiz jarduera egin dela frogatu ondoren.

11.5. Dirulaguntza eman ondoko urteko urtarrilean entitate onuradunak egindako jarduerari buruzko memoria aurkeztuko du, ondoko alderdi hauen berri emateko:

a) Entitatearen jarduera guztien gaineko memoria laburra, eta 2006ko ekitaldiko dirusarreren eta gastuen balantze orokorra.

b) Programen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatzen dituena:

_Programaren izena.

_Programaren eraginkortasuna. Urte hasieran jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta pen- tsatutakoaren arteko aldea.

_Eragingarritasuna. Lortutako emaitzen ebaluazioa, erabilitako baliabide tekniko eta ekonomikoak eta giza baliabideak kontuan hartuz.

_Eragina. Programak zein ondorio izan dituen ezgaitasunak dituzten pertsonen esparruan.

_Bideragarritasuna.

_Proiektuaren estrategien balorazioa. Proiektuan aurkitutako traba eta arazoen aurrean erantzun edo bide egokiena hartu ote den.

_Onuradunen parte-hartzea eta onarpen maila. Foru Komunitatean ukituriko pertsonen, entitateko bazkideen eta partaideen arteko proportzioa ebaluatuko da.

c) Programaren balantze ekonomikoa, dirusarrera guztiak zehazturik. Haien jatorria adieraziko da: elkartearen beraren fondoak, Nafarroako Gobernua, Nafarroako Udalak, Autonomia Erkidegoak, beste udal batzuk, Gizarte Gaietarako Ministerioa, Europako Batasuna, eta bestelako entitate publiko nahiz pribatuak). Balantzean gastu guztiak azalduko dira, multzo hauetan banaturik:

_Langileak.

_Jarduerak.

_Funtzionamendua, administrazioaren eta kudeaketaren gastuak.

d) Egindako programaren dirusarreren eta gastuen zerrenda Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzari aplikatua, agiri zenbakia, kontzeptua, emailea, eguna eta zenbatekoa zehazturik. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izanen direnak. Egiaztagiritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, banku-laburpen, ordainagiri eta fakturak, baldin eta emaile, hartzaile, data, kontzeptu eta prezioaren berri ematen badute, fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Jatorrizko fakturak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, harturiko dirulaguntza justifikatzearren.

Atal honetan ezarritako betebeharra 2006an justifikatu gabe gelditu den dirulaguntzaren zatiari buruzkoa da, 11.2 c). atalean aipatutakoari jarraikiz.

e) Funtzionamendu, administrazio eta kudeaketaren gastuek (lokalen berezko gastuek, bulegoko materialek, ordezkaritzaren gastuek, bidaiek eta joan-etorriek, eta abarrek) ezin izanen dute dirulaguntza justifikatuaren % 20 baino gehiago egin, salbu eta deialdi honetako hirugarren arauko 3.2.b) puntuan zehazten dena.

f) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren exekuzioa edo martxa onaren berri emateko.

11.6. Jarduera finantzatzeko, dirulaguntzaz gain, entitatearen beraren fondoekin edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak jaso baldin badira, justifikazioan fondo horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adieraziko da.

12. Entitate onuradunen beharkizunak:

a) Proiektua entitateak eskabidean eta dirulagutza emateko baldintzetan zehaztu bezala burutzea.

b) Deialdiaren hamaikagarren arauan aipatutako egiaztagiriak aurkeztea, proiektua burutu bitartekoak eta bukaerakoak.

c) Programen zabalkundean eta publizitatean dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten baldin bada dirulaguntza eman duen administrazioaren logotipoa paratu behar da, eta dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berdinetan.

d) Onartzea dirulaguntza eman duen organoak eta legeria indardunari jarraikiz eskudun diren organoek egin beharreko egiaztapenak.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako laguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakinarazpen hori haren berri jaso bezain laster eginen da eta, betiere, hartutako fondoei emandako erabilera justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, kontabilitate arloan eskatzen ahal zaizkion beharkizunak betetzea.

g) Jasotako diruak itzultzea, deialdi honetan eta aplikatu beharreko legerian aurreikusten diren itzulera kasu guztietan.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legean onuradunei ezarritako gainerako betekizunak.

13. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

13.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, azpikontratazioa baimenduta dago; azpikontrataziotzat hartzen da hirugarrenekin ituntzea dirulaguntzaren xedea den jardueraren zati bat egitea. Diruz lagundutako jarduera bere kontura egiteko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik at gelditu da.

Onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 azpikontratatzen ahalko du gehienez. Hirugarrenekin itundutako jarduera dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 baino gehiago denean eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiagokoa baldin bada, azpikontratazioa kontratu idatziaren bidez eginen da.

13.2. Hornitzaileak kontratatzea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, diruz laguntzen den gastuaren zenbatekoa 12.000,00 euro baino gehiagokoa baldin bada aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela frogatu beharko dio dirulaguntza eman duen organoari.

Kasu horietan, entitate onuradunak kontratuaren baldintzak kontsultatu eta negoziatu beharko ditu xedea burutzeko gaitasuna duten hiru enpresarekin gutxienez, eta kontratua sinatuko du eskaintzarik hoberena egin duenarein. Entitate onuradunak kontsulta tramite hori eta dagozkion eskaintzak gordeko ditu, eta horiei buruzko ziurtagiriak aurkeztuko dizkio dirulaguntza eman duen organoari, kontratua egin bezain laster. Ziurtagiri horiekin batera, egindako hautapenari buruzko txosten laburra aurkeztuko da.

Ez da enpresa batzuei kontsulta egin beharrik izanen baldin eta, diruz lagundu beharreko gastuen ezaugarriak direla-eta, merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski.

14. Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari dirulaguntza, laguntza edo bestelako dirusarrerak lortu ote dituzten jakinarazteaz gain, dirulaguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko kontuan izandako baldintzetan egiten diren aldaketen berri emanen dio.

Salbuespen gisa, diruz lagundutako entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programen edukia edo haiek burutzeko modua eta epeak aldatzeko eskatzea, programa aurrera eramatea oztopatzen duten gorabeherak azaltzen direnean.

Aldatzeko eskaeretan behar bezala azaldu beharko da oztopo hori, eta haren gorabeherak agertu bezain pronto jakinaraziko dira, betiere diruz lagundutako programa egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzetan gertatutako edozein aldaketaren ondorioz, nahiz eta Administrazioak onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da eta, hala behar izanez gero, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

15. Itzulketa.

Programa gauzatzen ez bada edo dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, hala nola Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako gorabeherak agertzen badira eta deialdi honetan finkatutako betebeharrak betetzen ez badira, jasotako diru kopurua itzuli beharko da, osorik nahiz hein batean. Gainera, legez aurreikusitako kasuetan, bidezkoa izanen da dagokion berandutza korritua eskatzea, dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzultzeko ebazpena ematen den egunera arte sortua.

Itzulketa eskatzeko prozedura aipatu artikuluan ezarritakoaren araberakoa izanen da eta haren gaineko ebazpena 12 hilabeteko epean emanen da, hasi zenetik kontatuta.

Entitate onuradunak ia osorik betetzen baldin baditu ezarritako baldintzak, eta frogatzen baldin bada bere jarduera konpromisoak betetzera zuzenean bideratu duela, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpidearen arabera finkatuko da, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzen ez-betetze mailaren arabera.

16. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak bere 43. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezartzen dituen erantzukizunak eta zehapen-araubidea onartu beharko dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez ezarritako prozedurari jarraikiz jarriko dira, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. Tituluan finkatutakoari jarraikiz.

17. Deialdiaren eta haren arau erregulatzaileen aurka zilegi diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen aurka eta deialdia arautzen duten oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat.

18. Aplikatu beharreko arauak.

Arau hauetan aurreikusitakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

II. ERANSKINA

Ezgaitasunak dituzten pertsonen alorraren lehentasunezko helburuak

1. Ezintasunak dituzten pertsonen prestakuntza etengabe eta iraunkorra.

2. Deszentralizazioa eta lurraldearen gaineko eragina.

3. Lan munduan sartzea sustatzen duten programak.

4. Menpekotasunari arreta egiteko laguntzaren gaineko programak.

5. Aisia normalizatuaren arloko programak eta kirol egokitua.

6. Boluntariotza sustatzen duten programak.

7. Ezgaitasunak dituzten pertsonak baliabide normalizatuetara iritsi ahal izateko bidea ematen duten programak.

8. Autolaguntza programak.

9. Sentsibilizazio programak.

Iragarkiaren kodea: F0601243