145. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ERROIBAR

Mendi pisten eta herrilurretako finketara sartzeko bideen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Erroibarko Udalak, 2006ko azaroaren 8an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Mendi pisten eta herrilurretako finketara sartzeko bideen erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2006ko 94. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 7an, eta jendaurreko epean inork ez baitu alegaziorik aurkeztu, bidezko da ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik ematea argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Erron, 2006ko azaroaren 10ean._Alkatea, sinadura ulertezina.

MENDI PISTEN ETA HERRILURRETAKO FINKETARA SARTZEKO BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honek Erroibarko herrilurretan dauden bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen du.

Araudi ezak, gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, Udalaren betebeharra da haien kontserbazio egokia.

2. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako, industriarako edo aisiarako jarduera guztietan, betiere ordenantza hauetako gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.

3. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, bidearen egoera eta izaera kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

4. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, bideak noiz arte erabili mugatu daiteke, ez daitezen hondoratu eta hondatu. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua badute, Udaleko arduradunaren edo arduradunen oharrei jarraituko zaie.

5. artikulua. Bide eta pistetatik kanpo herrilurretan barna ibilgailu motordunek debeku dute ibiltzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo oihangintzako jardueretarako ibilgailuak badira, eta betiere inguruetako fauna eta flora errespetatuz.

6. artikulua. Debeku dira ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko, salbu eta Udalak baimena ematen badu.

7. artikulua. Ez dute baimenik behar instituzio eta entitate publikoetako ibilgailuek, beren eginkizunetan ari badira.

8. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Udalari. Halaber, baimena eskatu beharko dio Udalari bere jardunean bidearen erabilera intentsiboa egin behar duenak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Udalak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

9. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta banaz bertzekoak, eta zenbat denborarako den.

10. artikulua. Eskabideak ikusita, Udalak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo esleitutako lanak edo aprobetxanduak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abal bat jartzera behartuko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, hasierako egoera berreskuratuta, bidea kalterik gabe dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota bat ere ezartzen ahal du Udalak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Erran gabe ere, oihan aprobetxamenduen esleipen hartzaileen eta Udaleko lanen kontratisten kasuan baimena emantzat hartuko da, nahiz eta horrek ez dituen salbuesten bideak erabiltzeko eman diren arauak begiratzetik.

11. artikulua. Bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuetarako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura moteldu beharko da tartean oinezkoak, azienda, etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen. Bideetan ezartzen diren trafiko seinaleak errespetatuko dira beti.

Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta basozainen ibilgailuek eta, haien artean, zeinek daraman karga gehien.

12. artikulua. Udalak urtero aztertuko ditu bideak. Bertzetik, inguruabarrek hartara bultzatzen dutelako, haiek konpondu eta egokituko ditu, bere aukeren barrenean.

Iragarkiaren kodea: L0618128