145. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

112/2006 FORU AGINDUA, azaroaren 10ekoa, Osasun kontseilariak emana, zerri aziendaren eta ehizaldietan harrapatutako basurdeen haragiaren etxeko kontsumo pribaturako osasun neurriak ezartzen dituena.

Zerri aziendaren eta ehizaldietan harrapatutako basurdeen hilketa eta kontsumoa gure Komunitatean tradizio handiko ohiturak dira eta interes ukaezina dute gure gizartean, kulturan eta ekonomian. Osasunarentzat ondorio kaltegarriak izan ditzakete, ordea, pertsonei eta abereei hurrenez hurren zoonosiak eta epizootiak kutsatzeko arriskua dakartelako. Gaitz horien artean trikinosia azpimarratu behar da, duen garrantziagatik eta ondorio kaltegarrien larritasunagatik.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 13.a) artikuluan osasun publikoaren arloko eginkizun batzuk eman zaizkie Foru Komunitateko osasun administrazioei; besteak beste, osasun kontrola egitea janariei eta janariak ekoitzi eta prestatzen dituzten industria, establezimendu eta instalazioei, eta zoonosien kontrako babesa antolatzea. Foru lege beraren 34. artikuluan, bestalde, udalek osasun publikoaren arloan dituzten eskumenak garatzeko baldintzak ezarri dira. Eskumen horiek Foru Komunitateko Administrazioaren planen eta osasun arloko jarraibideen esparruan erabili behar dira.

Helburu horrekin, Osasun kontseilariak, urriaren 20ko 158/1998 Foru Aginduan, zerri aziendaren hilketarako eta ehizaldietan harrapatutako basurdeen kontsumo pribaturako esparrua eta baldintzak ezarri zituen.

Apirilaren 29ko 853/2004/EE Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Europar Erkidegoan animalia-jatorriko janarien higieneari buruzko arau berariazkoak ezartzen dituen araua da. Erregelamendu horrek bere aplikazio eremutik kanpo uzten ditu, salbuespenez, zerri aziendaren hilketa eta kontsumoa eta ehizaldietan harrapatutako basurdeena, soil-soilik etxeko kontsumorako izanez gero.

Halaber, haragian trikina detektatzeko kontrol ofizialetarako arau berariazkoak ezartzen dituen abenduaren 5eko 2075/2005 Erregelamenduak, Batzordeak emanak, kontrol horietarako laginak hartzeko prozedurak eta analisi-metodoak definitzen ditu.

Bestalde, maiatzaren 26ko 640/2006 Errege Dekretuak, Estatuaren esparruan, janarien ekoizpenaren eta merkaturatzearen higieneari buruzko Europako xedapenak aplikatzeko zenbait baldintza arautzen ditu. Dekretu horren 4. artikuluak giza kontsumorako abereak hiltzeko eta haien haragia merkaturatzeko baldintzak finkatzen ditu. Artikulu horren arabera, bertan ezarritako baldintzak betez gero, agintaritza eskudunak baimena ematen ahal du zerri eta zaldi azienda etxeko kontsumo pribaturako hiltzeko, betiere abereei trikina detektatzeko analisia egiten bazaie, indarra duen araudian ezarritakoarekin bat, eta baimena ematen ahal du, halaber, ehiztariek berek azken kontsumitzaileei eskuratu diezazkieten ehizatutako basa animaliak edo haien haragia, kantitate txikietan. Azken kasu horretan ere, trikinaz kutsa daitezkeen espezieetako animaliei trikina detektatzeko analisia egin behar zaie, indarra duen araudian ezarritakoarekin bat.

Arau horrek berak dioenez, aurreko lerroaldean aipatutako haragietan trikina detektatzeko, 2075/2005/EE Erregelamenduaren I. eranskineko III. kapituluan deskribatutako metodo trikinoskopikoa erabiltzen ahal da.

Trichinella generoko parasitoak detektatzeko gaur egun erabiltzen diren diagnosi tekniken sentikortasunaren inguruko azterketek erakutsi dutenez, digestio artifizialeko teknikak sentikorragoak dira Osasun kontseilariaren 158/1998 Foru Aginduan aipatzen ziren teknika trikinoskopikoak baino.

