145. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

1617/2006 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez onesten da deialdia, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zenbait zentrotan merezimendu-lehiaketaren bidez mota hauetako 29 lanpostu betetzeko: osasun laguntzakoak ez diren atal eta unitateetako burutzak, pabiloiko arduradunak eta erizaintza unitateetako burutzak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, deialdia onetsi da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zenbait zentrotan merezimendu-lehiaketaren bidez mota hauetako 29 lanpostu betetzeko: osasun laguntzakoak ez diren atal eta unitateetako burutzak, pabiloiko arduradunak eta erizaintza unitateetako burutzak. Hona hemen deialdian bete behar diren

ARAUAK

1._Arau orokorrak eta xedea.

Deialdi honetako arauak eta ereduak web orri honetan kontsultatu eta eskuratzen ahal dira: www.navarra.es, "Zerbitzuen katalogoa" "Enplegu publikoa" epigrafeak.

Deialdi hau arautuko duten xedapenak honakoak dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 465/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, osasun laguntzakoak ez diren atal eta unitateetako burutzak, pabiloiko arduradun lanpostuak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko prozedurak arautu eta horietan erabili behar diren baremoak ezartzen dituena, uztailaren 3ko 46/2006 Foru Dekretua eta gainerako arau osagarriak.

Deialdi honen xedea da I. eranskinean ageri diren lanpostuak merezimendu-lehiaketa bidez betetzea. Lanpostuak mota honetakoak dira: osasun laguntzakoak ez diren atal eta unitateetako burutzak, pabiloiko arduradunak eta erizaintza unitateetako burutzak. Atal edo unitate bakoitzerako hautapena banaka eginen da, deialdi honen arabera.

Lanpostuari dagozkion administrazio eta kudeaketako eginkizunak Zentroko Zuzendaritzaren eginkizunen organigramak une bakoitzean finkatzen dituenak izanen dira.

Burutzan jarduteko epea sei urtekoa izanen da.

2._Betebeharrak.

2.1. Lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketa bidez beteko dira, eta bertan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileek, baldin eta jardunean edo zerbitzu berezietan badaude eta eskabideak aurkezteko epean honako baldintzak betetzen badituzte:

a) Bete beharreko lanposturako, I. eranskinean adierazten den maila edo taldekoa izatea.

b) Bete beharreko lanposturako, I. eranskinean adierazten den estamentu eta espezialitatekoa izatea (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duena).

Beste departamentu batzuetako lanpostuetan, aipatu eranskinean dauden izenekin bat ez baldin badatoz, deialdian eskatutako titulazioaren, lanpostua hartzeko egindako azterketaren eta eginkizunen aldetik pareko direnei tratamendu bera emanen zaie.

c) Estamentu edo espezialitate horretan bost urteko antzinatasuna izatea.

d) OOLTetako burutzak baldin badira, OOLT horretako plantillako langile finkoa izatea.

2.2. Merezimendu lehiaketa hauetan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko lehiakideen araubide juridikoa aldatu beharra.

3._Eskabidea eta memoria aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabidea eta memoria-lana Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008), edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren bulegoetako edozeinetan (95. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abuztuaren 7koa) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetan.

3.2. Eskabidea aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (II. eranskina). Harekin batera honako agiriok aurkeztuko dira:

a) Deialdi honetako 2. oinarrian eta I. eranskinean eskatzen diren beharkizunak justifikatzeko jatorrizko agiriak edo notarioak zein administrazioak konpultsaturiko kopiak.

b) Deialdi honetako baremoari begira lehiatzaileek alegatzen dituzten merezimenduen jatorrizko agiriak edo notarioak zein administrazioak konpultsaturiko kopiak.

Lehiatzaile bakoitzak eskabide bat aurkeztu beharko du I. eranskineko lanpostuetarako deialdi bakoitzeko. Eta haietako bakoitzerako dokumentazioa ere aurkeztu beharko du, deialdi bakoitzak bere bidea eginen baitu.

3.3. Deialdiaren 6.1 arauak aipatzen duen memoria-lana aurkeztu behar dute behin betiko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

4._Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.2. Lehiatzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko. Zuzenketa eskaeren onarpena edo ezespena behin betiko zerrendaren ebazpenari lotuta egonen da.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzirik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.5. Izangai bat ere baztertu ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

5._Epaimahaia.

5.1. Osaketa.

Erizaintzako unitateetako burutzetarako eta pabiloiko arduradun lanpostuetarako epaimahaiak:

_Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria edo Osasun Etxe nahiz Barrutiko zuzendaria.

_Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketa eta Lan Harremanetarako zuzendariordea edo Osasun Etxe nahiz Barrutiko zuzendariorde edo zerbitzuburu bat.

_Mahaikidea: Osasun Barrutiko edo Osasun Etxeko Erizaintza Zerbitzuko zuzendaria edo burua.

_Ordezkoa: Osasun Barrutiko edo Osasun Etxeko Erizaintza Arloko buru bat.

_Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharreko pertsona bat.

_Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharreko pertsona bat.

_Mahaikidea: Osasun Barrutiko edo Osasun Etxeko OLT bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

_Ordezkoa: Osasun Barrutiko edo Osasun Etxeko OLT bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

_Idazkaria: Osasun Barrutiko edo Osasun Etxeko Langileri zuzendaria edo zerbitzuburua.

_Ordezkoa: Osasun Barrutiko edo Osasun Etxeko Langileri atalburu bat.

Osasun laguntzakoak ez diren atal edo unitateetako burutzetarako epaimahaiak:

_Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria.

_Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen zuzendariordea.

_Mahaikidea: Osasun Barrutiko edo Osasun Etxeko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko zuzendaria edo burua.

_Ordezkoa: Osasun Barrutiko edo Osasun Etxeko Administrazio edo Zerbitzu Orokorren atalburu bat.

_Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharreko plantillako langile bat, deialdiko lanpostuari loturiko izendapena duena.

_Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharreko plantillako langile bat, deialdiko lanpostuari loturiko izendapena duena.

_Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharreko pertsona bat.

_Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharreko pertsona bat.

_Idazkaria: Osasun Barrutiko edo Osasun Etxeko Langileri zuzendaria edo zerbitzuburua.

_Ordezkoa: Osasun Barrutiko edo Osasun Etxeko Langileri atalburu bat.

5.2. Deitutako lanpostu adina epaimahai eratuko dira. Lehiatzaile onartu eta bazertuen behin-behineko zerrendarekin batera argitaratuko da nork osatzen dituzten.

5.3. Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari espezialistak ekarri ahalko ditu proba guztietara, edo batzuetara bakarrik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.

6._Merezimendu-lehiaketa nola eginen den.

Lan-txostena baztergarria dela kontuan harturik, haren ahozko azalpena eta defentsa gainerako merezimenduen balorazioa baino lehen eginen da.

6.1. Memoria-lanaren aldia.

6.1.1. Lehiatzaileek, behin betiko zerrenda argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita 30 egun naturaleko epean, lan-txosten bat aurkeztu beharko dute eta bertan aztertuko deialdiko lanpostuaren eginkizunak eta horiek betetzeko betebeharrak, baldintzak eta bitartekoak, hala nola deialdiko unitate organikoaren antolaketa tekniko-administratiboa.

6.1.2. Lan-txosten hori eta lanpostua betetzeko izangaiak aurkeztu dituen merezimenduak epaimahaiaren aurrean azaldu eta defendatuko dira. Tokia, eguna eta ordua izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratu ondotik jakinaraziko dira. Hori egitera azaldu ezean, lehiatzailea besterik gabe baztertuko da.

6.2. Lehiaketaldia.

6.2.1. Lehiatzaileek azaldu eta frogatutako merezimenduak III. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu epaimahaiak. Lehiatzaileek merezimendu-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean azaldu behar dituzte beren merezimenduak eta, frogatu ere, une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez.

6.2.2. Epaimahaiak merezimendu horiei buruzko argibide eta datu osagarriak eskatu ahalko ditu.

6.2.3. Fase hau bukaturik, epaimahaiak egindako balorazioaren bidez izangai bakoitzak lortutako puntuazioa emango da aditzera.

7._Merezimendu-lehiaketako balorazioa.

7.1. Txosten-lanaren balorazioa.

Fase honetan ateratzen ahal den gehieneko puntuazioa 16,50 puntukoa izanen da. Fase hau baztergarria izanen da eta hura gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 8,25 puntu ateratzea.

7.2. Merezimenduen balorazioa.

Baremoa aplikatu ondoren lehiatzaileek ezin izanen dute 39 puntu baino gehiago lortu.

7.3. Azken balorazioa.

Azken balorazioa kalkulatzeko, bi fase horietan eta euskararen balorazioan lortutako puntuazioen batuketa eginen da.

8._Gainditu dutenen zerrenda.

Azken kalifikazioa eman ondoren, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortu dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean, eta zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio, behar izanez gero, ebazpena eman dezan.

Epaimahaiak lanpostuak hutsik uzten ahalko ditu, haren ustez lanpostuak betetzeko gutxieneko ezagutzak, gaitasunak eta/edo trebetasunak betetzen dituen lehiatzailerik ez badago.

9._Izendapena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, ebazpen bidez, puntuaziorik altuenak lortu dituzten lehiatzaileak izendatuko ditu. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Izendatzen den lehiatzailea sei urtez egonen da lanpostuan. Gerora sortutako arrazoiak tarteko, atalburutzatik mugiarazten ahalko da, esaterako etekin urria izateagatik nabarmen gelditu denean haren gaitasun eza eta, horrenbestez, lanpostuan beharrezkoak diren funtzioak ezin dituenean bete, edo lanpostuaren edukia aldatu delako, betiere aurrez interesatuak esan behar duena entzun ondoren eta bidezko organo eskudunaren txostena aztertu ondoren.

10._Lanpostuaz jabetzea.

Lehiatzaileek, izendapen-ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar egun naturaletan jabetu beharko dute beren lanpostuaz. Aipatu epean, eta behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, adjudikatu zaien lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak deialdiko 8. arauan aipatzen den zerrendan hurrengo dagoen lehiatzailearekin beteko du lanpostua.

11._Aurkezturiko agiriak jasotzea.

Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espres eskatuz gero, hiru hilabeteko epean, izendapena jakinarazi ondoren bi hilabete pasaturik, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gordetzen ahal baitira egiaztapenak eta probak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

12._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arau eta egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 57. artikuluko 1 eta 2.c) idatz-zatietan xedaturikoarekin bat.

Epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluko 1. eta 3. atalekin bat.

Iruñean, 2006ko azaroaren 6an._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Carlos Garde Celigueta.

I. ERANSKINA

A._Osasun laguntzakoak ez diren atalburutzak.

1. Zentroa: Nafarroako Ospitalea.

_Lanpostua: Elikadura Ataleko burutza (lanpostuaren zenbakia: 65869).

Lansari mota: I.

Maila: B eta C.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

2. Zentroa: Nafarroako Ospitalea.

_Lanpostua: Hornidura Ataleko burutza (lanpostuaren zenbakia 65868).

Lansari mota: I.

Maila: B eta C.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

3. Zentroa: Nafarroako Ospitalea.

_Lanpostua: Obra eta Mantentze-lanen Ataleko burutza (lanpostuaren zenbakia: 65871).

Lansari mota: I.

Maila: B eta C.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

4. Zentroa: Ubarmin Klinika.

_Lanpostua: Zerbitzu Orokorren Ataleko burutza (lanpostuaren zenbakia: 65935).

Lansari mota: II.

Maila: B eta C.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

5. Zentroa: Tuterako Osasun Barrutia.

_Lanpostua: Administrazio Ataleko burutza (lanpostuaren zenbakia: 64027).

Lansari mota: II.

Maila: B eta C.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

6. Zentroa: Osasun Publikoaren Institutua.

_Lanpostua: Osasun Publikoaren Laborategiko Ataleko burutza (lanpostuaren zenbakia: 67664).

Lansari mota: III.

Maila: A.

Estamentua eta espezialitateak: A.2 (A.2.2, A.2.3 eta A.2.8).

B._Laguntzakoak ez diren unitateburutzak.

7. Zentroa: Oinarrizko Osasun Laguntza.

_Lanpostua: Mendillorriko OOLTko Unitate Admnistratiboko burutza (lanpostuaren zenbakia: 68239).

Lansari mota: III.

Maila: C eta D.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

8. Ikastetxea: Oinarrizko Osasun Laguntza.

_Lanpostua: II. Zabalguneko OOLTko Unitate Admnistratiboko burutza (lanpostuaren zenbakia: 68233).

Lansari mota: III.

Maila: C eta D.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

9. Zentroa: Lizarrako Osasun Barrutia.

_Lanpostua: Lizarrako OOLTko Unitate Admnistratiboko burutza (lanpostuaren zenbakia: 67518).

Lansari mota: III.

Maila: C eta D.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

10. Zentroa: Bideko Ama Birjina Ospitalea.

_Lanpostua: Kontabilitate Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 65957).

Lansari mota: II.

Maila: C eta D.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

11. Zentroa: Bideko Ama Birjina Ospitalea.

_Lanpostua: Biltegi Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 64001).

Lansari mota: II.

Maila: C eta D.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

12. Zentroa: Bideko Ama Birjina Ospitalea.

_Lanpostua: Kontratazioen Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 67397).

Lansari mota: II.

Maila: C eta D.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

13. Zentroa: Osasun Publikoaren Institutua.

_Lanpostua: Kontabilitate Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 67096).