Horregatik guztiagatik, foru araudia egokitu beharra dago, janarien higienea zaintzeko eta haragian trikina detektatzeko Europan emandako xedapen berrien eredura. Horrela osasun publikoa babestuko da, aipatutako arriskuak saihestuz, eta behar adinako eraginkortasuna eta bizkortasuna lortuko dira aipatutako jarduera horietatik ateratzen diren janari galkorren osasun kontroletan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da zenbait animaliaren haragia eta animalia horietatik ateratako produktuak etxean kontsumitzeko osasun neurriak ezartzea:

_foru agindu honetan azaltzen den moduan hildako zerri azienda.

_baimendutako ehizaldietan, foru agindu honetan azaltzen den moduan, ehizatutako basurdeak.

2. artikulua. Etxeko kontsumo pribaturako baldintzak.

1. Zerri aziendak etxeko kontsumo pribaturako hil ahal izanen dira, foru agindu honetan ezarritako moduan trikina detektatzeko analisia egiten bazaie.

2. Ehizaldietan harrapatutako basurdeen haragia etxeko kontsumo pribaturako erabili ahal izanen da, foru agindu honetan ezarritako moduan trikina detektatzeko analisia egiten bazaio.

3. Etxeko kontsumo pribatua egiten dela ulertuko da aberearen jabeak berak eta/edo haren senitartekoek kontsumitzen badituzte aberearen haragia eta haragikiak.

BIGARREN KAPITULUA

Abereak hil eta prestatzeko baldintzak

3. artikulua. Trikina detektatzeko osasun kanpaina.

1. Urtero zehaztuko da noiz eginen den "Zerriak kontsumo pribaturako hiltzeko osasun kontrolen kanpaina". Kanpaina horretan trikina detektatzeko analisiak eginen dira.

2. Ehizaldietan kontsumo pribaturako harrapatzen diren basurdeen azterketak eta osasun kontrolak aurreko idatz-zatian aipatutako kanpainaren barnean eginen dira, Foru Komunitatean basurdearen ehiza antolatzeko eskumena duen erakundeak urtero ezarriko duen epean.

4. artikulua. Udalen eskabidea.

1. Udalerrian osasun kanpaina hori egin nahi duten udalek baimena eskatuko diote Osasun Publikoaren Institutuari, urteko osasun kanpaina hasi baino bi hilabete lehenago, gutxienez. Foru agindu honen II. eranskinean dagoen inprimakia beteko dute.

2. Eskabidean ondokoak agertuko dira:

a) Noiz eginen den kanpaina; lehentasunez, azaroaren 15etik hurrengo urteko martxoaren 15era bitartean izanen da.

b) Kanpainan ariko diren albaitariak Osasun Publikoaren Institutuak aldez aurretik baimendutakoak izanen direlako konpromisoa.

c) Zein lokaletan eginen diren zerrien hilketa eta prestatze lanak.

3. Osasun Publikoaren Institutuko zuzendariak zehaztuko ditu osasun kanpaina egiteko baldintzak.

5. artikulua. Zerriak hil eta prestatzeko lokalak.

1. Zerri aziendak, lehentasunez, baimendutako hiltegietan hil eta prestatuko dira.

2. Udalerriaren inguruan hiltegirik ez badago, edo hiltegia erabiltzeko eragozpenak badaude, udalek baimena eman ahal izanen dute zerriak hil eta prestatzeko beste lokal publiko edo pribatu batzuk erabil daitezen, etxe partikularrak ere barne direla, betiere foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

3. Aurreko idatz-zatietan aipatutako kasuetan abereak hil eta prestatze lanak egiten direnean, hilketaren unean abereak babesteari buruzko urtarrilaren 20ko 54/1995 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak bete behar dira.

4. Ehizaldietan hildako basurdeen prestaketa ere aurreko idatz-zatietan zerri aziendarentzat ezarritako arauei jarraituz eginen da.

HIRUGARREN KAPITULUA

Detekzio metodoak

6. artikulua. Detekzio metodoak.

Batzordeak emandako abenduaren 5eko 2075/2005 Erregelamenduaren I. eranskineko I. eta II. kapituluetan erreferentzia-metodo gisa baimendutako teknikak erabiliko dira haragian trikina detektatzeko. Emaitzak ziurtatzerakoan, kontuan hartuko dira haragian trikina detektatzeko analisirako erabili diren tekniken sentikortasuna eta espezifikotasuna, eta jasorik utziko dira.