Lansari mota: III.

Maila: C eta D.

Osasun arlotik kanpoko estamentuak.

C._Pabiloiko arduradunak.

14. Zentroa: Anbulatorioak eta ospitaletik kanpoko laguntza.

_Lanpostua: San Frantsizko Xabierkoa zentro psikogeriatrikoko pabiloiko arduraduna (lanpostuaren zenbakia: 66096).

Maila: D.

Estamentua eta espezialitatea: A.6 (A.6.1).

15. Zentroa: Anbulatorioak eta ospitaletik kanpoko laguntza.

_Lanpostua: San Frantsizko Xabierkoa zentro psikogeriatrikoko pabiloiko arduraduna (lanpostuaren zenbakia: 66092).

Maila: D.

Estamentua eta espezialitatea: A.6 (A.6.1).

D._Erizaintzako unitateburutzak.

16. Zentroa: Lizarrako Osasun Barrutia.

_Lanpostua: Alloko OOLTko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 66778).

Lansari mota: III.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

17. Zentroa: Lizarrako Osasun Barrutia.

_Lanpostua: Antzin-Ameskoako OOLTko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 66576).

Lansari mota: III.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

18. Zentroa: Lizarrako Osasun Barrutia.

_Lanpostua: Los Arcosko OOLTko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 66572).

Lansari mota: III.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

19. Zentroa: Tuterako Osasun Barrutia.

_Lanpostua: Corellako OOLTko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 66566).

Lansari mota: II.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

20. Zentroa: Nafarroako Ospitalea.

_Lanpostua: N-2 solairuko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 62597).

Lansari mota: II.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

21. Zentroa: Nafarroako Ospitalea.

_Lanpostua: C-2 solairuko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 62186).

Lansari mota: II.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

22. Zentroa: Nafarroako Ospitalea.

_Lanpostua: N-4 solairuko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 61536).

Lansari mota: II.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

23. Zentroa: Oinarrizko Osasun Laguntza.

_Lanpostua: Etxarri-Aranazko OOLTko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 66540).

Lansari mota: III.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

24. Zentroa: Oinarrizko Osasun Laguntza.

_Lanpostua: Irurtzungo OOLTko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 66537).

Lansari mota: III.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

25. Zentroa: Oinarrizko Osasun Laguntza.

_Lanpostua: Leitzako OOLTko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 66533).

Lansari mota: III.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

26. Zentroa: Oinarrizko Osasun Laguntza.

_Lanpostua: Izabako OOLTko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 66544).

Lansari mota: III.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

27. Zentroa: Oinarrizko Osasun Laguntza.

_Lanpostua: Mendillorriko OOLTko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 66770).

Lansari mota: I.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

28. Zentroa: Oinarrizko Osasun Laguntza.

_Lanpostua: Zizur-Etxabakoizko OOLTko Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 66560).

Lansari mota: II.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

29. Zentroa: Anbulatorioak eta ospitaletik kanpoko laguntza.

_Lanpostua: Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzako Zerbitzu Orokorretako Erizaintza Unitateko burutza (lanpostuaren zenbakia: 65910).

Lansari mota: II.

Maila: B.

Estamentua eta espezialitatea: A.3 (A.3.1).

II. ERANSKINA

ESKABIDEA

Eskabidea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan .............. Burutza merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia ........ Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ...(e)ko .....aren .....(e)an.

1) Norberaren datuak:

Deiturak eta izena N.A.N.

Jaioteguna Jaioterria

Etxeko telefonoa Harremanetarako telefonoa

Helbidea Posta kodea

Herria Probintzia

2) Datu administratiboak:

a) Egoera administratiboa:

Zer lanpostutarako izendatu zuten:

(estamentua eta espezialitatea)

Egoera: f Jardunean.

f Zerbitzu bereziak.

f Beste bat (adierazi):

b) Gaur eguneko destinoa:

Noiz sartua: Departamentua: Zerbitzua:

Lantokia. Erakunde autonomoa:

A B C D E

(Jarri X bat behar den tokian)

3) Sinatzen duenak adierazten du eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea betetzean, eta eskatzen diren baldintzen egiaztagiriak aurkezten dituela, eskabide honekin batera.

4) Eskabide honi erantsi zaizkion orrien kopurua; orriak, deialdian eskatzen diren agiriei dagozkienak, (jarri zenbakiak erantsi diren agiriei) ........... [ ].

Iruñean, ......(e)ko ...........aren .......(e)an.

(Sinadura)

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala. Emandako zerbitzuak. Honakoak baloratuko dira:

1. Edozein administrazio publikotan langile finko bezala lehiaketaren estamentu berean emandako zerbitzuak: puntu bat urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan langile finko bezala lehiaketaren estamentuaz beste batean emandako zerbitzuak: 0,25 puntu, urte bakoitzeko.

3. Lehiaketaren kategoria berean enpresa pribatuan, lanaldi osoa eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorra izanik, emandako zerbitzuak: 0,50 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.

4. Bi urtetik gora segidan edo hirutik gora txandaka, Zentro Publikoetako unitate organikoetako zuzendari, buru, begirale edo arduradun izateagatik: 3 puntu.

Deialdiaren xedeko arloan bada, 2 puntu gehiago.

5. Deialdiaren xedeko arloan zentro publiko nahiz pribatuetan, bi urtetik gora segidan edo hirutik gora txandaka, lehiaketaren estamentu berari dagozkion eginbehar profesionalak betetzeagatik: 2 puntu.

Bateraezinak dira 4. eta 5. azpiatalengatik emandako puntuazioak deialdiaren xedeko arloa bera denean, bai eta 1.etik 3.era bitarteko azpiatalenak ere aldi bereko zerbitzuak direnean, eta kasu horietan puntuazio handiena hobetsiko da.

Lehen atal honegatik guztiagatik gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Baremo honetan aipatutako zerbitzuak urriaren 3ko 465/2001 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritako arauei segituz zenbatuko dira.

2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Atal honetan jasotzen diren merezimenduak lehiaketako lanpostuarekin loturik baldin badaude baloratuko dira:

1. Herri organismo edo zentroek eta unibertsitate zentroek antolatu edo ziurtatutako prestakuntzako ekintzetan irakasle jardun: ikasketa kreditu edo balio bereko bakoitzeko (10 ikastordu) 0,1 puntu, gehienez ere 8 punturaino. Zatiak proportzioan kontatuko dira. Ordu kopururik adierazten ez duten ziurtagiriei kreditu baten balioa emanen zaie, eta ikasturte bateko iraupena adierazten dutenei 12 kreditukoa.

Ez dira prestakuntza merezimendutzat hartuko deialdiko lanpostuan aritzeko gaitasunik ematen ez duten titulazio ofizialak.

Prestakuntza ikastaro gisa baloratuko dira, ordea, antolatzailearen aldetik beharkizunak bete ez arren, Administrazioaren aginduz burutu edo hark homologatutakoak, espresuki barne hartzen direlarik horien artean "Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzako Akordioak" izenpean sindikatuek antolatutakoak.

2. Biltzar edo jardunaldietako txosten edo komunikazio onartuak: 0,4 puntu nazioartekoa bada, 0,3 Espainiakoa bada eta 0,2 eskualde edo tokikoa bada, gehienez ere 1,5 puntu bitarte.

3. Administrazio edo erakunde publiko baten saria edo beka jaso duten ikerlan zientifikoak: 0,75 puntu nazioartekoak badira, 0,5 puntu Espainia barnekoak badira eta 0,2 puntu erkidegoetakoak badira, gehienez ere 1,5 puntu bitarte.

4. Aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak: lehen hiru sinatzaileek 0,2 puntu eta gainerakoek 0,05 puntu, gehienez ere 1,5 puntu bitarte.

Bateragarria da 2 eta 4 azpiatalei emandako puntuazioa lan edo ikerketa bera edo antzekoa denean.

5. Europar Batasuneko erabilera ofizialeko hizkuntzen artetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik,: 1,7 puntu hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzari ezarri den gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio.

6. Prestakuntzako beka edo egonaldiak: 0,1 puntu hilabeteko, puntu 1 gehienez.

7. Sektore publikoan edo unibertsitatean prestakuntza ekintzak antolatzea edota irakasle gisa parte hartzea: Ikasketa kreditu edo balio bereko bakoitzeko (10 ordu) 0,2 puntu, eta zatiak proportzioan kalkulatuz, gehienez ere 3 puntu bitarte. Iraupenik adierazten ez duten ziurtagiriak 2 ordukotzat joko dira.

Bigarren atal honegatik guztiagatik gehienez ere 19 puntu emanen dira.

3. atala. Euskaraz jakiteagatik gehitutako puntuazioa.

Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik jaso daitezkeen puntuak baino 100eko 10 gehiago jasotzen ahalko da gehienez ere euskararengatik.

Eremu mistoko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratu behar denean, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik jaso daitezkeen puntuak baino 100eko 5 gehiago jasotzen ahalko da gehienez ere euskararengatik.

Bi kasu horietan, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da Hizkuntza Eskola Ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko eta, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F0617869