Aurrekoa gorabehera, maiatzaren 26ko 640/2006 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. idatz-zatiko a) paragrafoan azaltzen diren kasuetan, aipatutako erregelamenduaren I. eranskineko III. kapituluan deskribatzen den metodo trikinoskopikoa erabili ahal izanen da trikina detektatzeko.

7. artikulua. Laginak hartzea.

1. Analisi trikinoskopikoa egin ahal izateko, jabeak abereen haragiaren laginak hartu eta aurkeztuko ditu, hurrengo artikuluan ezartzen diren baldintzak betez.

Abere-hiltzaileak edo jabeak abere bizietan, erraietan edo kanaletan ikusten dituen anomalia guztiak albaitari laguntzaileari jakinaraziko dizkio, albaitari horrek erabaki dezan haragia giza kontsumorako egokia den ala ez.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoaz gain, abereen jabeak abere biziei azterketa egiteko eskatu ahal izanen du. Horretarako eskaera idatzia aurkeztu beharko dio baimendutako albaitari laguntzaileari, aberea hil baino hiru lanegun lehenago, gutxienez. Aberea hil ondoren kanalaren eta erraien azterketa egiteko eskatu ahal izanen da, era berean.

8. artikulua. Analisirako laginak aurkeztea.

1. Abereen jabeek haragi laginak aurkeztu beharko dituzte hildako eta/edo prestatutako abere bakoitzeko, baimendutako albaitari laguntzaileak adierazitako moduan, garaian eta tokian, Osasun Publikoaren Institutuak osasun kanpainarako onetsitako baldintzak betez.

Batzordeak emandako abenduaren 5eko 2075/2005/EE Erregelamenduaren I. eranskinean dago zehaztuta gorputzeko zein ataletatik hartu behar diren laginak eta zein prozedura erabili behar den. Erregelamendu horretan adierazten diren kantitateen bikoitzak hartu behar dira.

2. Aurreko idatz-zatian zehaztutako moduan laginak hartu ondoren tamaina bertsuko bi zatitan banatuko dira eta zatiak poltsa banatan sartuko dira. Poltsak identifikatu eginen dira, interesatuak eta albaitari laguntzaileak sinatu eginen dituzte, prezintatu eginen dira, eta foru agindu honen III. eranskineko agiria beteko da. Laginaren bi zatiak albaitari laguntzailearen esku geratuko dira.

3. Albaitari laguntzaileak lehenbizi analisi trikinoskopikoa eginen dio lehen zatiari. Analisi trikinoskopikoa egin duen albaitari laguntzaileak analisiaren emaitzak ziurtatuko ditu, foru agindu honen IV. eranskinean dagoen eredua erabiliz, laginak aurkezten diren egunetik bi lanegun igaro aurretik.

4. Laginak aurkeztu diren egunetik hiru hilabete igarotzen badira abereen jabea hasierako analisi horren emaitzak jasotzera agertu gabe, interesatuak analisi kontraesanezko eta erabakigarria egiteari uko egin diola ulertuko da, eta bigarren lagin zatia suntsitu ahal izanen da.

9. artikulua. Bigarren analisirako lagina.

Baimendutako albaitari laguntzaileak behar bezala gorde eta zainduko du bigarren lagin zatia. Izan ere, aurreko artikuluko 4. paragrafoan adierazitako epean interesatuak analisi kontraesanezko eta erabakigarria egiteko eskatu ahal izanen du, lehenbiziko analisiaren emaitzarekin ados ez badago. Bigarren analisi hori bigarren lagin zatiarekin eginen da, Osasun Publikoaren Institutuak izendatu beharreko zentro baimendun batean. Interesatuak teknikari eskudun bat izendatu ahal izanen du, bigarren analisi horretan peritu aritzeko beraren izenean.

LAUGARREN KAPITULUA

Albaitari laguntzaileak

10. artikulua. Albaitari laguntzaileei baimena ematea.

Urtero baimena emanen zaie albaitari laguntzaileei, foru agindu honetan ematen zaizkien eginkizunak bete ditzaten foru agindu honetan aipatutako osasun kanpainetan.

11. artikulua. Albaitari laguntzaileek baimena eskatzea.

1. Albaitaritzako lizentziadunek, urteko osasun kanpainan albaitari laguntzaile gisa aritu nahi badute, urte bakoitzeko irailaren 1a baino lehen eskatu beharko dute, Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialaren bitartez. Elkargoak proposamena igorriko dio Osasun Publikoaren Institutuari, urte bakoitzeko irailaren 15a baino lehen. Albaitari laguntzaileei Osasun zuzendari nagusiaren ebazpenen bidez emanen zaie baimena.

2. Albaitari laguntzaile gisa baimena lortzeko, Albaitaritzako lizentziadunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Albaitaritzan aritzeko gaituta egotea eta Elkargo Ofizialeko kideak direla frogatzea.

b) Administrazio publikoetan, haien erakunde autonomoetan edo haien enpresa publikoetan lanik ez egitea.

c) Osasun arloan eta/edo abereen ongizatearen arloan indarra duten legeen kontrako arau-hausteengatik espediente bidez zehatua edo ezgaitua ez izatea eta albaitari laguntzaile gisa aritzeko baimena kendua ez izatea, baimena eskatu aurreko hiru urteetan.

d) Trikina detektatzeko metodoetarako behar diren baliabide teknikoak badituztela frogatzea.

3. Baimendutako albaitari laguntzaileen ordainsariak lanbide-jarduera libreari dagozkionak izanen dira.

12. artikulua. Albaitarien eginkizunak.

1. Zerri hilketa kontrolatzeko eta ehiztariek harrapatutako basurdeak aztertzeko osasun kanpainak, foru agindu honetan aipatutakoak, planifikatu eta koordinatzeko lanetan, albaitari laguntzaileek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Udalekin lankidetzan aritzea, bakoitza bere udal mugapean osasun kanpainak antolatzen, garatzen eta ebaluatzen.

b) Zerbitzuaren erabiltzaileei informazioa ematea foru agindu honetan arautzen diren jarduerek izan ditzaketen arriskuei buruz.

c) Laginak hartzeko prozedurak, laginak aurkezteko helbidea eta ordutegia eta jendeari arreta emateko baldintzak zerbitzuaren erabiltzaileei jakinaraztea.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritako eginkizunez gain, albaitari laguntzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Analisi trikinoskopikoak egitea, norberaren baliabide egokiak eta foru agindu honetan aipatzen diren teknikak erabiliz. Horiek guztiak aldez aurretik deskribaturik egonen dira, albaitari laguntzaile aritzeko baimenaren eskabidean.

b) Trikina detektatzeko analisien emaitza positiboak edo epizootia eta zoonosien diagnostikoak osasun eskualde oinarrizkoko osasun publikoko albaitariari jakinaraztea, kasuan kasukoari. Jakinarazpenak idatziz eginen dira, ahalik arinen, eta, betiere, trikina detektatzeko analisien emaitza positiboak ezagutzen direnetik hogeita lau ordu igaro aurretik.

c) Hileko txostenak egitea eta nork bere osasun eskualde oinarrizkoko osasun publikoko albaitariari eta udalei igortzea. Hona txostenen edukia:

_Trikina detektatzeko egindako probak.

_Trikina detektatzeko proben emaitzak.

_Trikina zenbat aberetan aurkitu den eta zein espezietakoak diren.

_Abere eta laginen jabeen izenak.

_Kanpainako jardueren eta emaitzen ebaluazioari begira albaitari laguntzaileak interesgarritzat jotzen dituen oharrak edo informazio osagarriak.

_Hilean zehar osasun kanpainan gertatu diren gorabeherak.

3. Albaitari ofizialek, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritako eginkizunak betetzeaz gain, osasun kanpainaren nondik norakoa eta albaitari laguntzaileen lana gainbegiratuko dituzte, bakoitzak bere lurralde eremuan, eta kanpaina bukatzen denetik hilabete igaro baino lehen Osasun Publikoaren Institutuari amaierako txostena bidaliko diote, udalerri bakoitzean kanpainak izan dituen emaitzen eta gorabeheren berri emateko.

13. artikulua. Albaitari laguntzaileei baimena kentzea edo etetea.

Albaitari laguntzaile gisa aritzeko emandako baimena kendu ahal izanen da honako arrazoiengatik:

a) Foru agindu honetan albaitari laguntzaileei ezarritako betebehar eta baldintzak ez betetzeagatik.

b) Agiriak luzatzerakoan arauak ez betetzeagatik.

Ez-betetzeak ekar lezakeen beste edozein erantzukizun ukatu gabe, albaitari laguntzaileari baimena kenduko zaio, Osasun zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez, espedientea egin eta gero. Espedientean interesatuari entzuteko tramitea beteko da.

2. Osasun arloko inguruabar bereziek hala eskatzen duten kasuetan, Osasun Publikoaren Institutuko zuzendaritzak baimena eten ahal izanen du, baimenaren xede diren eginkizun guztietarako edo haietakoren baterako.

Halaber, kautelazko neurri gisa, albaitari laguntzaileari baimena eteteko arrazoia izanen da baimena kentzeko espedientea hastea, artikulu honetako aurreko idatz-zatian ezarritako moduan.

BOSGARREN KAPITULUA

Abereen hondakinen kudeaketa

15. artikulua. Abereen hondakinak ezabatzea.

Foru agindu honen aplikazio eremuko abereen hilketa sustatzen duen partikularraren ardura izanen da abereen hondakinak eta albaitariaren iritziz giza kontsumorako gai ez diren haragi eta erraiak suntsitu eta erabat ezabatzea, baimendutako prozeduren bitartez. Hondakin horiek ezin izanen dira erabili abereak elikatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria._Zehapen araubidea.

Foru agindu honetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteengatik zehapena ezarriko da, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituz.

Bigarren xedapen gehigarria._Albaitaritza zerbitzuak dituzten udalak.

Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat, albaitaritzako langile eta zerbitzuak dituzten udaletan, foru agindu honen 13. artikuluan osasun publikoko albaitarientzat deskribatu diren eginkizunak Udaleko langile eta zerbitzuek bete ahal izanen dituzte, beren udalerrian.

Hirugarren xedapen gehigarria._Trikina detektatzeko probak eskatzea.

Abereen jabeek trikina detektatzeko probak eskatzeko erabili behar duten eredua foru agindu honen III. eranskinean dago, eta albaitari laguntzaileek ziurtagiria emateko erabiliko duten eredua, berriz, IV. eranskinean dago.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra._Albaitari laguntzaileak.

2006-2007ko osasun kanpainan albaitari laguntzaile gisa aritzeko baimenen eskaerak Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialari aurkeztuko zaizkio, foru agindu honek indarra hartzen duenetik zazpi egun natural igaro baino lehen. Elkargoak hurrengo zazpi egunen barnean igorriko du baimenak emateko proposamena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Indargabetzea.

Indarrik gabe geldituko dira foru agindu honetan xedatuari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki, urriaren 20ko 158/1998 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, kontsumo pribaturako zerri espezieko animaliak eta ehizaldietan botatzen diren basurdeak hil eta kontsumitzeko baldintzak ezartzen dituena.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko azaroaren 10ean._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

I. ERANSKINA

Izena: ........................................ Albaitaritzako lizentziaduna. Elkargokide zenbakia: ............... Zerri aziendaren eta ehizaldietan harrapatutako basurdeen haragiaren etxeko kontsumo pribaturako osasun neurriak ezartzen dituen .............. Foru Aginduak, Osasun kontseilariak emanak, 11. artikuluan xedatutakoarekin bat,

Baimena eskatzen dut albaitari laguntzaile gisa aritzeko kontsumo pribaturako zerrien hilketaren osasun kontrolerako kanpainan, ............... bitartean (denbora), ......................... udalerrietan, udalekin eta osasun publikoko albaitaritza zerbitzuarekin hitzartutako egutegiaren eta modalitatearen arabera (kanpainaren egutegia erantsi dut), eta ondokoa adierazten dut:

a) Albaitaritzan aritzeko gaituta nagoela eta jarduneko elkargokidea naizela.

b) Ez dudala lanik egiten administrazio publikoan, ezta administrazio publikoei lotutako inongo erakunde autonomo edo enpresa publikotan ere.

c) Baimen hau eskatu aurreko hiru urteetan ez nautela espediente bidez zehatu edo ezgaitu, osasun arloan eta/edo abereen ongizatearen arloan indarra duten legeen kontrako arau-hausteengatik, eta ez didatela albaitari laguntzaile gisa aritzeko baimena kendu.

d) Baditudala analisi trikinoskopikoak egiteko baliabideak, Osasun kontseilariak emandako .............. Foru Aginduaren 6. artikuluan aipatzen diren erreferentziako detekzio metodoetarako behar direnak. (Trikina detektatzeko erabiliko den metodoaren deskripzioa erantsi behar da; deskripzioan metodoaren sentikortasuna eta espezifikotasuna aipatu behar dira).

......................(e)n, .......(e)ko .................aren ....(e)(a)n.

Albaitaria

(Sinadura)

NAFARROAKO ALBAITARIEN ELKARGO OFIZIALEKO BURUA.

II. ERANSKINA

....................................... jauna/andrea, ................................(e)ko Udaleko alkatea naizen honek, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 34. artikuluan ematen zaizkidan eskumenak erabiliz, eta Zerri aziendaren eta ehizaldietan harrapatutako basurdeen haragiaren etxeko kontsumo pribaturako osasun neurriak ezartzen dituen .............. Foru Aginduak, Osasun kontseilariak emanak, 4. artikuluan xedatzen duenarekin bat,

Baimena eskatzen dut .......................(e)ko udalerrian kontsumo pribaturako zerrien hilketaren osasun kontroleko 200.... - 200....(e)ko kanpaina egiteko, albaitaritza zerbitzu eskudunekin hitzartutako egutegiaren arabera (kanpainaren egutegia erantsi dut).

Abere hilketarako tokia: (1) ...........................

......................(e)n, .......(e)ko .................ren ....(e)(a)n.

Alkatea

(Sinadura)

(1) Hiltegia, lokal egokitua, etxe partikularrak.

OSASUN PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARIA.

III. ERANSKINA

Lagin bilketaren akta, ....... zenbakikoa (1)

........................ jauna/andrea, ...................(e)ko albaitari laguntzaile naizen honek

Adierazten dut:

.......................... jaunak/andreak (NAN: ..................., helbidea: .........................., telefonoa: ...............) kontsumo pribaturako hil dituen zerri/basurde (2) batzuen haragi lagin bikoitzak aurkeztu dituela, trikina detektatzeko analisiak egiteko, horrela agintzen baitu Zerri aziendaren eta ehizaldietan harrapatutako basurdeen haragiaren etxeko kontsumo pribaturako osasun neurriak ezartzen dituen .............. Foru Aginduak, Osasun kontseilariak emanak. Lagin horiek behar bezala eginbidetu eta prezintatu dira eta ......................... zenbakiak jarri zaizkie.

....................(e)n, ........(e)ko ................ren ..............(e)(a)n.

(Herria eta data)

(Interesatuaren sinadura) (Albaitari laguntzailearen edo

funtzionarioaren sinadura)

(1) Elkarren segidako zenbakiak

(2) Adierazi zerria ala basurdea den.

Oharra: bi ale egin dira, lehenbizikoa interesatuari eman zaio eta bigarrena albaitari laguntzaileak gorde du.

IV. ERANSKINA

Haragian trikina detektatzeko probaren emaitzaren osasun-ziurtagiria

(Albaitariaren identifikazioa)

Ziurtatzen dut:

Haragian trikina detektatzeko proba egin zaiela ............... zenbakiarekin prezintaturiko laginei, Batzordeak emandako 2075/2005/EE Erregelamenduaren I. eranskinean ............... metodotzat deskribatzen den prozedurari jarraituz, eta hauxe izan dela emaitza:

_Positiboa. Haragia trikinaz kutsatuta dago eta ez da giza kontsumorako egokia.

_Negatiboa. Haragia ez dago trikinaz kutsatuta eta giza kontsumorako egokia da.

(Ezabatu behar ez dena).

Trikina detektatzeko erabilitako metodoaren sentikortasuna:

Trikina detektatzeko erabilitako metodoaren espezifikotasuna:

200...(e)ko ...........................ren .....(e)(a)n

(Albaitariaren sinadura)

Oharra: bi ale egin dira, bat interesatuari eman zaio eta bestea albaitariak gorde du.

Iragarkiaren kodea: F0618154